Unibertsalen inguruko eztabaida

Filosofian, Unibertsalen inguruko eztabaida unibertsalen existentziaren inguruan ematen den eztabaida metafisiko eta epistemologiko bat da. Eztabaida horretan ebatzi nahi da ea unibertsalak, gauzek partekatzen dituzten ezaugarriei buruzkoak diren heinean, gauza horietatik aparte eta behatzailearen gogamenetik kanpo ere errealitatean existitzen ote diren. Unibertsalen existentzia onartzen duen ikuspegiari errealismoa deritzo eta horien existentzia ukatzen duenari nominalismoa. Unibertsalei buruzko hausnarketak Platon eta Aristotelesekin abiarazi eta Erdi Aroko filosofian hartu zuen garrantzi nabarmena Boezioren bidez.[1] Diogenes Sinopekoari egozten zaion esamolde batek balio du eztabaidaren aspektu bat ulertzeko. Diogenesek esan omen zuen, mahai baten gainean zeuden ontziei begira, ontziak eta mahaia ikusten zituela baina ez Platonek aldarrikatzen zituen horien 'ontzitasun' edo 'mahaitasun' ideiak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Unibertsalen inguruko eztabaidaren bilakaera ulertzeko kontutan izan behar dira Platon eta Aristotelesen ekarpenak. Platonek, bere ideien teoriarekin ezarritako dualismoan, benetako errealitate gisa mundu sentikorretik kanpo dauden Ideiak hartzen ditu. Aristotelesek, bere hilemorfismoaren teoriarekin, Platonen ideiak baztertu eta gauza partikularrei erreparatuko die. Bi filosofo hauek, neoplatonismoarekin batera, eragin handia izango dute Erdi Aroko filosofian. Esan daiteke, Erdi Aroko intelektualak, logikaren aldetik aristotelikoak zirela eta ikuspegi teologiko eta filosofikotik neoplatonikoak.[2] Unibertsalen auziari dagokionez errealismoa platonismoarekin lotzen da eta nominalismoak estoizismoaren eragina jasotzen du.
Unibertsalen inguruko eztabaida Erdi Aroan Boezioren eskutik sartuko da. Boeziok latinera itzuli zuen Porfirio neoplatonikoak Aristotelesen logikaren inguruan idatzitako Isagoge lana. Porfiriok honela aipatzen du auzia: “Generoei eta espeziei buruz ez dut esango errealitatean ala pentsamenduan bakarrik existitzen diren, eta, existitzekotan, gorpuzdun ala gorpuzgabeak diren, eta errealitate sentigarrietatik banandurik ala haietan kokaturik dauden”. XI. mende amaieratik aurrera unibertsalen inguruko eztabaida areagotu egin zen eskolastikaren testuinguruan.[3]
Porfirio komentatuz, Boeziok, Aristotelesen eragina duen errealismo neurritsu bat proposatzen du. Ikuspegi horretan, unibertsalak, ez daude errealitatean bertan baina ideia modura egiazkoak dira ezaugarri komunen abstrakzioz sortzen diren heinean. Erdi Aroaren hasieran, Boezioren irtenbide hori baztertu eta muturreko errealismora joko dute.[4]
Erdi Aroan aurrera egin ahala muturreko errealismoaren aurrean bestelako irtenbideak emango dira. Errealismoaren hasierako ordezkari bat, adibidez, Joan Eskoto Erigena dugu. Aurrerago, nominalista erradikal gisa, Roscelin Compiègnekoa agertuko zaigu. Honen esanetan “Universale est vox”, hau da, errealitate bakarra gauza singularrak dira eta unibertsalak soinu hutsak dira. Roscelini kritika Antselmo Canterburykoa errealistak egingo dio. Ez da ahaztu behar eztabaida hauek ondorioak izaten zituztela orduko testuinguru erlijiosoan ematen ziren teologo eta dialektikoen arteko harremanengatik, panteismo edo heresia salaketak tarteko. Rosceliniren aurkako muturrean Gilen Champeauxkoa kokatu zen. Gilen Champeauxkoaren muturreko errealismoari bere ikasle Abelardok aurre egin zion eta eztabaida Abelardok irabazi zuen. Abelardok erdibideko irtenbide bat entseatu zuen eta horretarako Aristotelesen unibertsalaren noziotik abiatu zen: “Unibertsala gauza askoz predikatzen da”. Hortik Abelardok “Universale est sermo” moldatuko du. Ikuspegi horretan unibertsalak ez dira ez gauzak ez soinu hutsak, esanahia dute eta predikatu egiten dira. Irtenbide honek kontzeptualismoa du izena eta garrantzi handia izango du hizkuntzaren filosofian.[5] Esan daiteke, Abelardo ondoren, muturreko errealismoa baztertuta geratu zela eta ondorengo autoreek, Tomas Akinokoa kasu, errealismo neurritsu bat defendatuko dutela. XIV. mendean metafisikatik logikarako biraketa bat eman zen eta, unibertsalen eztabaidan, Gilen Ockhamekoa bezalo autore bat, bere enpirismo erradikaletik, nominalismoaren ordezkari nabarmena bihurtu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Agirre, Javier (2008): "Abelardo eta unibertsalen inguruko eztabaida" eta "Gilen Ockhamgoa. Enpirismo erradikala" in Agustin Arrieta (et al.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Andonegi, Xabier (2004): "Erdi Aroko Filosofia" in Joxe Azurmendi (argk.): Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
- Arrieta, Agustin (2002): “Natur generoei buruzko eztabaida” in Zertaz dihardu filosofiak?, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-16-5
- Arrieta, Agustin (2004): "Metafisika" in Joxe Azurmendi (et al.): Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
- Bengoetxea, Juan Bautista (2004): "Epistemologia" in Joxe Azurmendi (et al.): Filosofiako gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
- Copleston, Frederick (2003): History of Philosophy, Londres, Continuum. ISBN 978-0-8264-6895-6
- Le Goff, Jacques (1957): Les Intellectuels au Moyen Âge, Paris, Le Seuil.