Edukira joan

Urretxori

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urretxori
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaOriolidae
GeneroaOriolus
Espeziea Oriolus oriolus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa7,3 g
Zabalera46 cm
Kumaldiaren tamaina3,5
Errute denbora16 egun

Urretxoria edo aurioa[1] (Oriolus oriolus) oriolidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasian eta iparraldeko Afrikan bizi dena[2].

Bere familian Ipar Hemisferioan bizi den espezie bakarra da.

Litekeena da, txoriaren presentzia salatzen duen lehen gauza izatea eta agian bakarra, oso gutxi ikusten baita, txistu melodioso bat, txirularen itxurakoa, oso atsegina baina laburra, ibai-ertzeko makal batzuen gainetik ateratzen entzutea.

Abesti honen sortzailea zozo baten tamainako txoria da eta bere kolore deigarriek jatorri tropikala erakusten dute. Arre-hori-urre kolorekoa da, hegoak eta buztana beltzak ditu, buztanak kanpoko luma horiak ditu, hegoak ere apur bat zikintzen dituen kolorea. Emearen jantzia mimetikoa da, bizkarrean berde horixka , sabela grisa eta isatsa arre-berdexka. Kumeak emearen oso antzekoak dira, arbel koloreko mokoarekin.

25 espezie dituen hegazti familia batekoa da, eta horietatik urretxoria da gure latitudetara iristen den bakarra, gainontzekoak eremu tropikaletan bizi dira.

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero itzultzen da Afrika tropikalera, irailaren hasieratik hemendik irten eta apirilaren erdialdean edo amaieran gure urertzetara itzultzeko. Oso isilpekoa, normalean gauez ibiltzen da, baina egunean zehar ere ikus daiteke altuera baxuan hegan egiten eta noizean behin zuhaitzetan gelditzen.

Oso uzkurra eta ez da soziala, zuhaitzen adar artean ezkutatuta igarotzen du egun osoa eta bertatik kantatzen du inork ikusi gabe. Gutxitan agertzen da leku irekietara, Eta frutatarako duen zaletasunak baino ez digu aukera ematen lur irekiagotan ezagutzeko, gerezi, udare, edo piku oso helduen bila, gozamenez jaten dituena. Azkar egiten du ihes gure presentziatik, hegaldi oso ezaugarriarekin, uhintsu, azkar eta pausatu aurretik azken igoera batekin. Ez da oso gregarioa eta bakarrik ikusten da, binaka edo familia taldeetan gehienez. Oso gustukoa omen du bustitzea, eta, horretarako, azkar egiten du hegan zuhaitz gailurretik, zaratatsu ur azalera eroriz eta zipriztin labur batzuen ondoren, atzera hegan egiten du adar artean ezkutatzeko.

Udako bisitaren lehen hilabeteetan intsektuez elikatzen da batez ere, zumardientzat, makaldientzat eta hariztientzat kaltegarriak diren bizkarroi kantitate handiak kontsumituz, hala ere, uda amaieran elikadura aldatzea gustatzen zaio beste txori batzuekin fruta-baratzeak bisitatuz eta bertan hainbat fruitu heldu kontsumitzen dituzte.

Habia zuhaitzen alderik altuenean jartzen du, edozein lurreko harraparientzat eskuraezin eta hegazti harraparietatik kamuflatuta. Katilu txiki bat egiten du lurrarekiko paralelo bi adarren artean V batean urkilatutako tokian, horrela habia hutsunean esekita geratzen da, bi adarrei albotik bakarrik lotuta. Belar zurtoinek, azal zatiek, artileek eta antzeko materialez osatuta dago adarretatik pasatu eta habian estuki ehundutakoak. Emeak bakarrik eraikitzen du, artilea, ilea, eta lumatxa bezalako material bigunekin estaliz, eta loreak eta paper puskak ere aurkitzen dira bertan.

Ugalketa-garaia maiatza erdialdean edo amaieran hasi ohi da, txitaldi bat haziz eta ez gutxitan bi. 3-4 arrautza zuri distiratsu erruten ditu, krema kolore samarrekoak edo arrosakarak tanto deigarri eta sakabanatuekin. Inkubazioa emeak egiten du, noizean behin arrak lagunduta, 14-15 egun irauten du, eta ondoren txitak jaiotzen dira, arrosa kolorekoak eta biluzik. Habian egoten dira beste 15 egunez, Habia utzi ondoren aste pare bat gehiago behar izaten dute independenteak izateko.

Banaketa, habitata eta egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako ipar-mendebaldean, Europako erdialdean eta hegoaldean eta Asia erdialdeko zerrenda zabal batean hedatzen den hegaztia da. Afrika tropikalean eta Asiako hegoaldean pasatzen du negua batez ere. Iberiar penintsulan eskualde gehienetan ugaltzen da, iparralderantz gora egin ahala eta mendiguneetan arraroago bihurtuz.

Urretxoria ez da batere ugaria Euskal Herrian. Ebro haranean baino ez da ohikoa, ibai-basadietan eta makaletan babestua, gutxitan beste zuhaitz mota batzuetan. Gero eta urriagoa da, Arabako Kantauri azpiko ertzean, bertan ibaiertzeko habitat mota berean agertzen da eta gutxitan harizti, ametz edo erkametzetan.

Oso gutxi baina Lautadako iparraldera iristen da, kantabriar mediterranear banalerroko mendien hegoaldeko mendi-hegalen oinera.

Gure Kantauri eremuan habiagile arraro gisa aipatu izan da, baina, egia esan, es dirudi habiarik erregularki egiten duenik. Udaberriaren amaieran entzuten da kostaldeko landazabaletako zuhaiztietan, baina kasu gehienetan migratzaile berantiarrak direla dirudi, noizean behin habiak egiten dituztela onartu behar bada ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Batzorde Ornitologikoa. (2025). «Urretxori» Munduko hegaztien izen arruntak euskaraz (Txoriak.eus).
  2. BirdLife International (2009). "Oriolus oriolus". IUCN Red List of Threatened Species. Version 2010.4.


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.