Grizzly hartz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ursus arctos horribilis» orritik birbideratua)
Grizzly hartz
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaUrsidae
GeneroaUrsus
EspezieaUrsus arctos
Azpiespeziea Ursus arctos horribilis
Ord, 1815
Banaketa mapa

Grizzly hartza (Ursus arctos horribilis) munduko hartz arre azpiespezie handienetako bat da. Iparramerikako iparraldean bizi da. Abere bakartia da, baina izokinen arrautza errutearen denboraldian, erreka eta itsas kostaldean izokinez elikatzeko taldeetan elkartu ohi dira.

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, 55.000 grizzly basati inguru bizi dira Ipar Amerikan, gehienak Alaskan. Gutxi gorabehera AEBetako gainontzeko estatuetan 1.500 bakarrik daude: 800 bat Montanan eta 600 Wyomingen, Yellowstone aldean eta 70-100, Idahoko ipar eta ekialdean. Kanada eta AEBak kontuan hartuta, kalkulatzen da gaurko beren bizilekua behinola izandakoaren erdira murriztu dela. Adibidez, Kaliforniako banderan hartz hori ageri da, baina han jada ez dago alerik, azkena Fresno aldean 1922ko abuztuan hil baitzuten. Coloradon ez da hartzik ikusi 1979tik. Azpiespezieak legezko babesa du Mexikon, Kanadako leku batzuetan eta AEB osoetan; hala ere, birpopulazioa lortzea prozesu motela da.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez beste, arrek 22 urteko bizi itxaropena dute eta emeek, 26koa, arrisku gutxiago hartzen dituztelako. Orain arte, markarik luzeena 34 urtekoa da, barrualdean, eta 39, kostaldean. Gehienak bizitzako lehen urteetan hiltzen dira, harrapakaritza edo ehiza dela-eta. Gatibutasunean, 44 urte arte bizi izan dira.

Grizzlyek 5-7 hilabeteko hibernazioa egiten dute urtaen zehar, leku epeletan izan ezik: Kaliforniakoek ez zuten hibernatzen. Denbora horretan, emeak erditu egiten dira: horiek esnea hartu eta indarra pilatzen dute, irtengo direnerako. Denbora tarte horretarako prestatzeko, janari kopuru handiak kontsumitu behar dituzte, eta 180 kg inguru irabaz dezakete. Hibernazioan, ez dute iraizketarik egiten. Arrak martxo aldean irteten dira, eta emeak, apiril-maiatzean. Etzalekuak normalean 1.800 metrotik gora bilatzen dituzte, ipar-aurpegietan. Kostaldean, hartzek denbora laburragoa igarotzen dute etzalekuetan barrualdean baino.

Ernaldia 180-250 egunekoa da. Batez beste, bi kume izaten dituzte —ugalketa tasarik baxuena dute, Ipar Amerikako lur ugaztunen artean—, jaiotzean 450 gramoko pisua dutenak soilik , baina pisua azkar irabazten dute, 4.5 kg-tik 45 kg-ra bi urtean, amen ondoan pasatzen duten denboran. Emeek kumeak tinko defendatzen dituzte, mehatxua egonez gero. Amek hurrengo urteetan kumeak ikus ditzakete, baina alde bietatik elkar saihesten dute. Hazkuntza aldi horiek kenduta, grizzlyak animalia bakartiak eta biziak dira, baina kostaldean elkarretaratzen dira erreka, bai eta laku inguruetan, izokinak harrapatzeko.

Dietan, hala landareak nola okela dituzte. Batzuetan ugaztun handiak ehizatzen dituzte, baina sarriagotan kumeei eta animalia zaurituei eraso egiten diete, heldu osasuntsuei baino. Halaber, txoriak eta beren arrautzak jaten dituzte.

Gizakiekiko harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon apatxe bat hartzaren larruarekin.

Amerindiarrek hartzak errespetu eta beldurraren arteko nahasketaz begiratzen zituzten. Tarteka, hainbeste beldur eragiten zieten, non gizakiek ia ez zituzten ehizatzen. Horretarako, hamar gerlari ere behar ziren, eta zeremonia bat egiten zuten hori baino lehen, beste gizaki batzuen aurka gerra egiten zutenean bezala. Ohikoa zen indiarrak edo bidaiariak topatzea hartzek eragindako zauriren batekin. Mitologian ere hartzekin lotutako hainbat pasarte gorde dira.

Grizzlyak agresiboagotzat jotzen dituzte, hartz beltzekin konparaturik, batez ere kumeak babesten dituztenean. Kalkulatzen da hildako gizakien % 70 dela amek hartutako babes rol horre ondorioz.

Gizakien eta hartzen arteko mende askotako harremanek "hartz arazotsuak" sortu dituzte, giza jarduetara eta bizilekuetara egokituak, alegia.

Hartz behaketei dagokienez, Clark Aintziraren Parke Nazionala eta Babesgunea, Katmai Parke Nazionala eta Babesgunea eta Kodiakeko babesgunea (Alaska) oso leku egokiak dira grizzlyak ikusteko.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]