Ulises (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ulises
JoyceUlysses2.jpg
Ulises eleberriaren lehen edizioaren azala (1922)
Xabier Olarra itzultzailea James Joyceren "Ulises" liburuaren pasarte bat irakurtzen.
Datuak
Idazlea James Joyce
Argitaratze-data 1922ko otsailaren 2a
Generoa Eleberri
Jatorrizko izenburua Ulysses
Hizkuntza Ingeles
Argitaletxea Sylvia Beach (en) Itzuli eta Shakespeare and Company (en) Itzuli
Herrialdea Irlanda
Ilustratzailea Henri Matisse
OCLC 20827511
Euskaraz
Izenburua Ulises
Itzultzailea Xabier Olarra
Argitaratze-data 2015
Orrialdeak 1017
ISBN 978-84-943560-5-6

Ulises James Joyce irlandarraren eleberri bat da, 1922an, Ulysses jatorrizko izenburuarekin argitaratu zena. Bere izenburua, Homerok idatzitako Odisea eleberriko protagonistaren izenaren bertsio latindarretik dator, grezieraz Odiseo eta latinez Ulises deitzen zena. Kritikaren zati handi batek, XX. mendeko ingelesez idatzitako eleberririk hoberentzat hartzen du. Francisco García Tortosa kritiko espainiarraren arabera, Ulises XX. mendeko eleberririk eragingarri, eztabaidatu eta berrizendatuenetako bat da. Liburuak azterketa, kritika eta eztabaida ugari eta sakonak jaso ditu.[1][2]

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Ulisesek, bere pertsonaia nagusia den Leopold Bloom eta Stephen Dedalusen (biak Joycen beste nortasunak, Leopold, zaharra, eta Stephen, gaztea) Dublinetik igarotzea kontatzen du, egun zehatzgabe batean, 1904ko ekainaren 16an. Esan bezala, izenburuak, Homeroren Odiseako protagonistari erreferentzia egiten dio. Parekotasun (linguistikoak, sinbolikoak eta erretorikoak) sistema oso bat dago bien artean (adibidez, Bloom eta Odiseoren arteko parekotasuna, Stephen eta Telemakoren artean dagoenaz gain). Gaur egun, Ulises eleberriaren irakurle sutsuek, ekainaren 16an, mundu osoan, Bloomsday izeneko jaialdi bat ospatzen dute. Joycek, data hori, ondoren bere emaztea izango zen Nora Barnaclerekin lehen hitzordua izan zuen eguna izan zelako aukeratu zuen.

Ulises eleberri erraldoi bat da: orotara, 267.000 hitz ditu, 30.000 hitz ezberdin baino gehiagoko lexiko batekin. Edizio gehienetan, 800 eta 1000 orrialde artean ditu, 18 ataletan banatuak. Lehen begiratu batean, liburuak, egiturarik gabea eta kaotikoa dirudi, baina Stuart Gilbert eta Herbert Gormanek, Joyce lizunkeriaz salatzetik defendatzeko, edizioaren ondoren argitara eman zituzten bi eskemek, Odisearekin zituen loturak nabarmen utzi zituzten.

Liburuko ezaugarririk garrantzitsuenetako bat da Joycek, atal bakoitzarentzako, estilo ezberdin bat erabiltzen duela. Erabiliena, barne bakarrizketa da ("barne kontzientzia", stream of consciousness, William Jamesen terminologian), pertsonaiaren pentsamenduak, ordena logikorik gabe adieraztean datzana, benetako pentsamenduan gertatzen den lez. Teknika narratibo honen puntu gailena, eleberriaren epilogoa da, Molly Bloomen bakarrizketa ospetsua, non, istorioak, puntuazio zeinurik gabe pentsamenduaren jario askea imitatzen duen.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Joycek, jatorrian, liburua 18 kapitulu edo “episodiotan” banatu zuen, nahiz eta, argitaratu zenean, kendu. Lehen begiratuan, liburuak kaotikoa eta desegituratua dirudi. Egileak adierazi zuenez, “hilezkortasuna" lortzeko, hainbeste enigma eta buru-hausgarri sartu zituen testuan, ezen pentsalariak lanpetuta egon baiziren mendeetan zehar, horri buruz eztabaidatzen.

