Txinbo papargorrizta mediterraneo
| Txinbo papargorrizta mediterraneo | |
|---|---|
| Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Aves |
| Ordena | Passeriformes |
| Familia | Sylviidae |
| Generoa | Curruca |
| Espeziea | Curruca cantillans Pallas, 1764
|
| Kumaldiaren tamaina | 3,9 |
| Eguneko zikloa | eguneko |
| Errute denbora | 11 egun |

Txinbo papargorrizta mediterraneoa[1] (Curruca cantillans), Txinbo papargorrizta (Sylvia cantillans) sylviidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinbo papargorrizta benetan ederra da, gure txinbo guztien artetik lumajerik deigarriena duena: gainean gris-urdinxka erre koloreko pintzelada batzuekin bizkarrean, azpiko gorrixkekin kontrastea eginez, arrosa zurbiletik gorri-teila koloreraino edo herdoil koloreko tonura arte aldatzen dena. Marra zuri mehe bat, bibote baten modukoa, mokoaren oinarrian hasi eta masailen azpitik luzatzen dena, identifikatzeko hau da erreferentziarik onenetakoa. Moko grisaxka ertz horiarekin eta punta beltzarekin. Hankak arre-horixkak eta begi arreak eraztun orbital gorrixka batez enkoadratuta. Emea antzekoa da baina tonu tristeagotan.
Kolore banaketa ote txinboaren antzekoa da baina irudia ezberdina da; txinbo papargorriztak gorputz lirainagoa eta buztan askoz laburragoa du. Txikia da, 12 cm inguruko tamainakoa eta 9-10 gramoko pisuarekin.[3]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Migratzailea. Sahararen hegoaldeko ertzean igarotzen du negua, martxoaren amaiera aldera itzuliz, udaberriko lehen egun epel eta eguzkitsuek neguko loalditik intsektuen mundu txikia esnatu baitute, eta araknidoekin eta beste ornogabe txiki batzuekin batera bere elikaduraren oinarria osatzen dute.
Ote txinboa ez bezala, oso antzeko habitatak okupatzen dituena edo are partekatzen dituena, ez da mugatzen beheko zuhaixka-geruza arakatzera, bere jarduera altuera handiagoetara hedatzen du, tarteka sastraka lodiak alde batera utzi arte edo karraska baten gaina arakatzeko.
Iristen denetik, arrak kokalekutik kantatu egiten du eta bere lurraldean gora eta behera ibiltzen da. Emeak bere bikotearen laguntzarekin habia eraikitzen du. Lurretik distantzia gutxira jartzen du, zuhaixka lodi batzuen adartxo artean, oro har, metro bat bat baino gutxiagoko altueran.
Habia kopa formakoa da, belarrez eta sustraiez ehundua eta barrualdea artilez, lumatxaz eta landare-zuntz bigunez betea. Errunaldia 3-4 arrautzaz osatua egon ohi da, zuri zikin kolorekoak puntutxo ilunekin, emeak 11 edo 12 egunez inkubatzen ditu, bikoteak ondo elikatuta beste 11 edo 12 egun ondoren, habia uzten dute. Kumeen lumajea emearen antzekoa da, baina begien orbita-eraztunaren kolore horiagatik bereizten dira.
Txinbo honek goiz uzten gaitu normalean. Irailaren hasieran hasten du Afrikako lurretara migrazioa eta urrirako gure lurraldea txinbo papargorrizta gabe geratzen da.
Banaketa, Habitata eta egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinbo papargorriztak banaketa-eremu txikia du. Europako Mediterraneo ertzean ugaltzen da, Portugal eta Türkiye artean, Asia Txikian eta Sirian eta mendebaldeko Afrikan zehar. Iberian ohikoa da erdialdean eta hegoaldean baina ez dago Iberia hezean. Bere izaera mediterraneoa nabarmena da gure lurraldean duen hedapenean, non ia Ebro haranera mugatuta dagoen. Arabako Errioxa apenas gainditzen du.
Bere habitat tipikoa zuhaixken ertzak eta artederreta eta artadien soilguneen sasitza da eta abaritz eta karraska txaparralak zuhaitz sakabanatuekin. Arraroagoa da sastraka geruza trinkoak dituzten erkamezti argi eta lehor batzuetan. Euskal Herrian geratzen den Aleppo pinudi oso degradatu espontaneo bakarrean ere aurkitzen da, Labraza inguruan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskal Batzorde Ornitologikoa (2025), «Txinbo papargorrizta mediterraneo», Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz, Txoriak.eus.
- ↑ Shirihai, H.; Gargallo, G.; Helbig, J. A. (2001), Sylvia Warblers: Identification, Taxonomy and Phylogeny of the Genus Sylvia, The Sylvia Warblers Monograph, Londres: A & C Black.
- ↑ Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi (1989), Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak (Gaztelaniaz), Graficas Santamaria S.A., 262. or., ISBN 84-7542-639-5.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |