Urrütiako anderia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Urrütiako Jauregia, Altzürükü, Menauton jaunak Domenja emazteaz abusatzen zuenekoa

Urrütiako anderia zenbait izenez ezagutzen den 15. mendeko eresia da, Zuberoan ahoz aho transmititu zena eta zenbait lekukotasunek bildua, aldaera desberdinekin. Kantuaren ikerlari nagusiak, Txomin Peillen euskaltzainak, forma hori (Urrütiako anderia) hobetsi zuen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarirako egindako azterketa sakonean[1], nahiz eta beste izen batzuekin ere ezagutzera eman den (Hauzeko Anderia edo Ahetzeko Anderea, adibidez).

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzürüküko Urrütia jauregia da eresiaren kokalekua, eta bertan bizi izan ziren bi pertsonaiaz ari zaigu. Menauton Urrütiakoa 1422. urtean ezkonarazi zuen bere aitak, 20 urte zituela, Domenja izeneko emakumezko batekin, Ahetzekoa berau.

Senar abusatzaile baten berri ematen digu kantuak. Urrütiako jaunak bizkarreratzen dio bere emazte Domenjari beste norbaitekin ibiltzen dela. Errugabea (ogen gabe) dela esan arren emazteak, gizonak ileetatik hartu eta narrasta darabil (Urrütiak bilhoti therresta dü ebili).

Bertsoen bigarren partean fantasiara igarotzen garaː Santa Klara santu katolikoari egotzitako mirari baten ipuinarekin nahasten da Domenjaren bizitza. Goizez, irten da anderea opil batzuk prestatu ondoren, opilok zareta edo saskian daramatzala, "Jente eskeliari emaiteko zokhorri"; baina bidean geldiarazi du senar zelatari jeloskorrak, "begiak oldartürik". Jaunak zaretan zer daraman ikusteko sartu du eskua barrura, eta miraria gertatzen da, opilak harilko edo artile-matazak bihurtzen dira (Ophilak, ordü hartan, jin ziren haillikotan). Jaunak, orduan, uste du ehulearengana doala emaztea (Ehüliaren etxera zoaza bilberaztera?) artilea lantzeko enkarguarekin, eta lasai geratzen da. Nonbait Urrütia ez bakarrik jeloskor eta abusatzailea da, baita ere ezin zekenagoa, etxeko opilik eskaleei ematea onartezina egiten baitzaio.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peillenen iritziz[1], eresiko zuberera behar lukeena baino modernoagoa da (17. eta 18. mendekoa; ahoz aho transmititzearekin batera egokitu izan zen seinale), baina olerkigintzak salatzen du zaharragoa dela. Hona kantuaren bertsio "kanonikoa", Peillenek jaso bezala[2]ː

Ahetzeko anderia
Urrütian khorpitzez;
Hor dizü bere büria
kanpoan da bihotzez.
-Nur dü bere maitia?
nahi nüke egia
Jinkoak nahi badü
hiltzia ükhenen dü.
Gure jaun Urrütia
khexian bethi zira;
Erradazüt zertako,
ni e'nüzü kanpoko.
-Hürrünt zite niganik
eztit zure beharrik;
bazoaza kanpora
eni adar biltzera.
-Jauna, holako gaizak
Ahetzeko anderiak
eztitizü ikhasi;
hen doazü ihesi.
Elhe horiek ahotik
jalkhitzen zirelarik,
Urrütiak bilhoti
therresta dü ebili.
-Jinkoa zer bizia!
Oi! jaun Urrütia,
ni Ahetzeko etxian
nündüzün bai bakian.
Hunat jin behar nizün
ene zorthia züzün,
bihotz min ükheiteko
zure khexarazteko.
Ogen gabe zü, bethi
mintzo zitzaizt; gogorki;
othoi, zure begiak
ütz ditzala khexiak.
Goizian goiz jeikirik
Ogi opilak eginik
Ahetzeko anderia
lehia dün handia.
Zareta bat bürian
kanporat jalkhitzian
Mus d'Urrütiak zian
baratü bai bidian.
Nun zabiltza haiñ goizik,
Jauregia hüstürik?
galthatzen dero Urrütik
begiak oldartürik.
Jauna, ikhusiren düzü
nahi baldin badüzü,
nurat orai nabilan
zareta hau bürian.
Jente eskeliari
emaiteko zokhorri
Andere Urrütiak
hartü zütian bidiak
Ophila zaria beitzen
betherik jente prauben,
Urrütiak zarian
eskia ezari zian.
Ophilak, ordü hartan,
jin ziren haillikotan
Urrütiak berhala
uste trunpatü zela.
Ehüliaren etxera
zoaza bilberaztera?
-Jauna, ikhusten düzü...
orai zük badakizü.
-Pharka izadazüt arren,
bekhaitz e'nüzü izanen
emazte huna zirela
orai badit nik proba.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Peillen, Txomin (1986) «XV. mendeko Altzürükü Urrutiako leinuaren eresiak» Euskera (Euskaltzaindia) . Noiz kontsultatua: 2010-02-15.
  2. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» urkiza.armiarma.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-20.