Edukira joan

Tximista

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Tximist" hitzak artikulu honetara dakar. Pilak egiten zituen enpresa eta haren produktuen marka gaitzat dituena beste hau da: Cegasa.
Tximistak

Tximista[1], halaber aire gaiztoa, argindar deskarga atmosferikoa da, hodeien artean, edo hodeien eta lurraren artean, gertatzen diren deskarga elektrikoen ondorioa da, oro har, ekaitz aldian, batzuetan baita sumendi erupzio eta hondar-ekaitzetan ere. Tximistak 60.000 m/s abiadura har dezake eta 30.000 °C tenperatura izatera irits, hain beroa, ezen lurra eta hondarra galda ditzakeen, fulgurita bihurtzeraino. Urtean 16 milioi trumoi-ekaitz izaten dira eta egunean 8 bat milioi tximistak lurra jotzen dute.

Trumoia haren alderdi akustikoa da. Tximistek forma asko izan ditzakete: sigi-sagakoa, adarkatua, arrosario erakoa, etab.

Sarreran emandako izenez gain, hauek dira Euskaltzaindiaren Hiztegiak dakartzan beste aldaera batzuk: ausnarri (GNaf.), durunda (Zub.), iñhazi eta ihortziri (Ipar.), oinaztu (Bizk.), oinaztura (GNaf.) eta ximixta (Lap. eta GNaf.). Lurra jotzen duen tximistari oinaztarri (Batez ere Bizk.) edo oinazkar (Gip.) deritzo.

XVIII. mendean, tximistak eta elektrizitate estatikoaren izaera ikertzen hasi ziren, eta fenomeno elektrikoak zirela frogatu zuten. Atmosferaren goialdea karga positiboz beterik dago, eta lurra, berriz, karga negatiboz. Ekaitz-hodei bat eratzen denean, haren karga elektrikoa polarizatu egiten da; goialdean karga positiboak geratzen dira, eta behealdean, berriz, karga negatiboak.

Ondoren, lurreko karga elektrikoak joan egiten dira, eta lurra positiboki kargatzen da. Dena den, hodeien eta lurraren artean deskarga elektrikoak gertatuz gero, lurrak bere karga elektrikoak berreskura ditzake. Deskarga horiek airearen tenperatura igo eta ionizatu egiten dute eta, horren bidez, tximisten argia sortzen da. Trumoiak, berriz, deskarga horietan berotutako airearen zabalkuntza bortitzak dira.

Lurraren eta hodei baten artean deskarga elektriko bat gertatzen denean, tximistak lurreko punturik garaienetara jotzen du beti; mendietara eta zuhaitzetara. Oso arriskutsua izaten da.

Tximistorratza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Tximistorratz»

Benjamin Franklin estatubatuarrak asmatu zuen, eta tximista erakartzeko eta lurrera modu seguruan bideratzeko gailua edo tresna da. Inguruko pertsonak eta eraikinak tximistetatik babesteko helburua du.

Tximistak jotako eukaliptoa.

Tximistak heriotza eragin dezake; izan ere, oso segundo gutxitan talka egiten duenez, ez du denbora uzten babesteko. Tximista baten talkatik bizirik ateraz gero, ondorio larriak izatea arrunta da: konortea galtzea, amnesia, gorputzeko organo batzuen funtzionamendua okertzea edo erabat hondatzea, eta hotza sentitzeko gaitasuna galtzea, besteak beste. Badira, ordea, bizitza salbatzeko amarru batzuk. Adibidez, mendian edo zelai batean egonez gero, ez da zuhaitzen ondora hurbildu behar; kasu horietan, lurrean eseri, distantzia zuhur batera, eta eskuekin orkatilak hartu behar dira, baina ez edonola; eskuineko eskuaz ezkerreko orkatila hartu behar da, eta alderantziz. Aldiz, txalupa batean egonez gero, uretara salto egin, eta txalupa ondoan geratzea komeni da, ekaitza amaitu arte.

Tximistak itsasoan.

Horrelakoetan, ez da komeni kanpora irtetea, eta are gutxiago zelaiguneetara kirola egitera joatea. Tximistak daudenean, ez hurbildu tximistorratzen instalazioetara: izan ere, tximista erakartzen duten arren, huts-egite bat gerta liteke. Auto barruan egotea segurua da: hain zuzen ere, horre Faradayren kaiola bezala funtzionatzen du. Edonola ere, arriskua ere egon liteke, tximistak txapa zeharkatuko balu, horrelakoak gutxitan gertatzen diren arren. Bestalde, metalezko gela leku seguruenetako bat da, tximistak jo arren, hor ez baitago arriskurik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Tximista». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-7-10.)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]