Tximino-baztanga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tximino-baztanga
Monkeypox.gif
Deskribapena
Motagaixotasun biriko kutsakorra, Poxviridae inkezio-eritasuna, Zoonosia
disease (individual) (en) Itzuli
Espezialitateainfektologia
Arrazoia(k)Monkeypox virus
Sintoma(k)Baba, sukarra, buruko mina, mialgia, eztarriko mina, adenopatia
Azkura
Patogenoaren transmisioaaire bidezko kutsadura, ukitzeen bidezko kutsapen, droplet infection (en) Itzuli, fomite transmission (en) Itzuli
sexu harreman
Azterketa medikoamiaketa fisiko, optical microscope (en) Itzuli, Mikroskopio elektroniko
Polimerasaren kate-erreakzioa
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakmetisazone (en) Itzuli eta tecovirimat (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKB04
GNS-9-MK059.01 eta 136.8
GNS-10B04
GNS-9059.01
MeSHD045908
Disease Ontology IDDOID:3292

Tximino-baztanga gaixotasun infekziosoa da, baztangaren familiako birus batek sortua, tximinoak -batik bat- jotzen dituena baina gizakiak ere pairatu dezakeena. Gaixotasun zoonotikoa da, hau da, animalietatik gizakiengana kutsatzen dena, azken boladan gizakien arteko kutsapena ere zabaldu arren [1].

Gaitzaren lehenengo giza kasuak 1970ean Afrikan deskribatu ziren, nahiz eta tximinoetan baztanga mota hori ezaguna izan lehenagotik [2].

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximino-baztangaren birusak (Monkeypox, ingelesez) sortzen du gaitza. Birus hori Orthopoxvirus generoan sailkatuta dago, beste birus batzuekin batera (besteak beste, baztangarena). Genero honetako birusak handiak dira, eta kate bikoitzeko DNA dute material genetikoa, simetria konplexadun nukleokapsida baten barruan [3].

Birus honek tximinoetan zein gizakiengan sortzen du gaitza. 1958an aurkitu zuen Preben von Magnus mikrobiologiak laborategiko makako batean.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren gordailu natural nagusia animalia karraskariak dira (arratoiak, muxarrak, katagorriak...). Izenak hori aditzera eman arren, tximinoak ez dira birusaren gordailua, birusak infektatzen dituen ostalariak baizik.

Gaitzaren transmisioa bi bide ezberdinetatik gauza daiteke: transmisio zoonotikoa, birusaren eramailea den animalia batekin kontaktua izatean, ala gizakien arteko transmisioa, gaixo batek pertsona osasuntsu bat kutsatzen duenean. Bigarren kasu honetan harreman estua eta iraunkorra eman behar da gaixo batekin infektatuta izateko, beste gaixotasun birikoen aldean (gripea, COVID-19...) tximino-baztanga ez baita oso kutsakorra. Antza, txistuaren bidez edo larruazalean agertzen diren erupzioekin kontaktua egiterakoan kutsatzen da gaitza [4].

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970ean deskribatu zen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, tximino-baztangaren lehenengo giza infekzioa. Harrezkero, Afrika Erdialdean eta Mendebaldean hainbat agerraldi gertatu dira, eta inguru hartan gaitza endemikoa da. 1997an agerraldi oso bortitza gertatu zen Kongoko Errepublika Demokratikoan [5]

2003an, ordea, gaitza Afrikatik irten eta AEBetara iritsi zen, bertan kasu ugari sortuz. Antza, Afrikatik ekarritako maskota batzuek (Cricetomys gambianus) birus patogenoa AEBetara eraman zuten[6], pertsona asko kutsatuz.

