Edukira joan

Ugalkortasun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ugalkortasuna, hizkera arruntean, ondore biologikoa izateko gaitasuna da. Testuinguru demografikoetan, ugalkortasunak seme-alaben ekoizpen estatistikoa adierazten du, ugaltzeko gaitasun fisikoa baino gehiago.[1][2] Ugalkortasun tasa gizabanakoen bizitzan zehar jaiotako seme-alaben batez besteko kopurua da. Medikuntzan, ugalkortasuna seme-alabak izateko gaitasuna da zehazki, eta ugalkortasun eza da modu naturalean ugaltzeko zailtasuna edo ezintasuna.[3] Oro har, gizakiengan ugaltzeko zailtasuntzat[4] jotzen da babesik gabeko sexu harremanetan urtebete (edo gehiago) eman ondoren, umerik ez izatea.[5] Ugalkortasunaren antitesia antzutasuna da.

Jaiotza-tasaren munduko mapa.

Testuinguru demografikoetan, ugalkortasunak seme-alaben benetako ekoizpena adierazten du, gizakien gaitasun fisikoa baino gehiago. Ugalkortasuna modu estatistikoan neurtu daiteke, baina gizakien emankortasun ahalmena, berriz, ez.[1][2] Demografoek zenbait modutara neurtzen dute ugalkortasun tasa: badira denbora tarteak neurtzeko teknikak, eta badira kohorte neurketak. Denboraldi neurketak egiten dira populazioaren zeharkako ebakidura bat hartuta urtebetez. Kohorte neurketak egiteko, pertsona berberen jarraipena egiten da hamarkada luzez. Aldiaren zein kohortearen neurketak asko erabiltzen dira.[6]

Aldizkako neurketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Jaiotza tasa gordina: urte jakin batean bizirik jaiotako haurren kopurua neurtzen du, bizirik dauden 1.000 pertsonako, urtearen erdialdean. Adierazle horrek badu berezko akats bat: populazioaren adin egiturak baldintzatzen du.[7]
  • Ugalkortasun tasa orokorra: urtebetean jaiotako haurren kopurua zati 15-44 urte bitarteko emakumeen kopurua, bider 1000. Ama izan daitezkeen emakumeengan soilik jartzen du arreta, eta adinaren araberako banaketa hartzen du kontuan.[8]
  • Haur-emakumeen ratioa: 5 urtetik beherako haurren kopuruaren eta 15-49 urte bitarteko emakumeen kopuruaren arteko proportzioa, bider 1000. Bereziki erabilgarria da datu historikoetan, ez baitu jaiotzak zenbatzeko beharrik. Izatez, neurketa hibrido bat da, heriotzak eta jaiotzak kontuan hartzen baititu: haurren heriotza tasa dela-eta, jaiotza batzuk ez dira kontuan hartzen; eta, beste horrenbeste, helduen heriotza tasa dela-eta, erditu ziren emakume batzuk ez dira kontuan hartzen.[9]
  • Coale-ren emankortasun indizea: ikerketa historikoan erabilitako neurgailu berezi bat da.[10]

Kohorte neurketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ugalkortasun tasa osoa: emakume batek bere bizitzan zehar izango lituzkeen seme-alaben kopuru osoa, baldin eta emakumeen adinaren araberako ugalkortasun maila beteko balu. Tasa hau lortzen da adin talde bakoitzaren ugalkortasun tasa 5 aldiz gehituta.[11]
  • Ugalketa tasa gordina: emakume batek bere bizitzan zehar izango lukeen batez besteko alaba kopurua neurtzen du, bere ugalkortasun urteetatik bizirik aterako balitz (oro har, 15-49 urte) eta adinaren araberako ugalkortasun tasa espezifikoak jarraituko balitu. Populazioa ordezkatzeko neurri gisa jokatzen du, emakumeen jaiotzetan arreta jarriz, betiere aintzat hartuz ama ez dela inoiz hilko.[12]
  • Ugalketa tasa garbia: emakume batek bere bizitzan izango lukeen batez besteko alaba kopurua da, hilkortasunaren arabera doitua, adinaren araberako ugalkortasun eta heriotza tasa espezifikoak jarraituko balitu.[13] Ugalketa tasa garbia 1 baldin bada, emakumeak beren burua ordezkatzen ari dira zehazki: 1000 emakume bakoitzeko, 1000 neskato jaiotzen dira. Batetik beherako tasa batek adierazten du oraingo belaunaldia aurreko belaunaldia baino txikiagoa izango dela. Alderantziz, batetik gorako tasa batek esan nahi du oraingo belaunaldia handiagoa dela aurrekoa baino.

Faktore sozial eta ekonomikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guraso baten seme-alaben kopurua eta hurrengo belaunaldikoak izango duen seme-alaben kopurua elkarri oso lotuta egon ohi dira.[14] Ugalkortasuna handitzearekin lotutako faktoreen artean daude erlijiotasuna,[15] seme-alabak izateko asmoa[16] eta amaren laguntza.[17] Ugalkortasuna gutxitzearekin lotutako faktoreak izan ohi dira aberastasuna,[18] hezkuntza maila,[19] emakumeen lan partaidetza,[20] hirietan bizi izatea,[21] etxebizitzaren kostua,[22] adimena, emakumeak ama izateko adina geroratzea eta, maila apalagoan, gizonezkoen adina.[23]

Kingsley Davis eta Judith Blake soziologoek ugalkortasun prozesuaren «hiru urratseko analisia» sortu zuten 1956an, hiru aldagai multzotan oinarrituta: harreman sexualak, haurrak izateko gaitasuna eta haurdunaldiari eragiten dioten faktoreak.[24] Ugalkortasunaren analisi ekonomikoa etxeko ekonomiaren parte da. Ugalkortasunaren azterketa ekonomiko sakonak egindakoen artean daude, besteak beste, Gary Becker (1960),[25] Jacob Mincer (1963),[26] eta Richard Easterlin (1969). Azken honek Easterlinen hipotesia garatu zuen baby boom-a azaltzeko.

Medikuntzan, ugalkortasunaren definizioa da «haurdunaldi kliniko bat sortzeko gaitasuna».[27]

Emakumeek ziklo hormonalak dituzte, haurdunaldia noiz izan dezaketen zehazten dutenak. Oro har, ziklo bakoitzak 28 egun inguru irauten du, bost eguneko aldi emankor batekin, baina «arau» hori oso aldagarri izan daiteke. Gizonak, teorian, ugalkorrak dira etengabe, baina egiaztatuta dago espermaren kalitatea kaltetu egin dezaketela gizon bakoitzaren osasun orokorrak, eiakulazio maiztasunak eta ingurumen faktoreek.[28]

Ugalkortasuna jaitsi egiten da adinean aurrera egin ahala, bi sexuetan. Emakumeen kasuan, jaitsiera 32 urterekin hasten da, eta 37 urterekin zorrozki beheratzen da. Gizonentzat, espermaren potentzia eta kalitatea 40 urte ingururekin hasten da gutxitzen. Bikote «zahar» batek haurra sortzea lortzen badu ere, haurdunaldia gero eta zailagoa izango da amarentzat, eta sortzetiko eritasunak eta gaixotasun genetikoak izateko arrisku handiagoa izango du haurrak.[29]

Haurdunaldi tasak handiagoak dira sexu harremanak egunean edo bi egunean behin badira,[30] edo bi edo hiru egunean behin.[31] Ikerketek ez dute inolako alde nabarmenik aurkitu sexu jarrera ezberdinen eta haurdunaldi tasaren artean, betiere eiakulazioa baginaren barruan gertatzen bada.[32]

Hilekoaren zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hileko zikloaren egun bakoitzeko ernaltzeko aukera, obulazioari dagokionez.[33]

Emakume baten hilekoaren zikloa ―emakume bakoitzarena era arbitrarioan― hilekoarekin berarekin hasten da. Hurrengoa fasea folikularra da, non estrogenoen maila handitu egiten baita obuluaren heldutasunak eraginda, hormona folikulu-estimulatzailearen (FSH) ondorioz, obulutegiaren barruan. Estrogeno mailak gailurra lortzen duenean, hormona luteinizatzailea (LH) handitzea estimulatzen du, obuluaren heldutasuna lortzeko eta, horrela, obulutegiaren horma hausteko gaitasuna izan dezan. Hori da, hain zuzen, obulazioa. Obulazioaren ondorengo fase luteoan, LHak eta FSHak obulazioaren ondorengo obulutegia gorputz luteo bihurtzen dute, progesterona sortzen duena. Progesteronaren ekoizpenak LH eta FSH hormonak inhibitzen ditu; haurdunaldirik gabeko ziklo batean, horrek gorputz luteoa atrofiarazten du eta, horrela, hilekoaren zikloa berriro hasten da.[34]

Gehieneko ugalkortasuna gertatzen da zikloaren egun gutxi batzuetan: oro har, obulazio data baino bi egun lehenago eta bi egun geroago.[35] Aldi emankor hori aldatu egiten da emakume batetik bestera, maiz obulazio data ziklo batetik bestera aldatzen den bezala emakume berarengan.[36] Obulua obulutegitik askatu eta 48 ordu igaro arte ernaltzeko gai izan ohi da. Espermatozoideek, batez beste, 48 eta 72 ordu artean irauten dute umetoki barruan, gehienez 120 ordu (5 egun).

Aldi eta tarte horiek faktore garrantzitsuak dira abstinentzia periodikoaren metodo antisorgailua erabiltzen duten bikoteentzat.

Emakumeen ugalkortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Menarkiaren adinaren atzerapen nabarmen bat gertatu zen Aro Modernoen hasieran , industria iraultza gertatu eta gutxira, emakumeen bizi baldintzak biziki okertu zirelarik; ikerketa gehienek adierazten dute menarkia 15-16 urterekin gertatzen zela, batez beste. XX. mendearen bigarren erdian, herrialde industrializatuetan, menarkian adina nabarmen lehenagotu zen, baldintza sozioekonomikoen hobekuntzaren ondorioz, 12-13 urtetara.[37]

Menarkiara heldu eta lehen urtean, zikloen % 80 inguru anobulatorioak dira, hau da, obulaziorik gabeak. , % 50 hirugarren urtean eta % 10 seigarren urtean.[38]

Menopausia 48 eta 55 urte bitartean gertatzen da batez beste.[39] Menopausian, obulutegien hormona ekoizpena murriztu egiten da pixkanaka, azkenean umetoki estaldura eten egiten baita betiko, hau da, hilekoa eten egiten da. Emakume baten bizitzako fase emankorraren amaieratzat jotzen da.

Hau da haurdun geratu nahi duten emakumeen kasuan adinak ugalkortasunean izan dezakeen eragina, ugalkortasunerako edo in vitro ernalketa egiteko botikarik erabili gabe, 2004an egindako ikerketa baten arabera:[40]

Adinaren eragina emakumeen

ugalkortasunean (2004ko ikerketa)

jaiotza bizi bat sortzeko ahala, batez beste
adina urte baten buruan lau urteren buruan
30 % 75 % 91
35 % 66 % 84
40 % 44 % 64

Beste ikerketa batzuetan emaitza hobeak erakutsi izan dira. 2004an, Europako 770 emakumerekin egindako azterketa baten arabera, 35-39 urte bitarteko emakumeen % 82k urtebetean lortu zuten haur bat sortzea.[41] 2013an, berriz, Danimarkako 2.820 emakumerekin egindako ikerketa batean ikusi zuten 35-40 urte bitarteko emakumeen % 78k urtebetean jaiotza bizi bat sortu zutela.[42]

Ikerketen arabera, koitoaren uneak, jarrera espezifikoak edo koitoaren ondoren ahoz gorako atsedenak ez dute eragin nabarmenik ugalkortasunean. Espermatozoideak umetoki lepoan egon daitezke eiakulatu eta segundo batzuetara, koitoaren posizioa edozein dela ere.[43]

Ugalkortasun tratamenduen bidez, haurdunaldiak dokumentatu dira 67 urte arteko emakumeengan.[44]

Gizonezkoen ugalkortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa batzuen arabera, adinarekin batera gizonen semen bolumen murriztu egiten da, espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia eraldatzen baita.[45] Bikotekide emakumearen adina kontrolatu zuten ikerketetan, 30 urtetik beherako gizonen eta 50 urtetik gorako gizonen arteko konparazioek haurdunaldi tasak % 23-38 artean murriztu zirela ikusi zuten.[45] Espermatozoide kopurua murriztu egiten da adinarekin batera: 50-80 urteko gizonengan, esperma ekoizpena batez beste % 75 da, 20-50 urteko gizonekin alderatuta, eta alde handiagoak daude espermatozoide helduak dituzten hodi seminiferoen kopuruan:[45]

Adinaren eragina gizonen ugalkortasunean[46]
espermatozoide helduak dituzten hodi seminiferoak
adina ehunekoa
20-39 % 90
40-69 % 50
80> % 10

Gizonen ugalkortasunaren murrizketa faktore askok eragiten dute, besteak beste, bizimoduak, ingurumenak eta faktore psikologikoek.[47]

Ikerketa batzuek iradokitzen dute osasun arazoak izateko arrisku handiagoa dagoela guraso zaharren seme-alabentzat, baina ez da lotura argirik frogatu.[48] Israelen egindako ikerketa zabal batek iradoki zuen 40 urte edo gehiagoko gizonen seme-alabek 30 urte baino gutxiagoko gizonen seme-alabek baino 5,75 aldiz probabilitate handiagoa zutela autismoaren espektroko nahasmendua izateko, jaiotza urtea, egoera sozioekonomikoa eta amaren adina kontrolatuz.[49] Baita ere, iradoki izan da aitaren adina handia eskizofreniarekin lotuta egon daitekeela, baina ez dago horren frogarik.[50][51][52][53]

Australiar ikertzaile batzuek frogatu zuten obesitateak kalte sotilak eragin ditzakeela espermatozoideetan eta haurdunaldi osasuntsu bat eragotzi dezakeela. Jakinarazi zutenez, ernalketak % 40 arrakasta gutxiago izan zuen aitak gehiegizko pisua zuenean.[54]

Amerikako Estatu Batuetako Ugalkortasun Elkarteak adin muga gomendatzen du 50 urte esperma emaileentzat,[55] eta Erresuma Batuko ugalkortasun erietxe askok ez dute 40-45 urtetik gorako gizonen esperma ematerik onartzen.[56]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Ingelesez) Frank, O. (2026). «The demography of fertility and infertility» World Health Organization (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-16).
  2. 1 2 (Ingelesez) Last, John M. «Fecundity and Fertility» Encyclopedia of Public Health (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-16).
  3. (Ingelesez) World Health Organization. (2025). «Infertility» WHO (kontsulta data: 2026-02-16).
  4. (Ingelesez) Gnoth, C.; Godehardt, E.; Frank-Herrmann, P.; Friol, K.; Tigges, Jürgen; Freundl, G.. (2005-05-01). «Definition and prevalence of subfertility and infertility» Human Reproduction 20 (5): 1144-1147. or.  doi:10.1093/humrep/deh870. ISSN 1460-2350. (kontsulta data: 2026-02-16).
  5. (Ingelesez) «Infertility: Frequently Asked Questions» Reproductive Health (web.archive.org) 2024-05-15 (kontsulta data: 2026-02-16).
  6. (Ingelesez) Demeny, Paul George; McNicoll, Geoffrey. (2003). Encyclopedia of population. New York: Macmillan Reference USA (archive.org) ISBN 978-0028656779. OCLC .51647566.
  7. (Ingelesez) «Population structure and ageing - Statistics Explained» Eurostat (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-21).
  8. (Frantsesez) «Taux de fécondité - Quotient de fécondité - Quotient de fécondité» Insee (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-21).
  9. (Ingelesez) «What is the Child-Woman Ratio? A Simplified Fertility Measure» Socio.Health. Population and Family Health Studies 2024-06-29 (kontsulta data: 2026-02-23).
  10. (Ingelesez) Wetherell, Charles. (2001). «Another Look at Coale's Indices of Fertility, I f and I g» Social Science History 25 (4): 589-608. or. ISSN 0145-5532. (kontsulta data: 2026-02-23).
  11. Beste bide bat izango litzateke 10-14, 15-19, 20-24... adin talde bakoitzeko ugalkortasun tasa batuta eta bider 5 eginda (tarte bakoitzeko bost urteak aintzat hartzeko).
  12. (Ingelesez) Weeks, John Robert. (2016). Population: an introduction to concepts and issues. Boston: Cengage Learning (archive.org), 227-228. or. ISBN 978-1305094505. OCLC .884617656.
  13. (Ingelesez) Siegel, Jacob S. (2008). The methods and materials of demography. Bingley: Emerald, 819. or. ISBN 978-0126419559. OCLC .812137377.
  14. (Ingelesez) Murphy, Michael. (2013-07-03). «Cross-National Patterns of Intergenerational Continuities in Childbearing in Developed Countries» Biodemography and Social Biology 59 (2): 101-126. or.  doi:10.1080/19485565.2013.833779. ISSN 1948-5565. PMID 24215254. (kontsulta data: 2026-02-24).
  15. (Ingelesez) Hayford, S. R.; Morgan, S. P. (2008-03-01). «Religiosity and Fertility in the United States: The Role of Fertility Intentions» Social Forces 86 (3): 1163-1188. or.  doi:10.1353/sof.0.0000. ISSN 0037-7732. (kontsulta data: 2026-02-24).
  16. (Ingelesez) Dommermuth, Lars; Klobas, Jane; Lappegård, Trude. (2014). Differences in childbearing by time frame of fertility intention. A study using survey and register data from Norway. Oslo: Statistics Norway (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-24).
  17. (Ingelesez) Schaffnit, S. B.; Sear, R. (2014-07-01). «Wealth modifies relationships between kin and women's fertility in high-income countries» Behavioral Ecology 25 (4): 834-842. or.  doi:10.1093/beheco/aru059. ISSN 1045-2249. (kontsulta data: 2026-02-24).
  18. (Ingelesez) Rai, Piyush Kant; Pareek, Sarla; Joshi, Hemlata. (2022-08-04). «Regression Analysis of Collinear Data using r-k Class Estimator: Socio-Economic and Demographic Factors Affecting the Total Fertility Rate (TFR) in India» Journal of Data Science 11 (2): 323-342. or.  doi:10.6339/JDS.2013.11(2).1030. ISSN 1680-743X. (kontsulta data: 2026-02-24).
  19. (Ingelesez) «Health and Education» Project Drawdown 2020-02-12 (kontsulta data: 2026-02-24).
  20. (Ingelesez) Bloom, David E.; Canning, David; Fink, Günther; Finlay, Jocelyn E.. (2009-06-01). «Fertility, female labor force participation, and the demographic dividend» Journal of Economic Growth 14 (2): 79-101. or.  doi:10.1007/s10887-009-9039-9. ISSN 1573-7020. (kontsulta data: 2026-02-24).
  21. Sato, Yasuhiro. (2007-03-01). «Economic geography, fertility and migration» Journal of Urban Economics 61 (2): 372-387. or.  doi:10.1016/j.jue.2006.08.002. ISSN 0094-1190. (kontsulta data: 2026-02-24).
  22. (Ingelesez) Li, Ang. (2019). «Fertility intention‐induced relocation: The mediating role of housing markets» Population, Space and Place 25 (8)  doi:10.1002/psp.2265. ISSN 1544-8444. (kontsulta data: 2026-02-24).
  23. (Ingelesez) «Having a Baby After Age 35: How Aging Affects Fertility and Pregnancy» American College of Obstetricians and Gynecologists (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-24).
  24. (Ingelesez) «Davis and Blake's Model: Intermediate Determinants of Fertility» Socio.Health (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-24).
  25. Becker, Gary S.. (1965). «A Theory of the Allocation of Time» The Economic Journal 75 (299): 493.  doi:10.2307/2228949. ISSN 0013-0133. (kontsulta data: 2026-02-24).
  26. (Ingelesez) Mincer, Jacob; Polachek, Solomon. (1974). «Family Investments in Human Capital: Earnings of Women» Journal of Political Economy 82 (2, Part 2): S76-S108. or.  doi:10.1086/260293. ISSN 0022-3808. (kontsulta data: 2026-02-24).
  27. (Ingelesez) Zegers-Hochschild, Fernando; Adamson, G David; Dyer, Silke; Racowsky, Catherine; de Mouzon, Jacques; Sokol, Rebecca; Rienzi, Laura; Sunde, Arne et al.. (2017-09-01). «The International Glossary on Infertility and Fertility Care, 2017†‡§» Human Reproduction 32 (9): 1786-1801. or.  doi:10.1093/humrep/dex234. ISSN 0268-1161. PMID 29117321. (kontsulta data: 2026-03-02).
  28. (Ingelesez) Skakkebæk, Niels E.; Lindahl-Jacobsen, Rune; Levine, Hagai; Andersson, Anna-Maria; Jørgensen, Niels; Main, Katharina M.; Lidegaard, Øjvind; Priskorn, Lærke et al.. (2022). «Environmental factors in declining human fertility» Nature Reviews Endocrinology 18 (3): 139-157. or.  doi:10.1038/s41574-021-00598-8. ISSN 1759-5037. (kontsulta data: 2026-03-02).
