Vanderbilt familia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Vanderbilt familia AEBtan XIX. mendearen amaieran garrantzi handia izan zuen familia izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1810ean, New Yorken, Staten Islanden bizi zen hamasei urteko gazte batek itsasontzi txiki bat merke erosi zuen. Berez aisialdirako erosi zuen ontzia, baina ikasketak hamaika urterekin utzi zituen mutiko hark erosketari esker sos batzuk irabaz zitzakeela pentsatu zuen. Nekazal produktuak eta bidaiariak Staten Islandetik Manhattanera eramatea pentsatu zuen. Berehala, zerbitzu berriaren eskaerak gora egin zuen eta Cornelius Vanderbilt gazteak ontzi gehiago erosi behar izan zituen. Hemezortzi urterekin New Yorkeko portuan lehengaien garraiorako negozio errentagarria zuen; Vanderbilt familiaren garrantziaren hastapenak ziren[1].

Hogeita hiru urte beteta, ontzi guztiak saldu eta baporearen aldeko apustua egin zuen, New York eta New Brunswicken arteko ferry linea zabalduz. 1849an, Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko zerbitzuaren kontzesioa lortu zuen Nikaraguako gobernuaren eskutik. 1955ean ozeanoa zeharkatu, eta New York-Le Havre bidaiari-linea antolatu zuen[1].

Une gorena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1857an, trenbideen mundura egin zuen jauzi. 1861ean bapore guztiak saldu zituen. New York eta Harlemen arteko ibilbidearekin ekin zion negozio berriari; Columbiako konterriraino iritsi zen gero; Buffalora, aurrerago, baita Chicagora ere. 1877ko urtarrilaren 2an hil zen Cornelius Vanderbilt. New York Central & Hudson River trenbidea, Lake Shore & Michigan Southern izenekoa, Harlemeko linea eta Canada Southern delakoa Vanderbilten kontrolpean zeuden. Beste linea askoren kudeaketan parte hartzen zuen, gainera. Bere ondasunak 100 milioi dolarretara iritsi zirela kalkulatzen da[1].

Ondasun ia guztiak seme William Henryri utzi zizkion, zortzi alabei pilatutakoaren zati txiki bat baino ez baitzien eman. Semea hildakoan, familiaren ondasuna 200 milioi dolarrekoa omen zen. Vanderbilt familiaren hagiografoek diote sendiak diru kopuru handiak eman ohi zituela karitate eta gizarte-lanetarako. Eta Vanderbilt Unibertsitatea (Nashville, Tennessee) aipatu ohi dute adibide gisa. Baina Corneliusek milioi bat dolar baino ez zuen eman geroztik haren izena izango zuen unibertsitatea eraikitzeko. Hala ere, emazteari utzi ziona bikoizten du kopuru horrek[1].

Corneliusen ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Corneliusen bizimodua xumea izan zela diote. Oinordekoek, ordea, karitatea euren buruek merezi zutela pentsatuko zuten, eta etengabe jardun zuten bildutakoa xahutzeko lanean. Corneliusen biloba Albertek hirian etxe bat zuen, beste bat mendian, yate bat eta treneko bagoi pribatu bat ere bai. Baina itxuraz, nahikoa ez eta Italiatik arkitekto bat ekarrarazi, 600 langile kontratatu eta jauregi bat eraikiarazi zuen New Yorkeko Fifth Avenue garestian. Alberten alaba Alicek, aldiz, itsasertzean “etxolatxoa” eraiki zuen; 70 gela zituen, sarrerako ateak 50 tonako pisua zuen, eta etxea urtero pintatzen zuen 5.000 dolarren truke[1].

Familiako kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore (2007-07-08) «Vanderbilt» ArgiaCC-BY-SA lizentzia.