Stuart Gilbertek eta Herbert Gormanek bi eskema zabaldu zituzten Ulises argitaratu ondoren, Joyce obszenitate salaketetatik defendatzeko eta obraren barne egitura eta Homeroren Odisearekiko erlazioa azaltzeko.

Ulisesen episodio bakoitzak izenburu bat, idazteko teknika bat eta bere pertsonaien eta Odiseakoen arteko erlazioak ditu, baita erreferentzia sinboliko eta alegoriko ugari ere. Jatorrizko edizioan, eleberriak ez zituen izenburu eta erlazio horiek, Linati eta Gilberten eskemetan baitute jatorria. Joycek episodioen izenburu homerikoak aipatu zituen bere bere gutunetan.

I. zatia: Telemakiada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. episodioa: Telemako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Martello dorrea, Sandycove (Dublingo badia)

Ordua: 08:00

1904ko ekainaren 16a da (James Joyce bere emaztea izango zen Nora Barnacle ofizialki gorteatzen hasi zen eguna). Buck Mulliganek (medikuntzako ikasle krudel, hitzezko oldarkor eta zaratatsu bat) Stephen Dedalusi (Joyceren Artistaren gaztetako portreta idazlanean lehen aldiz agertu zen idazle gaztea) deitzen dio Martello dorrearen goiko solairura, nondik Dublingo badia ikus daitekeeen. Stephenek ez die Mulliganen txantxa oldarkorrei erantzuten, bere atentzio osoa Mulliganek gonbidatu duen Hainesengan (Oxfordeko antisemita ingeles bat) dagoelako. Stephenek Hainesekiko duen ezinikusiaren jatorria gauean horrek egin dituen intzirietan dago, amesgaizto baten ondorioz. Izan ere, Stephen aztoratu egin dute intziri horiek.

Mulliganek eta Stephenek dorretik begiratzen diote itsasoari, eta Stephen bere ama zenaz oroitzen da, oraindik samin handia baitu. Stephenek amaren heriotzeko ohean haren alde otoitz egiteari uko egiteak polemika sortzen du bien artean. Stephenek Mulligani esaten dio behin entzun ziola, bere amari buruz hitz egiten, "basatiki hila" bezalako esapideak esaten. Salaketa honen aurrean, Buck bere burua defendatzen saiatzen da, baina azkar ematen du amore. Bizarra egiten du, gosaria prestatzen du eta hirurek gosaltzen dute. Gero Buck abesten hasten da, abesti hori hilzorian zegoen amari Stephenek kantatu ziola jakin gabe.

Geroago, Haines eta Stephen hondartzara jaisten dira, Buckek lagun batzuekin igeri egiten baitu. Une horretan ikasiko dugu Buckek lagun bat duela oraindik izenik gabeko neskalagun bat duena (gero Milly Bloom izango zena, Leopold Bloomen alaba). Stephenek alde egiteko asmoa adierazten du, eta Buckek dorreko giltza eta dirua eskatzen dizkio. Joatean, Stephenek gau horretan dorrera itzultzeko asmorik ez zuela adierazten du, Bucki usurpatzaile deituz.

2. episodioa: Nestor[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Mutilen eskola, Dalkey herriska

