Urriko Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
1920an Boris Kustodievek margotutako Iraultza Boltxevikearen irudia.

Urriko Iraultza edo Iraultza Boltxevikea (batzuetan ere Azaroko Iraultza, Mendebaldeko egutegiaren arabera azaroan gertatu baitzen) 1917ko Errusiako Iraultzaren bigarren urratsa izan zen, lehenengoa Otsaileko Iraultza zen eta.

Vladimir Leninen agindupean, Boltxevikeak, Mentxevikeak, Ezkerreko Sozialista-Iraultzaileak eta anarkistak batu ziren historiako lehen iraultza komunista burutzeko. Petrograd hiriko ekimen iraultzaile garrantzitsuak Leon Trotski buru zuen Petrogradeko Sobiet eta Adolph Joffe buru zuen Komite Militar Iraultzailearen menpe zeuden.

Errusiako behin-behineko gobernuari boterea odol isurikirik gabe kendu zioten, herrialdeko populazio gehienarengan Lehen Mundu Gerrak eragiten zuen egoera latza zela medio. Agintea bereganatuta, Alemaniarekin Brest-Litovsk ituna sinatu zen 1918ko martxoaren 3an. Honela, Errusiako parte-hartzea Lehen Mundu Gerran amaitu zen. Bide batez Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniaren independentzia ekarri zuen, nahita ez izan arren.

Tsarren menpeko lurralde guztietan onarturik izateko arazoak izan zituen gobernu berriak. Gainera, Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, Mendebaldeko herrialdeek iraultzaileen kontrako nazioarteko armada (Armada Zuria) bidali zuten Errusiara, Errusiako Gerra Zibila eraginez (1918-1920). Hala ere, Trotskik prestatutako Armada Gorriak garaitu zuen, independentzia lortu zuten hainbat herrialde (hala nola Ukraina) berriro Moskuren mende jarriz.

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 25ean, Petrograd hartzeko plana hasi zen, Leninen ustez “24an goizegi zatekeen, oraindik ordezkari asko Biltzarrera heldu gabe egon daitezkeelako, eta 26 ordea, beranduegi, Biltzarra bezalako asanblada batek erabakiak geldotasunez hartzen dituelako”[1]. Hiria hartzeko planen egilea, John Reeden arabera, Vladimir Antonov-Ovseienko zen “matematikari eta xakelaria”. Richard Pipesen arabera, Mikola Podvoiskik izan zuen garrantzia handiagoa, Antonov-Ovseienkorena txikia ez bazen ere. Trotskiren arabera, Jakov Sverdlov izan zen “Smolniko kuartel nagusiaren eta alderdiaren aparailuaren artean kontaktua mantendu zuena (…) bera zen Alderdiko koadro denak ezagutzen zituena”. Gobernua azken momentuan saiatu zen matxinada geratzen, baina alferrik. Petrograden, Kronstadten eta Finlandian guda-egoera aldarrikatu zuen, hura inposatzeko modurik ez bazuen ere. Junkerrak (ofizial gazteak) Neguko Jauregian ezarri ziren.

Urriaren 23[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 23rako, jada Komite Militar Iraultzaileak erregimentu ezberdinetarako eta hiriaren puntu garrantzitsu ezberdinetarako komisarioak izendatu zituen. Komisario horiek, bai boltxebikeak zein ezkerreko eseristak izan zitezkeen. Guztira 50 bat ziren, garrantzitsuenak hauek izan zirelarik: Izmailovski erregimentuan Katz; Semionovski erregimentuan Juri Kotsiubinski; munizioen gordetegietan Vasilievski; 180 erreserba erregimentuan, Batailoi Suzko-Kimikoan eta Granada-jaurtitzaileen Gorputzean Aleksandr Ilin-Zhenevski; Mosku Goardia erregimentuan Vixnevetski; Preobrazhenski erregimentuan Grigori Txudnovski; Petrogradeko 3 erregimentuan eta Pavlovski erregimentuan Dzenis; automobilen dibisioan Jelin; Oinezkoen 176 erregimentuan Levenson; Kexholm Goardia erregimentuan Liubovitx; Oinezkoen 180 erregimentuan Maniulov, Finlandiako Goardia erregimentuan Rudnik; Kronverski armategian Ter-Arutiuniants; Kronstadteko Goardia erregimentuan Flerovski; Oinezkoen 88 eta 90 Vologda erregimentuetan Txekhovski; Artillerian Vlas Txubar; Tsarskoie Selon Georgenberger; eta Oranienbaumen Breslav.

Urriaren 24[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 24ko arratsaldea zen Lenin Smolnira joan zenean, beste zuzendari boltxebikeekin batzera. Lenin Margarita Fofanovaren etxetik heldu zen Smolnira, eta bidean poliziak atxilotu egin zuen, baina joaten utzi zion, mozkor arrunt bat zela uste baitzuen. Han hartu ziren falta ziren tokiak hartzeko azken erabakiak, Orlando Figesen arabera, “korrika deitu zuten Komite Zentralaren bilera batean”. Urriaren 24an hasi ziren tropa boltxebikeak edo Milrevkomen aldekoak Smolni inguruetan kontzentratzen, bai Xliapnikov boltxebikeak zein Sukhanov mentxebikeak gogoratzen duten moduan. Trotski berak gogoratzen duenez, “Matxinada giroa” 24ko arratsaldean hasi zen berotzen. Urriaren 24ko arratsalde-gauean, Gobernuaren erabakiaren kontra, Milrevkomen tropek berriz zubiak bere tokian jarri zituzten (Troitski zubia lehenbizi, eta gero besteak. Rabinowitchen arabera, Troitski zubia altxatzeko agindua Milrevkomek eman zuen, baina beste denen kasuan, tropek euren kabuz hartu zuten erabakia), Petrogradeko auzo ezberdinak komunikatuz. Kaiurov boltxebikearen arabera, Viborgeko langileak izan ziren zubien komunikazioa bermatu zutenak: “gu izan ginen lehenak”. Rex Waderen arabera, bezperan, urriaren 24an “boltxebikeek ia hiri osoaren kontrola zuten, baina oraindik euren neurriak “defentsiboak” ziren”.

Urriaren 25[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 25ean, boltxebikeak erasora pasa ziren. John Reeden arabera, goizaldeko hiruretan hasi ziren tropa gorrien lehen mugimenduak. Orlando Figesen arabera, ordea, gauerdian hasi ziren mugimendu horiek. Pipesek “24tik 25era doan gaua” aipatzen du besterik gabe.  Alexander Rabinowithek ordu bata eta erdiak jartzen du ordu zehatz moduan. Figesen arabera, langile eta soldadu boltxebike asko atera ziren kalera zubiak eta gurutzebideak hartzera; egunsentirako, junkerrak zeuden tokian Milrevkomen tropak edota goardia gorriak zeuden. Trotskik “goizeko zazpiretan” helburuak hartzen hasi zirela dio, baina iturri gehienek lehenago jartzen dute lehen eraikinak hartzearen ordua (Rabinowitchen eta Waderen arabera, telegrafoen zentrala ordu bietan hartu zuten). Goiz horretan boltxebikeen aldeko indarren Telegrafoen Zentrala, Telefonoen Zentrala (Dzerzhinskiren ardurapean), Gudaren ministerioa, Baltikorako Tren-geltokia, Vartsoviako tren-geltokia (Bubnoven ardurapean), Elektrika Zentrala, Banketxe Zentrala, zubiak, eta azkenik, poliziaren komisaldegiak hartu zituzten. Zubien artean, Nikolaevski zubia aipatu behar dugu, Avrora ontzia bertan ezarri baitzen. Peio eta Pauloren Gotorlekua hartzeko ahaleginik ez zuten egin behar, bezperako egunetan bertako goarnizioa politikoki boltxebikeen aldera pasa baitzen (eta boltxebike bat, Blagonravov, zen gotorlekuaren zuzendaria). Troitski zubian Manikovski jenerala ere atxilotua izan zen, baina aske utzi zuten. Goizean zehar hiri osoa hartua zuten, Isaak Deuna enparantza eta Neguko Jauregia izan ezik; goizeko hartze horiek baketsuak eta biktimarik gabekoak zian ziren, izan ere, Gobernuaren alde tropek ez baitzuten eskurik hartu (ezta ere kosakoek, Gobernuak goizaldean eurekin kontaktatu bazuen ere). Bere aldeko troparik gabe, goizean Kerenskik Neguko Jauregitik ihes egin zuen, frontean tropak biltzen saiatzera.

