Txingudi Ikastola

Koordenatuak: 43°20′27″N 1°49′16″W / 43.3409389°N 1.8210177°W / 43.3409389; -1.8210177
Wikipedia, Entziklopedia askea
Txingudi ikastola» orritik birbideratua)
Txingudi Ikastola
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaIrun
Koordenatuak43°20′27″N 1°49′16″W / 43.3409389°N 1.8210177°W / 43.3409389; -1.8210177
Map
Webgune ofiziala

Txingudi Ikastola Irungo ikastola da.1994an, Euskal Eskola Publikoaren sarean integratu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962. urtean, Irungo guraso talde bat euskararen eta euskal kulturaren egoeraz kezkaturik, haien sema-alabak euskaraz eta euskal kulturan eskolatzeko proiektua eraikitzen hasi zen.

Urte zail haiek

Hamaika ikaslerekin eta, Joxepi Etxeberria, andereño zaldibiarrarekin, Irungo Kale Nagusiko pisu batean, lehenengo ikasgela zabaldu zen Irunen. Irungo Atsegiña elkarteak erabilitako lokala zen, Egia esan, ez zen hura eskola emateko tokirik aproposena, baina garbitu eta txukundu ondoren, lehenengo ikasle taldea sartu zen.

Hurrengo bi-hiru urteetan, Maria Jesus Lertxundi, Miren Urrutia, Asentxi Otxoteko... andereñoak sartu ziren lanera. Bost urteren buruan, 200 haur ari ziren Irungo Ikastolan ikasten, zazpi andereñorekin.

Gerora, ikasleriaren kopurua izugarri handitu zen, Irungo ikastetxerik handiena izatera iritsi arte.[1]

Alegalitatearen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baimen ofizialik eza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962tik 1969a bitarte Irungo Ikastolak -gerora, Txingudi Ikastola izango zenak- ez zuen inongo baimen ofizialik izan eskola emateko. Horregatik, ikasleen egoera oso zalantzazkoa zen, ez baitziren inongo agiritan jasotzen haurrek egindako ikasketak. Arazo larri hori bideratze aldera, Irungo La Salle eta El Pilar ikastetxeei laguntza eskatu zitzaien. Eskuzabaltasunez, ikastolako neska-mutilen ikasketak egiaztatzen zituzten, eta, eskola-liburuxketan, jasota gelditzen ziren. Zer esanik ez dago Espainiako administraziotik, Gobernu Zibiletik nahiz Hezkuntza ordezkaritzatik jasotako etengabeko mehatxuen eta jazarpenaren aurrean, laguntza osoa eman ziotela aipaturiko ikastetxeek.

1969. urtean, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea sortu, eta Gipuzkoako ikastolek nola halako babesa lortu zuten. Gerora, Elkarteak Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin egindako negoziazioei esker, ikastolen ordezkaritza hartuko zuen.

Legalizaziorako aukera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970ean, Espainiako Hezkuntza lege berriak 14 urte arteko eskolatzea derrigorrezkoa, eta doakoa ezarri zuen. Legeztapenaren beharra argi ikusi, eta, xedea lortzeko, Elizari laguntza eskatu zitzaion, eta haren babesean lortu zen legeztapena. Ez da ahanzteko, prozesu horretan guztian Iñaki Zubeldia apaizak egindako kudeaketa, eta eskertzekoa da, halaber, Santiago Balentziagak, Irungo Junkal Eliza nagusiko parrokoak, izandako jarrera, bera izan baitzen ikastola legeztatu berriaren buru. Gipuzkoan, beste 78 ikastola legeztatu ziren Elizaren laguntzaz.

Hondarribiko eta Irungo ikastolen bat-egitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarribian, 1964an sortu zen ikastola, Gurutzearen Alabak ikastetxearen babespean. Bi herrien arteko elkarlana eta laguntza beharrezkoa zela ikusirik, bat-egitea erabaki, eta "Escuela Parroquial Nuestra Señora del Juncal" ikastetxea sortu zuten. Bi ikastolek bat bezala funtzionatzen zuten, eta Hondarribiko ikasleek Irunen bukatzen zituzten OHOko ikasketak.

Ikastolen egoera normaltzen joan zen heinean, Hondarribiko Ikastola sendotzen joan zen, eta ikasleak herrian bertan ikasi behar zutela hobetsi zen; 1983ko ekainaren 16an, Hondarribiko Ikastola Kultur Elkartea sortu, eta ibilbide propioari ekin zion.

