Urkijo jauregia

Koordenatuak: 43°05′59″N 3°02′59″W / 43.09965°N 3.04966°W / 43.09965; -3.04966
Wikipedia, Entziklopedia askea
Urkijo jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAiara
Koordenatuak43°05′59″N 3°02′59″W / 43.09965°N 3.04966°W / 43.09965; -3.04966
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura neoklasikoa
Ondarea
EJren ondarea15

Urkijo jauregia Aiarako (Araba) Zuhatza herrian dagoen jauregi neoklasikoa da.[1]

2011ko uztailaren 19an Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urkijo jauregiak 2.070 metro koadro inguru ditu eta barruti lorategidunaren barneko bizitegi-multzoa da; jauregia bera nabarmentzen da, eta kotxe-tokia, zerbitzuko langileen etxea eta biltegia edo zalditegia bezalako eraikuntza osagarriek eta, lorategian, harrizko lauzen bideak eta igerilekuak osatzen dute.

Finkak hainbat sarrera ditu: oinezkoena, fatxada nagusiaren aurrean, A-3641 errepidearen kontra, eta ibilgailuena, eraikin lagungarri batetik, bigarren mailako bidearen aldamenetik, nahiz eta ikusten den sarrera hori ez dela jatorrizkoa.

Eraikin nagusia jauregi-etxebizitza da, eta aldeko 16 metroko oinplano angeluzuzena eta bolumen kubikoa ditu. Beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea ditu. Azken horrek teilazko eta zurezko egiturazko lau isurkiko estalkia du, fatxada nagusiarekiko tirante labur perpendikular bat duela. Estalkiak presentzia bolumetriko handia du, teilatu-hegalaren tamainagatik, eta jauregiaren aurreko aldean zabaltzen diren zurezko harburuek eusten dute. Eraikuntzaren gainerakoa ez bezala, fatxada nagusiak hego-ekialdera ematen du eta honako tratamendu hau du bereizgarri: sarrera nagusiarekiko simetrikoa da, eta azalera guztian ondo landutako hareharriko harlanduzko lana du. Oinaldea ez da desberdina. Hierarkia du altueran nahiz horizontalean, eta hiru bider biko sarean antolatzen da. Dekorazio elementuen soiltasuna apurtu egiten da, fatxadaren planoan izkinak nabarmentzen baitira, solairuak bereizten dituzten plaka lauko moldurekin batera.

Goiko aldea ere plaka lauko erlaitzarekin errematatzen da. Ardatz nagusian dago sarrera nagusia. Horren gainean, lehen solairuan, zutabeen gainean eutsitako balkoi irtena, Urkijo sendiaren armarriak zatitutako frontoia eta, azkenik, estalkian horma piko bat daude, ardatz nagusi hori markoztatzeko.

Sarrera arku zuzeneko ate handia da eta zutabe toskanarrak eta kapitelak ditu alboetan, arkitrabezko taulamenduarekin eta triglifodun frisoekin. Sarreraren alde bietan, simetria markatzen duten bi harrizko banku ere badaude.

Beheko solairuan, fatxadak bi bao bertikal dinteldun ditu, burdina-hesiz babestuak; aldiz, lehen solairuan, hiru bao balkoidun daude, aldeetan burdinazko karelak eta, erdian, burdinazko barandadun balkoia dituztenak. Sarrera nagusian bezala, beheko solairuko baoek harrizko arku beheratuak dituzte barnealdean. Gainerako fatxadak nagusiaren guztiz desberdinak dira, harlangaitzez entokatuak daude eta antolaketa desordenatuagoa eta asimetrikoagoa dute. Aldeetako fatxadek baoen lau ardatz bertikal dituzte; lehena, zertxobait dotoreagoa da, bao balkoidunekoa, eta jauregiaren aurreko aldeari eta nobleenari dagokio.

Harlanduzko lana eskantzuetan eta leiho-baoen inguruetan ageri da, nahiz eta atzeko eskantzuetan ez duen hainbesteko kalitaterik. Goiko aldean, lau leiho etzanek argiztatzen dute teilatupeko espazioa. Atzeko fatxadak ipar-ekialdera ematen du eta bao gutxiago ditu, hiru ardatzetan banatuta. Alde batetik du sarrera; lehen solairuan bi leiho ditu eta beheko solairuan nahiz teilatupean bi bao txikiago.

Eraikinak hainbat sarrera ditu. Sarrera nagusiak barnealdean arku beheratua du; beheko solairuan dago eta finkaren kanpoalderako irteera zuzena du, errepidearen aurrera. Gainerakoak lorategirako bigarren mailako sarrerak dira, eraikinaren hainbat altueratan ageri direnak. Nagusiena beheko solairuaren eta lehenengoaren artean dago, alde batean, lorategiaren kota baino hiru eskailera-maila gorago, atearen aurrean eskailera-burua duela.