2022an gaitzaren kasu berriak Europako Mendebaldeko hainbat estatutan azaldu ziren, hala nola AEBetan eta Kanadan ere. Lehenengo kasua Erresuma Batukoa izan zen, Afrikatik etorritako bidaiari batena. Pertsonen arteko kutsapenak gaitza nabarmen hedatu zuen 2022ko maiatzean [7]. Euskal Herrian lehenengo bi kasuak 2022ko maiatzaren 25ean baieztatu ziren, Gasteizen. Ekainaren hasieran kasuak bost ziren: bi Araban, bat Gipuzkoan eta bi Bizkaian, guztiak gizonezkoak.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larruazaleko ohiko pustulak edo oilaurrak gaixo batean

Baztanga klasikoaren antzeko sintomak ditu tximino-baztangak, baina askoz arinagoak.

Inkubazio epea ez da laburra, 8-14 egun ingurukoa. Sukarra, buruko eta giharretako mina, gongoil linfatikoen hantura, nekea, eta geroago ohiko larruazaleko erupzioa (pustulak) dira sintoma nagusiak. Azken hauek aurpegian eta besoetan agertzen dira lehen, eta gero gorputzeko beste atal batzuetara hedatzen dira.

Sintomek 2-4 aste irauten dute, eta gero pertsona gehienek gaitza berez gainditzen dute [8]. Konplikazioak urriak dira, eta immunitate-sistema oso ahula dutenengan eta ume oso txikiengan gertatu ohi dira.

Diagnostikoa eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixoaren anamnesiak eta sintomatologiak laguntza handia emango dio terapeutari diagnostikoaren zantzu batzuk izateko, hala nola testuinguru epidemiologikoak ere. Dena den, antzeko sintomak eragiten dituzten beste gaixotasun birikoekin nahas daiteke (baztanga, barizela, elgorria...). Horrenbestez, laborategiko azterketak (ELISA, PCR...) beharrezkoak dira behin-betiko diagnostikoa eman ahal izateko.

Ez dago tratamendu espezifikorik gaitz honen aurka. Kasu gehienetan gaixoaren immunitate-sistema birus patogenoari gailentzan zaio aste gutxitan. Arrisku handiko gaixoekin hainbat antibiral erabil daitezke.

Jakina da baztangaren aurkako txertoak (azken 40 urteotan erabili ez dena, baztangaren birusa 1980tik desagertuta dagoelako) babes handia ematen duela tximino-baztangaren aurka, immunitate gurutzatuaren fenomenoari esker [9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Galarraga, Ana (2019ko maiatza) Alarma piztu dute Europako tximino-baztangaren kasuek Elhuyar.eus
  2. Reina, J. eta Reina, N. (2018ko urrian) ¿Deberíamos empezar a preocuparnos por la viruela de los monos? Medicina Clínica, 151, 8, 23-10-2018, 320-322 orr.
  3. Basaras, M., Umaran, A. : Mikrobiologia medikoa EHU (2007), 539 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  4. Galarraga, Ana (2019ko maiatza) Alarma piztu dute Europako tximino-baztangaren kasuek Elhuyar.eus
  5. Viruela símica MOE, 2022ko maiatza
  6. (Ingelesez) Falendysz, Elizabeth A.; Lopera, Juan G.; Lorenzsonn, Faye; Salzer, Johanna S.; Hutson, Christina L.; Doty, Jeffrey; Gallardo-Romero, Nadia; Carroll, Darin S. et al.. (2015 urr. 30). «Further Assessment of Monkeypox Virus Infection in Gambian Pouched Rats (Cricetomys gambianus) Using In Vivo Bioluminescent Imaging» PLOS Neglected Tropical Diseases 9 (10): e0004130. doi:10.1371/journal.pntd.0004130. ISSN 1935-2735. PMID 26517839. PMC PMC4627722. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  7. Epidemiological update: Monkeypox outbreak European Centre for Disease Prevention and Control, 2022ko Maiatza
  8. Monkeypox, Signs and Symptoms CDC, Center for Disease Control and Prevention
  9. Monkeypox, treatment CDC, Center for Disease Control and Prevention

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]