Ulrich von Hutten
| Ulrich von Hutten | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Steckelberg Castle (en) |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | alemana |
| Heriotza | Ufenau (en) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: Sifilia |
| Familia | |
| Aita | Ulrich von Hutten |
| Familia | ikusi
|
| Leinua | Q1639286 |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Universität Greifswald Alma Mater Viadrina University of Rostock (en) Leipzigeko Unibertsitatea University of Erfurt (en) |
| Hizkuntzak | latina alemana |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | olerkaria, idazlea, monjea, Imperial Knight (en) |
| Lantokia(k) | Frankfurt Oder |
| Mugimendua | German Renaissance (en) |
| Izengoitia(k) | Titus Curtius Malaciola eta Raphael Musaeus |
| Gradua | zaldun |
Ulrich von Hutten (1488ko apirilaren 21a - 1523ko abuztuaren 29a) alemaniar zaldun, jakintsu, poeta eta satirista izan zen, Martin Luteroren jarraitzailea eta erreformista protestantea izan zena.
1519rako, Erromatar Eliza Katolikoaren kritikari nabarmena zen. Hutten Pizkundeko humanisten eta Erreforma Luteranoaren arteko zubia izan zen. Erromatar Inperio Santuko zaldunen buruzagia izan zen Franz von Sickingenekin batera. Biak izan ziren liderrak Zaldunen Gerran.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bizitza lau zatitan bana daiteke: gaztaroa eta klaustro bizitza (1488-1504); ezagutzaren bila egindako ibilaldiak (1504-1515); Ulrich Württembergekoarekin izandako liskarra (1515-1519); eta Erreformarekin izan zuen lotura (1510-1523).[1]
Gaztaroa eta klaustroko bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hutten Steckelbergeko gazteluan jaio zen, gaur egungo Schlüchternen, Hessen landerrean. Zaldunen familia txiro bateko seme nagusia izan zen. Txikia zenez eta beti gaixorik zegoenez, aitak bizitza monastikora bideratu zuen. Hamar urte zituenean, aitak Fuldako Printze-Abadiara eraman zuen, monje beneditarren oblatu gisa. Fuldako abadian San Rabanus Maurus eskola zegoen, Alemania osoan ospe handiko erakundea, eta Huttenek heziketa bikaina jaso zuen. Hala ere, monakotzaren izaera murriztailea ez zuen gogoko, eta 1505ean Koloniara ihes egin zuen. Askatasuna lortu zuen horrela, baina aita amorratu egin zuen.
Jakintzaren bilaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonian, Huttenek Hoogstraton, Johannes Rhagius (Johannes Aesticampianus bezala ere ezaguna), eta beste akademiko eta poeta batzuk ezagutu zituen. 1506an, Erfurtera joan zen ikastera, baina handik gutxira Rhagiusekin elkartu zen berriro Frankfurt Oderren, unibertsitate berri bat irekitzen ari baitziren han. Bertan gradua lortu zuen eta bere lehen poema argitaratu zuen. 1507an, Rhagioren atzetik joan zen Leipzigeraino.
1509an, teologia ikasten ari zen Greifswald-eko Unibertsitatean, eta, hasieran, harrera ona egin zioten. 1510ean teologia ikasten jarraitu zuen Wittenbergeko Unibertsitatean.
Hala ere, haren mezenas burgesek ezin zuten jasan poetaren harrokeria. Beraz, Huttenek Greifswald utzi zuen. Bere arropa eta liburu guztiak lapurtu egin zizkioetan, eta ezer gabe iritzi zen Rostockera, negu gorrian.
Rostock-en humanistek pozik hartu zuten, eta haien babesean idatzi zuen Greifswaldeko bere mezenasen aurka. Horrela eman zion hasiera bere satiren zerrenda luzeari. Rostocken ez zen denbora askorik geratu, eta Wittenbergera joan zen, eta han argitaratu zuen De Arte Versificandi 1511an, errimadun poesiari buruzko lana. Hurrengo geldialdia Leipzig izan zen, eta handik Vienara joan zen, non Maximiliano enperadorearen faborea irabaztea espero zuen, Veneziarekiko gerrari buruzko poema nazional baten bidez. Baina ez Maximilianok ez Vienako Unibertsitateak ez zioten lagundu.
Hala, Hutten Italiara joan zen eta Pavían jarri zen bizitzen zuzenbidea ikasteko. 1512an gerrak eten zizkion ikasketak: aita santuaren tropek eta suitzarrek Pavia arpilatu zuten, eta Huttenek ihes egin zuen Boloniara. Denbora labur batez soldadu pribatu gisa aritu zen enperadorearen armadan, baina 1514an Alemaniara itzuli zen. Bere dohain poetikoei eta Eitelwolf von Steinen adiskidetasunari esker, Alberto Brandenburgokoa artzapezpikuaren mesedea irabazi zuen. Mainzeko elektorea zen hau.
Borroka Württembergeko Ulrichekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1515ean Württembergeko duke zen Ulrichek bere senide Hans von Hutten hil zuen, eta horrek Huttenen bizitzaren ibilbide osoa aldatu zuen; satira bere arma bihurtu zen. Alde batetik Epistolæ Obscurorum Virorum (Gizon Ilunen Gutunak) ospetsuan parte hartu zuen, eta bestetik dukearen aurkako satirak idatzi zituen. Lan horiek Alemania osoan ezagutarazi zuten.
Hutten Italiara joan zen berriro legeen doktore gradua hartzera, eta 1517an Alemaniara itzuli zen. Han enperadoreak bere babespean hartu zuen. Italian zegoela, Huttenek gorroto handia hartu zion Aita Santuari, eta gogor eraso zion 1517an argitaratutako Laurentius Vallaren De Donatione Constantiniren edizio baten hitzaurrean. Horrela, Martin Lutherri bidea prestatzen lagundu zion.
1518an, Hutten bere mezenasarekin (Alberto artzapezpikuarekin) joan zen Parisera eta Augsburgeko Dietara. Ondoren, Huttenek inprenta txiki bat ezarri zuen, eta alemanez idatzitako panfletoak argitaratu zituen Aita Santuari eta klero erromatarrari eraso eginez.
Erreforman parte hartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alberto artzapezpikuak Erroman salatu zuen Hutten, eta 1519an Luteroren eta haren erlijio-erreformaren aldeko bihurtu zen.[2] Huttenek erreforma bide militarrez betearazi nahi izan zuen, eta Eliza Katolikoaren aurkako gurutzada herrikoi bat hasten saiatu zen. Horretarako Franz von Sickingenekin bat egin zuen.
Zaldunen matxinada deritzon horretan, Trierreko artzapezpikuaren lurrak eraso zituzten 1522an. Artzapezpikuak eutsi egin zion, ordea, eta 1523an garaitu zituzten zaldunak. Huttenek Suitzara ihes egin zuen.
Porrotaren ondoren, Huttenek Erasmo Rotterdamgoa konbentzitu nahi izan zuen Erreformarekin bat egiteko. Erasmok ez zuen parte hartu nahi izan, eta Huttenek honen kontrako liburu bat idatzi zuen 1523an.[3] Urte hartan Hutten Basileara joan zen Erasmo ikustera. Baina honek ez zuen Hutten ikusi nahi izan.[4] Zurichen, aldiz, Zwinglik harrera egin zion.
Hutten Ufenau uhartean hil zen, Zurich lakuan.
Osasun-arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere bizitzako azken 15 urteetan Huttenek sifilisa jasan zuen, eta horren ondorioz hil zen. Testu bat idatzi zuen horri buruz 1519an, De morbo Gallico (Frantziako gaixotasunari buruz).
Azken ehun urteetan bi hezurdura atera dituzte lurpetik: bata sifili zantzurik gabeko arra, eta bestea sifili zantzuak dituen emea. Horren ondorioz, American Journal of Medicine aldizkarian berriki espekulatu dute Hutten emakume trabestitua izan zitekeela.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kitchin, 1911.
- ↑ «Albert German cardinal, margrave of Brandenburg, and elector of Mainz» www.brittanica.com.
- ↑ «Portraits of Luther and Erasmus» Notes and Queries 15 9 February 1850.
- ↑ Zweig, Stefan (1951), Erasmo, Editorial Juventud, Bartzelona
- ↑ Habicht, Michael E.; Galassi, Francesco M.; Schleifring, Joachim; Nerlich, Andreas G.. (September 2023). «The Controversial Skeleton of Ulrich von Hutten: An Additional Note Pertaining to Syphilitic and Identification Matters» The American Journal of Medicine 136 (9): e190–e192. doi:. PMID 37612028..