Txipiroi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txipiroi
Fosilaren garaia: Kretazeo Berantiar-Gaur egun[1]

Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Mollusca
Klasea: Cephalopoda
Goiordena: Decapodiformes
Ordena: Teuthida
A. Naef, 1916
Azpiordenak

Plesioteuthididae (incertae sedis)
Myopsina
Oegopsina

Txipiroiak itsasoko zefalopodo dekapodo multzo bat dira, txibiaren senideak, Teuthida ordena osatzen dutenak. Beste zefalopodeak bezala, txipiroiek buru bereizia dute, aldebiko simetria, hegalak eta besoak. Txibiek bezala, txipiroiek hamar garro dituzte, pareka antolatuak, horietako bi luzeagoak. Haragijaleak dira. Luzera aldakorra dute espeziearen arabera: zentimetro batzuetatik hamar metroraino.

Espezie batzuk jateko onak dira, batez ere txipiroi arrunta (begihandia), eta euskal sukaldaritzan oso erabiliak, batez ere Txipiroiak tintan eta Txipiroiak Lohizuneko eran prestatzeko. Teuthida ordenak bi azpiordena ditu, Myopsina eta Oegopsina (bigarrenaren barnean daude Txipiroi erraldoia (Architeuthis dux) eta Txipiroi kolosala (Mesonychoteuthis hamiltoni).

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Todarodes pacificus baten sabelaldea:
1-Sifoia
2-Garro luzea
3-Ahoa (mokoa)
4-Hegatsak
5-Garroak
6-Burua
7-Mantua edo palioa

Organismoaren atal handi bat mantu edo palio izeneko kanpo-tolestura bigunean dago, alboko bi hegatsekin txipiroi txikietan (Loligo generoan) edo hegats handi bakarrarekin txipiroi erraldoietan[2]. Planctoteuthis generoko espezieak eta Joubiniteuthis portieri espezieak, mantua baino luzeagoa den isats-pedunkulu bat dute, inguruan hegats kiribil batekin. Ezaugarri honek igo eta jaistea ahalbidetzen dio, helikoptero baten antzera.

Suzi baten itxurako mantu honek barrunbe bat du, barrunbe paleala, erraiak aurkitzen diren tokia. Barrunbe honetan daude zakatzak (gas trukatzea egiteko) eta aparatu nagusiak (ugal, iraitz eta digestio aparatuak), bertatik produkzioak kanporatzeko (gametoak, gernua eta gorotzak).

Burua eta garroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txipiroien buruak, ondo bereiziak, sentipen organo guztiak eta harraparitzako gehiengoak ditu. Garun nahiko garatua dute, beste ornogabeekin alderatuta. Gainera, espezie handienek axoi erraldoiak dituzte, 1 milimetroko diametroa izateraino. Nerbio zuntz hauek mantura iristen dira eta erreakzio-propultsio sisteman parte hartzen dute.

Garroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txipiroiak, txibien antzera, Decabrachia azpiordenakoak dira, hau da, 10 garro dituzten zefalopodoak dira. Ohikoena, beste zortziak baino luzeagoak diren bi garro izatea da. Garro hauek bentosak dituzten, harrapakinak kontrolatzeko erabiliak. Mintz batek garroen oinarriak batzen ditu, baina ia ez da nabarmentzen, olagarroetan ez bezala. Espezie batzuetan, bentosek kako txiki batzuk dituzten, harrapakina hobeto eusteko. Bentosak independenteak dira batak besteekiko. Hauek guztiak banaka kontrolatu ahal izateko, garroek nerbio zuntz lodia dute erdian, gihar zirkular eta erradialek inguratua.

Bi garro luzeenen muturrak zapalagoak dira eta bertan baino ez daude bentosak. Garroen hauen bolumena konstantea mantentzen da: gihar zirkularrak uzkurtzean erradioa txikitu egiten da, eta luzera handitu. Horrela, %70 luzatu daitezke %23 estutuz[3]. Espezie handienek, muturretan kako zorrotzezko bi errenkada dituzte. Harraparia ihes egiteko ahalegina egiten badu, kako hauek gehiago sartzen zaizkio haragian[4].

Begiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Begia hurbiletik

Zefalopodoek ikusmen binokularra dute, buruaren bi aldetan kokatutako begi handiekin. Hortik datorkio ere begihandi izena, txipiroi handia denean. Ornodunen begiekin alderatuta, egitura desberdina da, erretina eta nerbio optikoa kanpoan baitaukate et, hortaz, ez dute puntu itsurik.

Begi bakoitzak kristalino gogor bat dute. Fokatzeko, kristalinoa higitu egiten da, kamera baten leiar baten antzera, gizakien kristalinoa uzkurtu egiten den bitartean. Begiak alderantzizkoak dira, hau da, erretinako zelulak argi-iturrirantz begira daude.

Mokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txipiroi kolosalaren mokoa.

Mokoa, ahoaren kanpoaldean, zefalopodo hauen ehun gogor bakarra da. Bi barailaz osatua dago, behekoa goikoa gaineztatuz. Zati ebakitzailean gogor-gogorra da, baina elastikoa ere bai. Mokoaren gogortasuna hainbat elementuren kontzentrazioaren araberakoa da: kitinaren, uraren, DOPA izeneko molekularen eta histidinan (aminoazido bat) aberasturiko proteinen arabera[5]. Ertz ebakitzaileak kaltzio karbonatoa ere badu:

Mokoen itxura eta tamaina espezie bakoitzaren araberakoa da. Milimetro batzuetatik dezimetro batzuetara neurtu dezake. Txipiroi kolosala da moko handiena eta sendoena duena[6].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sukaldaritzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txipiroi frijituak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Tanabe, K.; Hikida, Y.; Iba, Y. (2006), «Two Coleoid Jaws from the Upper Cretaceous of Hokkaido, Japan», Journal of Paleontology 80 (1): 138–145, doi:10.1666/0022-3360(2006)080[0138:TCJFTU]2.0.CO;2 .
  2. (Frantsesez)  Michel Raynal, Le « monstre de Floride » de 1896 : Cachalot ou pieuvre géante ?, http://pagesperso-orange.fr/cryptozoo/floride/intro.htm .
  3.   Karl M., Wilbur; Trueman, M.R.; Clarke, E.R. (1985), The Mollusca. 11. Form and Function, 11, New York, ISBN 0-12-728702-7 .
  4. (Ingelesez)  Blog du Museum of New Zealand Te Papa Tongarewa, Hooks and suckers, http://blog.tepapa.govt.nz .
  5.   Le mystère du bec du calmar: un couteau sans manche, http://www.techno-science.net/?onglet=news&news=5217 .
  6. (Ingelesez)  Museum of New Zealand Te Papa Tongarewa, Txipiroi kolosalaren eskema interaktiboa, http://squid.tepapa.govt.nz/anatomy/interactive .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txipiroi Aldatu lotura Wikidatan