Ummotar zibilizazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ummo zibilizazioaren sinboloa, edo teoriaren babesleen arabera haienak diren dokumentuetan haien sinaduratzat baliatzen dutena.

Ummotar zibilizazioa Ummo exoplanetan bizi den eta gizadiarekin harremanetan jarri den zibilizazioa da, haren izatearen babesleen arabera. Zibilizazio honen izatea kartsuki eztabaidatu eta zalantzan jarri da, zientzialari eta aditu gehienek gezurtatu baitute. Teoria 1960 eta 1970eko hamarkadetan OHE fenomenoan sinisten zuten pertsona-taldeek ustez jaso zituzten dokumentu eta gutunetan oinarrituta dago. Espainian eta Frantzian arrakasta nabarmena izan zuen teoriak 1960 eta 1970ko hamarkadetan.

Ostera, 1990ko hamarkadaren erdialdera Jose Luis Jordan Peñak dokumentu eta gutunen sortzailea zela adierazi eta fenomeno guztia gezurra izan zela esan zuen. Alabaina, zenbait sinestunek aitorpen hori gezurtzat edo "Lurreko boteretsuen amarrutzat" hartu zuten. Gaur egun badira ummotar zibilizazioaren izatean sinisten dutenak, adibidez, Boliviako Hijas de Ummo (Ummoko alabak) edo Ummo sciences (Ummo zientziak), zeinak metodo zientifikoan oinarrituta Ummoko hizkuntza deszifratu duela aditzera eman duen eta hizkuntza horrek Lurrekoekin zerikusirik ez duela.