Usoa (Patxi Zubizarreta)

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Usoa" pertsonaiaren irudia (Elena Odriozola)

Usoa, jatorrizko izenez Kasai, Patxi Zubizarreta idazleak sortutako pertsonaia literarioa da. Usoa Afrikatik etorritako neska da, eta hari buruzko bost liburu argitaratu dira, Erein argitaletxearen eskutik. Liburu horietan, egilea bi ilustratzailerekin aritu da lanean: Asun Balzolarekin eta Elena Odriozolarekin.

Lehen liburua, euskaraz ez ezik, katalanez, gaztelaniaz, eslovenieraz, polonieraz, alemanez eta ingelesez argitaratu da.[1]

Patxi Zubizarreta idazlea

Usoaren inguruan argitaraturiko liburuei erreparatuz, prozesu nabari bat izan dela ikus daiteke. Izan ere, Usoa, Hegan etorritako neskatoa izeneko liburua, Patxi Zubizarreta idazlearen eta Asun Balzola ilustratzailearen elkarlanetik sortu zen, 1999.urtean. Gerora, berriz, Patxi Zubizarreta idazlea Elena Odriozola ilustratzailearekin hasi zen lanean, Usoa pertsonaiaren istorioei jarraipena eman nahian. Istorio horiek Euskaldunon Egunkarian argitaratzen zituzten, larunbatero, kontakizunak sortuz. Azkenik, liburuak egitea erabaki zuten, eta lan horretatik atera ziren gaur egunean ezagutzen ditugun Usoaren inguruko gainerako lau liburuak, bilduma[2] bat osatzen dutenak: Lehen kanpamendua (2002), Zelatan (2002), Karpeta morea (2003) eta Bidaia kilikagarria (2003).

Bost liburu horien bidez, Patxi Zubizarretak Usoaren istorioa eta bizipenak kontatzen dizkigu.

Gaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu hauetan zehar Usoa izeneko neskatoaren nondik norakoak aurkezten dizkigu Patxi Zubizarretak, Usoa izanik liburu guztiak lotzen dituen pertsonaia nagusia. Modu horretan Usoak bizi izandako abenturen testigu bilakatzen da irakurlea. Horrez gain, liburu hau itxaropenari, elkarlanari eta kultura eta erlijio ezberdinetako pertsonen arteko adiskidetasunari irekitako istorioa dugu,[3] horri loturiko hainbat erreferentzia aurkitzen baitira liburuan zehar: etorkinak, guraso bananduak, kulturartekotasuna, eta abar. Hona hemen:

  • Hasteko, Usoa neska etorkina dela kontuan hartu behar da. Izan ere, Usoa Afrikan jaiotako neskatoa da eta txikia zenean Euskal Herrira etorri zen bizitzera. Hori kontuan izanik, liburuetan zehar Usoak bere Afrikako amaren inguruan izaten dituen oroitzapenak askotarikoak izaten dira.
  • Bestalde, Usoaren lagun mina den Iratiren kasuan, bere gurasoak banandurik daude eta liburuko zati askotan horri egiten zaio erreferentzia. Era berean, Iratik egoera honekiko erakusten duen jarrera ere aintzat hartzekoa da, bere izaera ulertzeko ezinbestekoa izanik.
  • Azkenik, Karpeta Morea izeneko liburuan, kulturartekotasunari erreferentzia garbia egiten zaiola ikus daiteke. Liburu honetan zehar, Usoak bere izena aldatzea erabakitzen du, Afrikan zuen izena ipiniaz (Kasai). Gainera, Afrikako jantzi adierazgarriak janztea erabakitzen du, esaterako, buruko zinta.

Ondorioz, aniztasuna modu zabalean lantzen dela esan daiteke.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usoaren inguruko deskribapena egiterako orduan, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan. Aspektu fisikoari dagokionez, Usoa neska gaztea da, azal kolore beltzarana duena, ile beltza duena eta altueraz ertaina dena.

Izaera hau du:

  • Ausarta: Usoa etorkina den haur bat da eta beraz, txikia izanik, beste testuinguru ezezagun batera egokitu behar izan zuen. Horrelako egoera askotan, pertsona askok, ezezagunak diren testuinguru batera joatean, beldurtu eta itxi egiten dira. Baina hau ez da Usoaren kasua, uneoro oso neska ausarta dela erakusten baitu, beldurrik ez duena.
  • Alaia: Liburu guztietan zehar Usoa oso neska alaia dela ikus daiteke. Izan ere, bere lagunekin burutzen dituen ekintzen bidez oso ondo pasatzen du eta beti barrezka dabil.
  • Lagunkoia: Bere lagunen laguna da. Irati da bere lagunik hoberena eta elkarrekin oso ongi moldatzen dira. Gainera, Usoak Iratiri asko laguntzen dio liburu osoan zehar, honen gurasoen egoera dela eta; izan ere, Iratiren gurasoak banandurik daude eta liburuko pasarte batzuetan horretaz gogoratu eta triste sentitzen da. Bestalde, aipatu behar da Usoa neska oso irekia dela, eta lagunak egiterako orduan erraztasun handia erakusten duela. Esate baterako, Lehen kanpamendua izeneko liburuan, Usoak Manex ezagutzen du eta lagun oso onak egiten dira; elkarrekin abentura asko partekatzen dituzte.
  • Jakin-min handikoa: Bere inguruan gertatzen denarekiko interes handia erakusten du, eta hori oso ongi ikus daiteke Lehen kanpamendua izeneko liburuan, non Usoak gertatzen diren gertaeren inguruko interes handia erakusten duen (desagertutako mutikoaren kasua, banketxeko lapurreta, etab.).
  • Argia: Usoa neska oso argia da. Adibidez, Lehen kanpamendua izeneko liburuan berak argitzen du zeinek duen haurra bahiturik, baita nork burutu zuen banketxeko lapurreta ere.

Era berean, Usoaren deskribapena egiterako orduan, aipaturiko adjektibo guzti horiez gain, badaude esanguratsuak diren beste pare bat ezaugarri ere, Usoa gehiago ezagutzen laguntzen dutenak:

  • Hiztegi propioaren erabilera: Usoaren inguruan idatziriko azken lau liburuetan, amaieran hiztegi baten katalogoa azaltzen da. Hiztegi hau Usoa eta ere lagun mina den Iratiren hitzez josirik dago. Izan ere, euren artean komunikatzerako orduan, eurek sorturiko hitzak erabiltzen dituzte eta honek irakurgaiari aberastasun lexiko bat ematen diola esan daiteke eta irakurketa arintzen laguntzen du. Gainera, sormena lantzeko ere oso baliagarria izan daiteke. Hona hemen hitz horietako batzuk, Lehen kanpamendua liburutik hartuak:
  1. Balekibale: badaezpada ere.
  2. Ferafutro: oso azkar, oso agudo, tximistaren pare.
  3. Lasanoforos: berez, pertsieraz, pixontzia; bi lagunentzat, ostera, kaka zaharra, kaka morralean.
  4. Txanbelina: apaina, liraina, fina.
  5. Zalamandrana: emakume itsusi eta zarpazikina.
  • Zoriontasuna ehunekotan neurtu: Usoak egunero zoriontasuna ehunekoetan neurtzeko ohitura du. Horren arabera, egunean zehar zoriontsua izan den edo ez ondorioztatzen du eta datozen egunetan zoriontsuago izateko nahia erakusten du.

Liburuen azalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1) Usoa, Hegan etorritako neskatoa (1999)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua "atipikoki laburra" dela dio idazleak. Izan ere, telebistan Afrikako gerra bati buruzko dokumental batek sortu zion zirrara berezitik egindako lana da. Hau Erein argitaletxeak argitaratu zuen 1999.urtean, "Siberia Treneko ipuinak" bildumaren baitan, eta 9 urte geroago, argitaletxe berberak, "Mandolina" bildumaren barnean.

Patxi Zubizarreta. Usoa, Hegan etorritako neskatoa liburuko zati bat irakurtzen.

Bertan, Afrikatik etorritako neskatoari buruzko istorio luzeari hasiera ematen dio. Usoa, hegazkinean Afrikatik Bilboraino etorri ondoren, bikote euskaldun batek adoptatuko du. Kukuak ere horrela etortzen dira udaberrian Euskal Herrira, eta idazleak hori aprobetxatuz, Usoari buruzko sentimenduak helarazten ditu modu metaforiko batean.

Adopzioaren gaia azaltzen duen ipuin sinple eta hunkigarri gisa deskriba daiteke liburua[3]. Hizkera poetiko baten bidez gerraren drama eta miseriak ikus daitezke eta, horrekin batera, adopzioa bezalako kontuak ikustarazten dizkigu ipuin honek.

Patxi Zubizarretaren "Usoa" liburuan oinarritutako izen bereko euskarazko film laburra egin du Maria Zamakola zuzendari donostiarrak.[4]. Sarean ikusgai [1]

  • Informazio orokorra: 8-10 urteko haurrentzat gomendagarria. Guztira 32 orrialde.[5][6]

2) Usoa, Lehen kanpamendua (2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu honetan Usoa bere lagun Iratirekin lehen kanpamendura doa. Irrika biziz abiatzen dira, inoiz ez baitira kanpamendu batean izan: lagun berriak egiteko aukera, agian lehen musuak, etab. Bertan Manex izeneko mutiko bat ezagutzen dute; hiru pertsonaien nondik norakoak azaltzen dira liburu honetan. Baina, dena ez da polita izango; izan ere, haur baten bahiketa gertatzen da eta herriko banketxean, berriz, lapurreta. Usoak zeresan handia izango du hauek argitzerako orduan. Gainera, liburuan zehar altxor baten berri ere ematen da.

Ondorioz, ipuin honetan kontraste handia hautematen dela esan daiteke: alde batetik lehen kanpemendu batera joateak sorrarazten duen ilusioa, eta bestetik, gertakari ilunen gaineko kezka.

  • Informazio orokorra: 10-13 urteko haurrentzat gomendagarria. Guztira 112 orrialde.[7][8]

3) Usoa, Zelatan (2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usoa Zelatan dauka izena liburuak; izenburu honen jatorria da Usoak bere lagun mina den Iratiri zer gertatzen zaion jakin nahi duela. Usoa eta bere laguna den Manexek ikerketa bat abiatzen dute misterioa argitzeko asmoz. Liburu honen bitartez, idazleak zenbait familiaren egoera zailak islatzen ditu, baita egoera horiek dakartzaten ondorioak zeintzuk diren ere, zeinak kasu askotan ezkutuan mantentzen diren. Bestalde, laguntasuna eta elkarlana bezalako zenbait balore ere trasnmititzen dira Afriktaik hegan etorritako gaztetxoaren ikerketaren bitartez. Liburu honen ezaugarri nagusienetariko bat enpatizatzeko duen ahalmena da. Usoak modu argi eta zehatzean azaltzen ditu zeintzuk diren bere usteak eta pentsamenduak, irakurleari liburuarekin eta pertsonaiarekin enpatizatzeko eta konektatzeko aukera emanez.

Beste liburu guztietan bezala, Usoaren jatorrizko herrialdeari erreferentziak egiten zaio liburuan honetan ere, kulturartekotasuna lantzeko asmoa azalduz eta irakurleei horrelako egoeretan aurkitzen diren gazteen bizitza zer nolakoa den ikustarazteko asmoz.

Liburuan zehar, beraz, honako atalak lantzen dira: Iratiren gurasoen arteko gatazkak, Usoak eta Manexek abiatzen duten ikerketa, eskolatik kanpo ematen diren gertakizunek zer nolako ondorioak ekartzen dituzten ikasleengan, etab.

  • Informazio orokorra: 10-13 urteko haurrentzat gomendagarria. Guztira 112 orrialde.[9][10]

4) Usoa, Karpeta morea (2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu honetan Usoak urte berriari hasiera berezia ematen dio. Urte berriko festa batera doaz eta bertan gertatutako ezbehar baten ondorioz Usoa zigortu egingo dute gurasoek. Zigor hori etxean bete behar du, eta aspertuta dagoen une batean, Usoak karpeta more bat aurkitzen du eta bertan berari buruzko informazioa…eta Afrikako bere jatorrizko familiaz. [3], Jakin-minak bultzaturik haiei buruz gehiago jakin nahi izango du, eta horrela are gehiago jakingo du gerraren krudelkeriaz, bi gizarteen arteko harremanaz.

Beste liburuetan bezala, protagonista nagusiak sentimenduak behin eta berriz azaleratzen ditu eta, idazleak, irakurleek Usoarekin enpatizatzea lortzen du.

  • Informazio orokorra: 10-13 urteko haurrentzat gomendagarria. Guztira 108 orrialde.[11][12]

5) Usoa, Bidaia kilikagarria (2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usoaren urtebetze eguna dela medio, opari txundigarri bat egiten diote: Eskandinaviarako bidaia. Eta bidaia horretara gurasoekin batera joango da. Liburuan, beraz, bidaia horren berri ematen du idazleak. Bidaian zehar hainbat bidaiari ezagutzen dira, guztiak ezberdinak: misteriotsuak, erakargarriak, etab. Gainera, bidaia honek ere bere momentu arriskutsuak izango ditu, baita umorea nagusitzen den zenbait pasarte ere. Labur esanda, Usoak bidaia kilikagarria biziko du.

  • Informazio orokorra: 10-13 urteko haurrentzat gomendagarria. Guztira 96 orrialde.[13][14]

Egilea: Patxi Zubizarreta (1964)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Zubizarreta

Patxi Zubizarreta Dorronsoro Euskal Filologiako ikasketak burutu zituen euskal idazlea da. Izan ere, bere ospea gehienbat Haur eta Gazte Literaturaren esparruan eginiko lan oparoek eman diote, nahiz eta helduen literaturan, itzulpengintzan eta kolaboratzaile lanetan ere aritu izan den.