Ordua: 10:00

Stephen historiako eskola bat ematen ari da Pirrok Epiron lortutako garaipenei buruz. Ikasleak aspertuta daude, ikasgaia ezagutzen ez dutelako eta diziplinarik ez dutelako. Eskola utzi baino lehen, Stephenek igarkizun korapilatsu bat kontatuko die, honen erantzuna hauxe da: amona zuhaixka baten azpian lurperatzen duen azeria. Ikasleetako bat, Sargent, atzean geratzen da Stephenek arazo aritmetikoak nola konpondu erakutsi diezaion. Stephenek atsegin ematen dio, baina estetikoki desatsegina den itxurari erreparatzen dio eta amak harenganako duen maitasuna irudikatzen saiatzen da. Ondoren, Stephenek Deasy jauna bisitatuko du, ikastetxeko zuzendari antisemita, eta haren ordainsaria eta gutun bat jasoko ditu. Gutun hori egunkariko argitaletxera eraman beharko du argitaratzeko. Deasyk lanaren bidez irabazitako diruaren asebetetzeaz eta aurrezkiak eraginkortasunez administratzearen garrantziaz ohartarazten dio Stepheni. Eszena honek, eleberriko esaldirik ospetsuenetako bat sortzen du, non Stephenek hau dio: “Historia amets bat da, zeinetatik ni esnatu nahian nabilen“. Halaber, Jainkoa, berarentzat, “oihu bat atarian” da. Deasy jaunak iraganeko gertaerei buruz duen ikuspegi partziala arbuiatzen du Stephenek, gertakari horiek bere aurreiritziak justifikatzeko erabiltzen baititu. Episodio honen amaieran, Deasyk beste ohar sutsu bat egin zuen juduen aurka, esanez juduak sekula jazarri ez zituen herrialde bakarra zela Irlanda, sekula sartzen utzi ez zielako.

3. episodioa: Proteo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Sandymount Strand hondartza

Ordua: 11:00

Stepehen, hondartzarako bidean eta atsekabetuta, hausnartu egiten du bere familiaz, Parisen ikasle izan zen garaiaz eta bere amaren heriotzaz. Aldi berean, harkaitz batzuen gainean etzatzen da eta txakurrarekin paseatzen ari den bikote bati begiratzen dio. Ideia poetiko batzuk idazten ditu eta alde egitea erabakitzen du, muki bat harkaitz batean itsatsita musuzapirik ez duelako.

II. zatia: Odisea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

4. episodioa: Kalipso[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Bloomdarren etxea, Eccles Street, 7

Ordua: 08:00

Goizeko zortziak dira berriro. Leopold Bloom, iragarki-biltzaile judua, Eccles kaleko 7. zenbakian bizi da eta gosaria prestatzen ari da. Gosaria eta posta Molly bere emazteari eramaten dizkio. Jarraian, bere alaba Millyren gutun bat irakurriko du. Episodioaren amaieran, Leopold komun-ontziaren gainean eserita dago, hesteak libratzen.

5. episodioa: Lotojaleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Westlamd Row geltoki ingurua

Ordua: 10:00

Bloom posta bulegora abiatzen da, ezkutuka, bide luzeago bat hartuz. Han Henry Flowerri igorritako maitasun-gutun bat jasotzen du Marta Clifford delakoaren partetik. Egunkari bat erosi eta lagun batekin topo egiten du. Berriketan ari diren bitartean, Bloomek galtzerdiak dituen emakume batengana zuzentzen du begirada, baina tranbia bat pasatzen zaio eta oztoptzen dio begirada. Ondoren, gutuna irakurri eta kalezulo batean kartazala botatzen du. Farmazia batean sartzen da eta Bantam Lyonsekin topo egiten du, eta nahi gabe zaldi-lasterketa baterako apustu-txartel bat ematen dio. Azkenik, Bloom bainu-etxera doa, egun osorako garbitzeko.

6. episodioa: Hades[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Hileta-segizioa Prospect hilerriraino

Ordua: 11:00

Bloom zaldi-kotxe batera igotzen da beste hiru gizonekin, haien artean, Stephenen aita den Simon Dedalus. Paddy Dignamen hiletara eraman zituzten, Glasvenin auzoko Prospect hilerrira. Kotxea Stephen eta Blazes Boylanen ondotik igarotzen da. Ibilbidean zehar eztabaidatzen dute hiltzeko eta lurperatua izateko modu ezberdinei buruz. Horrek Bloomi pentsarazten dio bere hildako semeari, Rudyri, eta bere aitaren suizidioari buruz. Kapera batean sartzen dira, hiletaren lekuko dira eta, ondoren, hilkutxa daraman gurdiarekin batera irteten dira. Bloomek hiletan zira duen gizon misteriotsu bati erreparatzen dio. Bloomek heriotzari buruz pentsatzen jarraitzen du, baina episodioaren amaieran pentsamendu txarrak uxatzen ditu, “bizi odol-borbortsu beroan” arreta jartzeko.

