Venezia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Venezia
Italiako udalerria
Venice iko 2001092.jpg
CoA Città di Venezia.png
Administrazioa
Estatua  Italia
Eskualdea  Veneto
Probintzia Veneziako probintzia
Posta kodea 30121–30176
ISTAT kodea 027042
Geografia
Koordenatuak 45° 26′ 23″ N, 12° 19′ 55″ E / 45.439722222222°N,12.331944444444°E / 45.439722222222; 12.331944444444Koordenatuak: 45° 26′ 23″ N, 12° 19′ 55″ E / 45.439722222222°N,12.331944444444°E / 45.439722222222; 12.331944444444
Map of comune of Venice (province of Venice, region Veneto, Italy).svg
Venezia hemen kokatua: Italia
Venezia
Venezia
Garaiera 2,56±0,01 metro
Eremua 415,9 km²
Demografia
Biztanleria 261.362 biztanle
Dentsitatea 628,43 bizt/km²
Bestelako informazioa
Katastro kodea L736
Telefono aurrizkia 041
Sailkapen sismikoa 4 (Oso txikia)
Ordu-eremua UTC+01:00, UTC+02:00, Udako ordutegi
Webgune ofiziala

Venezia[1] (italieraz: Venezia; venezieraz: Venesia) Italiako hiria da, Veneto eskualdeko hiriburua, Veneziako aintziraren erdian, Itsaso Adriatikoaren ertzean dagoena. Hiri osoa eta aintzira UNESCOren gizateriaren ondarea dira[2]. 412 km²-ko eremua du eta 2015ean 264.015 biztanle zituen[3]. Padua eta Treviso hiriekin batera, 2.600.000 biztanle inguruko metropoli-eremua eratzen du[4]

Venezia historia handiko hiria da. Izan ere, Veneziako Errepublika Mediterraneoko itsas-boterea izan zen mende askotan zehar. Boterea eta independentzia hain denbora luzean gorde izan ahal zuen, espezien salerosketak ematen zion indar ekonomikoari esker.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako sestiereak:
    Cannaregio
    Castello
    Dorsoduro
    San Marco
    San Polo
    Santa Croce

Veneziako aintziraren erdian dago, Veneziako golkoaren ertzean (Itsaso Adriatikoa). Hiria 118 uharte txikiz osatua da, 200 ubidez bereizirik eta 400 bat zubiz loturik. Lur zerrenda batek bereizten ditu Veneziako aintzira eta Itsaso Adriatikoa. Autobide eta burdinbide batek lotzen dituzte Venezia eta kontinentea eta Giudecca, San Giorgio, La Grazia, Sacca Sessola eta Lido uharteak. Ubide Handiak (3.800 m) bi auzotan banatzen du hiria eta hiru zubi handik (Rialto zubia 1590. urtekoa da) lotzen dituzte biak.

Hiria sei sestiere edo auzotan banatua dago: Cannaregio, San Polo, Dorsoduro (Giudecca eta Isola Sacca Fisola barne), Santa Croce, San Marco (San Giorgio Maggiore barne) eta Castello (San Pietro di Castello eta Sant'Elena barne). Sestiere bakoitza procuratore batek kudeatzen zuen. Sestiere hauek parrokiatan banatuak daude, 1033an hirurogeita hamar, baina egun hogeita hemezortzi, Napoleonek gutxiturik. Parrokia hauek sestiereak baino zaharragoak dira, 1170ean ezarri baitziren.

Veneziako aintziran dauden beste uharte batzuk ez dira sestieretakoak, historikoki autonomia maila izan baitute.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziak honako udalerri hauekin egiten du muga:

Campagna Lupia
Cavallino-Treporti
Marcon
Martellago
Mira
Musile di Piave
Quarto d'Altino
Scorzè
Chioggia
Jesolo
Mogliano Veneto
Spinea

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Köppen klima sailkapenaren arabera, Veneziak klima azpitropikal hezea du (Cfa), negu freskoekin eta oso uda beroekin.