Legeztapenaren ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrera bidean

Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1972. urtean, Ikastolak 1.080 ikasleentzat OHOko ikastetxe elebiduna (beste aukerarik ez baitzegoen) izateko eskaera egin zuen (1972/06/27), eta onartu zuten. Garai hartan eskualdean euskaraz irakasten zuen beste ikastetxerik ez zegoenez, Irungo eta Hondarribiko ikastolen izaera berezia aldarrikatu nahi izan zen, eta, horretarako, Espainiako Hezkuntza Ministerioari, 1974ko urrian, gizarte-intereseko ikastetxea izenda zezan eskatu zitzaion, "OHOko Irungo eta Hondarribiko eskualdeko ikastetxe elebiduna" izenarekin. Ministerioak, ordea, atzera bota zuen eskaera, 1975ko uztailean.

Txingudi ikastolaren publifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994an, Txingudi Ikastola Euskal Eskola Publikoaren sarean integratu zen. Publifikazioaren ondorioetako bat ordura arteko Txingudi Ikastola (3-14 urte) bi ikastetxetan banatzea izan zen: Txingudi Irungo Ikastola HLHI (3-12 urte) eta Txingudi BHI (12-16 urte).

Txingudi Ikastolako publifikazioaren dekretua atera zenetik egoera administratibo berria gauzatu zen arte, bi urte pasa ziren beharrezko tramitazioak egiten ziren bitartean (1994-1996). Eztabaida handiko hilabeteak izan ziren haiek. Hezkuntza Sailak Ikastola Haur eta Lehen hezkuntzako (6-12 urte) ikastetxea izatea erabaki zuen, eta Ikastolako batzordeak, berriz, ordura arte izandako irizpideari jarraituz, bertan Oinarrizko Hezkuntza osoa (6-16 urte) izatea eskatzen zuen. Hezkuntza Sailaren erabakia gailendu zen, eta bi ikstetxe egin ziren.

Ikastolaren izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irungo Ikastolak, bere ibilbidean, izen desberdinak izan ditu, eta izen aldaketa horiek bere ibilbide legala islatzen dute.

  • 1962 - 1970: Irungo Ikastola
  • 1970 - 1980: Escuela Parroquial Nuestra Señora del Juncal
  • 1980 - 1994: Txingudi Ikastola Kultur Elkartea
  • 1994tik aurrera: Txingudi Irungo Ikastola HLHI eta Txingudi BHI

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txingudi Ikastola - Irun

Ikasleria handitzen zihoan einean, gela gehiago ireki ahal izateko, leku berriak bilatu behar ziren. Gehienetan, Irun eta Hondarribiko udalei eskatuz, eskola publikoek utzitako gela zaharrak baliatu zituen horretarako,. Eskola publikoek gelak ezin erabilezkoak zirelako uzten zituzten; ikastolako gurasoak, ordea, uda hasieran sartu, eta kurtso berriaren hasierarako txukun-txukun jartzen zituzten.

1970. urtean, Espainiako hezkuntza legeak ikastola legeztatzea ahalbidetu zuen, baina, horretarako, legea bete behar zen.

Hori dela eta, Irun eta Hondarribian ikastola osatzen zuten komunitate guztiarentzat eraikin egoki bat behar zela garbi zegoen.

1970eko azaroaren 29an egindako Batzar Orokorrean, lurrak erostea erabaki zen, eta beste aukerak aztertu ondoren, 1971ko maiatzean eginikoan, Jaitzubiako parajean zegoen orubea erostea erabaki zen. Lehenengo erosketa 20.000 m2-ko orubea izan zen, eta bigarrena, 16.000 m2-koa; denera, bederatzi milioi pezeta ordaindu zituen ikastolak.

Miguel Garai eta Jose Ignazio Linazasorori —garaian, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko arduradunak kultura arloan— ikastola eraikitzeko aurreproiektua eskatu zitzaien 1972. urtean, eta 1975ean, behin-betiko proiektua aurkeztu zuten.

1975ko abenduaren 14an, eraikin berria egitea erabaki zuen Batzar Orokorrak. Miguel Garai eta Jose Inazio Linazasorok Europan gailentzen ari zen Teoria Arrazionala premisen eraginpean proiektatu zuten Jaitzubian egindako eraikina, eta 70. hamarkadako kultura eta arkitektura pizkundearen ikono bilakatu zen Euskal Herrian. Nazioarteko arkitekturari buruzko aldizkari eta publikazioetan aipamena egin zitzaion; halaber, Arkitektura Eskoletako irakasle, eta ikasle askok bisitatu zuten Jaitzubiako eraikina.

