Urbanizazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Urbanizazio edo hiritze-prozesua[1] mundu osoan gertatzen ari den hirien hazkundea da.

Biztanleak arian-arian hiriguneetan eta hirietan bizitzen jartzeko prozesuari esaten zaio urbanizazioa. Gizakiaren historiak azken 200 urteetan ezagutu duen eta egun bizi duen prozesu garrantzitsuenetakoa da.

Prozesuak ez du geldialdirik izan; gainera, are garrantzitsuagoa da egun, mundu osora hedatu delako. Urbanizazioa dagoeneko ez da herrialde garatuenen kontua, zuzeneko eragina baitu mundu osoan.

Horrenbestez, gure bizitzaren esparru guztietan du eragina urbanizazioaren fenomenoak, eta esparru guztiak ukitzen ditu: ekonomia, kultura eta ingurumena, baliabide naturalak hirietan oker erabiltzen direnez, ingurumena hondatzeko arriskua gero eta handiagoa baita.

Urbanizazioa datutan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2025. urtean munduko biztanleetatik % 61 hiri-esparruetan biziko da, hau da, gutxi gorabehera 5.065.000.000 lagun biziko dira hirietan. Kopuru horretan, ordea, alde handiak daude Lurreko herrialdeen artean.

Herrialde garatuenetan % 84 ingurukoa da urbanizazio-tasa, eta hain garatuta ez dauden herrialdeetan, % 57 ingurukoa. Oso garapen-maila txikiko herrialdeetan 100 lagunetatik 43 bizi dira hiri esparruren batean.

Askotarikoak dira munduko lurraldeetan hiriguneak handitzeko arrazoiak, baina urbanizazioaren fenomenoaren konplexutasuna hobeto ulertzeko modua eskaintzen duten ideia orokor batzuk atera daitezke.

Gune urbanoetan bizi den biztanleria, %-tan. Iturria: Nazio Batuen Erakundea, 1996.
Gune urbanoetan bizi den biztanleria, ehunekotan. Iturria: Nazio Batuen Erakundea, 1996.

Herrialde aberatsek edo garatuek, nagusiki Japoniak eta Europan, Ipar Amerikan eta Ozeanian daudenek, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, batez ere Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, izan zituzten hazkunde-tasarik handienak.

Industria Iraultzak, nola nekazaritzan hala fabriketako produkzioan aplikatu zen aurrerapen teknologikoarekin batera, landa-eremutik hiriranzko emigrazio handia eragin zuen, hiriguneetako demografiaren hazkundea ekarriko zuena. Herrialde garatuetako biztanleen % 53 hiriguneetan bizi zen 1950. urterako, eta ordutik aurrera portzentaje horrek gora egin du etenik gabe baina erritmo motelago batez. Kalkulu batzuen arabera, munduko biztanleen %8 0 hiriguneetan biziko da 2030. urterako. Herrialde horietako urbanizazio-prozesua azkenetan dagoela esan daiteke, eta hirien hazkundea hiri horietan bizi den biztanleen hazkunde naturalaren ondorioa dela batez ere.

Oso bestelakoa da garapen bidean dauden herrialdeen egoera. 1950. urtean biztanleen % 17 baino ez zen hiriguneetan bizi; 2030. urtean % 57 hiriguneetan biziko direla uste da. Lurraldea eta populazioa herrialde garatuek bizi izan dituzten urbanizazio aldi bizkorrenetan baino azkarrago urbanizatzen dira gaurko egunean garapen bidean dauden herrialdeetan. Hala eta guztiz ere, hazkundearen erritmoak, nola demografiari hala urbanizazioari dagozkienak, moteldu egingo direlako ustea dago. Herrialde horietan, hirietan biziko direnen kopurua adierazten duten tasak baino kezkagarriagoa da hirigune horiek izango duten neurri absolutua. Garapen bidean dauden herrialdeetako urbanizazio-prozesua ez da, hasieran pentsa daitekeen bezala, batez ere landa-eremutik hiriranzko emigraziotik elikatzen. Herrialdeen artean alde handiak badiren arren, migrazio-mugimendu horien batez besteko ekarpena % 40 dela esan daiteke. Mota horretako herrialdeetako hirien hazkundeak ez du zuzeneko loturarik ekonomiaren hazkundearekin, hau da, hirietako bizi-baldintzak ez dira migrazio handiak erakartzeko bezain onak. Baina hirietako biztanleen kopurua hain da handia ezen hazkunde-erritmo txikienak ere milioika pertsonaren hazkundea eragiten baitu.

Demografiaren joera horien ondorioz, munduko herrialde txiroenetan egongo dira gure planetako hiri-aglomerazio handienak.