Datu klimatikoak (Venezia (1971–2000))
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 6.6 8.6 12.5 16.1 21.5 24.9 27.7 27.5 23.5 18.0 11.6 7.4 17.2
Batez besteko tenperatura (ºC) 3.3 4.7 8.3 12.0 17.1 20.5 23.0 22.6 18.9 13.8 7.8 4.0 13.0
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −0.1 0.8 4.1 7.8 12.7 16.1 18.3 17.7 14.3 9.6 4.0 0.6 8.8
Pilatutako prezipitazioa (mm) 47.0 48.3 48.8 70.0 66.0 78.0 63.9 64.8 72.0 73.5 65.5 50.6 748.4
Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) 6.0 5.2 5.7 8.3 8.2 8.6 5.9 6.1 5.9 6.7 5.8 5.9 78.3
Eguzki orduak 80.6 107.4 142.6 174.0 229.4 243.0 288.3 257.3 198.0 151.9 87.0 77.5 2037.0
Hezetasuna (%) 81 77 75 75 73 74 71 72 75 77 79 81 75.8
Iturria: MeteoAM (sun and humidity 1961–1990)[5][6]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ubide Handia, hiriko kanal nagusia

Itsaso Adriatikoko ipar-mendebaldeko eskualdean, non Alpeetatik datozen ibai andana isuritzen den, bizi ziren antzinatik herri arrantzaleak eta marinelak. Hor, lehorrean, Aquileia hiria sortu zen, erlijio gune eta portu garrantzitsua erromatar garaian.

Alariko I.aren godoek eta Atilaren hunoek eskualdea inbaditu zutelarik, bertako populazioa Itsaso Adriatikoaren aldameneko uharteetara, Po ibaiaren ahotik hurbil, aldatu zen. Aquileia eta Padovako errefuxiatuek sortu zuten lehendabiziko kokagunea, 452an. Eskualde osoa ostrogodoen erresuman sartu zen. Geroago, Italiar penintsula osoa bezala, Ekialdeko Erromatar Inperioak bereganatu zuen, Justiniano I.aren agintaldian. Venezia hiria VI. mendearen bukaeran fundatu zuten alboko eskualdeetako errefuxiatuek, Po ibaiko ahoko aintzirako uharteetan babes bila joanak, 568an lombardiarrek Italiako iparraldea konkistatu zutenean.

Eskualde hori Ravenako exarkerriaren aginpean zegoen, hau da, Ekialdeko Erromatar Inperioaren menpe. Hortaz, bizantziar zibilizazioaren abangoardiako gotorlekua zen. Alabaina, hiria garatu ahala, autonomia lortzeko nahia independentzia bilakatu zen. Izan ere, lombardiarren aurrean Ravenako exarkerriak erakutsi zuen ahuldadeak tokiko boterearen sorrera ekarri zuen; Torcello, Biblione, Grado, Aqueleia eta gisa horretako herrietako arrantzaleak, dogo edo agintari gorenaren esanetara jarri ziren. Dogoa Ravenako exarkerriaren mende jarri zen lehenik, eta ondoren erreinu frankoko Pepin Laburra erregearen mende.

Veneziako familia ahaltsuenek Rialto uharteaz jabetu ziren eta bertan ezarri zuten civitas venetiarum hiri autonomoa eta politikoki bakartu, merkataritza harremanak izateko eskubide guztiak atxiki bazituen ere. XI. mendean, Domenico Flabanico dogoak Veneziako agintari gorena hautatzeko bideak jarri zituen indarrean, errepublikako erlijio agintari gorenaren (Grado) burujabetasuna berretsi zuen eta betearazteko aginpidea (dogoak eta iudizeek osatua) berrezarri zuen.

Veneziako hiri-estatua, itsasoan oinarritu zen boterea lortzeko, eta haren hazkundea bizantziar erresumako merkataritza askatasunarekin batean gertatu zen; ohikoak izan ziren Genovako portu eta errepublikarekin izan zituen merkataritza borrokak. Laugarren Gurutzada garaia izan zen Veneziako Errepublikako arorik oparoenetakoa, Enrico Dandolo dogoak Dalmaziatik Itsaso Adriatikoraino eta Egeo Itsasoko Kretatik Negroponteraino hedatu baitzituen errepublikaren mendeko lurraldeak. Errepublika Italiako penintsularen barnealdera ere hedatu zen, Bergamo eta Cremonaraino, hain zuzen.

Veneziako oparotasuna eta aberastasunak (espezia, lurrin, kotoi, zeta, koral eta abarren merkataritzak utzitako zergen ondorioz eskuratutakoak), gutxituz eta murriztuz hasi ziren XVI. mendetik aurrera, Peloponeso eta Zipreraino heltzen ziren veneziar koloniak galtzen hasi zirenean, hain zuzen. XVIII. mendean indarrean zeuden Venezia gobernatzeko Kontseilu Handia, Kontseilu Txikia eta Jakintsuen Kontseilua bezalako erakunde zaharrak.

1000 urtez independente izan ondoren, Napoleon Bonapartek konkistatu zuen hiria 1797ko maiatzaren 12an. Frantziarren inbasioarekin amaitu zen Veneziako XVIII. mendeko urrezko garaia. Izan ere, mende horretan Europako hiririk dotoreena eta finena zen, eta egundoko eragina izan zuen Mendebaldeko arte, arkitektura eta literaturan. Beste alde batetik, Napoleonek Veneziako juduak askatu zituen: ghettoko mugak eraitsi eta ibiltzeko eragozpenak bertan behera utzi zituen.

Napoleondar garaiaren bukaeran, Venezia Austriar Inperioaren menpe geratu zen. Austriak 1866ko urriaren 3an utzi zuen Italia Batuaren esku. Hortik aurrera, Veneto probintziako hiri nagusia izan da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza (lehengaiak eta petrolioa esportatzen ditu Marghera eta Mestreko portuetatik), industria (ehungintza, beiragintza, petrolio findegiak, altzairugintza, kimika industria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, eskulangintza, ontziolak, zinemagintza) eta, batez ere, turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak.

Eraikuntza-sistemak eta teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri eraikuntza estrategiak historian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziar etxebizitza eraikuntza baten zimentazio maketa (Egileak: Itziar Cabo Laguna, Sara Truelsen Barrena eta Josu Vega Etxeberria)

Venezia ehun uhartek baino gehiagok osatzen duten urmael zingiratsu baten gainean eraikia dago. Eraikitzeko egoera zakartsu horri aurre egiteko, lehenengo eraikitzaileek pinu zurezko makilekin eta alertzezko baltsekin sostengatutako harri iragazgaitzez eginiko sistema berezi batzuk asmatu behar izan zituzten. Urteekin, eraikitze sistema eraginkor-eraginkorra dela frogatu da, Veneziako eraikin gehienek egoera onean zutik iraun dutelako, 500 urte baino gehiago dituzten zurezko piezekin. 1500. urtean hiriak jada gaur egun duen tamaina berdina zeukan, eta XX. mendeko eraikuntzekin soilik hasi da hiriak hainbat mendez mantendu duen itsura aldatzen.[7]

1902. urtean, San Marko plazako kanpandorrea erori zenean, hura sostengatzen zuten zurtoinak oso egoera onean aurkitu zituzten, haiek jarri zituztenetik 1000 urte igarota. Dorre hori bezala, Veneziako gainerako eraikinak zurezko makila luze eta finekin sostengatzen dira, lurpean ondo finkatuta zimendu egonkor-egonkorra osatzen dutela. Hala ere, zimendu horiek eutsi dezaketen pisuak badu kopuru maximo bat. Kanpandorreari gertatu zitzaiona da urteekin egin zitzaizkion gehikuntzengatik jasan beharreko pisua gehiegizkoa zela, eta azkenean eraikina kolapsatu zela. Hura berreraiki zenean, zurezko zimentazio bera mantendu zen, makilak egoera onean zeudelako, baina segurtasuna zaintzearren zutabeak bikoiztu zituzten. Arazo hori Veneziak duen eraikitze sistemaren murrizpen adibide bat da; izan ere, nahiz eta urmael baten gainean eraikitzeko aukera oso egoki bat erabili, muga tekniko batzuen artean mugitzen den arkitektura da. 1973an jada lege bat aurkeztu zen horri buruz. Lege horrek debekatzen du eraikuntzen barne espazioak erabat hustea alde batetik, eta karga-hormak kentzea bestetik. Pisuen gehikuntzak egitea ere zailtzen du lege horrek, hala nola teilatuen kota aldatzea.