7. episodioa: Eolo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Egunkarien bulegoak

Ordua: 12:00

Freeman's Journal egunkariaren bulegoan, Bloom iragarki bat jartzen saiatzen da. Myles Crawford editoreak emandako animoak jaso arren, ez du lortzen. Stephen Deasy zuzendariak sukar aftosoari buruz idatzitako gutunarekin dator egunkarira, baina ez da Bloomekin gurutzatzen. Stephenek taberna batera joateko dei egiten die Myles Crawfordi eta besteei, eta bidean "Dublingo bi vestale” ri buruzko pasadizo bat kontatzen die. Episodioa atal txikitan zatituta dago; bakoitzak kazetaritza estiloko izenburu bat du, eta trikimailuz eta pertsonaia erretorikoz beteta daude.

8. episodioa: Lestrigoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Bazkaria

Ordua: 13:00

Bloomen pentsamenduak bazkariari buruzko aipamenekin zipriztintzen dira bazkalordua hurbiltzen den heinean. Aspaldiko maitale batekin topo egingo du, Josie Breenekin. Horrek Mina Purefoyren erditzearen berri emango dio. Burton hoteleko jatetxera sartzen da, baina nazkatuta dago gizonak animaliak bezala jaten ikustean. Orduan, Davy Byrneren tabernara joaten da. Han Flynn Sudurluzek harrera egiten dio. Gazta-sandwich bat eta ardo edalontzi bat hartzen ditu, eta hausnartzen du Mollyrekin izandako harremanaren lehen egunei buruz eta bere ezkontza nola hondatu den: "Niri. Eta orain nik ". Bloomek jatetxea uzten duenean, Flynn Sudurluzek Davy Byrnerekin hitz egiten du Bloomen izaera soilaz. Bloom, orain, Museo Nazionalera doa, greziar jainkosen estatuei eta, bereziki, horien behealdeei begiratzeko. Iristean, bere emaztearen maitalea den Boylan ikusten du kalearen beste aldean, eta, izuak hartuta, museoan sartzen da.

9. episodioa: Eszila eta Karibdis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Liburutegi Nazionala

Ordua: 14:00

Liburutegi Nazionalean, Stephenek Shakespeareren lanen bere teoria biografikoa azaltzen die zenbait ikasleri. Bere ustez, Hamlet Anne Hathaway emaztearen ustezko adulterioan oinarritua dago. Bloom Liburutegi Nazionalean sartzen da Keyesen iragarkia hobetzearren. Ez dute elkar ikusten Stephenek eta Bloomek.

10. episodioa: Harkaitz alderraiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Dublingo kaleak

Ordua: 15:00

Episodio honetan 18 eszena eta “coda” bat daude, Dublingo kaleetan zehar hainbat pertsonaiaren ibilbideak erakusten dizkigutenak. Atala, William Humble Dudleyko kondearen kabalkadaren azalpen batekin amaitzen da. Kabalkadak jada eleberrian ezagututa ditugun pertsonaia batzuekin topo egiten du aurkitzen du. Ez Stephen ez Bloom ez daude euren artean.

11. episodioa: Sirenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Ormond hoteleko taberna

Ordua: 16:00

Bloomek afari bat du Stephenen osaba Richie Gouldingekin Ormond hotelean. Han Mollyren maitalea den Blazes Boylanek berarekin topo egiten du, eta gero Mollyrekiko hitzordura joango da, Bloomdarren etxera. Afaltzen duen bitartean, Bloomek Lydia Douce eta Mina Kennedy zerbitzari limurtzaileei begiratzen die. Horiek Simon Dedalusen abestia abesten dute.