Milrevkomek Neguko Jauregia hartu aurretik, bere adierazpen historikoa zabaldu zuen (Trotskiren arabera “goizeko hamarretan” izan zen, baina inolaz ere, testigantza guztiek goizez izan zela diote; John Reedek izan ezik): “Errusiako herritarrei! Behin-behineko Gobernua uzkailia izan da. Estatuaren boterea Petrogradeko Langile eta Soldaduen Sobietaren erakunde den eta Petrogradeko goarnizioaren arduradun den Komite Militar Iraultzailearen eskuetara pasa da. Herriak borrokatu dituen helburuak; bake demokratiko baten aldeko proposamena, lurjabeen jabetza pribatuaren ezabapena, industrian langile kontrola eta Gobernu sobietar baten eratzea bermatuta daude. Gora langileen, baserritarren eta soldaduen iraultza! Petrogradeko Langileen eta Soldaduen Ordezkarien Sobietaren Komite Militar Iraultzailea”.

Eguerdian, Isaak Deunaren Enparantzan tiroketa batzuk izan ziren, John Reedek kontatzen duenaren arabera. Eguerdi aldera azken helburuak hartu zituzten gorriek: Almirantegoaren egoitza eta Kresti kartzela. Pixka bat beranduago, Marinski Jauregian, Aurre-parlamentua hartu zuten, eta bertako kideei organo horren abolizioa komunikatu zieten Milrevkomen aldeko tropek, baina ez zuten atxiloketarik egin. Langileek akademia militarrak eta hango kideak desarmatzea eskatu zuten, baina boltxebikeek ez zuten halakorik egin, ez orduan, ezta ere Neguko Jauregia hartu ondoren. Trotskik esaten duenaren arabera “egin izan bagenu, ez genukeen 29an junkerren matxinada kontrairaultzailea izango”:

Reedek kontatzen duenez “antzezlekuak ez ziren itxi, guk Marinski antzezlekurako sarrera batzuk genituen, joan ez ginen arren”. Orlando Figesek antzeko bertsio bat ematen du: “ez jatetxeak ez antzezlekuak ez tranbiak ez ziren itxi”. Richard Pipesen arabera “Malapartek deskribatutako “Iraultza modernoetako” bat izan zen (…) talde txikietan, odolik gabe eta eraginkortasun handiz puntu gakoak hartzea (…) kafetegiek, zinemek eta antzezlekuek zabalik arraitzen zuten”. Pipesen arabera “Leninek ez zuen manifestazio handirik nahi (…) apirileko eta uztaileko gertaerek argi utzi zioten jendetza kontrolaezina izan zitekeela”. Iluntzean, tiroketa batzuk izan ziren, baina oraindik jende asko zegoen kaleetan bilduta.