Hona hemen Txingudi Ikastolako eraikinari buruz aritu ziren zenbait publikazioren izenak: Rational Architecture - Bruxelles 1978; Architecture Espagnole Contemporaine, Toulouse 1983; Controspazio, Roma 1979; Young Spanish Architecture, Madrid 1985; The Histori Of Western Architecture; 20Th-Century Architecture David J Warkin. British Encyclopedia; Txingudi Ikastola, Arquitectura racional. Olatz Ocerin. LUKT 2013.

Efemerideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kilometroak88[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988ko urriaren 2an, Kilometroak 88 festa antolatu zuen MUGARIK EZ, EUSKARARI lemapean. Antolatzaileek bi helburu izan zituzten: Irungo herria euskal giron murgiltzea, eta dirua biltzea Txingudi Ikastolarako ez ezik, Iparraldeko eta Nafarroako Ikastolentzat ere. Irungo Elkarte gehienek zabaldu zituzten beren egoitzak laguntzeko; txaranga, bertsolari, eta parte hartzileei bazkaria emateko edo antolatzaileei gauzak errazteko. Brasil gozodendak pastel berria asmatu zuen, KILOMETROAK izenarekin; Mikel Garikoitz abeslariak K88 abestia asmatu zuen, Jexux Mari Mendizabal "Bizargorri"ren hitzekin.

Egun handia girotzeko, irailaren 16tik urriaren 1era, hamabostaldi kulturala antolatu zen, eta zenbait espektakulu eta emanaldi eskaini ziren, nola hala Donostia-Azkoitia herri arteko pilota partida; Trinkete partidak; Real Union eta Real Sociedaden arteko futbol partida; Ametsa Abesbatzaren kontzertua, Tomas Aragues maixuaren gidaritzapean; Joxerra Garziak zuzendutako bertso jaialdia, zeinean Amuriza, Mañukorta, Peñagarikano, Eguzkitze eta Gorrotxategik hartu zuten parte; Bidasoa-Arrate eskubaloi partida; Lluis Llach eta Mikel Laboaren emanaldia; "Agur eire Agur" antzerkai Ttanttaka taldearen eskutik; Kortatu eta Ruper Ordorikaren kontzertua (Kortatu taldearen agur kontzertua) San Martzialera moto karrera; Lehenengo Hiri-milia lasterketa, Irungo Pasealekuan; Akelarre Taldearen kontzertua, eta abar. Helburuetako bat Euskara Irundik barreiatzea zenez, zirkuitua ia erabat urbanoa izan zen, eta ia 100.000 lagunek hartu zuten parte. Bigarren helburua ere, (diruarena, alegia) ongi bete zen 31.523.853 pezeta jaso ziren (189.462,17 €).

50. Urteurrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012an 50. urteurrena betetzen zuen Txingudi Ikastolak, eta hori ospatzeko, 2012-2013 urteetan zenbait jaialdi antolatu ziren. Berrogeita hamar urte horien ibilbidea irudikatzeko liburuxka bat argitaratu zuen Ikastolak. Dena den, interesgarria deritzogu "Irunabar" Irungo Bertsoaren Bilguneak paratutako bertso sortaren berri izatea[2].

Sunbilla - Nestor Basterretxea

Nestor Basterrechea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nastor Basterretxea eskulturagileak, berriz, «Sunbilla» izeneko eskultura eskaini zion ikastolari, opari modura. Obra egiterakoan, Sunbilla herriko zubian oinarritu zen eskuturagilea.

Patxi Zapiain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irungo Txingudi Ikastolaren historian, emakume eta gizon asko dira eskuzabaltasunez eta ausardiaz konprometitu direnak euskarari, euskal kulturari eta eskola eratzeari bere denbora eskainiz. Zalantzarik gabe esan daiteke denek izan dutela helburu bera: kalitatezko eskola euskalduna eratzea, seme-alabak eta ikasleak euskaldun gisa bizi daitezen. Halakoetan, halere, zaila eta arriskutsua izaten da norbait bereiztea, baina Irungo Ikastolaren ibilbidean norbaitek bere marka utzi badu, hori Patxi Zapiain Sarasola izan da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Txingudi Ikastola 50. urteurrena
  2. «Txingudi Ikastolaren 50. urteurrenerako jarritako bertsoak» Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea 2013-08-09 (Noiz kontsultatua: 2021-02-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]