Edukira joan

Txipiroi tinta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dendan saldutako txipiroi tinta, sukaldean erabiltzeko

Txipiroi tinta edo, agian zehatzago zefalopodo tinta, txipiroi, txibia, olagarro eta beste zefalopodo batzuek jariantzen duten isurkari beltza da, batez ere arriskuan daudenean ura belztu eta harrapariak nahastarazteko[1].

Tinta-poltsatik askatzen da (zakatz artean kokatu) eta zabalago hedatzen da sifoiak ur-zorrotada jaurtitzen badu. Kolore iluna bere osagai nagusiari zor zaio: melanina. Zefalopodo espezie bakoitzak kolore jakin bateko tinta sortzen du; normalean, olagarroek tinta beltza sortzen dute, txipiroiek beltz-urdinxka da eta txibiek marroia.

Zefalopodo-tintak hainbat substantzia kimiko ditu, espeziearen araberakoak. Hala ere, bere osagai nagusiak melanina eta mukia dira[2]. Besteak beste, osagai hauek ere izan ditzake: tirosinasa, dopamina eta L-DOPA[2][3], baita aminoazido askeen kopuru txikiak ere, hala nola taurina, azido aspartikoa, azido glutamikoa, alanina eta lisina.

Zefalopodo tinta, izenak dioen bezala, idatzi eta marrazteko tinta bezala erabili izan da iraganean. Txibiaren izen grekoa eta txibiaren generoaren izen taxonomikoa, Sepia, kolore marroi-gorrixka ilunarekin lotzen da gaur egun: sepia kolorea.

Txipiroiak bere tintan

Sukaldaritzan ere erabiltzen da, janariari kolore beltza emateko. Euskal Herriko kostaldean oso ezagunak eta estimatuak dira txipiroiak bere tintan, non txipiroiak (osoak eta beteak, ala zatitan), barazki saltsa belztuan prestatzen diren. Plater hau Espainia osora hedatu da. Herrialde Katalanetan aski ezaguna da arròs negre delakoa, tintarekin prestatutako arroz platera, eta honen aldaera ziriolekin. Italian ere erabiltzen da, spaghetti al nero di sepia pasta platera prestatzeko, baita beste plater batzuk koloreztatzeko, hala nola Siziliko arancinu arroz-bola frijituak.

Edafologian, isurki-esperimentuak egin dira Sepia officinalis tinta erabiliz (eumelanina), birusen, bakterioen eta kutsatzaile partikulatuen ordezko gisa, substantzia horiek lurpeko uretarantz duten isuria nola sortzen den aztertzeko. Eumelanina mota hau aukeratu zen ezaugarri egokiak dituelako: partikula esferikoak, egonkorrak esekiduran eta birus askoren antzeko tamainarekin (80 eta 150μm artean). Gainera, tinta molekulak merkeak dira eta ingurumena errespetatzen dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Boyle, Peter; Rodhouse, Paul. (2004).  doi:10.1002/9780470995310.ch2. ISBN 978-0-632-06048-1..
  2. a b (Ingelesez) Derby, Charles D.. (2014). «Cephalopod ink: Production, chemistry, functions, and applications» Marine Drugs (5): 2700–2730.  doi:10.3390/md12052700. PMID 24824020..
  3. (Ingelesez) Lucero, M.T.; Farrington, H.; Gilly, W.F.. (1994). «Quantification of L-DOPA and dopamine in squid ink: Implications for chemoreception» The Biological Bulletin (1)  doi:10.2307/1542165. ISSN 0006-3185. PMID 29281314..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]