Urrexolagaraiko gudua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urrexolagaraiko gudua
Data1388-1401 artean
(zehaztu gabea)
LekuaUrrexolagarai
(Oñati-Aretxabaleta)
EmaitzaOñatiarren garaipena
Gudulariak
Oñatiarrak (ganboatarrak)
Aliatuak:
Garibaitarrak
Uribarritarrak
Leinztarrak (oinaztarrak)
Aliatuak:
Galartzatarrak
Arkarazotarrak
Azkaratetarrak (Otalora)
Uribetarrak
Buruzagiak
Pedro Garibaikoa  
Juan Ibañez de Elazarraga
Galartzako maiorazkoa  
eta bi anaia   

Urrexolagaraiko gudua XIV. mendearen amaieran Oñatiko eta Leintz bailarako jauntxoen artean gertatutako borroka odoltsua izan zen. Leinu gerren barnean kokatzen da, hastapenetan, izan ere Garibai (ganboatarrak) eta Galartza (oinaztarrak) leinuak baitziren talde bakoitzeko nagusi. Oñatiarrek irabazi zuten gudua eta Leintz bailarak Oñatiko kondearen menpeko izaten jarraitu zuen 1556. urtearte.

Kontestu historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leintz izeneko bailara Deba ibaiak zeharkatzen duen haran geografiko itxia da. XIII. mendean herri ugarik osatzen zuten harana baina Arrasate (1260. urtean) eta Gatzaga (1331.ean) hiribildu bihurtu ziren eta gainerako 17 herrixkek osatuta gelditu zen. Leintz bailara (gaztelaniaz: Valle de Léniz) izeneko entitate hartan Aretxabaleta eta Eskoriatza ziren herri handienak.

1374. urtean Henrike II.a Gaztelakoa Frantzia aldean borrokan aritzetik itzultzen ari zela Oñatiko Beltran Gebarakoa kondeak bere jauregira etor zedin gonbidapena egin zion. Erregeak Arrasate haren esku uzteko eskaria egin nahi zion. Arrasatearrek horren berri izan zutenean Oñatira iritsi aurretik haien herria bisitatzera gonbidatu zuten erregea. Henrike II.a txundituta gelditu omen zen Arrasatek zuen industria eta harresiekin[1].

Oñatiko kondeak eskaera luzatu zionean erregeak ezetz esan zion baina haren ordez Leintz bailara eman zion[2][3]. Bailarako hainbat jauntxok haien etxeari su eman eta alde egitea nahiago izan zuten Oñatiko kondearen menpe bizitzea baino, Bedoñako Artazubiagak eta Gatzagako Uriartek esate baterako[1]. 1556. urterarte ez zuten leinztarrek Oñatiko kondeen menpekotasunetik askatzerik lortuko, baina tartean istilu ugari izan ziren. Denetan ezagunena Urrexolagaraiko gudua izan zen, hain odoltsua izateagatik oroimenean gelditu zena[2].

Borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leinztarrek Oñatiko kondearen menpekotasunetik askatzeko ahaleginetan ari ziren eta 1388 eta 1401 arteko une batean (data zehatzik ez da ezagutzen)[4] armak hartu eta erdibidean zegoen Urrexolagaraiko zelaian borroka egitea hitzartu zuten. Bailarako lau familia elkartu ziren, Arkarazo, Galartza, Azkarate (Otalora) eta Uribe, eta Galartzako maiorazkoa jarri zuten buru, Gonzalo Lopez Galartzakoa "Zaharra"-ren semea. Beste bi anaia ere borrokara joan ziren.

Oñatiarren artean Garibai eta Uribarri familiak elkartu ziren eta Pedro Garibaikoa jarri zuten buru[1]. Garibaitarrak ganboatarren taldekoak ziren eta galartzatarrak oinaztarren taldekoak, eta familia bi hauen artean zegoen elkarren arteko ezinikusirik handiena, horregatik etxe hauetakoak izan ziren alde bakoitzeko buruak[5].

Borroka oso odoltsua izan zen eta oñatiarrak nagusitu ziren. Pedro de Garibai larri zauritu zen eta egun batzuen buruan hil zen. Galartzako hiru semeak ere borrokan hil ziren[1].

Esanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedro Garibaikoak hiltzear zela, horrela kantatu omen zuen:

«

Gaitza zenduan leinztarrok,
Urruxolako lekaioa,
Sendo zenduan odolori
bihurtu jatzu gatzaioa”.

»

Urruxolako kantua izenaz jaso zuen Joan Perez Lazarragak 1588. urtean eta Koldo Mitxelenak sakonki aztertu zuen Textos Arcaicos Vascos liburuan[6]. Juan Carlos Guerrak ere jaso zituen bertso horiek Los Cantares antiguos del Euskera (1924) liburuan[5].

Bestalde Gonzalo Lopez Galartzakoa "Zaharrak", Galartza familiako buruak, hiru semeen heriotzaren berri izan zuenean honela esan zuen:

«

Pedro de Garibai ere hiltzen bada, nire semeak ongi hilak daude[1].

»


Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Jose Letona Arrieta, Juan Leibar Guridi. (1975). Valle de Léniz (Segunda Parte) - Arechavaleta y Escoriaza. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 47-51 or. ISBN 84-500-6823-1..
  2. a b «Historia — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  3. «Ihesi: Kurtzebarri eta Urkuluren magalean» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  4. (Gaztelaniaz) «Urrexola, escenario de la cruenta lucha de bandos» El Diario Vasco 2017-08-16 (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  5. a b Guerra, Juan Carlos de. (2013-07-23). Los Cantares antiguos del euskera : viejos textos del idioma / por Juan Carlos de Guerra.. (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).
  6. «erabili.eus/ Joan Perez de Lazarraga, familiaren kronista» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]