  29. (Ingelesez) George, Korula; Kamath, MohanS. (2010). «Fertility and age» Journal of Human Reproductive Sciences 3 (3): 121.or.  doi:10.4103/0974-1208.74152. ISSN 0974-1208. PMID 21234171. (kontsulta data: 2026-03-02).
  30. (Ingelesez) «How to get pregnant» Mayo Clinic (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-02).
  31. (Ingelesez) «Trying for a baby | Information for the public | Fertility problems: assessment and treatment» National Institute for Health and Care Excellence (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-02).
  32. (Ingelesez) Imler, Philip B.; Wilbanks, David. (2010). «The Essential Guide to Getting Pregnant» American Pregnancy Association (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-02).
  33. (Ingelesez) Dunson, D.B.; Baird, D.D.; Wilcox, A.J.; Weinberg, C.R. (1999). «Day-specific probabilities of clinical pregnancy based on two studies with imperfect measures of ovulation» Human Reproduction 14 (7): 1835-1839. or.  doi:10.1093/humrep/14.7.1835. ISSN 1460-2350. (kontsulta data: 2026-03-02).
  34. (Ingelesez) Danilovich, Natalia; Babu, P. Suresh; Xing, Weirong; Gerdes, Maria; Krishnamurthy, Hanumanthappa; Sairam, M. Ram. (2000-11-01). «Estrogen Deficiency, Obesity, and Skeletal Abnormalities in Follicle-Stimulating Hormone Receptor Knockout (FORKO) Female Mice**This investigation was supported in part by the Canadian Institutes of Health Research.» Endocrinology 141 (11): 4295-4308. or.  doi:10.1210/endo.141.11.7765. ISSN 0013-7227. (kontsulta data: 2026-03-03).
  35. (Ingelesez) Stanford, JB. (2003). «My Fertile Period» DuoFertility (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-03).
  36. (Ingelesez) Creinin, Mitchell D.; Keverline, Sharon; Meyn, Leslie A.. (2004). «How regular is regular? An analysis of menstrual cycle regularity» Contraception 70 (4): 289-292. or.  doi:10.1016/j.contraception.2004.04.012. ISSN 0010-7824. (kontsulta data: 2026-03-03).
  37. (Ingelesez) Papadimitriou, Anastasios. (2016). «The Evolution of the Age at Menarche from Prehistorical to Modern Times» Journal of Pediatric and Adolescent Gynecology 29 (6): 527-530. or.  doi:10.1016/j.jpag.2015.12.002. ISSN 1083-3188. (kontsulta data: 2026-03-03).
  38. (Ingelesez) Apter, D. (1980-02). «Serum steroids and pituitary hormones in female puberty: a partly longitudinal study» Clinical Endocrinology 12 (2): 107-120. or.  doi:10.1111/j.1365-2265.1980.tb02125.x. ISSN 0300-0664. (kontsulta data: 2026-03-03).
  39. Takahashi, Traci A.; Johnson, Kay M. (2015). «Menopause» Medical Clinics of North America 99 (3): 521-534. or.  doi:10.1016/j.mcna.2015.01.006. ISSN 0025-7125. (kontsulta data: 2026-03-03).
  40. (Ingelesez) Leridon, H.. (2004-07-01). «Can assisted reproduction technology compensate for the natural decline in fertility with age? A model assessment» Human Reproduction 19 (7): 1548-1553. or.  doi:10.1093/humrep/deh304. ISSN 1460-2350. (kontsulta data: 2026-03-03).
  41. (Ingelesez) Dunson, David B.; Baird, Donna D.; Colombo, Bernardo. (2004). «Increased Infertility With Age in Men and Women:» Obstetrics & Gynecology 103 (1): 51-56. or.  doi:10.1097/01.AOG.0000100153.24061.45. ISSN 0029-7844. (kontsulta data: 2026-03-03).
  42. (Ingelesez) Rothman, Kenneth J.; Wise, Lauren A.; Sørensen, Henrik T.; Riis, Anders H.; Mikkelsen, Ellen M.; Hatch, Elizabeth E. (2013). «Volitional determinants and age-related decline in fecundability: a general population prospective cohort study in Denmark» Fertility and Sterility 99 (7): 1958-1964. or.  doi:10.1016/j.fertnstert.2013.02.040. ISSN 0015-0282. PMID 23517858. (kontsulta data: 2026-03-03).