Hirien zeregina gaurko egunean eta etorkizuneko joerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure garaiko munduko gizarte-prozesu garrantzitsuenetan, gero eta protagonismo handiagoa dute hiriek. Prozesu horien gertalekua gero eta gehiago mugatzen da hirietarantz, eta gero eta gehiago urruntzen da herrialde edo nazio-estatuen aurretiko sailkapen-esparrutik.

Ekonomian, kulturan eta politikan, estatuetako instantziek metropoli edo hirietako gobernuen esku uzten ari dira ahalmenak eta eskuduntzak. Aldaketa horiek era askotan isla daitezke.

Hiriak munduko ekonomian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria Iraultzaren ondorioz, hiriak betiko bihurtu ziren sistema kapitalistaren ekoizpen-gune. Ekonomiaren etekinaren logikari jarraituz, fabrika gehienak hiriguneetara bildu ziren, langileengandik eta banaketa-guneetatik hurbil. Garraioei esker, industriek jada ez zuten kokatu behar lehengaiak sortzen ziren lekuetan.

Zenbaitetan, industria-eremu handiak antolatu ziren, eta eremu horietan fabrikak elkarren artean lotzen ziren, konkurrentzian abantailak izatearren.

Hiri horiek izan ziren orain dela lau hamarraldi arte munduko ekonomia menderatu zutenak. Baina nagusitasun hori eragin zuen egoera aldatu egin zen 1970eko hamarraldiko energiaren krisiarekin eta ondorengo industria-krisiarekin. Teknologia jada zaharkitua erabiltzen zuten oinarrizko sektoreetan (kimikan, siderurgia-metalurgian eta ontzigintzan) bermaturiko industria-sareek, eta horrelakoak zeuzkaten hiriek krisialdi sakona bizi izan zuten, baita industriaren beherakada latza ere.

Munduko ekonomiaren bidean izaniko aldaketa haiek hiriek munduko ekonomiarekin izan beharreko harremanaren antolamendu berria ekarri dute berekin. Gero eta gehiago dira botereguneak gero eta hiri gutxiagotan kokatzen dituzten enpresak.

Sony, Microsoft edo Bayer bezalako multinazional handiek, mundu osoan barrena eta lekurik merkeenetan eduki ditzakete produkzio-fabrikak, baina Londresen, Tokion edo New Yorken izango dute egoitza nagusia, eta egoitza horietatik gobernatuko dituzte fabrikak, materialen garraioa eta ondorengo banaketa. Multinazional horiek zerbitzu osagarriak eskatzen dituzte hobeto funtzionatzeko eta, aldi berean, baldintza egokiak eskatzen dituzte kualifikazio handiko langileen eskaerak asetzeko (kultura-hornigaiak, komunikazio egokia…).

Ezaugarri horiek «enpresa-giro» egokia eragiten dute, guztiz ezinbestekoa dena beste enpresa handi batzuk inguruan kokatzeko. Gisa honetan gorpuzten dira telekomunikazioei esker elkarren artean loturik dauden boteregune handi horiek, munduko produkzio gehiena menderatzen dutenak.

«Hiri globalak» ez dira nahitaez munduko populatuenak, multinazionalen botereguneen egoitza gehienak biltzen diren hiriak baizik, eta hiri horiek herrialde garatuetan daude.

New Yorkeko ikuspegia.
New Yorkeko ikuspegia.

Hiriak eta kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriak beti izan dira kultura sortzeko eta hedatzeko guneak. Artea, kulturaren agerkari adierazgarrienetakoa, hiriak hasiera-hasieratik bildu duen elementu bat da. Artea munduko hiri handienetan eta konplexuetan berritzen da, antzinako Erroman bezala, era berean egungo New Yorken edo Los Angelesen. Hiria, aldi berean, kultura hedatzeko ibilgailua izan daiteke. Sinboloek, kulturaren funtsezko osagai baitira, kaleak hartzen dituzte. Bide-seinaleak mugimendu handia duen hiri bateko trafikoaren ordenamenduaren isla dira. Eraikinen altuerak kale jakin batean nagusi izan daitezkeen funtzioak adierazten ditu.

Hainbat azpikultura (talde etnikoak edo gizarte-mailak) biltzen diren hirietan, hiri-paisaia erabiltzen da hiriaren beraren norabideari begira eta besteen aurrean aurkezteko.

Londresko auzo txinatarrean, Ekialdeko apaingarriez apainduriko ate edo arku gorri baten azpitik igarotzen dira biztanleak eta turistak. Auzo bat langile-auzoa dela nabari da, adibidez, etxebizitzen dentsitate handia eta fatxaden estetika funtzionala ikustean. Hesiek, harresiek edo zubiek gazte-talde baten lurraldearen muga zehaztu dezakete Estatu Batuetako hiri batzuetako auzo zenbaitetan.

Hiri-paisaiaren kultura-adierazpen diren sinboloak hiri asko eta asko erabiltzen ari dira azken honetan, kanpoko inbertsioak eta turistak erakartzeko eta beste hiriekin lehiatzeko. Hiri batzuetan eraikin ikusgarriak egiten dira museoak, musika-auditorioak edo unibertsitateak jasotzeko.

Bilboko Guggenheim museoa eta Los Angelesko Paul Ghetty museoa dira fenomeno berri honen eredu paradigmatikoak.

Rio de Janeiro, Brasil.
Rio de Janeiro, Brasil.

Politika eta hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin ahantz daiteke hiri bat zabalagoa den gorputz politiko baten barneko administrazio-unitate bat edo batzuen esparrura biltzen dela, lurralde edo nazio-estatu batera alegia. Herrialde bakoitzean oreka jakin bat dago boterea bertako gobernuaren eta maila handiagoko instantzien artean banatzeko; udal edo korporazio lokal batzuek beren politikak kudeatzeko botere handia dute; beste batzuek, berriz, jarduteko ahalmen txikia dute botere gorenen aurrean.

Gero eta sustrai sendoagoak dituen globalizazioak ere beste botere-desoreka bat eragiten du hirietako gobernuei begira.

Enpresa multinazional handiek inbertsioen arloan hartzen dituzten erabakien aurrean oso eragin txikia izan dezake hiri bat gobernatzen duen udalak. Ikerketa batzuen arabera, hiriak beren mugetatik kanpora hartzen diren erabakien mende daude gero eta gehiago.

Baina, bestalde, zein dira hiri baten mugak? Badira muga administratibo batzuk, baina muga horiek, batzuetan, ez datoz bat lurraldeko hirien errealitateekin. Gero eta nabariagoa da hiri-sarez eraturiko hiri-eskualde handien presentzia, eta horien barnean era askotako espazioak eta erabilerak nahasten dira (industria- jarduerak, aisialdia, kontsumoa, nekazaritza-jarduerak eta abar).

Errepideen eta zubien eraikuntzak edo ur-hornidurak hainbat hirigune edo nekazaritza-gune hartzen ditu, eta ezinbesteko bihurtzen dira tokian tokiko gobernuen arteko elkarguneak.

Hirien plangintzan eta ordenamenduan erabakiak hartzeko nahiko ahalmen dute tokian tokiko gobernuek. Herrialde askotan gauza arrunta da, batetik, dauden defizitak gainditzea eta, bestetik, hiria etengabeko aldaketen aurrean prestatzea helburu duten hirigintza-planak egitea. Plan horien diseinuan eta kudeaketan hiri bakoitzeko agintari publikoek dute eskuduntza, baita botere-instantzia gorenek ere, baina, azken urteotan, eta batez ere hiri anglosaxoietan, enpresa pribatuek eta gobernuz kanpoko erakundeek gero eta garrantzi handiagoa dute hiriaren eraikuntzan.

Gizakiaren neurriko hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arriskuan daude baliabide naturalak, produkzioari eta kontsumoari begira ustiatu diren lehengaiak esaterako.

Ura eta airea, itxura batean agorrezinak diren baliabideak, ezin kontsumi daitezke munduko leku askotan. Oraintsu arte, ingurumenari zor zaion begirunearen aurretik jarri da masa-produkzioaren bidezko kapital-metaketa. Beti ere haziz doan prozesutzat hartu den aurrerapena hasia da alde negatiboa erakusten.

Ingurumenaren kutsadura bereziki larria da hirietan, hiriak baitira, Industria Iraultzatik aurrera, ekoizpen- eta kutsadura-iturri nagusiak: fabriken eta garraioen gas-igorpenak, etxe- eta industria-hondakinen parte handi bat jasotzen duten ibai eta itsasoetako kutsadurak, eta trafikoak edota hegazkinek eragindako zaratak. Urbanizazioak, gehienetan, kutsadura eta ingurumenaren hondamena ekartzen ditu berekin batera.

Egoera hori are larriagoa da garapen bidean dauden herrialdeetako hiri guztiz handietan, baliabide ekonomikoen eskasiak leku txikia uzten baitie aukera ekologikoei.

Gaurko egunean, gero eta kontzientzia handiagoa dago baliabide naturalen erabilera bidegabeak eta gehiegizkoak dauzkan arriskuen aurrean. ‘Gizakiaren neurria’ kontzeptuak bere barnean biltzen ditu ekonomiaren garapena eta ingurumenarekiko begirunea, hain zuzen ere datozen belaunaldien etorkizuna ez hipotekatzekon. Konpromiso horren arabera, gizakiaren neurriko politikak bideratu behar dira hirietan. Gure etxeetan sortzen ditugun hondakin solido askoren birziklatzea bat baino ez da aukera askoren artean. Industrien ekoizpena arriskuan jartzen ez duten teknologioa «berdeen» erabilera edo ibilgailu pribatua erabiltzeko orduan murrizketak ezartzea garraio publikoaren erabilera sustatzeko xedean, hiri askok jada bere egin dituzten neurriak dira, ingurumenaren hondamena geldiarazteko.

Delhiko ikuspegia, India.
Delhiko ikuspegia, India.

Hirietako arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zineak edo literaturak, zenbaitetan, hiriaren irudi txarra eman dute. Delinkuentzia, drogazaletasuna, txirotasuna edo krimena sarritan ageri dira hiriari lotuta. Egia da hiriak arazoak «metatzen» dituena, baina arazo horiek ez dira hiriaren eta inguruaren izaeraren ondorioa, hiria osatzen duten gizarte-ezaugarri batzuen ondorioa baizik.

Era askotako kultura, gizarte-maila edo talde etniko elkartzen dira hiri batean. Gainera, aldaketak beti gertatu dira azkarrago hirian nekazaritza-eremuan baino, azken horretan motelagoa baita bizimodua. Txirotasuna eta arrazakeria ez dira soilik hirietan gertatzen diren arazoak, berdin-berdin aurkitzen baitira nekazaritza-eremuetan.

Hala eta guztiz ere, hirien dinamikak berak ageriago utzi ditu arazo batzuk, esate baterako, hiriko baliabide batzuetan –etxebizitza, hornigaiak, zerbitzuak eta abar– sarrera izateko orduan gizartean dauden alde handiak.

Alde horiek handiak dira gaurko egunean, batez ere hain garatuak ez dauden herrialdeetako hiri handietan, pertsona-multzo handiak iristen baitira hiriotara beren bizimodua hobetuko dutelako itxaropenarekin.

Baina hiri horiek, zenbaitetan, ezin aterpea ere eskain diezaiekete. Etorkinek hiria gainditu eta beren biziguneak eraikitzen dituzte, eskuarki hiriaren kanpoaldean (favela-k Brasilen, katchi abadis-ak Pakistanen, ranchito-ak Venezuelan, etab.).

Populazioa kokagune horietan ugaltzen da, eta hiriak eskaintzen dituen zerbitzuetan sarrera izateko aukera, etxebizitza bat izateko edo heziketa jasotzekoa, oso urria da, oinarri ekonomikorik izan ezean. Nekazaritza-eremutik etorritako pertsona horiek prestakuntza eta espezializazio eskasa dute eta, horren ondorioz, kaleko salmentaren, droga-trafikoaren, zaborraren salmentaren eta gisako sektoreen parte bihurtzen dira. Haurrek ez dute sarrerarik hezkuntza-sisteman eta, nagusiek bezala, legez kanpoko edo legeztatu gabeko jarduerei emanak bizi dira. Horrenbestez, berritu egiten da gurasoen egoera, beti ere bizitzak «benetako» hirian eskaintzen dituen aukeretatik at.

Herrialde garatuetan ere alde handiak daude hiriak eskaintzen dituen zerbitzuetan sarrera izateko orduan. Etxebizitza da eskuragarri dauden baliabideen artean eskuragaitzenetako bat. Langabezia-tasa handiak eta Afrikatik eta Asiatik Europako iparraldera eta Amerikara joaten diren biztanleen emigrazio gero eta handiagoak igo egiten dute bizitzen jartzeko eta bizimodu duina izateko etxebizitza aurkitzen ez duten pertsonen kopurua. Ezegonkortasunak eta lan-merkatuan dagoen bikoiztasunak, batetik, etxe berriak osatzea atzeratzen dute eta, bestetik, «aterperik gabekoen» edo homelessen arazoa areagotzen. Burdinbideak edo metro-geltokiak, atariak, elizak eta zubiak, Europako eta Ipar Amerikako hirietan gero eta gehiago diren biztanleen bat-bateko aterpe bihurtzen ari dira.

Arrazoi etnikoen ondorioz bizi den bereizketa espaziala egungo arazoa ere bada, batez ere Estatu Batuetan, baina baita Europako hiri handietan ere, hala nola Berlin, Londres eta Parisen; izan ere, inperio kolonizatzaileen metropoli horiek migrazioaren jomuga dira. Bereizketa espaziala hiriaren espazioaren barnean gutxiengo etnikoetakoak diren biztanleekin bideratzen den diskriminazioan datza.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Urbanizazio Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zehazki hiztegia Euskal Herriko Unibertsitatea