Vazgen Sargsyan
Vazgen Zaveni Sargsyan (armenieraz: Վազգեն Զավենի Սարգսյան; Ararat, 1959ko martxoaren 5a – Erevan, 1999ko urriaren 27a) armeniar militar eta politikaria izan zen. Armeniako lehen ministroa izan zen 1999ko ekainetik hil zen arte.
1980ko hamarkadaren amaieran, Karabakh Garai eta Armenia bateratzen lagundu zuen, eta Azerbaijango indarren aurkako lehen borroketan boluntario armeniarrak zuzendu zituen. Levon Ter-Petrosian presidenteak defentsa ministro izendatu zuen 1991ko amaieran Armeniak independentzia lortu ondoren.
Sargsyan Armeniako armadaren buruzagi nagusia izan zen Karabakh Garaiko Lehen Gerran. Operazio militarrak zuzendu zituen 1994an Armeniako su-etena eta garaipena lortu arte.
Gerraostean armadaren kontrola mantendu zuen. 1998an Levon Ter-Petrosyan presidentea dimititzera behartu zuen eta Robert Kocharyani presidente hautatzen lagundu zion.
1999an Alderdi Errepublikanoa sortu zuen eta Karen Demyrchian komunista ohiarekin aliatu zen. Garaipen bat lortu zuen maiatzeko hauteskundeetan, eta lehen ministro bihurtu zen legealdiaren eta armadaren kontrolarekin.
Sargsyan, Demyrchian eta beste sei tiroketa batean hil zituzten parlamentuan 1999ko urriaren 27an. Hiltzaileei biziarteko kartzela-zigorra ezarri zieten. Sargsyan, gaur egun, heroe nazionaltzat hartzen da Armenian.