Hori gertatu da egiten diren berreraikuntzek ez dutelako urmaelean egindako eraikuntza sistemaren inguruko ezaugarri bereziak kontuan hartu. Hiriaren oinarria lokazti, urmael eta azaleratzen diren lurzoru zati txikiak dira, leku bat non ez zegoen ez harririk ez zurik, ez eta behar den ur geza ere. Horrek erabat eragin zuen eraikuntza metodo eta tekniketan, eraikitzaileei teknika eta prozesu bereziak erabiltzera behartuz. Hauetatik gehienak Italian beste eraikuntzetan erabiltzen ziren metodologiatik oso urrun zeuden, bai erdi aroan eta bai modernitatean. Venezian egindakoak aurrerapauso galanta suposatu zuen, gaur egun ere zaila den ideia batekin hasitakoa (uretan bertan hiri baten eraikuntza egitearena, alegia) munduan bakarra egiten duen hiri batean amaitu duelako eta honen protagonista eraikuntza sistema izan da, hau gabe zutik egongo ez liratekeelako.

Gizakia tokira moldatu behar izan da, bere beharrak asetzeko modu berriak sortu, hala nola, errekurtso hibridoak, jasotzeko sistemak, kontserbazioak eta uraren horniketa. Bestalde, hiri askotako teilatuak eraikinarentzako babes moduan soilik erabiltzen dena eta hiritarrei euri uretatik, Venezian ez du horretarako soilik funtzionatzen. Ura biltzeko balio dute eraikinetako teilatuak. Harrizko hustubideen bitartez ura bideratzen da eraikinaren beheko  eraikuntza gunera arte eta putzuetara arte, hauek hormetatik barrena jaitsiz. Teilatuetan, plazetan edota espazio estalietan bildutako euri urak lurperatutako uharketan kontserbatzen dira. Tokiko baldintzak direla eta, ez zen posible manposteriaz eginiko deposituak erabiltzea. Harrizko kanaloien bidez, ura desbideratzea lortzen zen eraikuntzaren beheko aldera arte, baita putzuetara ere, hormaren barruan doazen kanal batzuen bidez. Estalkien bidez jasotzen den ura (baita plazatxoen eta patioen bidez lortzen dena ere) lurpean zeuden andel batzuetan metatzen ziren. Erromatar eta greziar inperioak zuen lan egiteko modutik aldentzen den eraikitze modu bat da, izan ere, inguruaren ezaugarriek manposterian oinarritutako andelak egiteko aukera mugatzen zuen, lurraren ezaugarriengatik emango ziren asentuek pitzadurak eratuko luketelako horma hauetan eta, ondorioz, ur gezaren galera emango zen kanpoko ur gaziarekin kontaktuan jartzerakoan. Beraz, urmaelen sistema material iragazgaitzekin egindako horma ez zurrunekin osatua dago, XIX. mendera arte iraun duen filtrazioen bidez funtzionatzen duten andelekin. Hauek erabilerarik gabe geratu ziren garai hartan, hiriaren akueduktua egin baitzen.

Hiriaren lurrazpiaren gehiena andel hauen bitartez osatua dago. Hauen eraikuntzarako beharrezkoa zen lur kantitate handiak mugitzea. Horma perimetralak eta zorua ahalik eta kalitate handieneko buztinaz inguratzen ziren. Hau, andelarentzako geruza iragazgaitz moduan balio zuen, baita geruza banatzaile moduan ere, jasotzen ziren uren eta hauetatik zentimetro gutxitara azaleratuak zeuden ur gazien artean, zapalgarria den zorutik zentimetro batzuetara. Ostean adreiluzko hodia egiten zen, putzuaren eta andel guztiak izango zuen sakoneraren tamainakoa. Inguru guztia areaz bete eta buztinaz estali egiten zen ur meteorikoetatik edota ur altuak deitzen diren itsasaldietatik babesteko. Azkenik, vera da pozzo delakoa gehitzen zitzaion, ura ateratzeko balio duen putzuaren ahoa.

Veneziako eraikitzaileak, jada aipatu den moduan, izan duten erronkarik zailena lurzoruen kalitate txarretan eraikitzea izan da. Limo, area eta buztina dira lurzoruan aurki daitezkeen geruza desberdinak, karga kantitate handiak jasotzeko gai ez diren erresistentzia mekaniko eskasa dituzten elementuak. Hori dela eta, eraikuntza zibila zein erlijiosoen kasuan, estilo arintasunean diseinatuak izan direnak gehienetan, elementu guztien leuntasuna bat erakusten dute. Kanoi ganga, gurutzeta, kupula bezalako eraikuntza sistema asko ez ziren harlanduz egiten, zurez baizik, armazoi leun batekin, harlanduak sortuko lukeen karga handirik ez sortzeko.

