Tximeleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tximeleta
Eozeno-gaur egun

Cairns birdwing - melbourne zoo.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
SuperordenaEndopterygota
Ordena Lepidoptera
Linnaeus, 1758
Azpibanaketa
Eguneko zikloaeguneko

Tximeleta edo pinpilinpauxa (euskara jasoan) intsektu hegalari mota bat da, Lepidoptera ordenakoa. Munduan zehar 15.000-20.000 espezie inguru daude. Lepidoptera izenak "ezkatak dituen hegoak" esan nahi du.[1]

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz, animalia hori izendatzeko aukera asko dago.[2] Sarreran emandako izenez gain, hauek dira Euskaltzaindiaren Hiztegiak aurkezten dituen beste aldaera batzuk: inguma, jainkoilo, mitxeleta, sorgin-oilo, tximirrika, apex (Ipar.), mitxirrika (Gip.), pinpirin (Ipar.) eta txiribiri (Bizk.). Orobat, batez ere ahozko euskaraz, mariposa[3], gaztelaniaz bezala, eta papillon[4], frantsesez bezala, erabili izan dira zenbait eskualdetan.

Bizitza-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metamorfosia edo itxuraldaketa prozesu harrigarria egiten dute tximeletek euren bizitza-zikloan, lau fasetan:[5]

  1. Arrautza. Landareetako hostoen azpian jartzen dituzten arrautza txiki batzuk izan ohi dira. Handik beldarra irteten da.
  2. Larba (beldarra). Gose aseezinez hostoak jaten ditu. Handitzean, pupa batean sartzen da.
  3. Pupa (krisalida). Beldarra pupan eratzen du bere gordelekua eta gerora handik irtengo da, heldu bihurturik.
  4. Imagoa (heldua) Ezagutzen dugun ohiko tximeleta, behin metamorfosi guztia igarota.

Tximeleten bizi iraupena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nymphalis antiopa bezalako tximeletak neguan hibernatu eta udaberrian berriz esnaturik, guztira 10 hilabetez [6] bizi daitezke. Modu berean, Monarken kumak 8 eta 9 hilabetez bizi daitezke Kaliforniatik Mexikora bidaiatzen diren bitartean. Hala ere, salbuespen horiek kenduta, normalean 14-30 egun baino ez dute bizirik irauten. Gaitzerdi, udan hainbat kuma sortzen dituztenez, badirudi beti presente daudela.[7]

Anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainontzeko intsektuak bezala, gorputzak hiru zati nabarmen ditu: burua, toraxa eta abdomena. Bestalde, lau hego ditu, aurrekoak eta atzekoak. Burutik bi antena irteten dira, pertzepzio kimikorako balio dutenak. Proboszidea haren mingaina daː kiribilduta dago erabiltzen ez denean, baina lastotxo baten antzerako formaz luzatu egiten da, tximeletak elikatu nahi duenean. Gorputzeko zati bakoitzetik hanka pare bat izaten ditu.[1]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salbuespenak salbuespen, orokorrean tximeletak eta sitsak likidoz baino ez dira elikatzenː honela mantentzen dute gorputzeko ur eta energiaren arteko oreka. Imago gehienek loreetako nektarra jaten dute, ahotik tronpa huts luze bat atera eta loreetan sartuz. Tronpa horri espiritronpa deritzo, eta horrekin nektarra xurgatzen du. Erabiltzen ez duenean, kiribilduta gordetzen du. Hala ere, bestelako likidoak ere jaten dituː adibidez, zuhaitzetako sapa, fruitu ustelen likidoak, txorien zirinak edo bestelako animalien gorotzak. Askotan harean edo lokatzan aurki ditzakegu, bertako ura edaten, erreka edo bidezidorren ertzetan.

Beldarra denean, landareen hostoak jan ditzake; batzuetan, landareen zorriak ere bai. Tximeleta nekazariak, adibidez, imagoak direnean ere bere mingain zorrotzarekin zorriak zizta ditzake beren barneko likidoak xurgatzeko.

Zebra tximeletek (Heliconius charithonia) polena jan dezakete: horrek ematen dizkien aminoazidoak (proteinak) direla-eta, bizi iraupen gehiago lor dezakete, 6 hilabetez, gutxi gorabehera.[7]

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eme eta arrek airean feromonak askatzen dituzte. Emeak egiten duenean, arrek kilometro eta erdiko distantzian antzematen dute. Arrak behin emea aurkituta, haren antenetan feromonaz betetako ezkata-hodeitxo bat bota eta sexualki kitzikatzen dute. Behin feromonak antzemanda, parekatzeko prest bide dago.