  43. «Optimizing natural fertility: a committee opinion» Fertility and Sterility 100 (3): 631-637. or. 2013  doi:10.1016/j.fertnstert.2013.07.011. ISSN 0015-0282. (kontsulta data: 2026-03-03).
  44. (Ingelesez) «Spanish woman 'is oldest mother'» BBC News (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-03).
  45. 1 2 3 (Ingelesez) Kidd, Sharon A; Eskenazi, Brenda; Wyrobek, Andrew J. (2001). «Effects of male age on semen quality and fertility: a review of the literature» Fertility and Sterility 75 (2): 237-248. or.  doi:10.1016/S0015-0282(00)01679-4. ISSN 0015-0282. (kontsulta data: 2026-03-03).
  46. (Ingelesez) Silber, Sherman J.. (1991). «Effect of Age on Male Fertility» Seminars in Reproductive Endocrinology 9 (03): 241-248. or.  doi:10.1055/s-2007-1019415. ISSN 0734-8630. (kontsulta data: 2026-03-03).
  47. (Ingelesez) Campagne, Daniel M.. (2013). «Can Male Fertility Be Improved Prior to Assisted Reproduction through The Control of Uncommonly Considered Factors?» International Journal of Fertility & Sterility 6 (4): 214-223. or. ISSN 2008-076X. PMID 24520443. (kontsulta data: 2026-03-03).
  48. (Ingelesez) Wiener-Megnazi, Zofnat; Auslender, Ron; Dirnfeld, Martha. (2012). «Advanced paternal age and reproductive outcome» Asian Journal of Andrology 14 (1): 69-76. or.  doi:10.1038/aja.2011.69. ISSN 1008-682X. PMID 22157982. (kontsulta data: 2026-03-03).
  49. (Ingelesez) Reichenberg, Abraham; Gross, Raz; Weiser, Mark; Bresnahan, Michealine; Silverman, Jeremy; Harlap, Susan; Rabinowitz, Jonathan; Shulman, Cory et al.. (2006-09-01). «Advancing Paternal Age and Autism» Archives of General Psychiatry 63 (9): 1026.  doi:10.1001/archpsyc.63.9.1026. ISSN 0003-990X. (kontsulta data: 2026-03-03).
  50. (Ingelesez) Jaffe, A. E.; Eaton, W. W.; Straub, R. E.; Marenco, S.; Weinberger, D. R. (2014). «Paternal age, de novo mutations and schizophrenia» Molecular Psychiatry 19 (3): 274-275. or.  doi:10.1038/mp.2013.76. ISSN 1476-5578. PMID 23752248. (kontsulta data: 2026-03-03).
  51. (Ingelesez) Malaspina, Dolores; Harlap, Susan; Fennig, Shmuel; Heiman, Dov; Nahon, Daniella; Feldman, Dina; Susser, Ezra S. (2001). «Advancing Paternal Age and the Risk of Schizophrenia» Archives of General Psychiatry 58 (4): 361.  doi:10.1001/archpsyc.58.4.361. ISSN 0003-990X. (kontsulta data: 2026-03-03).
  52. (Ingelesez) Sipos, Attila; Rasmussen, Finn; Harrison, Glynn; Tynelius, Per; Lewis, Glyn; Leon, David A.; Gunnell, David. (2004-11-04). «Paternal age and schizophrenia: a population based cohort study» BMJ 329 (7474): 1070.  doi:10.1136/bmj.38243.672396.55. ISSN 0959-8138. PMID 15501901. (kontsulta data: 2026-03-03).
  53. (Ingelesez) Malaspina, Dolores; Corcoran, Cheryl; Fahim, Cherine; Berman, Ariela; Harkavy‐Friedman, Jill; Yale, Scott; Goetz, Deborah; Goetz, Raymond et al.. (2002-04-08). «Paternal age and sporadic schizophrenia: Evidence for de novo mutations» American Journal of Medical Genetics 114 (3): 299-303. or.  doi:10.1002/ajmg.1701. ISSN 0148-7299. PMID 11920852. (kontsulta data: 2026-03-03).
  54. (Ingelesez) Robotham, Julie. (2010-10-17). «Fat men linked to lower fertility» The Sydney Morning Herald (kontsulta data: 2026-03-03).
  55. (Ingelesez) Plas, E; Berger, P.; Hermann, M.; Pflüger, H. (2000-08-01). «Effects of aging on male fertility?» Experimental Gerontology 35 (5): 543-551. or.  doi:10.1016/S0531-5565(00)00120-0. ISSN 0531-5565. (kontsulta data: 2026-03-03).
  56. (Ingelesez) «UK Licensed Fertility Clinics who recruit Sperm Donors» www.spermdonorforum.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]