Uraren kolore

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ur kantitate txikietan (edalontzi bat ur) gardena dirudi giza begientzat.

Uraren kolorea aldatu egiten da ur hori dagoen ingurunearen arabera. Ur kantitate txikiek ura gardena dela erakusten duten arren, ur puruak kolore urdin argia du. Kolore horrek urdin ilun bilakatzeko joera du aztertutako laginaren lodiera handitzen denean. Uraren tonalitate urdina berezko propietatea (propietate intrintsekoa) da, argi zuriaren xurgapen selektiboaren eta sakabanaketaren ondorio. Disolbatutako elementuek edo esekitako elementu txiki eta ezpurutasunek uraren kolorea beste tonalitatera batera eraman dezakete.

Berezko kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren berezko kolorea frogatu daiteke ur puruz betetako eta bi aldeetan kristal gardena duen hodi batetik argi zuria igortzen bada. Argi ikusgai espektroan xurgapen txiki bat ematen denez atal gorrian, sortzen den argiaren koloreak urdin turkesa tonalitatea hartzen du.[1][2]

Ur puruaren argi ikusgarriaren xurgapen espektroa (xurgapen koefizientea vs. uhin-luzera)

Ikusgai espektroan gertatzen diren xurgapenak materiaren konfigurazio elektronikoan ematen diren kitzikapenengatik ematen da. Ura hiru atomo sinple duen molekula da, H2O, eta bere konfigurazioan gertatzen diren xurgapen maila altuenak atal ultramorean izaten dira (ultramore eskualdean ematen denez, ez du kolore ikusgarrian eraginik). Uraren molekulek oinarrizko hiru bibrazio modu ezberdin dituzte. Bi luzapen bibrazio O-H lotura kimikoan (uraren gas egoeran) v1 = 3650 cm−1 eta v3 = 3755 cm−1 xurgapen koefizienteetan gertatzen dira. Bibrazio horien ondorioz xurgapenak argiaren espektro infragorrian jazotzen dira. Argi ikusgai espektroan xurgapena v1+ 3v3 = 14,318 cm−1 harmonikoa da, edo 698 nm uhin-luzera. Likido egoeran 20ºCetan bibrazio horiek alde gorrian gertatzen dira hidrogenoaren lotura kimikoarengatik, xurgapena 740 nm-tan emanda. v1 + v2 + 3v3 harmonikoek adibidez, 660 nm gorri xurgapena emango lukete[1]. Ur astunaren (D2O) xurgapen kurbak antzeko itxura du, baina espektroaren infragorrian ematen da, bibrazioak maila energetiko txikiago batean daudelako. Horren ondorioz, ur astunak ez du argi gorria xurgatzen eta D2O bezalako materia astunek ur puruaren propietate den kolore urdina galtzen dute.

Aintzira eta ozeanoen kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazoi ezberdinengatik aintzira zein ozeanoen kolorea urdina da. Haietako bat uraren gainazalak zeruaren kolorea islatzen duelako da. Islapen horrek ikusten den kolorean eragina duen arren, ez da arrazoi bakarra.

Ozeanoaren gainazalean jotzen duten argi izpi batzuk islatuak izaten dira, baina gehienak ura zeharkatzen dute haren molekulekin elkarrekinez. Uraren molekulek hiru modu ezberdinetan bibratu dezakete argia islatzen dutenean. Gorri, laranja, hori eta berde argi uhinak xurgatuak izaten dira, soberan geratzen diren eta ikusten direnak koloreak urdinak eta bioletak izanik. Hori da ozeanoaren kolorea urdinaren arrazoi nagusia.

Itsas uraren zenbait osagarrik ozeanoaren itzal urdinean eragina izan dezakete. Zuriz margotutako hondo eta aldeak dituen eta botatzen zaizkion produktu kimikoengatik igerilekuen urak kolore urdin-turkesa hartzen du. Azuleju zuriak dituen igerileku, edo zeruaren argitik estalita dagoena, baten ur garbia edo ez kontaminatuak kolore urdina du. Igerilekua zenbat eta sakonagoa izan, gero eta urdinagoa izango da bere ura.[3]

Islatzen den zeruaren koloreak uretan antzematen den kolorean eragina du. (Uribarri Ganboako urtegia)

Zintzilikatutako partikulen sakabanaketak rol garrantzitsua hartzen du aintziren eta ozeanoen kolorean. Hamarm metro ur gutxik argi guztia xurgatuko du, beraz sakabanaketarik gabe, ura beltza agertuko litzateke. Aintzira eta ozeano gehienek esekitako materia bizidun eta mineralak dituztenez, koloreko disolbatutako materia organikoa (KSMO) bezala ezagutzen dena, goitik igortzen zaion argia gorantz islatuko da. Zintzilikatutako partikulen sakabanaketak normalean kolore zuria sortzen du, elurra adibidez, baina argia urdin koloredun likido baten kapa ezberdinetatik pasatzen denez, sakabanatutako argiak kolore urdina hartuko du. Ur oso purua dagoenean, mendi lakuetan topatzen dena, non kolore zuriko partikulen dispertsiorik ez dagoen, ur molekulen dispertsioak kolore urdina sortzen laguntzen du.

Glaziarren koloreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Briksdal glaziarra (Norvegia, 2006-7-2)

Glaziarrak izotzez eta elurrez sortutako gorputz handiak dira, eroritako elurraren trinkotze prozesu batek sortuak klima hotz batean. Elur glaziarrak urrutitik zuriak diruditen arren, ingurugiroaren argitik babestuta daudenean gertutik aztertzean, glaziarren kolorea urdina da barneko argiaren islapenaren ibilbide luzeagatik.

Ohiko izotzaren kantitate txikiak zuriak dirudite barnean dituen aire burbuila kopuru handiagatik, eta ur kantitate txikiaren kolorea gardena delako. Glaziarren kasuan presio handiek aire burbuilak, metatutako elurpean daudenak, kanporatuak izaten dira sortutako izotzaren dentsitatea handiagotuz. Ur kantitate handiak urdin kolorea hartzen duen bezala, konprimatutako izotz, edo glaziar, masa handiek ere urdin kolorea hartuko dute.

Uraren kalitatea eta kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esako urtegiaren kolorea urdin argia da.

Etxeko ur edangarria orokorrean gardena da, baina koloredun urak ez du zertan adierazi behar edangarria ez denik. Kolorea sortzen duten sustantziak, taninoak adibidez, ez dira kontsumorako kaltegarriak.

Ur iragazkiek normalean ez dute uraren kolorea kentzen, hala ere, arean oinarrituta daudenak propietate hori izan dezakete. Koagulazio tratamenduak erabiliz uraren kolorea ken daiteke ere.

Uraren kolorean eragina izan dezaketen bestelako faktoreak:

  • Partikulek eta solutuek argia xurgatu dezakete, kafean edo infusioetan bezala. Ibai eta erreketako algek kolore urdin berdexka ematen diote urari. Itsaso Gorriak Trichodesmium erythraeum algaren loreak izan ohi ditu.
  • Uretan dauden partikulek argia sakabanatu dezakete. Sakabanaketa hori beharrezkoa da uraren xurgapenak sortutako argi urdina gainazalera berriz itzultzeko eta ikusgarria izateko. Argiaren dispertsio horrek gainazalera doazen fotoien espektroa berde kolorera mugitu dezake, orokorrean partikula asko dituen uraren kolorea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Braun, Charles L.; Smirnov, Sergei N.. (1993-08-01). «Why is water blue?» Journal of Chemical Education (8): 612 doi:10.1021/ed070p612 ISSN 0021-9584 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  2. (Ingelesez) Pope, Robin M.; Fry, Edward S.. (1997-11-20). «Absorption spectrum (380–700 nm) of pure water. II. Integrating cavity measurements» Applied Optics (33): 8710–8723 doi:10.1364/AO.36.008710 ISSN 2155-3165 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  3. Rossing, Thomas D., 1929-. (1999). Light science : physics and the visual arts. Springer ISBN 0-387-98827-0 PMC 40776900 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]