Parekatzean abdomena elkartzen dute, baina norabide ezberdinetara begiratuz. Arraren organo sexualak zabaltzen dira eta emearen abdomena hartzen dute; orduan, arraren zakila emearen barnean sartzen da eta hazia barruan sartzen dio. Tximeletak hegan egin bitartean ernaldu daitezke, baina orokorrean geldirik egon ohi dira hostoen gainean. Emeak ernaldutako arrautzak hostoetan erruten ditu, orokorrean, egun bat, baina horietatik bik bakarrik egingo dute aurrera. Handik aterako da beldar txiki bat: ostatu duen hostoa eta ingurukoak jango ditu eta, horrela, metamorfosiaren prozesua hasiko da.[8]

Defentsa-mekanismoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximeleta monarkak kolore biziak ditu, bere pozoitasunaz ohartzeko.

Tximeletek ez dute erasorik egiten; beraz, defendatzeko trikimailuak garatu dituzte janda ez bukatzeko. Izan ere, harrapakari goseti askok ederki profitatuko lukete bere gorputza. Hauxe, saihesteko tximeletek hegoak tolestu egiten dituzte hondoarekin nahasteko, kamuflaje honi ezker harrapakariek ezin dituzte ikusi. Beste tximeletak aldiz, kolore distiratsuak erabiliz, bere presentzia iragarri egiten dute. Kolore distiratsu eta ikusgarri hauek harrapakarientzat alarma bezala funtzionatzen dute, orokorrean toxikoak direla jakinarazten dutelako. Hala ere, kolore hauek dituzten batzuek ez dira bat ere toxikoak, baina benetan toxikoak direnen koloreak imitatuz harrapakariak uxatzea lortzen dute.[7]

Hontza tximeleta honek animalien begiak imitatzen ditu, defendatzeko.

Halaber, batzuek hegoetan begiak bezalako marrazki batzuk dituzte: beste animalia batzuen begiak, imitatuz harrapakariak uxatzeko funtzioa dute.[9] "Hontzaren begiak" edo Caligo deitutako Amerikako tximeletek horrelako begiak dituzte, hegazti garen begiak imitatuz. Ikertzaile batzuek, aldiz, begi marrazki horien funtzioa bestelakoa dela diote, hau da, txorien erasoa hegoetara beharrean bere gorputzeko indarge gutxiago duten beste ataletara bideratzea.

Izan ere, abiadura ere garrantzitsua da harrapakariengandik ihes egiteko. Tximeletak ez dira animalia geldoak, azkarrenak 48 km orduko hegan egin dezake, baina orokorrean 8 kilometro ordukoko abiadura hartzen dute.[10]

Bestetik, arrautzak erruterakoan, batzuek leku berezietan erabiltzen dituzte, jan ez ditzaten. Adibidez, arrautzak asunetan errunez gero, aukera handiagoa izango dute, bizirik irauteko.[11]

Tximeleten eta sitsen arteko aldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, pinpilinpauxak eta sitsak ezin dira ezberdindu, oso antzerako motak daudelako bien artean baina, orokorrean, bi desberdintasun mota aipa daitezke: anatomikoak eta jokaerazkoak:

Anatomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sitsen antenek lumak dirudite; tximeletenak, berriz, puntan zabaltzen dira apur bat soilik.
  • Tximeletak koloretsuagoak dira.
  • Sitsen aurreko eta atzeko hegoak konektaturik daude, tximeletenak ez bezala.
  • Sitsen gorputza potoloagoa izan ohi da.

Jokaerazakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Sitsak gaueko animaliak dira; tximeletak, egunekoak.
  • Tximeletek krisalida bat eratzen dute, baina sitsek zetazko pupa bat egiten dute eta hostoekin ezkutatzen dute.

Mota ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko tximeleten zerrenda»
Papilio machaon

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «⊛▷ Diferencia entre polilla y mariposa 🥇» Diferenciaentre 2014-05-29 (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  2. «erabili.eus/ Tximeleta adierazteko hitzak euskaraz?» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  3. «mariposa - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-06).
  4. «papillon - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-09).
  5. (Ingelesez) «Butterfly Life Cycle: Article with Lots of Pictures» www.thebutterflysite.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  6. «Cuánto viven las Mariposas?» mariposas.net (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  7. a b c «Mariposas – El Portal de las Mariposas» mariposas.net (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  8. (Gaztelaniaz) «¿Cómo se reproducen las mariposas?» www.ehowenespanol.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  9. (Gaztelaniaz) «Ojos de búho» www.nationalgeographic.com.es 2018-04-05 (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  10. (Gaztelaniaz) «Mariposas: guías de especies, imágenes y recursos.» Mariposas Wiki (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).
  11. (Gaztelaniaz) González, por Carlos. (2019-07-11). «¿Qué comen las orugas?» Entre Dos Plantas (Noiz kontsultatua: 2019-07-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]