Eraikitzeko lurzoru ahulen kontsolidazioa inposatzen zen hasiera batean: Veneziako zimentazio sistema ezagunena, makilen bidezkoa, kanaletara ematen duten hormen edota koloma edo pilastren eusterako balio dute. Hala ere, aipatu beharrekoa da zimentazio sistema hau ez dela Venezian ematen den bakarra, nahiz eta beharrez ezagunena eta esanguratsuena izan. Gainontzeko horma edo kolomen zimentazioak zurezko xafla batzuen gainean edo zuzenean urmaelaren gainean sostengatzen ziren eta zimentazio sistema desberdin hauek normalean eraikuntza berdinetan elkarbizitzen dute. Hauen arteko erlazioa egoki kontuan hartu beharrekoa da, azaleraz (zurezko xaflak, adibidez) eta marruskaduraz (piloteak, adibidez) funtzionatzen duten sistema desberdinek jasan behar dituzten kargen araberako oreka egon behar direlako asentatzeak egotekotan modu uniformean izan ahal izateko.

Hala ere, garai hartan existitzen ziren teknikekin ezinezkoa izan zen hormen asentatzeak eragiten zituen karga maximoen zehaztea lortzea. Horregatik ez da harritzekoa 20-30cmtako ahokadurak ikustea, beste edozein eraikin batean izugarrizko arazoak sorraraziko duena eta urmael baten gaineko eraikuntza baten muga fisiologikoaren barruan sartzen dena.

Hori dela eta, historian zehar hiriaren eraikuntzaren parte izan diren eraikitzaileak behartuak ikusi dira eraikuntzen deformazioak ahalbidetzen zituzten irtenbideak bilatzea, beren oreka totalaren galtzea eman gabe. Helburu honekin praktikara eraman den irtenbiderik arrakastatsuena eta erabiliena hormen arteko lotura zurrunik ez egitearena izan da: barneko espazioetako tabikeen eta horma perimetralen arteko loturak erabat askeak dira. Modu honetan, horma bakoitza erabat aske mugituko edo hondoratuko da tentsio larririk eta, ondorioz, hausketa larririk sortu gabe. Zurruntasun honetatik horma perimetrala bera albo batera utzi behar da, izan ere, honek osatzen duen errektangularren izkinak erabat zurrunak egiten dira. Honen helburua da asentatzeak egotekotan guztiak modu homogeneoan egitea. Honi esker, eraikuntzaren horma baten hondorapena egotekotan gainontzekoekin duen loturari esker modu bateratuan lan egingo dute hondorapen horren aurka, fatxada baten erortzea eman baino lehen.

Hala ere, mugikortasunaren aurrean hartutako irtenbide honek beste arazo bat sortzen du Veneziako altxaera hain leun eta zainduetan, orain erabat ezegonkorrak direnak. Honi irtenbidea emateko, ostean aplikatutako metalezko pieza bat erabiltzen hasiko da zoruen eta hormen arteko lotura moduan. Pieza hauek guztiak zorua eratzen dituzten zurezko habeen eta xaflen arteko lotura egiten dute, baita hauen eta tabikeen artekoa ere. Modu honetan, zorua egitura pasiboaren funtzioa hartuko du, eraikuntzen orekarako beharrezkoa izango dena.

Benetan ohiz kanpoko soluzioaren gauzatzea tradizio arkitektonikoaren bidez lortu zen, hornidura, integrazioa eta errefortzua elementu metalikoen bitartez gauzatzean. XVIII. mendeko bigarren zatia arte arraroa eta kostu handikoa zen burdinaren erabilera, Erdi Aroko italiar eta europar arkitekturan patxada handiz sartu baitzen. Hala eta guztiz ere, Venezian komertzioari esker lortutako arrakasta eta aberastasun handiari esker, hiriaren eraikuntzan oinordetu diren eraikitzaileen belaunaldientzako ahalbidetu zen burdinaren erabilera hau arazo arkitektoniko desberdinen aurrean erabiltzeko. Beste modu bateko irteera ematea zaila izango lirateke eta material hau oso garrantzitsua izango da hiri osoaren existentzia arrazoitzeko.

