Edukira joan

Tximeleta zuri-berdeska

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tximeleta zuri-berdeska
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaPieridae
LeinuaPierini
GeneroaPontia
Espeziea Pontia daplidice
Linnaeus, 1758
Datu orokorrak
Ostalariamendaski, Hereze, Raphanus, Arabis glabra, Alyssum, Errefau, Arabis, Sisymbrium, Itsas kakile, Caylusea eta Sinapis

Tximeleta zuri-berdeska (Pontia daplidice) Pieridae familiako lepidopteroen espezie bat da. Eremu Paleartiko guztian bizi da, Euskal Herrian ere bai.[1]

Lineok deskribatu zuen lehenengo aldiz 1758. urtean.[1] Papilio daplidice izena eman zion, beranduago sortu zen Pontia generoa.

Tamaina ertaineko tximeleta da. Emeek 42-43 mm inguruko hegal-zabalera dute eta arrak txikiagoak dira, 38-41 mm. Tximeleta zuria da oinarrian. Hegalen gainaldean orban beltzak ditu, aurreko hegalen muturretan batez ere. Hegalen azpialdean orbanak berde-urre kolorekoak dira, aurreko hegaletan orban batzuk eta atzeko hegaletan ia dena estaliz.

Arra eta emeak antzerakoak dira, emeen orbanak handiagoak dira.

Hainbat belaunaldi sortzen ditu, normalean hiru. Lehenengoa udaberriaan agertzen da, bigarrena uda aurretik eta hirugarrena udaren amaieran. Espezie migratzailea ere bada eta Europari dagokionez udan hegoaldetik iparraldera jotzen du, Eskandinavia hegoalderaino.

Emeak arrautzak banan bana jartzen ditu beldarraren bazka izango den landarearen hostoetan, loreetan edo hazietan. Lehen bi belaunaldietan beldarrak hilabete batean garatzen dira, hirugarren belaunaldian ordea beldarrek hibernatu egiten dute.[2]

Beldarrak kruziferotaz (Sinapis arvensis, Biscutella auriculata, B. valentina, Sisymbrium irio, S. austriacum) eta erresedazeotaz (Reseda phyteuma, R. luteola) elikatzen dira.[3]

Toki eguzkitsuak atsegin ditu, muinoetan, basoetan, ibaiertzetan eta larreetan ikusten da, betiere lore asko baldin badituzte.[3] 2.500 metro arteko garaieran aurkitzen da.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-04-02).
  2. 1 2 Rodrigo, Jose. (miércoles, 18 de marzo de 2015). «Mariposas y orugas (Volvoretas e eirugas): Pontia daplidice y Mickey Mouse» Mariposas y orugas (Volvoretas e eirugas) (kontsulta data: 2026-04-02).
  3. 1 2 Savela, M. (2014), Aguado Martín, L.O. (2007) eta Manceñido-González eta González-Estébanez (2013)..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]