12. episodioa: Ziklopea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Bernie Kiernan´s puba

Ordua: 17:00

Dublingo biztanle anonimo batek kontatzen du episodio hau. Narratzailea Bernie Kiernan´s pubera doa, non "herritarra" deitzen dion pertsonaia batekin topo egiten duen. Leopold Bloom tabernan sartzen denean, hiritarrak errieta egiten dio, oso antisemita baita. Bloomek hiritarrari bere Salbatzailea judua dela gogorarazten dio. Bloom tabernatik irteten ari denean, herritarrak, haserre, gaileta poto bat botatzen du Bloomen buruaren kontra, baina huts egiten du. Episodioa narratzailearen ahotsaz aparteko kontakizun luzeez beteta dago: lege-jargoizko hiperboleak, Bibliako pasarteak, irlandar mitologia, etab.

13. episodioa: Nausikaa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Sandymount Strand hondartza

Ordua: 20:00

Gerty McDowell, Sandymount Strand hondartzan dagoen emakume gazte bat, maitasunaz, ezkontzaz eta feminitateaz hausnartzen du, iluntzen ari den bitartean. Bloomek urrundik begiratzen dio, eta neskak bere hankak eta azpiko arropa erakusten dizkio (zaila da bereiztea zer dagoen errealitatetik eta zer dagoen fantasia sexualetik, Bloomen aldetik). Gerty joaten denean, Bloom konturatzen da neska herrena dela. Digresio batzuen ondoren, Bloomek ama-etxera joatea erabakitzen du, Mina Purefoy bisitatzera.

14. episodioa: Eguzkiaren abelgorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Ama-etxe Nazionala

Ordua: 22:00

Bloomek Mina Purefoy erdituko den ama-etxera bisitatzen du eta Stephenekin topo egiten du. Hori Buck Mulliganekin eta Medikuntza Fakultateko bere lagunekin edaten ari da. Taberna batera joaten dira, eta han edaten jarraitzen dute, haurraren jaiotza arrakastatsuaren bilakaera gertutik jarraituz. Episodio hau Joyceren hitz-jokoz beteta dago eta ematen du Joycek ingeles hizkuntzaren historia osoa laburbildu nahi duela

15. episodioa: Zirtze[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Burdela, Bella Cohen andrearen etxea

Ordua: 00:00

Episodio hau antzerki-gidoi gisa idatzita dago, agertokiko jarraibideak barne. Narrazioa etengabe eteten dute Stephenek eta Bloomek esperimentatutako haluzinazioek. Stephen eta Lynch Nighttownera doaz, Dublingo barruti gorrira. Bloomek atzetik jarraitzen die eta ustekabean Bella Cohenen burdelean aurkitzen ditu. Stephenek dirua botatzen xahutzen ari dela ikustean, Bloomek dirua gordetzea erabakitzen du. Stephenek, haluzinazioak nozituz, bere amaren gorpu ustela ikusten du, berari aurre egiten. Izututa, makila argi-armiarma bat jotzeko erabiltzen du eta burdeletik korrika irteten da. Bloomek berehala ordaintzen dizkio Bellari kalteak, eta korrika irteten da Stephenen atzetik. Azkenean, soldadu ingeles batekin eztabaida sutsuan aurkitzen du, eta soldaduak, Stephenek erregea iraindu zuela iritzita, ukabilkada bat ematen dio. Polizia iritsi eta jendea sakabanatu egiten da. Bloomek Stephen zaintzen duen bitartean, Rudy, bere seme zenari buruzko haluzinazio bat jasaten du.

III. zatia: Nostos[aldatu | aldatu iturburu kodea]

16. episodioa: Eumeo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Zalgurdi-gidarien txosna

Ordua: 01:00

Bloomek zalgurdi-gidarien txosnara eramaten du Stephen, zentzua berreskuratzearren. Han, marinel mozkor batekin, D. B. Murphyrekin, topo egiten dute. Kotxe baten gainean, Stephenek Johannes Jeep konpositore barrokoaren abesti espiritual bat abesten du. Biek euren misoginia aldarrikatzen dute.

