Txokolate

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Txokolatea
Chocolats.JPG
Txokolatezko gozokiak
Jatorrizko herrialdea Hego eta Erdialdeko Amerika
Sortzailea Amerindiarrek
Sortze urtea K. a. XIV. - K. a. XI. mendea
Osagaiak Kakao hazi txigortua

Txokolatea kakaoz, azukrez eta beste zenbait gaiz eginiko elikagaia da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txokolate hitzaren jatorriari buruz, bi teoria nagusi daude. Batetik, nahuatletik eratorritako xococ («mingots») adjektiboaz edo xocolia («mingostu») aditzaz eta atl («ura») izenaz osatua dagoela; bestetik, jatorriz maia hizkuntzakoa dela, chokolhaa («edari beroa») hitzetik hartua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak dio Kulkukán jainkoak artoz eginiko kakaoa eman ziola Maia herriari. Izan ere, Erdialdeko Amerikako zibilizazio prehispaniko gehienetan lotu zuten kakaoa jainkoekin eta erregeen edabe izan zen. Baina egiaz, kakaoaren jatorria ez dago zeruan, Amazonas eta Orinocon baizik. Handik zabaldu zen gainerako lekuetara, eta duela hiru mila urte gizakiak fruitu garratza irakinda erabiltzen zuela dirudi[1].

Geroago, maiak, aztekak eta olmekak jaten hasi ziren kakao aleen orea txilirekin prestatua. Txokolatea erregeen edaririk gogokoena izaten zen eta indargarritzat zuten. Kakaoa arto irinarekin, txiliarekin eta eztiarekin ere nahasten zuten.

Europara iristea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kakaoa dastatu zuen lehen europarra Kristobal Kolon izan zen, bere laugarren bidaian, eta Espainiara kakao ale batzuk eraman zituen. 1519. urtean azteken buru zen Moctezumaren gortean, Hernán Cortés espainiar esploratzaileari xocoalt izeneko edaria mingotsa eskaini zioten, kakao haziz prestatua; handik Cortés-ek Espainiara eraman zuen. Hasiera batean metropolian kasu gehiegi egin ez zioten arren –zapore garratza eta itxura itsusia zuelako–, azukrearekin nahastea asmatu zuten, nonbait, Oaxacako lekaimeek. Beraz, komentuetako sukaldeetan hasi zuen txokolateak arrakasta izateko karrera[1]. Espainian kanela, bainila eta azukrearekin gozatutako edari beroa prestatzen zuten.

Urte askotan zehar ongi isilpean gordetako sekretua izan zen, harik eta Frantziara sartu zen artean. Frantziatik Europako beste herrialdeetara zabaldu zen. Garai hartan txokolatea garestia eta preziatua zen, eta Europako hiriburu nagusietan, aberats jendearen artean txokolatea edateko saloiak zeuden.

Kakao eskaria asetzeko, Atlantikoaz bestaldeko kolonia berriek erruz produzitu zuten produktu iluna, eta lanesku beltza erabili zuten horretarako. Kakao arbolak zainketa berezia behar du urte osoan, baina makina apartekorik ez da erabiltzen, bai ordea laneskua. Venezuelan indioen encomiendak –lanaren bidez Koroari ordaintzea– erabili zituzten hasieran, baina pixkanaka Afrikako esklaboek ordezkatu zituzten natiboak. 1750ean bost milioi kakao arbola zeuden landatuta eta herrialde hartako 64.000 esklabotatik %60k sail horietan egiten zuen lan[1].

XVIII. mendean euskaldun kakaokraten presentzia nabaria zen Caracas inguruan: Aristigieta, Beroitz eta Ustariz familiak ziren ezagunenak. Ez da harritzekoa hiri hura izatea Euskal Herriko merkatal konpainia garrantzitsuenaren helmuga eta abiapuntua: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Mende erdian (1728-1781) konpainia pribilegiatuak 40.000 anega kakao inguru garraiatu zuen urtero Trinidad, Maracaibo eta La Guairatik Europara. Kakao merkatua kontrolatu zuen XVIII. mendean eta ontzi-flota propioa izan zuen Kanariar Uharteetara, Amsterdamera edo Pasaiara, kakaoa eta bestelako kolonialak eramateko[1].

XIX. mendearen erdialdean, arantzelarekin batera prezioak beheratu eta guztiz zabaldu zen. 1876. urtean Suitzako Daniel Peter-ek esne-txokolatea asmatu zuen, gozotzeko esne kontzentratua daraman txokolatea, alegia.

Fabrikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txokolatea kakao arbolaren (Theobroma cacao) hazi txigortua erabiliz ekoizten da. Zapore mingotsa du. Ondoren, azukrea eta beste osagai batzuk erabiliz, gozatu eta tableta forma eman edo edari moduan prestatzen da (txokolate urtua, beroa edo hotza). Hau zen aztekek eta lehen kontsumitzaile europarrek txokolatea hartzeko zuten jatorrizko era.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txokolate motak

Txokolatea oso osagai ezaguna eta erabilia da, bere aldaera guztietan. Hainbat itxura eta zaporetako txokolateak ekoizten dira, erabilitako osagaien proportzioaren arabera aldatzen direnak. Gainera, txigortzerakoan erabilitako tenperaturaren eta denboraren arabera, zaporea aldatu eginten da.

  • Txokolate mingotsa: Purutasun handiko txokolatea, kakao haziak soilik dituena, beste osagairik gabe.
  • Txokolate beltza: Esnerik gabea. AEBetan %15ean txokolate mingotsez osatua egon behar da, Europan, aldiz, kakao portzentajea %35ekoa izango da gutxienez.
  • Esnedun txokolatea:Esne-hautsa edo esne kontzentratua darama osagai gisa. AEBetan txokolate mingots kopurua %10ekoa da, Europan kakaoa %25.
  • Txokolate zuria: Kakao-gurinez egina.
  • Txokolate erdizuria:Sukaldaritzan erabilia.
  • Estalkia: Kakao-gurin askodun kalitate handiko txokolateak. Kakao portzentaka handia dute.
  • Txokolate likidoa: Txokolate solidoa urtuz gertzen da. Txokolatearen urtze tenperatura gizakiaren gorputz tenperatura da gutxi gora behera, hau da, 36ºC-ren bueltan.

Batzuetan menda,laranja edo marrubia gehitzen zaio. Txokolate-tabletek kakahuetea, hurra, intxaurra, karamelua edo arroza ere eraman ohi dute zenbait kasutan. Likorea ere izan dezakete.

Txokolatearen kalteak etxabereentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txokolateak duen teobromina, dosia nahikoa handia bada, toxikoa da zenbait animaliarentzat, hala nola, zaldientzat, txakurrentzat, loroentzat edo katuentzat (bereziki kumeentzat). Animalia hauek ezin dute teobromina metabolizatu eta txokolatea ematen bazaie, 20 ordu baino gehiagoz iraungo du honek odolean. Ondorioz, atake epileptikoak, bihotzekoak eta barne-hemorragiak jasan ditzakete, zenbaitetan, baita heriotza ere. Tratamendua intoxikazioa gertatu ondorengo bi orduetan oka eginaraztean datza eta beharrezkoa izanez gero, albaitariarengana jotzea.

Txokolatearen onurak osasunarentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harvard School of Public Health erakundeak burututako ikerketa baten arabera, harremana dago txokolatea jatearen eta luze bizitzearen artean.

Fenolaren eragin antioxidatzailea izan liteke biziraute honen erantzule. "Fenola txokolatean aurki daiteke" Lee Epidemiologia irakasleak dioenez. "Ardo beltzean ere aurki daiteke fenola eta ezaguna da ardo beltza bihotz osasungarri baten baliokide dela".

Hausnarketa hauen arabera, kakaoak lipoproteina dentsitate txikia duen kolesterola oxidatzea galeraz lezake, funtzio inmunologikoa betez eta beraz, bihotzeko gaixotasunak eta minbizia izateko arriskua gutxituz.

Jendeak uste duenaren aurka, txokolatea jateak ez du aknea eragiten edo gaizkiagotzen, dietak ez baitu eraginik honetan.

Zergatik da hain goxoa txokolatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txokolatea jatean sentitzen den gozamenaren zati bat honen urtze tenperaturari zor zaio. Izan ere, hau giza gorputzaren tenperatura baino apur bat baxuagoa denez, ahoan sartzean urtu egiten da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d   Apaolaza, Urko, Merkatuak jango al du?, argia.eus, Creative-Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0), http://www.argia.eus/argia-astekaria/2147/txokolatea?botua=1&artikulua_id=25960. Noiz kontsultatua: 2016-02-24 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txokolate Aldatu lotura Wikidatan