Uretako hirusta[1] (Menyanthes trifoliata) Menyanthaceae familiako landare espezie bat da. Europa, Asia eta Ipar Amerikako zohikaztegietan aurkitzen da[2], hala ere denetan galttzeko arriskuan dago.[3]
Poloniako Nowy Sacz arroko Miozeno garaiko estrato batean egindako indusketan uretako hirustaren hazi fosilizatu bat aurkitu zen.[4]
Generoaren Menyanthes izena grezierazkomenyein (zabaldu, hedatu) eta anthos (lorea) izenen elkarketatik dator. Teofrasto izan zen egneroari izena esleitu ziona eta loreak jarraian irekitzen direla adierazi nahi du. Espeziearen trifoliata izena latinetik dator eta "hiru hostoduna" esan nahi du.
Espezie monotipikoa da. Ipar Amerikakoari M. trifoliata var. minor Michx. izena ematen zaio sarritan.
Ur azpian errizoma errestari bat du, korapiloetan sustraiak eratzen dituena[6], eta handik zurtoin zilindirko sendoak ateratzen ditu, 12-35 cm artekoak.[7]
Hiru foliolotako hostoak ateratzen ditu, txandakatuak, lekadun pedizeloak dituztenak. Pedizeloek 7-20 cm-ko luzera dute eta folioloek 10 cm arte neur dezakete. Folioloek itxura obobatua edo erronboidea dute eta ertz borobildua.[7]
Loreak pentameroak dira eta 10-20 aletako inflorezentziak eratzen dituzte zurtoinen gainaldean[6]. 5-10 mm-ko pedizeloa dute. kalizak 5 sepalo bereizi ditu. Inburu itxurako korolak 15 mm inguruko diametroa du, hodi bat da bost petalo triangeluarretan banatzen dena[8]. Kolore zuria edo arroxakara izan ohi du. Bost lorezil gorrindola ditu eta erdian estilo berde bat luzatzen da. 2-4 mm luzerako ile zuri ugarik inguratzen dute.[6]
Fruitua kapsula bat da, bi balba banatuz irekitzen dena.[7]
Landare bizikorra da eta hemikriptofitoa, hau da, neguan zati aereoa galtzen du eta udaberrian errizomatik zurtoin berriak ateratzen zaizkio.[6]
Apiriletik ekainera loratzen da. Multzoan azpiko loreak irekitzen dira aurrena eta ondoren goragokoak irekitzen doaz.[6]
Fruituak udan heltzen dira[8] eta endozookoria bidez barreiatzen da hazia, hau da, animaliek fruitua jan eta gorotzetan uzten dituzte haziak[7], edo kapsularen balbak ireki eta haziak uretara erortzen dira eta horrela sakabanatzen dira. 15 hilabete ere iraun dezake haziak kalterik jasan gabe. Erenetzeko haziaren kapsula gogorra ireki behar da.[6]
Sexu bidezko ugalketaz gain asexuala ere bau. Errizoma apurtzen bada askaturiko zatiak landare berria sorraraz dezake.[6]
Zohikaztegiak eremu zaurgarriak direnez haietan espezializaturik dauden landareak ere galtzeko arriskuan aurkitzen dira, eta lege bereziak ezarri dira eremu horiek babesteko.[9] Nafarroan bizirauteko aukera gehiago ditu Euskal Autonomia Erkidegoan baino, zohikaztegietan egiten diren ustiapenek eta lehortzeek arrisku bizian jartzen baitute haren habitata.[8]
Sendabelar gisa erabili izan da digestio arazoentzako, gose faltarentzako edo urdaileko minak eragindako burukominarentzako, izan ere urin gastrikoaren eta pankreatikoaren jariapena estimulatzen baitu.[10]
Horretaz gain digestio aparatuaren libratzailea ere bada eta bide batez erreuma eta gainerako minen aurkako lasaigarria ere bai. Glukosidoak, taninoak dira printzipio aktiboak eta iodo eta manganeso ugari ere badu[10]. Kopuru handitan hartzen bada okadak eragiten ditu.
Beste erabilera batzuk ere baditu. Likoreak egiteko erabiltzen da eta haren esentzia kosmetikan erabiltzen da aurpegiko larruazala tenkatzeko.[11]
↑Łańcucka-Środoniowa M.. (1979). Macroscopic plant remains from the freshwater Miocene of the Nowy Sącz Basin (West Carpathians, Poland) [Szczątki makroskopowe roślin z miocenu słodkowodnego Kotliny Sądeckiej (Karpaty Zachodnie, Polska)]. Acta Palaeobotanica 1979 20 (1): 3-117..