Edukira joan

Ubarroi handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ubarroi handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaSuliformes
FamiliaPhalacrocoracidae
GeneroaPhalacrocorax
Espeziea Phalacrocorax carbo
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 2,4 kilogramo
emea: 2 kilogramo
Zabalera1,4 m
Ubarroi handia

Ubarroi handia[1] (Phalacrocorax carbo) phalacrocoracidae familiako hegaztia da, Europan, Australasian eta Ipar Amerikako kostalde atlantikoan bizi dena[2].

Ubarroia hegazti handia da. Azpiespeziearen arabera, tamaina aldatu egiten da eta arrak emeak baino handiagoak izaten dira. Ubarroiaren luzera 80 eta 100 cm artekoa izaten da eta hego-zabalera, 130 eta 160 cm artekoa[3]. Pisua, aldiz, 1,5 eta 5,3 kg artekoa izaten du[4].

Kolore beltzeko hegaztia da eta hegoetan dituen ezkata itxurako lumek dizdira metalikoa dute. Moko argia du eta eztarri aldean luma zuriak ditu. Baraila aldean lumarik gabeko eremu horixka bat ere badu, begiraino iristen zaiona. Hegazti helduek aldaka inguruan orban zuriak izaten dituzte kumatze garaian. Buztana luzea du.

Euskal Herrian ubarroi mottoduna ere badugu. Ubarroi handia baino txikiagoa da eta buruan dituen luma beltzek gandor antzekoa irudikatzen dute, hortik izena. Ubarroi handiaren buztana hamalau lumak osatzen dute eta mottodunarena, hamabi lumak baino ez.

Ubarroi guztiek bezala, ubarroi handiak ere argizari kopuru txikiagoa du lumetan. Horrek urarekin erresistentzia gutxitzen du, arrantzarako egokia dena, baina iragazkorragoa denez, arrantzaldi bakoitzaren ondoren hegoak zabalik egon behar du, lumak lehortzeko. Igeri egiten duenean, gorputzaren hiru laurdenak ur azpian izaten ditu[3].

Animalia taldekoia da eta lotarako eremuetan talde oso handiak era ditzake. Euskal Herrian negua pasatzen du.

Kostaldeko zuhaitzetan egiten du habia, alga eta zuhaitz adaxkeak erabiliz, eta barnealdea lumaz estaltzen du. Bizpahiru egunetan, hiru edo lau arrautza erruten ditu, kolore urdin-berde apalekoak, eta 25-31 egunez txitatzen jardundakoan jaiotzen dira txitak. 50 egun pasa ondoren, txitek habia uzten dute eta lau edo bost urterekin heldu bihurtu eta ugaldu egin daitezke[3].

Urpean igeri eginez arrainak harrapatzen ditu, batzuetan tamaina handikoak, aingirak, esate baterako[3].

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean eta oraindik berak emandako izena darama. Ubarroi handiak sei azpiespezie ditu:

  • Phalacrocorax carbo carbo, Ozeano Atlantikoko kostaldeetan bizi dena.
  • Phalacrocorax carbo novaehollandiae, Australasian bizi dena.
  • Phalacrocorax carbo lucidus Sahara azpiko Afrikan bizi dena, batzuetan espezietzat jotzen da, Phalacrocorax lucidus izen binomialarekin.
  • Phalacrocorax carbo sinensis, mendebaldeko Europan eta ekialdeko Asian bizi dena.
  • Phalacrocorax carbo maroccanus, ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena.
  • Phalacrocorax carbo hannedae, Japonian bizi dena.

Euskal Herrian dituen izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ubarroi handia lumak lehortzeko ohiko posturan.

Euskal Herrian zehar hainbat izen ematen zaio[5]:

  • Babarroso (Lea Artibai)
  • Bolborin (Bidasoa Beherea)
  • Gabarroso (Lea-Artibai, Urola Kosta, Baztanaldea)
  • Potorro (Plentzia, Mungia, Urdaibai)
  • Sakillo (Lea-Artibai, Urola Kosta, Urdaibai)
  • Balantxori (Deba Barrena)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Ubarroi handi» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. Sibley, C. G., & Monroe, B. L. (1990). Distribution and taxonomy of birds of the world. New Haven CT: Yale University Press.
  3. 1 2 3 4 «Cormorán grande» SEO/BirdLife.
  4. (Ingelesez) Ribak, Gal; Weihs, Daniel; Arad, Zeev. (2005). «Water retention in the plumage of diving great cormorants Phalacrocorax carbo sinensis» Journal of Avian Biology 36 (2): 89–95.  doi:10.1111/j.0908-8857.2005.03499.x. ISSN 1600-048X. (kontsulta data: 2019-11-11).
  5. «Ubarroi handia» txoriak.eus (kontsulta data: 2019-11-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]