Udiarragako Andre Mariaren ermita

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Udiarragako Andre Mariaren ermita
Ugao - Miraballes - Ermita de Nuestra Señora de Udiarraga 1.JPG
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Ugao
Koordenatuak 43° 10′ 44″ N, 2° 54′ 11″ W / 43.178788°N,2.9031853°W / 43.178788; -2.9031853Koordenatuak: 43° 10′ 44″ N, 2° 54′ 11″ W / 43.178788°N,2.9031853°W / 43.178788; -2.9031853
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1779
Elizbarrutia Bilboko elizbarrutia

Udiarragako Amaren Santutegia Ugaoko (Bizkaia) herrigunean dagoen eliza barrokoa da, 1780. urtean zabaldutakoa.

Ama Birjinaren irudia Erdi Arokoa da bestela. 2008an Ugaoko udala eraikinaren sabai eta barrualdearen eraberritzeari ekin zion, eta lanak 2009ko udaraino luzatu ziren. 2011ko urtarrilaren 18an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kultura Ondasun izendatu zuen, monumentu gisa.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain herrigunean dagoen Udiarragako Andre Mariaren ermitaren aurretik, jatorrizko beste bat egon zen Ugaoko udal barrutiko Udiarraga izeneko mendian, 1776 arte.

Erdi Aroko santutegi haren hondamendi egoera zela eta, ermita berri bat berreraiki zuten, oraingo tokian, Gaztelako errege-bidetik eta herrigunetik gertu.

1779an amaitu ziren lanak. Handik hona pasa diren 200dik gora urteetan aldaketa batzuk izan ditu, adibidez duela ez hainbeste hegoaldean atxikitako apaiz-etxea. Burualde osoa estaltzen zuen atxikitako eraikina arestiko eraberritze batean bota dute, baina horrekin batera garaiera bateko eraikin berri bat altxatu dute.

Proiektuaren diseinua eta idazketa 1776an egin zuen Juan Iturburu arkitekto maisuak, eta lana bururatzeko eraikitzaile Martin Zabala maisuak jardun zuen.

Ermitaren elementu bereizgarriena fatxada da. Atelada nagusia, rococo estilokoa, hiribilduaren jatorrizko biderantz orientatuta dago, eta erlaitz molduradun taulamendu lau batez errematatutako pilastra toskanarrak ditu alboetan; taulamendu horrek eraikinaren perimetro osoa inguratzen du. Konposizioa, goialdean, lerro makodun bi gorputzeko kanpai-horma batez amaitzen da, non lerro makodun horiek kontrahormak lotzen dituzten; xaflaztatze bolutatua duten alboetako ostikoek, estilo barroko garbikoek, halako bizitasun bat ematen diote konposizioari.

Fatxada nagusiko behe-gorputzean hiru bao burudun irekitzen dira. Sarbide nagusiaren gaineko ardatzean, argizulo molduradun bat irekitzen da, goialdean txaranbeldua eta sare erradial batez itxia.

Kanpai-hormak behe-gorputz bat du, bi baoz osatua, eta goi-gorputz bat, bao bakarrekoa; bao guztiak kanpai-tokiak dira. Behe-gorputz nagusiko horma-atalek muxarratutako plaka laua eta leiho-barrena dituzte. Plaka-kapitelen gaineko kanoiek osatzen dituzte kanpaien bizkar-teilak, eta eraketa-irizpide honixe jarraituz osatzen da goiko baoa. Konposizioaren buruan, frontoi triangeluarra, gurutze eta haize-orratzarekin.

Ermitak beste sarbide bat du, atalburuduna, plaka lauaz inguratua eta epistolaren aldeko lehen zatian zentratua. Atea bi orri asimetrikoz osatua dago, muntaga joniko zizelkatuaz, eta gaur egun ez dago erabilgarri.

Ermita moldatua dago hareharrizko ageriko harlangaitzez eta mortero-nahasia duten errekarriz. Euskal arkitektura barrokoak izan ohi duen ezaugarria islatzen du: zorroztasuna. Oinaldearen aparejua kareharrizko harlangaitz handiz egina dago. Fatxada aldean, berriz, bao, pilastra eta kanpai-hormak oso era erregularrean landuriko hareharrizko harlanduzkoak dira.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrualdetik, ermitak nabe zabal bat du, ia berdinak diren zi zatitan banatua, eta beso nabariak dituen gurutzadura-zati bat eta bost horma-atal dituen burualde oktogonala. Behealdean korua dago, aurrealdeak bi pilaretan bermatzen diren hiru arkudun zati dituela. Koruko zorua zurezkoa da, bai eta kareleko barra handi torneatuak ere. Sakristia transeptuaren ezkerraldeko espazio txiki batean dago.

Harlandu-itxurako horma luzitu eta margotuek, pilastra toskanarrekin batera, ganga hainbat zatitan banatzen duten erdi puntuko parpain-arkuei eusten dien egitura osatzen dute. Absidearen eta gurutzaduraren angeluetan, euskarriak baso-mentsulak dira.

Nabeko bi zatien burualdea kanoi-ganga batez amaitzen dira, lunetoz zulatua. Kapera nagusia, aldiz, ertz erradialez bururatuta dago.

Argitasuna gurutzadurako eta alboetako baoen bitartez igarotzen da, nagusiki. Bao burudunak dira, barrualderantz halako txaranbeldu txiki batekin. Koro gainean argizulo molduratu bat dago, pinoian.

Erretaula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mende bukaerako erretaula (1680-1681), ermita zaharretik XVIII. mendean oraingo tokira eraman zena. Kantabriako Pedro de Lainz Mazo eta Juan Alonso de Viadero maisuen lana da. Bizkaiko erretaula apaindu barroko lehendabizietako bat da.

Intxaur-zurez egindako lana da, predela, gorputza eta atikoa dituena; mahastiz apainduriko salomondar kolomaz inguratutako hiru kaletan antolatuta dago. Itxituran makotutako ostikoa du; horma-hobi sakon bat erdialdean, eta frontoian kartelak dituzten horma-hobiak alboetan. Errematearen alde bietan, Gaztelako armarria eta Ugaoko armarri zaharra daude.

Erdiko kaleko gorputzean Udiarragako Andre Mariaren irudi gotikoa dago. XIV. mendeko tailua da, otoitzean, hainbat eraberritze izan dituena. Alboetan, San Jose haurrarekin, eta San Antonio Paduakoa, erretaularen garaikideak; atikoan Kristo Gurutzatuaren irudia.

Erretaularen polikromia ere garaikidea da, urreztatua, eta zenbait estofatu ditu apaindurazko elementuetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]