Vandenboschia speciosa
Vandenboschia speciosa | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Polypodiopsida |
Ordena | Hymenophyllales |
Familia | Hymenophyllaceae |
Generoa | Vandenboschia |
Espeziea | Vandenboschia speciosa Kunkel, 1966 |
Basionimoa | Trichomanes speciosum |
Vandenboschia speciosa (sinonimoa Trichomanes speciosum) Hymenophyllaceae familiako iratze espezie bat da.
Europa mendebaldean aurkitzen da, baina Euskal Herrian espezie paleotropikalaren adibide da, antzinako garaietatik toki zehatz batzuen babesean mantendu dena.[1]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carl Ludwig von Willdenow botanikari alemaniarrak deskribatu zuen 1810an Species Plantarum liburuaren laugarren edizioan Trichomanes speciosum Willd. izenarekin. Tenerifen aurkitu zuen deskribaturiko alea.[2]
1966an Günther Kunkel botanikari alemaniarrak izen berria eman zion, Vandenboschia speciosa, eta aurrekoa basionimo bihurtu zen. Gaur egun horrela izendatzen da; Vandenboschia speciosa (Willd.) G. Kunkel. Ber. Schweiz. Bot. Ges. 76: 48 (1966).[3]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Generoaren Vandenboschia izenak Roelof Benjamin van den Bosch (1810-1862) botanikari eta pteridologo herbeheretarra omentzen du. Espeziearen speciosa edo speciosum izena latinetik dator eta "ederra" edo "itxura onekoa" esan nahi du.[3][1]
Sinonimoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat sinonimo ditu:[3]
- Trichomanes speciosum
- Trichomanes radicans
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errizoma luzea duen iratzea da. Errizoma horizontalean garatzen da eta fina izaten da, 3 mm inguruko diametroa duena. Frondeak elkarrengandik bereizi samar ateratzen dira. 10-40 cm-ko altuera hartzen dute. Pezioloa linboa bezain luzea izaten da eta lamina triangeluarra da.[3]
Fronde horien adarkadura bitxia da, lamina triangeluarretan txertaturiko hostotxoak dirudite. Laminak berdeak badira ere zeharrargiak dira, izan ere Hymenophyllaceae familiako espezieek zelula bakarreko geruza finak izan ohi dituzte[1]. Horregatik hezetasun handia behar dute, lehorraldian berehala lehortzeko arriskua baitute.[4]
Esporak garatzen diren soroak frondearen azpialdean garatzen dira, hostotxoen ertzetan.[3]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan jatorria duen arren Makaronesiako uharteetako (Kanariak, Madeira, Azoreak) klimari hobeki egokitzen zaion landarea da. Tenperatura egonkorra behar du eta hezetasun handia[1]. Euskal Herrian errekastoetako ur-jauzietan eratzen diren zulogune ilunetan agertzen da, oso giro babestuan eta hezean.[5] Euskal Herriko lehenengo alea 1885ean aurkitu zuen Zeiller botanikariak Biriatuko mendietan.[1]
Gainerako Europa mendebaldeko populazioekin konparatuta, iratze bitxi honen populazio kopurua nahiko handia da Euskal Herrian. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hainbat populazio aurkitzen dira, beti ere errekastoen ertzean, eta 30 eta 500 metro arteko altueran[5]. Jaizkibelen adibidez banbu landare batzuen itzalean aurkitzen da.[6] Gorbeian errekasto laiotzetan bada populazio bat[7], Pagoetan eta Izarraitzen haltzadietan agertzen da[8] eta Lapurdiko erroitzetan ere ikusten da.[9]
Ugalketa eta bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare bizikorra da, errizomatik zurtoin berriak ateratzeko gaitasuna du. Euskal Herriko iratze hauek nekez garatzen dituzte esporangioak, eta garatzekotan ere nekez heltzen da espora. Heltzekotan uda betean izan behar da, ekaina eta abuztua bitartean.[5]
Euskal Herrian Vandenboschia speciosa iratzearen esporofitoa soilik ezagutzen zen. Azken hamarkadetan gametofitoa aurkitzeko laginketa handiak egin dira Jaizkibelen eta Urumearen arroan eta lortu dute helburua. Gametofitoak goroldioaren antza du eta erreka ertzeko zulorik ilunenen barnean ezkutatzen da.[1]
Mehatxuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iratze honen populazioak oso txikiak izaten dira eta baldintza oso zehatzak dituzten habitatetara mugatuta daude. Basogintza jarduerak errekastoak moztu eta desbideratzen baditu populazioa galdu egingo da, bai eta hondarrak errekastoaren ibilbidea mozten badu ere. Horregatik Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "kaltebera" kategorian sailkaturik dago.[5]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f «Gure erreketako altxor ezkutua» Argia (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ «Tropicos» tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Vandenboschia speciosa (Willd.) G. Kunkel» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ Txantiloi:Es-CO bioexploradores_farallones. (2025-02-14). «Helechos traslúcidos - orden Hymenophyllales - Biodiversidad Farallones del Citará» farallonesdelcitara.bioexploradores.com (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ a b c d «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ «Iratze paleotropikalak Jaizkibelen» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
- ↑ «Macizo de Gorbeia: Vandenboschia speciosa» Macizo de Gorbeia 22 de abril de 2010 (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) SORO, MIKEL. (2013-05-08). «Los macizos de Pagoeta e Izarraitz ya son Zonas Especiales de Conservación» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).
- ↑ «Ezpondak, harpeak eta barrunbeak | Euskal Herriko natura ondarea» patrimoinenaturel.communaute-paysbasque.fr (Noiz kontsultatua: 2025-02-19).