Võro
| Võro | |
|---|---|
| võro kiil | |
| Datu orokorrak | |
| Hiztunak | 74.499 (2011) |
| UNESCO sailkapena | 3: arriskuan |
| Araugilea | Võroaren Institutua |
| Hizkuntza sailkapena | |
| giza hizkuntza uraldar hizkuntzak Ugrofinlandiar hizkuntzak Fino-permiar hizkuntzak Fino-volgaitar hizkuntzak hizkuntza fino-samiak hizkuntza baltiar-finlandiarrak South Estonian (en) | |
| Informazio filologikoa | |
| Hizkuntza-tipologia | hizkuntza eranskaria eta SOV hizkuntza |
| Alfabetoa | latindar alfabetoa |
| Hizkuntza kodeak | |
| ISO 639-3 | vro |
| Glottolog | voro1243 |
| Wikipedia | fiu-vro |
Võroa (võroz: võro kiil[1], NAF: [ˈvɤro kʲiːlʲ]) Estoniako hego-ekialdean hitz egiten den hego estoniera taldeko hizkuntzetako bat da. Historikoki, hego estonieraren dialektotzat hartu izan bada ere, berezko literatura duen hizkuntza bat da.[2] Ez du ofizialtasunik, baina hiztunak Estoniako Gobernuari eskatzen ari zaizkio Estoniako jatorrizko hizkuntza gisa aitor dezan.[2] 2011ko datuen arabera, 75.000 hiztun inguru ziren,[3] gehienak võro etniakoak. Gehienak Estoniako hego-ekialdean bizi dira, Võruko konderri historikoko zortzi landa-udalerriotan: Karula, Harglõ, Urvastõ, Rõugõ, Kanepi, Põlva, Räpinä eta Vahtsõliina. Lurralde-berrantolaketen ondoren, udalerri horiek Võruko eta Põlvako konderrien artean daude. Horrez gain, badira võro hiztun batzuk Tallinn eta Tartu bezalako Estoniako hiri handietan.[4]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Võroa antzinako hego estonieratik datorren hizkuntza da. Ipar estonierazko dialektoak oinarri dituen estoniera estandarretik hurrunen dagoena da. Garai batean, võro hizkuntza Võroko konderri historikoaren hegoaldera eta ekialdera hedatzen zen, hego estoniera hitz egiten zen Ludzako, Leivuko eta Kraasnako inguruetan.
Hego estonieraren lehenengo idatzizko erregistroetako bat 1686an argitaratutako Itun Berriaren (Wastne Testament) itzulpena da. 1880ko hamarkadaren ondoren hego estonierak atzera egin zuen, baina 1980ko hamarkadaren amaieran berpizten hasi zen.[5]
Egungo egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, Estoniako antzerkigile, poeta eta egile ezagunenetako batzuk võroa erabiltzen dute beren lanetan, hala nola Madis Kõiv, Ülle Kauksi, Jaan Kaplinski eta Ain Kaalep. Gainera, hamabost egunean behin argiratatzen den egunkari formatuko võrozko aldizkari bat ere badago: Uma Leht. Bestalde, hogeita sei eskola publikok võrozko ikastaro bereziak eskaintzen dituzte, gehienak eskolaz kanpokoak.
2004ko Eurovision Abesti Lehiaketan, Neiokõsõ musika-taldeak, Estonia ordezkatu zuenak, võroz kantatu zuen Tii kanta.
Hala ere, hizkuntza arriskuan dago UNESCOren arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlas interaktiboak erakusten duenez.<ref> Moseley, Christopher; Nicolas, Alexandre. (2010). Atlas of the world's languages in danger. UNESCO ISBN 978-92-3-104096-2. (kontsulta data: 2026-04-11).}<ref>
Alfabetoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Võroak latindar alfabetoa erabiltzen du, estonierak eta finlandierak —ahaide hurbilak ditu— bezalaxe. Hona letrak eta soinuak:
| А /ɑ/ | B /p/ | C /t͡s/ | D /t/ | E /e/ | F /f/ | G /k/ | H /h/ | I /i/ | J /j/ | K /k/ |
| L /l/ | M /m/ | N /n/ | O /o/ | P /p/ | Q /ʔ/ | R /r/ | S /s/ | Š /ʃ/ | T /t/ | U /u/ |
| V /v/ | W /v/ | Õ /ɤ/ | Ä /æ/ | Ö /ø/ | Ü /y/ | X /ks/ | Y /ɨ/ | Z /s/ | Ž /ʃ/ | ´ /◌ʲ/ |
Letra gehienek (Ä ä, Ö ö, Ü ü eta Õ õ barne) soinu bera adierazten dute, bai võroz, bai estonieraz. Hala ere, salbuespen batzuk daude. Adibidez, Q q letrak glotis-etenaldia adierazten du /ʔ/, eta, Y y-k, berriz, ɨ, errusierazko ы bokalaren antzeko soinua da (2005az geroztik, Õ õ idazten dena).
Kontsonanteen palatalizazioa azentu zorrotz (´) edo apostrofo (' edo ʼ) batekin markatzen da. Tipografia zuzenean eta eskuz idaztean, sabaikaritze-ikurrak ez du letra larrien altuera gainditu behar, Ń, Ŕ, Ś, V́ eta antzeko letra larriekin izan ezik. Oro har, letraren gainean doa (adibidez, ǵ, ḿ, ń, ṕ, ŕ, ś, v́), baina letrak goi mutur tipografikorik ez badu, letraren eskuinean idazten da (ikus itez b', d', f', h', k', l', t'). Iturri batzuetan, ordea, sabaikaritze-ikurra kasu guztietan letraren ondoren jartzen da, apostrofo batekin.
Fonologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bokalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Aurrekoak | Atzekoak | |||
|---|---|---|---|---|
| biribildugabea | biribildua | biribildugabea | biribildua | |
| Itxiak | i | y | ɨ | u |
| Erdikoak | e | ø | ɤ | o |
| Irekiak | æ | ɑ | ||
Kontsonanteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Biezpainkariak | Albeolarrak | Sabaikariak | Belarrak | Glotalak | ||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| lehorrak | bustiak | lehorrak | bustiak | lehorrak | bustiak | lehorrak | bustiak | |||
| Sudurkariak | m | mʲ | n | nʲ | ŋ | ŋʲ | ||||
| Leherkariak | p | pʲ | t | tʲ | k | kʲ | ʔ | |||
| Afrikatuak | ts | tsʲ | ||||||||
| Igurzkari | ahoskabeak | f | fʲ | s | sʲ | h | hʲ | |||
| ahostunak | v | vʲ | ||||||||
| Hurbilkariak | l | lʲ | j | |||||||
| Dardarkariak | r | rʲ | ||||||||
Võrozko kontsonante-hots gehienak palataliza daitezke. Salbuespenak /j/ eta /ʔ/ hotsak dira. Glotis-etenaldia (q letra, /ʔ/) oso ohikoa da.
Gramatika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atzizkiak amaierako bokal-harmonia aldaeran bakarrik erakusten dira. Ilatiboko -e atzizkiak ez du bokal-harmoniarik, eta, horren ondorioz, ez da inoiz õ bihurtzen.
Atzizki ohikoenak bakarrik ageri dira taulan.
| Kasua | Singularreko atzizkia |
Pluraleko atzizkia |
Esanahia / erabilera |
|---|---|---|---|
| Nominatiboa (nimekäänüs) | -∅ | -q | Subjektua |
| Akusatiboa | -∅ | Objektu telikoak / osoak | |
| Genitiboa (umakäänüs) | -i, -(i)dõ | Edukitze, harremana | |
| Partitiboa (osakäänüs) | -∅, -d, -t | -i, -id, -it | Objektu atelikoak / partzialak |
| Ilatiboa (sissekäänüs) | -∅, -he, -htõ | -i, -(i)he, -dõhe | Barruranzko higidura |
| Inesiboa (seenkäänüs) | -(h)n | -i(h)n, -(i)dõ(h)n | Ekintza zer lekutan gertatzen den |
| Elatiboa (seestkäänüs) | -st | -ist, -(i)dõst | Barrutik kanporanzko higidura |
| Adlatiboa (päälekäänüs) | -lõ | -ilõ, -(i)dõlõ | Nora |
| Adesiboa (päälkäänüs) | -l | -il, -(i)dõl | Gainean edo ondoan |
| Ablatiboa (päältkäänüs) | -lt | -ilt, -(i)dõlt | Nondik / norengandik |
| Translatiboa (saajakäänüs) | -s | -is, -(i)dõs | Bihurtzea |
| Terminatiboa (piirikäänüs) | -niq | -iniq, -(i)dõniq | Noraino |
| Abesiboa (ilmakäänüs) | -ldaq | -ildaq, -(i)dõldaq | Gabe, barik |
| Komitatiboa (ütenkäänüs) | -gaq | -igaq, -(i)dõgaq | Norekin, zerekin |
Adibide idatziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko lehen atala võroz:
- Kyik inemiseq sünnüseq vapos ja ütesugumaidsis uma avvo ja õiguisi poolõst. Näile om annõt mudsu ja süämetunnistus ja nä piät ütsʼtõõsõga vele muudu läbi käümä.
Estoniera estandarrarekin parekatuta:
- Kõik inimesed sünnivad vabadena ja võrdsetena oma väärikuselt ja õigustelt. Neile on antud mõistus ja südametunnistus ja nende suhtumist üksteisesse peab kandma vendluse vaim.
Eta finlandierarekin:
- Kaikki ihmiset syntyvät vapaina ja tasavertaisina arvoltaan ja oikeuksiltaan. Heille on annettu järki ja omatunto, ja heidän on toimittava toisiaan kohtaan veljeyden hengessä.
Euskaraz:
- Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta, ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.
Grabazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Egle hizketan.
- Sulev hizketan.
- Jaan hizketan.
- Maarika hizketan.
- Toomas hizketan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Ethnologue. Võro. (kontsulta data: 2026-04-10).
- 1 2 Juaristi, Patxi. (2006). «Hizkuntza aniztasuna Europar Batasunean» Euskera 2006 (Euskaltzaindia) 2. liburukia: 896 or.. (kontsulta data: 2026-04-10).
- ↑ (Estonieraz) Statistikaamet, Pub.stat.ee. Eesti Emakeelega Püsielanikud Murdekeele Oskuse Ja Soo Järgi, 31. Detsember 2011. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-07-03) (kontsulta data: 2026-04-10).
- ↑ (Ingelesez) Saar, Evar. «Võro language» Võroaren Institutua (kontsulta data: 2026-04-10).
- ↑ (Ingelesez) Koreinik, Kadri. (2013). 23. The Võro language in Estonia: ELDIA Case-Specific Report. , 10. or. or. (kontsulta data: 2026-04-11).