Petrogradeko Sobietak ordu bi eta erdietan, gauez hasi behar zen Errusia Osoko Sobieten II Biltzar Nagusiaren aurretik ohizkanpoko saio bat egin zuen. Iraultza proletarioaren aldeko ebazpen bat hartu zuen urriaren 25eko arratsaldean: “Petrogradeko Langile eta Soldaduen Sobietak proletalgoaren eta Petrogradeko goarnizioaren iraultza agurtzen du (…) Petrogradeko Sobieta ziur dago Gobernu berria Gobernu sobietar gisa eratuko dela, eta nekazari pobreen laguntza sozialismorantz egingo duela (…) Langileen eta Baserritarren Gobernuak herri gudukatzaile guztiei bake demokratiko bat proposatuko die (…) lurjabeen lurra baserritarren artean banatuko du (…)”. Reeden arabera, ebazpen hau, oraindik Neguko Jauregia hartu gabe zegoela hartu zuen Sobietak. Ebazpen honen ostean , Trotskik Behin-behineko Gobernua jada ez zegoela esan zuen. Gobernuaren aldeko ordezkari batek boltxebikeei “Biltzar Nagusiaren borondatea baldintzatzea” leporatu zien. Trotskik erantzun zuen arabera “ez guk, baizik eta langileen matxinadak determinatzen du Sobieten II Biltzar Nagusi honen borondatea”. Fiodor Dan mentxebikeak orduan “gure kideak Neguko Jauregian daude inguraturik, bonbaketa jasaten (…) halako baldintzetan VTsIKek ezin duela politikarik egin adierazten du” esan zuen. Biera horretara Lenin agertu zen, txalo-zaparrada batekin hartu zutelarik.

Arratsaldeko zazpiak hamar gutxitan (Orlando Figesen arabera) boltxebikeek Neguko Jauregian zegoen Behin-behineko Gobernuari ultimatuma bidali zieten, eta gaueko hamarrak aldean Jauregiaren kontrako asaltoa hasi zuten. Neguko Jauregiaren kontrako setioak irauten zuen bitartean (ordua ezin dugu zehaztu, baina arratsaldea zela ematen du), Gobernuaren aldeko tropa batzuek, Stankievitx komisarioa buru, Telefonoen Zentrala hartzen saiatu ziren, kale egin zutelarik.

Irakurketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait historiagilek hau “boltxebikeen kolpea” izan zela diote. Hau Orlando Figes edo Richard Pipes bezalako historiagile antikomunistek esaten dute, batez ere. Euren argudioa “aldez aurretik prestatutako” eta “herriaren parte-hartze handirik gabeko” prozesua izanik, iraultza bat baino Estatu-kolpe bat izan zela ondorioztatzea da. Figesek dioenez “Petrograden oso jende gutxi jabetu zen gertatzen ari zenaz” eta “Urriko Iraultzaz talka handietako herri-iraultza handi moduan dugun irudiak gehiago zor dio Sergei Eisensteinen filmei errealitateari baino”. Hala ere ezin daiteke esan hori guztiz egia denik. Figesek berak esaten du Petrogradeko zubiak eta kontrolguneak hartzen “Milaka boltxebikek hartu zutela parte”. Urriaren 25ean bertan, bai Sobieten II Biltzar Nagusiaren aurrean, zein Neguko Jauregiaren aurrean, manifestazio boltxebike handiak deitu izan ziren (Figesek berak onartzen du Neguko Jauregian atxilotutako Behin-behineko Gobernuaren ministroak jendetza boltxebikeak jipoitzear egon zirela). Bestetik, nahiz eta arratsaldean hiriaren erdigunean ia mugimendurik ez egon eta boltxebikeak tokiko puntu garrantzitsuak hartzen kontzentratu, langile auzoetan mugimendua handia izan zen, jende askok parte hartu zuenaren seinale. Bestetik, kontuan izan behar dugu urriaren 25ean plangintzazko ekintzak izan baziren ere,egun hori ez zela nolanahi sortu, izan ere, prozesu intsurrekzional baten erdian gertatu zen (bai langile grebak, zein desertzioak, zein nekazalguneetako istiluak goruntz joan ziren 1917ko abuztu, irail eta urrian). Prozesu intsurrekzional horren ondorioz, boltxebikeak eta oro har Behin-behineko Gobernuaren kontra zeuden alderdiak (ezkerreko eseristak baita) indartuta atera ziren, Sobieten II Biltzar Nagusiak erakusten zuen bezala. Errusiar gehienek Behin-behieneko Gobernuaren jarraitzea eta ez uzkailtzea nahi zutela ondorioztatzea oso baieztapen ausarta da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Artikulu honetan erabilitako testuaren zati handi bat K17.eus webgunetik hartu da. Testu hori cc-0 lizentziarekin argitaratu da bertan.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Urriko Iraultza Aldatu lotura Wikidatan