Urduñako Aduana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Urduñako Aduana
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondare nabaria
Urduñako hiri historikoa
Orduña - Aduana 1.jpg
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Urduña
Koordenatuak 42° 59′ 41″ N, 3° 00′ 37″ W / 42.99474°N,3.010161°W / 42.99474; -3.010161Koordenatuak: 42° 59′ 41″ N, 3° 00′ 37″ W / 42.99474°N,3.010161°W / 42.99474; -3.010161
Ondarea
Eraikitako euskal ondare nabaria 2

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako Koroak aduana izeneko instalazioak ezartzen zituen kostaldetik hurbil, leku estrategikoetan. Aduanak funtzio fiskaleko herri bulegoak ziren, eta horietan erregistratzen ziren, kasu honi dagokionez behinik behin, Bizkaiko portuetatik esportatzen eta Bizkaiko portuetara inportatzen ziren igaroko salgaiak eta merkatugaiak. Bai Urduña eta bai Balmaseda -azken herri honetan ere eredu horretako bulegoa izan baitzen- toki estrategikotzat hartzen ziren, aduanak indarrean egon ziren garai hartako bide-sarean.[1]

Aduanetako eraikinak nolabaiteko konplexutasuna zuten, zeren, erregistroak egiteko bulegoaz gain, kontuan hartu behar baitzituzten merkatugaiak aldi baterako gordetzeko biltegiak -alondegiak izango balira bezala- eta administratzailearen, aduana eraentzen zuen ofizialaren, etxebizitza bera.

Urduñako aduana honek ondo erantzuten zien beharrizan funtzional horiei, eta gainera, eraikin zeharo bikaina da, monumentu itxura handia duena; izan ere, eraikina, arlo tipologikoari dagokionez, erabat aparta da Bizkaiko ondarearen barruan. Ziur aski hiriko ordenantzen aginduz, arkupedun eraikina taxutu behar izan zuten, Foruen Enparantza osatzen zuten gainerako eraikinekin eta Jesuiten Ikastetxeko eliza izan zen etxearekin bat etortze aldera. Azokak egiteko plazak arkupedunak ziren toki orotan -eta, noski, Gaztelan-, eta plazoi begi zeuden eraikinen egileei arkupeak taxutzeko eskatzen zitzaien.

Aduana plazaren albo batean dago, eta eraikin handia da, hiru altuerakoa eta beste bat solairuartekoa; harlanduzko etxea da, eta kareharrizko harlangaitza ere erabiltzen du. Fatxada aldean hamahiru tarte ditu, eta beheko aldean karrerapeko erdi-puntuko arkuek definitzen dituzte horien ardatza; goialdean, berriz, dinteldun leihoak daude, solairu nagusian, hau da, erdikoan, frontoixka batzuk dituztenak. Bloke osoa modu leunean emokatu eta zarpeatzen da, salbu eta fatxadako hiru ardatz zentralak, halako moldez non erlaitza triangelu eran taxutzen baita, bertan kokaturik dagoen Espainiako armarri baterako frontoi xumea eratuz.

Karrerapeek, bestalde, ertzean amaitzen den ganga dute, eta jatorrizko funtzioa galdu ondoren, gaur ere giza harremanetarako oso gune garrantzitsua izaten jarraitzen dute. Jakina denez, Bizkaiko arkupetzarik inportanteenetakoa da; hala ere, hori baino handiagoa da Bilboko Plaza Barrian dagoen arkuteria, lau hormarte baititu.

Urduñako Aduana Zaharra monumentuen itxurako eraikin handia da, foroaren irudikoa, hau da, ez da trinkoa, zeren eraikita dagoen multzoak estali gabeko patioa mugatzen baitu; izan ere, patio hori funtsezko elementua da eraikinaren argiztapen, aireztapen eta barne banaketarako. Monumentu -itxura izatea -hori baita eraikinaren ezaugarririk behinena- ez du beti aldeko mendu izan, eraikinaren iraupenari dagokionez, 1833an jatorrizko funtzioa galdu ondoren, ez da inoiz erraza izan hari xede berria aurkitzea, nahiz eta, tamainari doakionez izan ezik, eraikinak bere funtzioak birziklatzeko gaitasun handia duen.

Aipatzeko modukoa da, bestalde, hirigintza arloan duen balioa, hots, hiriko plazan betetzen duen funtzioa, plaza horri erabat egokiturik planteatua dago-eta. Balio hori eraikineko fatxada etzanaren edertasunean eta arkupearen bikaintasunean datza. Monarkia ilustratuak beti uste izan du bere hegalpean proiektatzen den oro, guztien onerako, hau da, erkidegoaren onurarako izan behar duela. Urduñakoa horren adibide zehatz-zehatza da.

Aduana noiz eraiki zen badakigu, baina ez nork diseinatu zuen. Barnealdean duen inskripzio bati esker dakigu eraikuntza dataren berri; arkitektoari dagokionez, batzuen ustez Manuel de Carrera gipuzkoarra izan zen eraikinaren egilea, zeinek, Karlos III.aren eta Karlos IV.aren erregealdien bitartean, 1787tik 1792ra, Aduana altxatzeko obra zuzenduz gainera, urte haietan Andra Mari parrokiaren arkupea eraikitzen jardun baitzuen. Hala ere, ez dago inon erasota nor den planoen eta, oro har, proiektuaren egilea. Ziur aski, ez dabiltza oker autorea Juan Antonio de Olaguibel izan litekeela esaten dutenak; izan ere, horien iritziz, antz nabarmena dute Urduñako arkupeak eta Gasteizen Los Arquillos deritzen etxeetako arkupeek, baina ez dago inolako agiririk uste hori bermatzen duenik. Horrela balitz, Gasteizko arkitektoak Urduñan izango luke bere eraikuntza katalogoko eraikinik bikainenetakoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]