17. episodioa: Itaka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Bloomdarren etxea, Eccles Street, 7

Ordua: 02:00

Bloom Stephenekin itzuliko da etxera, eta Stephenek uko egingo dio gaua han pasatzeko eskaintzari. Bi gizonek atzeko lorategian pixa egiten dute, Stephen joaten da, ilunpetan galduta, eta Bloom etxera sartu eta lotara doa. Atala katekesiaren erara idatzita dago, galdera eta erantzunekin.

18. episodioa: Penelope[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekua: Bloomdarren etxeko logela

Ordua: zehaztu gabea

Molly Bloomek hausnartu egiten du, bere senarraren ondoan ohean dagoen bitartean. Mollyk asmatzen du Leopoldek eiakulazio bat izan duela egun horretan, eta horrek beste emakume batzuekin izan ditzakeen desleialtasunak gogoratzeko aukera ematen dio. Boylanen eta bere senarraren arteko desberdintasunak aztertzen ditu, gizontasunari dagokionez. Leopoldek eta berak zortea dutela sentitzen du, ezkontzeko zailtasunak gorabehera. Mollyk bere miresle asko ere gogoratzen ditu, aurrekoak eta egungoak. Arropa dotorea erosteko dirurik ez izatea deitoratzen du, eta Leopoldek bere iragarki-bilketa lanari utzi beharko diola uste du eta hobeto ordaindutako bat lortu behar. Gero pentsatu zein politak diren bular femeninoak genital maskulinoekin alderatuta. Gogoan du senarrak diruagatik biluzik posatzea proposatu zion garaia. Bere pentsamenduak Boylanera itzultzen dira, eta ordu batzuk lehenago izan zuen orgasmora.

Kanpoan tren-txistu bat entzuten da, eta Molly Gibraltarreko bere haurtzaroan pentsatzen hasten da. Bere asperdura eta bakardadeagatik, bere buruari gutunak idaztera joana zen. Gogoan du alabak postal soil bat bidali diola goiz hartan, eta senarrak gutun oso bat jaso duela. Imajinatu egiten du Boylanen maitasun-gutun berri bat jasotzea. Gogoan du Mulvey tenientearengandik jaso zuen lehen amodiozko gutuna. Mollyk Gibraltarreko zubiaren azpian musu eman zion tenienteari. Gero, harremana galdu zuen berarekin eta gal detzen dio bere buruari zer gertatuko ote zitzaion tenienteari, baita ere, zer gertatuko zitzaion berari, Leopoldekin ezkondu izan ez balitz.

Mollyk hilekoa etortzear dagoela sentitzen du, eta horrek baieztatu egiten du Boylanekin izandako hitzordu sekretuak ez duela haurdunaldirik eragin. Pixontzia erabiltzen du. Joan den egunean Boylanekin izandako gertaera ezberdinak bere burutik pasatzen dira. Itzuli ohera eta pentsatu Leopoldek eta biek etxez aldatu behar izan duten aldietan. Bere burua Stephen Dedalusengana doa, berak ezagutzen baitu umetatik. Stephen, egia esan, ez da batere harroa, eta, are gehiago, inozoa dela uste du. Amestu egiten du berarekin sexu-harremanak izatearekin. Stephenek sorbalda gainetik begira ez diezaion ikasten hastea erabaki du. Gero, senarraren sexu-ohitura arraroetan pentsatzen du, eta azkenean pentsatzen du munduak askoz hobeto funtzionatuko lukeela gizarte matriarkaletan antolatuko balitz. Bere pentsamendua berriro Stephenengana zuzentzen da, eta honen amaren heriotza gogoratu ondoren, bere seme Rudyrena ekartzen du gogora. Deprimituta, baztertu pentsamendu-lerro hau.