Fatxada horretan bertan beste sarrera bat dago, erdi ezkutatuta, eta eraikina beheko solairuaren mailan inguratzen duen kanaletik iristen da hara; sarrera horren ondoan, beste zulo bat ikusten da, gaur egun itxita, nahiz eta ateburua eta harrizko inguraketa oraindik ere badituen. Azkenik, bigarren mailako beste sarrera batek -bi ataleko eskailera igota iristen da- lorategia eta lehen solairuaren atzealdean dagoen sukaldea lotzen ditu. Komun txiki bat dago eskailerapean, eta kanpotik sar liteke.

Lorategia eraikinaren beheko solairua baino pixka bat gorago dagoenez, metrobete zabaleko kanalak inguratzen du jauregia, eta, hala, lurra ez da eraikinaren fatxadaren albo-alboan geratzen.

Jauregiaren egiturak karga-horma perimetralak ditu, altueran handitik txikira doazenak, eta egurrezko egitura du barnealdean. Egurrezko sei zutabe dira, eta espazioa banatzen duten hiru hormarte osatzen dituzte. Forjak, berriz, garipioz eta oholtzaz osatuta daude.

Barruko programari dagokionez, beheko solairuan sarrera nagusia daukagu, kalearen sestran, eta, hortik, bi eskailera igo eta erdi-puntuko harrizko arkua gurutzatuta, gelarik publikoenetara iristen da: egongelara, jangelara, logela batzuetara eta komunetara, baita jangela ondoko bodega batera ere. Solairu hau bi ataleko egurrezko eskailera bidez komunikatuta dago beste solairuekin; egurrezko eskudela eta burdinazko barra pintatuak ditu eskailerak, eta lorategira joateko alboko sarreraren aurrean dago.

Goiko solairuan, sukaldea eta komuna daude hondoan, eta gainerako logelak erdiko korridorearen bidez banatuta daude; azkenik, teilatupea gune gardena da: egurrezko egitura ikus liteke, baita zutabe, tirante eta jabaloien artean egindako loturak ere, hori guztia egurrezko zirien bidez. Azken solairu horretan espazioa banatu egin da, eta lau gune garden sortu dira. Sarrera nagusia harrizko lauzaz estalita dago, eta gainerakoa egurrezkoa da.

Altzariei dagokienez, jatorrizkoak ez dira gorde, baina daudenek jauregiaren kutsu dotoreari eusten diote. Arotzeria egurrezkoa da, eta baoak leiho-atez babestuta daude; barrutik, beheko solairuan eta kanpotik (egurrezko xafla orientagarriak), lehen solairuan. Eraikinaren aurrealdeko estalkiari eusten dioten harburuek landareen irudiak dituzte, eta oholtza ere xehetasun handikoa da; nolanahi ere, jabeen arabera, oholtza geroago landu zen, dotorezia handiagoa izan zezan. Burdina-lana beheko solairuko baoetan eta goiko balkoietan ikusten da, baita jauregiaren aurrealdea inguratzen duen perimetro-hesian ere. Gainerakoan, berriz, lursaila harrizko horma altu batez mugatua dago, eta, zoritxarrez, hormigoizko blokez luzatu da horma hori.

Jauregiaz gain, lursailean, mendebaldean, badira kalitate arkitektoniko txikiagoko bi eraikin laguntzaile ere: eraikinik luzeenean, landa-estilokoan, ustez, zerbitzariak bizi ziren goiko solairuan, eta, beheko solairua, berriz, biltegirako edo beste zerbaitetarako erabiltzen zuten. Ikusten denez, eraikinaren inguruko lurretarako sarrera zuten; ziurrenik, jabe berarenak izango ziren lurrok, eta landu egingo zituzten. Beste eraikina garaje gisa erabiltzen zen. Bi eraikinak, eta igerilekua ere bai, bide zuzenen bitartez lotuta daude jauregiarekin; elkarren artean perpendikularrak dira bideok, harlauzaz zolatuak, eta tartean belarrezko parterreak daude, zintarriz mugatuta. Jauregia eta gertuen dagoen eraikina lotzen dituen bidea eta lorategiaren hegoaldean dagoen igerilekura iristeko bidearen zati bat, parra zurkaizteko balio duen arku itxurako armazoi metaliko soil batez estalita daude. Lorategian ez dago landare askorik, baina bada zuhaitz txiki bat edo beste, eta heskai batzuk ere bai.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa