VAX
| VAX | |
|---|---|
| ordenagailua eta prozesatzeko unitate zentrala | |
| Fabrikazioa | |
| Fabrikatzailea | Digital Equipment Corporation |
| Diseinatzailea | William D. Strecker (en) |
| Historia | |
| Sorrera | 1977ko urriaren 25a |
| Sistema eragilea | OpenVMS, Ultrix (en) |
VAX (virtual address extension esaldiaren akronimoa) CISC arkitekturako mini-konputagailua da, PDP-11ren ondorengoa, Digital Equipment Corporation-ek ekoitzia. Bere jatorrizko izena VAX-11 zen (Virtual Address Extended PDP-11). 1977ko urriaren 25ean merkaturatu zen, eta 32 biteko arkitekturako lehen makina komertziala izan zen. Hori dela eta, mugarri nabaria da konputazioaren historian. Lehenengo VAX-11/780 modeloa Carnegie Mellon Unibertsitatean instalatu zuten.[1] Zerbitzari moduan lan egiten zuen eta urrunetik konektatzen ziren terminaletako komandoen bitartez ematen zitzaizkien aginduak.
Haren sistema eragilea, VMS (gero OpenVMS deitua), makinarekin batera sortu zen. Bere garairako oso ezaugarri berritzaileak zituen, bereziki clustering sistema iraultzaile bat.
Memoria-memoria motako makina bat da VAX, erabilera orokorreko erregistroak dituena. 32 biteko 16 erregistro ditu (R0,...,R15). PC (Program Counter, euskaraz: «programa-kontagailu») eta SP (Stack Pointer, euskaraz: «pilako erakusle») R15 eta R14 erregistroak dira, hurrenez hurren, helbideratze-moduetan aldakortasun eta potentzia handiagoa lortzeko erabiltzen zirenak. R13 eta R12 ere nabarmentzekoak dira. Lehenengoa FP moduan erabiltzen da (Frame Pointer, euskaraz: «esparru-erakusle»), bigarrena AP moduan erabiltzen da (Argument Pointer, euskaraz: «argumentu erakusle»). Bi erregistro horiek bereziki erabilgarriak dira prozedurak erabiltzen direnean eta deian sortutako pilako informaziora sartu behar denean eta gero errutina edo prozedura exekutatu ondoren itzultzeko.
VAX sistemak 32 biteko P.S.L bat du (Proccesor Status Longword, euskaraz: «prozesadorearen' egoera-hitz luze»). Azken lau bitak Z (zero), N (negatiboa), V (gainezkatzea) eta C (garraiatzea) kondizioen bitak dira.
Makina horrek aldakortasun eta potentzia handia du datu mota desberdinak maneiatzeko orduan. 1-8 byteko tamaina duten zenbaki osoak, sinpleko koma flotatzaileko zenbakiak (4 byte) eta doitasun bikoitzeko zenbakiak (8 byte), karaktereak, kateak eta baita BCD (Binary Coded Decimal) zenbakiak ere prozesatzeko gai da.[2]
PDP-11 konputagailuarekin alderatuta, hobekuntza ugari ditu. Horien artean, cache memoria bat eta koma higikorreko unitate bat (aukerakoa). Murriztapenei dagokienez, desabantaila bat du: memorian ostatatutako jarraibideetara sartzeko lerrokatzerik ez badago, baliabide horretarako sarbideak motelagoak dira.
VAXen azken modeloak (7000 eta 10000 modeloak) 1992an merkaturatu ziren, 1997ra arte zenbait aldaketa egin baziren ere. Produktu-lerroa eten zen 1999an, eta orduan zurrumurrua zabaldu zen geratzen ziren unitate guztiak Intelek erosi zituela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Slater, Robert. (1987). Portraits in Silicon. MIT Press, 213 or. ISBN 978-0-262-69131-4..
- ↑ Payne, Mary; Bhandarkar, Dileep. (1980). «VAX floating point: a solid foundation for numerical computation» ACM SIGARCH Computer Architecture News (ACM) 8 (4): 22–33. doi:. ISSN 0163-5964..