Leopold goizean esnatzea deliberatzen du, baita Boylanekin duen aferaren xehetasunak ematea ere, Leopoldi bere erruduntasuna norainokoa den ulertarazteko. Lore batzuk eskuratzea erabakitzen du, Stephen etorriko balitz ere. Loreak gogoan, Leopolden ezkontza-proposamena gogoratzen du, baita bere onarpena ere: "Bai esan ninan bai nahi dut Bai”. Esaldi honekin amaitzen da eleberria.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leopold Bloom: protagonista nagusia. Freeman's Journal egunkarian iragarki-biltzaile gisa lan egiten du.1904ko ekainaren 16an Dublinen egin zuena da liburuaren ardatza. Odiseako Ulisesen parekoa da. Martha Clifford du maitale, gutunen bidez. Henry Flower ezizena erabiltzen du harreman horretan.
  • Stephen Dedalus: bigarren protagonista nagusia, irakaslea. Odiseako Telemakoren parekoa da. Artistaren gaztetako portreta liburuko protagonista nagusia da.
  • Marion Molly Bloom: Leopolden emaztea, abeslaria. Bere ezkongabeko izena Marion Tweedy zen. Odiseako Peneloperen parekoa da. Hala ere, alde handia dago Mollyren eta Peneloperen artean: hau betiko leiala da; Molly, ordea, ez. Izan ere, Blazes Boylan du maitale.

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Milly Bloom: Leopolden eta Mollyren hamabost urteko alaba da. Bloomdarrek Milly bidaltzen dute Mullingarrera bizitzera, argazkilaritza ikastera. Han, Alec Bannon du senargai
  • Rudolph Bloom: Leopolden aita, hungariar jatorrikoa. Rudolf Virag zen bere lehengo izena, era ofizialean aldatu zuen arte. Bere burua hil egin zuen, pozoiaz.
  • Rudy Bloom: Leopolden eta Mollyren semea, jaio eta hamaika egunera hil zena.
  • Blazes Infernu Boylan: Mollyren kontzertu-antolatzailea eta maitalea.
  • Josie Breen: Leopolden antzinako maitalea.
  • Martha Clifford: Leopolden maitalea, gutunen bidez.
  • Bella Cohen: burdel baten jabea, itxura handi eta gizabidetsukoa. Oxfordeko unibertsitatean seme bat du.
  • Aita John Conmee: jesuita.
  • Myles Crawford: Evening Telegraph egunkariaren editorea.
  • Martin Cunningham: Leopolden laguna. Paddy Dignamen hiletara laguntzen dio eta handik Kiernanen tabernara. Han, Bloomek Herritarrengandik ihes egitea errazten du.
  • Garrett Deasy: Stephen Dedalusek irakasten duen eskolako zuzendaria da, nahiko antisemita.
  • May Dedalus: Stephen Dedalusen ama zendua. Bere ezkongabeko izena May Golding zen. Stephenek, sinestuna ez denez, uko egiten dio amaren hil-ohean otoitz egiteari eta, ondorioz, eleberrian geroago amari buruzko pentsamenduek eragingo diote.
  • Simon Dedalus: Stephen Dedalusen aita da. Pertsonaia honek John Stanislaus Joyce Joyceren aitarengan du oinarria, neurri handi batean. Irlandar nazionalista sutsua da eta Charles Stewart Parnell politikariaren jarraitzailea. Baina horrek bere politika-ibilbideari amaiera jartzen dionean Dedalustarrak garai latzetan sartzen dira. Simonek errespetua du Dublingo "edarien gizartean", non ezaguna den bere abilezia eta kantuagatik. Bere eta Stephenen bideak zenbait aldiz gurutzatzen dira liburuan zehar, baina biak ez dira inoiz elkartzen.
  • Patrick Paddy Dignam: Leopolden laguna. Bapatean hiltzen da eta Leopold bere hiletara joango da.
  • Bob Doran: mozkorra. Herritarrarekin batera giro desatsegina sortzen du Leopoldentzat Barney Kiernanen tabernan.
  • Lydia Douce eta Mina Kennedy: Ormond hoteleko zerbitzariak.
  • Mary Driscoll: Bloomdarren neskame ohia. Mollyk kaleratu zuen, jeloskor zegoelako Leopoldek berarengan zuen interesagatik.
  • Gardner tenientea: britaniar soldadua eta Molly Bloomen lehenengo maitalea, Gibraltarren. Mollyk "okerrago egin ez zezan" musukatu zuela gogoratzen du.
  • Haines: Buck Mulligan eta Stephen Dedalus Sandycoveko Martello dorrean bisitatzera etorri den ikasle ingelesa da, Mulliganek gonbidatua. Irlandan dago irlandar kultura ikasteko. Haines oso jarrera antisemita du.
  • Herritarra: ikuspegi xenofoboa eta antisemitikoa duen irlandar nazionalista zaharra. Barney Kiernanen tabernan Leopoldekin eztabaidan hasten da eta, azkenean, gaileta-lata bat jaurtitzen dio.
  • Zoe Higgins: Bella Cohen andrearen burdeleko prostituta. Leopolden amaren izen bera du.
  • Barney Kiernan: taberna-jabea. Leopoldek han arazo larri bat izan zuen Herritarrarekin.
  • Vincent Lynch: Stephenen lagun maltzurra. Bella Cohenen burdelera joaten da Stephenekin, baina han uzten du, honen diru gehiena gastatu eta gero.
  • Gerty MacDowell: Sandymount Strand hondartzan dagoen emakume gazte bat. Leopoldek denbora osoan begiratzen dio.
  • Malachi Buck Mulligan: Stephenen laguna, berarekin bizi dena Sandycoveko Martello dorrean.
  • Jack Power: Paddy Dignamen hiletara Leopoldekin joaten da, eta suizidioari buruz hitz egiten du, Leopolden aitak bere buruaz beste egin zuela konturatu gabe.
  • Kitty Ricketts: Bella Cohen andrearen burdeleko prostituta, Vicente Linchenkin maiteminduta dago.
  • Cyril Sargent: Stephenen ikasle erdipurdikoa. Stepheni bere haurtzaroa gogorarazten dio.
  • Florry Talbot: Bella Cohen andrearen burdeleko prostituta.

Euskarazko itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joyceren lana euskaratuta argitaratu zuen 2015eko udan Xabier Olarra itzultzaileak, Ulises izenburuaz, Iruñeko Igela argitaletxean (ISBN 978-84-943560-4-9). Edizio sendo bat da, 1017 orrialdekoa. Itzultzailearen sarrera labur baten ostean, eleberriaren testua dator (11-781 orrialdeak), eta azkenik eranskinak (Stuart Gilberten eskema, 785-787 or.; Eolo episodioko figura erretorikoen zerrenda, 789-796 or.; eta itzultzailearen ohar luzeak, 797-1017 or.).

Obrak berez dituen zailtasun estilistiko, lexiko, erreferentzial eta linguistiko handien argitan, Olarraren itzulpenak mugarri bat ezartzen du euskal itzulpengintzaren arloan.[3][4]

Zinemarako egokitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua, izen bereko film baten jatorria izan zen, 1967ko Ulysses, zentsura arazo larriak izan zituena, testuari zion leialtasun zorrotzagatik. Irlandan, film hau ez zen 2000. urtera arte baimendu.

Bloom, Joyceren Ulises liburuaren zinemarako egokitze berriaren izenburua da, Sean Walshek 2003an zuzendua, eta, protagonista bezala, Stephen Rea duena, Leopold Bloomen paperean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ulises azkenean euskaraz» Berria . Noiz kontsultatua: 2018.06.09.
  2. www.ygosearch.com, Amitabh Shukla -. «kritiken hemeroteka » Ithakara bidean» kritikak.armiarma.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-05.
  3. Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Euskal itzulpengintzak 'Ulises' behar zuen» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-05.
  4. Vasca, EiTB Radio Televisión Pública. «Xabier Olarrak James Joyceren 'Ulises' liburua euskarara itzuli du» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-05.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]