Ureter

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ureterrak gernua giltzurrunetatik maskurira bideratzen duten 2 hodi gihartsu dira. Gizakietan bi daude, eta helduetan 25–30 cm-ko luzera eta 3 mm-ko lodiera dute. Ezkerreko giltzurruna apur bat gorago kokatuta dagoenez, ezker ureterra apur bat luzeagoa izango da eskuinekoa baino. Gernuaren garraioa mugimendu peristaltikoen bidez egiten da.

Garapen enbriologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapen enbriologikoa

Sistema urogenitala, funtzio ikuspuntutik, bi sistematan banatuko da: ugal-sistema eta iraiz-sistema. Ureterra azken honen parte izango da. Hasieran, bai ugal- bai iraiz-sistemak (sistema urogenitalaren osagaiak) oso egitura handiak izango direnez, liseri hodia kanpoan garatzera behartuko dute. Baina egitura hauek behin betiko itxura hartzen dutenean, asko txikituko dira eta ondorioz, liseri hodiak erretrakzioa egin ahal izango du. Iraiz-sistemak bi jatorri ditu: Mesodermikoa (bitarteko mesodermoa) eta endodermikoa, azken zakua.

3. aste inguruan, bitarteko mesodermoa soma dezakegu. Gune zerbikalean, mesodermo honek, somitekin elkartuz, segmentarioki ikusten diren kunulu zelularrak eratzen ditu: nefrotomoak. Hauek norabide lateralean hazten dira eta hau egin ahala, kanalizatu egiten dira. Horrela, tubo nefrikoak sortzen dira, enbrioi barneko zeloman jariatuko dutenak. Nefrotomoak norabide kaudalean agertu ahala, tubo nefriko guztiak batu egingo dira eta enbrioiaren bi aldeetan tubo bana sortuko dute. Ertz edo kordoi nefrogenoak liseri hodiaren bi aldeetan jarriko dira, zelomaren atzean, alde zefalikotik alde kaudalera eta giltzurrun sistema eta uretra sortuko dituzte. Ertz nefrogeno modelo desberdinak agertzen dira eta mailaz mailako segmentazioa hasiko da erakusten. Nefrotomoak beraz, sistemaren egitura basikoak izango dira.

Hiru iraitz sistemak

Bizitza intrauterinoan, gizakiek hiru iraitz sistema garatuko dituzte, batak bestea ordezkatuko duelarik alde kranealetik kaudalera:

  1. Pronefrosa: Gune zerbikalean garatuko da.
  2. Mesonefrosa: Zerbikal amaieratik lunbar hasierara luzatzen den sistema da. Pronefrosa ordezkatuko du.
  3. Metanefrosa: Lunbar amaieratik sakrora doan sistema. Mesonefrosa ordezkatuko du.

Mesonefrosak hasieran zati segmentatuak izango ditu, eta hauetako bakoitzak alde batean glomerulua bilduko du Bowmann-en kapsulan eta beste aldean Wolff-en hodian/konduktu mesonefrikoan bukatuko du. Mesonefrosa desagertzean (10.astean gutxi gorabehera) Wolff hodia aprobetxatu egingo da giltzurrun definitiboaren bukaera izateko. Giltzurruna metanefrosetik garatuko den pilaketa mesodermikoa da, blastema metanefrikoa, eta hasieran ez du irteerarik izango. 28.egunean Wolff hodiaren bukaeratik, egitura mesonefrikoa dena, luzapen txiki bat aterako da: yema ureterala. Honek blastema (egitura metanefrikoa) inbadituko du 32.egunean. Kontaktu horretan, bien arteko indukzio sekundarioa emango da: indukzio reziprokoa, hau da, yema ureteralak blastemaren garapena induzituko du eta blastemak yemaren garapena. Yema dilatatu eta pelbis renala sortuko du blastemaren barruan. Ondoren pelbis renal honetatik adarkadura handi batzuk sortuko dira: kalix handiak, baita  adarkadura txikiagoak batzuk ere: kalix txikiak. Beraz, yemak konduktu iraizlea sortuko du: ureterra, pelbis renala, kalix txikiak, kalix handiak eta hodi biltzaileak.

Gray1116.png

Iraitz aparatuko hodiak alantoidesaren zakuan bukatuko dira. Alantoidesa, liseri hodiarekin batera, kloaka-n bukatuko da. Kloaka bitan banatzen den bitartean, hodi mesonefrikoen zati kaudalak maskuriaren paretean sartuko dira. Hodi mesonefriko hauetako bakoitzetik ureter bana sortuko da (2 hodi mesonefriko → 2 ureter). Geroago ureterrak hodi mesonefrikotik banandu eta independienteki sartuko dira maskurian. Giltzurrunen igoeraren ondorioz, ureterrak norabide kranealean desplazatzen dira. Hodi mesonefrikoak berriz, jaitsi egingo dira eta elkarrengana gerturatuko dira  uretra prostatikoan sartzeko. Maskurian hodi mesonefrikoek eta ureterrek osatzen duten egiturari trigono besikala deritzo eta maskuriaren atal mesodermiko bakarra izango da[1].

Atal eta kokapen anatomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gray1120.png

Atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapenaren arabera 3 zati ezberdinduko dira[2][3]:

  • Pars abdominalis: ureterraren zati abdominala da. Giltzurrun pelbisetik pelbisaren lerro terminalera doa. Psoas giharraren fasziaren aurrealdean eta odol hodi testikular edota obarikoen atzekaldean kokatzen da. Bizkarrezurretik gertu kokatzen da, peritoneo atzean. Eskuineko ureterra duodenoak estaliko du, eta goiko mesenterio arteriaren adarrak ere honen gainetik igaroko dira. Ezkerreko ureterraren gainetik aldiz beheko mesenterio arteriaren adarrak igarotzen dira.
  • Pars pelbika: ureterraren pelbis aldeko zatia, lerro terminaletik gernu maskurira doa. Pelbisaren peritoneo atzeko eta azpiko eremuetan kokatzen da.. Ezkerreko ureterra pelbisera sartzerakoan ilion arteria batuaren aurrealdetik kokatuko da. Eskuinekoa berriz kanpoko ilion arteriaren aurrealdetik.
  • Pars intramuralis: zati intramurala. Gernu maskuriaren paretan kokatzen den zatia. 2cmko luzeera du gutxi gora behera. Goi alboaldetik aurre erdialderako norabidea hartuko dute ureterrek, azkenik gorantz egingo dute, maskuriaren oinalderantz.

Estuguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterrak, euren ibilbidean, hainbat egituren ondotik pasako dira, eta ondorioz, hainbat estugune aurkeztuko dituzte. Gune hauetan harriren bat geratu daiteke oztopatuta.

  1. Lehenengo estugunea ureterra giltzurrunaren beheko muturretik pasatzean sortzen da
  2. Batzuetan, bigarren estugune bat agertuko da ureterra gonada odol hodien azpitik igarotzean.
  3. Ilion odol hodien gurutzatze puntuan.
  4. Maskuriaren horma zeharkatzean modu lapranean, horrela gernuaren atzeranzko fluxua ekiditen da.

Egitura histologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterraren zeharkako mozketa

3 geruzaz dago osatuta[2][3]:

  • Mukosa geruza: Barneko geruza da. Trantsizio epitelio espezializatuz osatua dago, urotelioz. Luzetarako tolesak aurkezten ditu.
  • Muskulu geruza: Muskulu leunezko ureterraren pareta da. Abdomen aldean 2 geruza egongo dira: barruko luzetarako geruza eta kanpoko geruza biribila. Azpil aldean berriz 3: barruko luzetarako geruza, bitarteko geruza biribila eta kanpoko luzetarako geruza.
  • Geruza adbentizia: Kanpoko geruza da. Ehun konektibozko estalkia da, periferiarekin laxoki lotuta dagoena.

Odoleztapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterraren odoleztapenean parte hartzen duten arteriak.

Sistema arteriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterra hain luzea denez, bere odoleztapenean arteria desberdinen adarrek hartuko dute parte.

Ureterrera heltzen diren adar horiek goranzko eta beheranzko adarretan banatuko dira, haien artean anastomosiak egin ahal izateko. Horregatik, ureterren kanpo hormetan ureterren luzetarako anastomosiak sortuko dira[3].

  1. Goiko zatia: giltzurrun arterietatik goiko arteria ureterala sortuko da eta hau arduratuko da atal honen odoleztapenaz.
  2. Bitarteko zatia: Abdomeneko aortaren ureterren adarrek eta gonada-arteriaren ureterren adarrek odoleztatuko dute, eta baita ilion arteria batuaren adarrek ere.
  3. Beheko zatia: Ilion-arteria batuaren ureterren adarrak eta beheko eta goiko maskuria-arterien ureterraren adarrek odoleztatuko dute.
Ureterraren itzultze benosoan parte hartzen duten zainak.

Itzultze benosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterren hiru ataletako odolak gonada zainen bidez egiten du itzultze benosoa, bai eskuineko eta baita ezkerreko aldean ere.

Eskuineko gonada zainak zuzenean beheko kaba zainean drainatuko du. Ezkerrekoak berriz ezkerreko giltzurrun zainean drainatuko du, eta hortik eskuinerantz pasako da beheko kaba zainean isurtzeko bere edukia[3].

Linfa drainatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linfa drainatzea, arterien kasuan bezala, utererraren atalaren araberakoa izango da[3]:

Ureterraren linfa drainatzean parte hartzen duten nodoak.
  1. Goiko zatia: gerriko nodoetan drainatuko da, abdomeneko aortaren alboko nodoetan (kaba aurrekoak eta kaba atzekoak).
  2. Bitarteko zatia: ilion odol-hodi batuen nodoetan drainatuko da.
  3. Beheko zatia: kanpoko eta barruko ilion odol-hodien inguruko nodoetan drainatuko da.

Inerbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utererraren inerbazioan hainbat plexuk hartuko dute parte eta guztiak zuntz sinpatikoz eta parasinpatikoz osatuta egongo dira. Ureterra 3 zatitan banatzen da eta bakoitzak bere inerbazioa jasoko du[4].

Sinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbioak giltzurrun plexutik eta abdomen aortako plexutik aterako dira. Alde batetik, toraxeko errai nerbio txikiak izango ditugu. Hauen 1. neurona bizkar muinaren T10-T11 mailetako alboko adarrean egongo da. Aurreko errotik aterako dira eta adar komunikatzaile zuriaren bitartez, alboko kateko gongoiletara abiatuko dira, baina bertan ez dute sinapsirik egingo. Ondoren, aorta giltzurrunetako gongoiletara iritsiko dira eta bertan sinpasia burutuko dute 2. neurona hemen baitago. Hemendik ateratzen diren zuntzak gongoil osteko zuntz sinpatikoak izango dira, ureterraren goiko zatia inerbatzeko.

Beste alde batetik, toraxeko errai nerbio txikiena dugu, zeina bizkar muineko T12 mailako alboko adarrean izango duen 1. neurona. Nerbio honek, txikiarekin gertatzen den bezala, ez du alboko kateko gongoiletan sinapsirik egingo eta giltzurrun atzeko gongoiletara joango da. Bertatik ateratzen diren zuntzak sinpasi osteko zuntz sinpatikoak izango dira, ureterraren goiko zatia inerbatzeko.

Bitarteko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbioak goiko plexu hipogastrikotik aterako dira. Zati honen inerbazioan 1. gerriko errai nerbioak parte hartuko du. 1. neurona bizkar muineko L1 mailako alboko adarrean izango du eta aurreko errotik ateraz sinpatikoko enbor gongoiletara joango da, sinapsia burutu gabe. Hemendik ateratako sinapsi aurreko zuntzak beheko mesenterio gongoiletara iritsiko dira bertan sinaptatuz. Sinapsi osteko zuntz hauek erdiko zatia sinpatikoki inerbatuko dute.

Beheko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerbioak beheko hipogastrio plexutik aterako dira. Zati honen inerbazioa egiteko azpileko errai nerbioak izango ditugu. Hauek bizkar muineko S2-24 mailetako alboko adarrean dute jatorria eta beheko plexu hipogastrikoko zuntzekin bat egin ondoren ureterraren azpileko zatira bideratuko dira.

Parasinpatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gara aldekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zati hau inerbatzen duten nerbioek Vagus nerbioaren bizkarraldeko nukleoan izango dute jatorria. Vagus nerbioaren bitartez zuntzak aortara iritsiko dira eta hemendik ureterraren goiko zatira. Bertan bigarren neurona kokatzen denez, sinpasia egingo dute, sinapsi osteko zuntz parasinpatikoak sortuz.

Azpil eremukoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko eta beheko zatiak inerbatuko ditu. Bi kasuetan zuntz parasinpatikoen 1. neurona bizkar muineko S2-S4 mailetan kokatzen da.

  • Erdiko zatia inerbatuko duten zuntz parasinpatikoak maila bereko (S2-S4) azpileko errai nerbioekin eta nerbio hipogastrikoekin batuko dira goiko plexu hipogastrikora iristeko. Hemendik ureterraren erdiko zatira igaroko dira. 2. neurona bertan kokatzen denez, sinapsia burutuko dute eta sortutako sinapsi osteko zuntz hauek eskualde honetako inerbazio parasinpatikoaz arduratuko dira.
  • Azpileko zatiari dagokionez, zuntz parasinpatikoak maila bereko (S2-S4) azpileko errai nerbioekin elkartuko dira, beheko plexu hipogastrikora iritsiz. Hauek beheko plexu hipogastrikoko zuntzekin bat egingo dute eta ureterraren beheko herenera iritsiko dira. Bertan sinpasia burutu ondoren, zati hau parasinpatikoki inerbatuko dute.

Patologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterrei dagozkien hainbat patologia deskribatu dira klinikan. Esate baterako, ureterreko kalkuluak, jaiotzatiko akats anatomikoak eta minbizia.

Ureterreko kalkuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalkulu hauek giltzurrunetan eratuko dira, baina bertatik ureterretara pasatuko dira gernu fluxuari eta mugimendu peristaltikoei esker. Bertan, gernuaren pasabidea oztopatuko dute eta izugarrizko mina sortuko dute abdomenaren  bizkar, albo eta behealdean. Kalkulu txikienak (< 4mm)  laguntzarik gabe igaroko dute pasabidea, baina tamaina handiagoa dutenen kasuan, litotrizia izeneko teknika erabili beharko dugu zati txikiagoak lortzeko eta honela oztopoa desegiteko[5].

Jaiotzetiko akats anatomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotzen diren umeen % 10ak ureterrei edota gernu bideei lotutako akats anatomikoren bat pairatu ohi dute. Akats horien artean ohikoenak, ureter bikoiztua, bigarren ureter ektopiko bat edukitzea eta maskuri-ureter arteko lotura desegokia agertzea dira[5].

Minbizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterreko minbizia bertan aurkitzen diren urotelioko zeluletan garatzen da. Minbizi hau, batez ere, 40 urtetik gorako populazioan ageri da, hala ere, gizonezkoetan ohikoagoa da emakumetan baino. Honen tratamenduari dagokionez, erabakigarria izango da tumorearen garapen fasea, izan ere, kasuaren arabera ureterra bakarrik edota giltzurruna eta ureterra erauzi beharko ditugu[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sadler, T. W. (Thomas W.),. Langman embriología médica. (14a edición. argitaraldia) ISBN 978-84-17602-11-6 PMC 1139502733 . Noiz kontsultatua: 2020-11-29.
  2. a b Dauber, Wolfgang.. (D.L. 2007). Feneis : nomenclatura anatómica ilustrada. (5{487} ed. argitaraldia) Masson ISBN 978-84-458-1642-4 PMC 629710728 . Noiz kontsultatua: 2020-11-29.
  3. a b c d e Drake, Richard L. (Richard Lee), 1950-. Gray anatomía para estudiantes. (Tercera edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9022-843-2 PMC 935212142 . Noiz kontsultatua: 2020-11-28.
  4. Schünke, Michael.. (2015). Prometheus : texto y atlas de anatomía. (3ª ed., mejorada y ampl. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6 PMC 908137680 . Noiz kontsultatua: 2020-11-29.
  5. a b c (Ingelesez) «Ureter - Wikipedia» en.m.wikipedia.org . Noiz kontsultatua: 2020-11-29.
  • UPV/EHUko Medikuntza Graduko irakasleen apunteak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]