Edukira joan

Uso ehiza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uso ehiza
Datuak
Motajarduera

Uso ehiza pagauso edo uso migratzaileak ehizatzeko jarduera da, tradizionalki sareekin egin izan dena, eta Euskal Herrian Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Nafarroa Garaiaren arteko mendietako lepoetan egiten dena batik bat, pagausoek Europako iparraldeko herrialdeetatik Iberiar Penintsulara migratzen dutenean.

Kultura desberdinetan uso espezie desberdinekin egin izan da ehiza tradizionala sareekin.

Ipar Amerikako Ectopistes migratorius uso desagerrarazia, elikadura iturri zen amerindiarrentzat. Kontu hartzen zuten uso gazteak ez jotzeko, baina nagusiak saldoan harrapatzen zituzten habietatik urrun, sare handiekin, batzuetan 800 aldi berean.[1]

Polinesian, Tonga eta Samoa uharteetan bertako aristokraziari lotutako ehizako erritual eta denborapasa zen usoak ehizatzea, muino gain batzuetatik. Amarru desberdinekin usoak hegaldi baxu batera erakartzen zituzten eta modu desberdinetan harrapatu, tartean sare batzuekin [2]. Tongako ohitura 19. mendearen hasieran desagertu zen, Samoan iraun zuen 1930eko hamarkada arte.[3]

Suzko iskiluen zabalkundearekin usoen ehiza asko hedatu zen arma horiek erabiltzen hasi ziren kulturetan. Ectopistes migratorius amerikarraren kasuan, haren berri eman zuen lehen europarretako batek, René Laudonnièrek, kontatu zuen 10.000 inguru hil zituztela egun batzuetan arkabuzak erabiliz 1565ean [4]. Kolonizazioa hedatu ahala, tiroz espezie hura hiltzea hain erraza bilakatu zen, non eskopeta tiro batek sei ere hil zitzakeen. Ehiza kontrolatutako ekintzetarako usoak harrapatzeko sareak ere erabili ziren Estatu Batuetan: usoak bizirik harrapatu, eta gero ehiztari hautatuen aurrean askatu. Milioika uso migrarien saldoetatik estintziora joan zen espeziea 19. mendean.[1]

Usoak ehizatzeko plataforma, Tonga.
Ipar Amerikako Ectopistes migratorius usoen harrapaketa, estintzioaren kausa.
Usoak tiroz hiltzeko usategia, Pipaon (Araba).

Europan tiroz ehizatzearen ondorioz arriskuan jarritako espezie bat usapalarena da.[5]

Sare bidezko ehiza Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Usategietako sareak Etxalarren.
Paleta jaurtitzen (postal zaharra).
Oxkixeko lepoko usategia (Zuberoa).

Pirinioak gainditzeko usoek erabiltzen dituzten pasabideak ezagunak dira eta gune horiek modu intentsiboan ustiatzen dira. Etxalar eta Sara artean partekatzen duten mendian, irailaren 29tik, prestaketak hasten diren egunetik, azaroaren 20ra arte izaten da usoen denboraldia.

Lepoetako sareetara usoak bideratzeko, makilak edo zuriz margotutako egurrezko paletak jaurtikitzen zaizkie usoei, eta ehiztariak oihuka eta trapu zuridun makilak (xatar edo txatarrak [6]) astintzen dituzte usoak sareen kokapenetara bideratzeko asmoz, mendateko zuhaitzen artean usoei ihes egiteko bide posible bat badela sinestarazteko.

Hasieran erabilitako sareak kalamuzkoak ziren, arrantzaleen portuetan harilkatuak eta ehunduak. Astunak ziren eta egun hezeetan maniobratzeko zailak, baina haizearekiko oso erresistentzia gutxi eskaintzen zuten. Denborarekin kaiola itxurako nylonezko sareak agertu ziren. Askoz arinagoak dira, errazago maneiatzen dira harrapaketak berreskuratzeko eta gora egiteko, baina eragozpen txiki batzuk dituzte: nylonak eguzkitan dir-dir egiten du, eta arinagoak izanda haizeak errazago mugiarazten ditu, eta hori antzeman lezake usoak.

Paletak jaurtikitzen zaizkielarik, usoek hegazti harrapariekin erasoekin nahasten dituzten, eta senaz murgiltzen dira lurretik gertura, sareetan erortzeko.

Teknika honekin, 2022. urtean, 1.548 uso harrapatu zituzten Napal lepoan (Donaixti-Ibarre), 1.102 Landibarren, Oxkixeko lepoan 703, Bearnoko Lannen 282, Etxalar eta Sara artean 153 (gehienak Etxalarko usategietan), Alduden 86 eta Lekunberrin 57. Urte batzuk lehenago, toki horiez gain, Katagorena lepoan (Bortziriak) eta Behorlegin egin izan sare bidezko ehiza [7]. Urepele ere izan da ehiza toki tradizionala [6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Schorger, A. W.. (2004). The passenger pigeon: its natural history and extinction. Blackburn Press ISBN 978-1-930665-96-5. (kontsulta data: 2026-06-01).
  2. ↑ (Ingelesez) «Nofoaga seu lupe (Pigeon netting stool)» collections.tepapa.govt.nz (kontsulta data: 2026-06-01).
  3. ↑ Quintus, Seth; Clark, Jeffrey T.. (2019). «Ritualizing Hierarchy: Power Strategies and Pigeon Catching in Ancient Samoa» Journal of Anthropological Research 75 (1): 48–68. ISSN 0091-7710. (kontsulta data: 2026-06-01).
  4. ↑ (Frantsesez) Laudonnière, René Goulaine de. (1853). L'histoire notable de la Floride située ès Indes occidentales : contenant les trois voyages faites en icelle par certains capitaines et pilotes françois. Chez P. Jannet (kontsulta data: 2026-06-01).
  5. ↑ (Ingelesez) alena.klvanova. (2024-06-14). «PECBMS's contribution to the Turtle Dove protection» PECBMS (kontsulta data: 2026-06-01).
  6. 1 2 Etxebarria, Joanes. (2017-11-10). «“Ehiztari haragizaleak bagina, aspalditik utzia genuke” – Ipar Euskal Herriko Hitza» iparraldekohitza.eus (kontsulta data: 2026-06-01).
  7. ↑ Ttipi Ttapa. (2022-10-15). «Hamar dozena uso hartuta bukatu da ehiza denboraldia Etxalar usategietako sareetan - Mendialdea» Erran.eus (kontsulta data: 2026-06-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]