Gainera, arestian aipatu bezalaxe, Haur eta Gazte Literaturaren alorrean idazle oparoa izan da Patxi. Horren erakusle adierazgarrienak esparru honetan eskuraturiko sariak izan dira: 1997an Euskadi Saria jaso zuen Gizon izandako mutila lanarekin, 2006an CCEI Saria Sola eta Sincola liburuarekin, 2006an Euskadi Saria Pantaleon badoa lanarekin eta Haur Literaturako XX. Ala Delta Saria Xia Tenzinen bidaia miresgarria lanarekin.

Patxi Zubizarreta, bere burua aurkeztuz.

Horrez gain, Xia Tenzinen bidaia miresgarria izeneko liburuko atzealdean ikus daitekeen bezala, honelaxe definitzen du Patxi Zubizarretak bere burua 24 hitzetan: “Izena dut laburra eta abizena luzea, nire luma ttikia da, baina honen tinta berdearekin istorio handiak eta Ibai Horia bezain bidaia luzeak idatz ditzaket. Hauxe nauzue 24 hitzetan.”

Ilustratzaileak: Asun Balzola eta Elena Odriozola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asun Balzola

Asun Balzola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Asun Balzola»

Asun Balzola (Bilbo 1942-2006 Madril) hainbat euskal liburu ilustratu dituen euskal irudigile ezagunenetarikoa izan zen. Bere lan ospetsuenetakoak beste askoren artean ondorengoak dira: Munia bilduma, Marta uda haren ostean, Euli zamarroa eta Indiana Jonsen zamarra. Haurrentzako literaturaz gain beste era bateko lanak ere burutu zituen Asunek, hala nola, El pais egunkariarentzat lan egin zuen, diseinu grafikoan edota publizitatean.[15]

Azkenik, arestian aipatu bezalaxe, Patxi Zubizarretak idatzitako Usoa hegan etorritako neskatoa ilustratu zuen 1999.urtean. Bilduma honetan berak ilustratutako liburu bakarra da honakoa eta Elena Odriozolak ilustratukoekin alderatuz desberdintasun ugari behatu daitezke. Besteak beste, protagonista bera irudikatzen duten modua erabat desberdina da, irudiek marrazturik ez dagoena ikustarazten diguten bezala.[3] Atzealdeari dagokionez, ilustratzaileak giza irudien inguruak ilustratzerako orduan, kolore ugari eta biziak erabiltzen ditu. Azkenik, bildumako beste liburuetako ilustrazioekin alderatuz, trazu lodiagoak erabiltzen ditu marrazkigile honek.

Elena Odriozola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Elena Odriozola»
Elena Odriozola

Elena Odiozola (Donostia, 1967, - ) euskal ilustratzaile ezagunetariko bat da. Guztira 60 liburu baino gehiago ilustratu ditu; ez soilik Euskal Herrian, baita Espainian eta nazioartean ere. Ilustratzaile gisa eginko lanez gain, diseinu lanetan ere aritu da Odriozola, eta horietatik lan esanguratsuenak honakoak direla esan daiteke: literatura munduari lotuta dagoen Galtzagorri elkartearen logoa (2003), eta beraien egitasmo baten logoa, Bularretik Mintzora (2007) izenekoa.

Azkenik, Usoari erreferentzia eginez, Usoaren azken lau liburuak berak ilustratu zituen. Orri zurien gaineko ilustrazioak direnez, gehiago nabarmentzen dira. Horrez gain, pertsonaiak koloreztatzeko orduan, marradun arropak edo kolore biziko osagarriak erabiltzen ditu. Berak dioen bezala "nik nahi dudana sentimenduak eta emozioak ahalik eta minimoarekin espresatzea da".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «EHUTB - PATXI ZUBIZARRETA» ehutb.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  2. «Usoa | Erein» www.erein.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  3. a b c d Txantiloi:Euskara, galegoa Xabier Etxaniz, Usoa, hegan etorritako neskatoa. (). Multiculturalismo e identidades permeábeis na Literatura infantil e xuvenil, Biblioteca central de Miguel de Cervantes. , 229-249 or. ISBN 821.134.2-93.09. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  4. «KUKUAK KUKU, USOAK ELEFANTEEKIN AMETS» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  5. (Gaztelaniaz) Usoa, hegan etorritako neskatoa. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  6. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
  7. (Gaztelaniaz) Usoa - Lehen kanpamendua. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  8. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
  9. (Gaztelaniaz) Usoa - Zelatan. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  10. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
  11. (Gaztelaniaz) Usoa - Karpeta morea. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  12. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
  13. (Gaztelaniaz) Usoa - Bidaia kilikagarria. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
  14. «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
  15. «Irudigileak - Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2018-04-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]