Zurezko zoruen gainean terrazoak egiten ziren, battuti alla veneziana direlakoak. Hauek osaketa monolitikoa eta zabalera handi xamarra duten zoladurak dira. Urmaeletan altxatutako eraikuntzen akabera moduan oso ondo funtzionatzen duten material edo sistema dela frogatu egin da eta esan daiteke hauek direla mendeak igaro ostean Venezia hiriko eta Veneto osoko etxebizitza eraikuntzen markarik ezagunenak. Are gehiago, zaila da ikustea sistema hau baina hobeto funtzionatu izan duen zoladura bat aurkitzea. Terrazzo horiek urmael osoan erabili dira, eta Veneto lurraldean zehar hedatzea lortu da ezaugarri zehatz bati esker: deskonexiorik edo gehiegizko arrailik agertu gabe deformazio handiak jasateko gaitasuna. Ezin da zalantzan jarri gaur egun erabiltzen diren zoladura motak garai klasikotik datozela, Vitruvioren inskribuetan agertzen ziren zoladura erromatarrekin duten antzekotasuna bistakoa delako. Garai klasikotik oinordetu batuak dauden harriak. Honen eraikuntza prozesua berezi xamarra da, amaierako zoladuraren plastikotasuna hobetzeko eta aldaketa termikoengatik agertzen diren mugimenduen aurrean ondo lan egiteko aurretikako kolpatze prozesu bat egin behar zaiolako. Modu honetan lortzen den azken amaierako materialak beste edozein material baino ezaugarri hobeagoak izango ditu. Honi esker geruza aldakorren gainean eraikitako etxeentzako eta zurarengatik agertzen diren flexioaren bidezko deformazioentzako egoki funtzionatzen du bai sukalde edo logelak bezalako espazio zakarrentzako zein saloi edo gela dotoreentzako akabera homogeneo, etengabeko eta distiratsu batekin.

Eraikuntza desberdinen asentu saihetsezinen edo hondoratze uniforme bat lortzeko ezintasunak eragin du egitura aukera baten eskemaren barneratzea, halabeharrean egongo diren zailtasunak murriztuko eta barneratuko dituenak. Hori dela eta, Venezian aurrera eraman den eraikuntza sistema bakarra izango da, garai hartako gainontzeko arkitektura guztien zurruntasunetik aldentzen zena, funtzionalitate eta edertasunaren ondoan Vitruvioren firmitasa betetzen ez zuen egitura mota bat agertu da munduan, eraikuntzaren oinarriak hausten zituena.

Materialtasuna eta eraikuntza-sistemen eratorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako xehetasun konstruktiboa (Egileak: Itziar Cabo Laguna, Sara Truelsen Barrena eta Josu Vega Etxeberria)

Behin eraikuntza estrategia orokor guztiak azaldu direla etxebizitzetan edota eraikin publikoetan orokorrean erabiltzen den egitura sistemetak aipatuko dira, elementu bakoitzak dituen ezaugarri eta berezitasunak ikusiz.

Zimentazio sistema beraz zurezko piloteen bidezkoa da, lehen azaldu den moduan. Makil hauek, nahiko meheak direnak, pinu, haritzondo edo alertzezkoak dira batez ere. Gutxi gora behera 7,5m-tako sakoneran iltzatzen ziren eraikuntza hasi baino lehen, “caranto” izeneko erresistentzia handiagoko geruzan. Zurtoin horiek Venetoko iparraldeko basoetatik erakartzen zituzten, alpeetako magalean, eta urmaelera ibaien bidez eramaten zituzten, Sile ibaiko uretatik batez ere. Ibai hau, Brenta, Piave edo Liventza bezalako ibaiekin batera material askoren garraiorako balio izan duen bide bat dugu. Bertatik igarotzen ziren itsasontziek zura eta elikagaiak eramaten zituzten Veneziako urmael ingurura espezia, ehunak edo Ekialde Hurbiletik nahiz Asiako urrunagoko aldeetatik zetozen edozein motatako elementuekin itzultzeko. Ezin dugu ahaztu Veneziako kokapen estrategikoak garrantzi handia duela bere garapenaren ulerpenerako, izan ere, mende askotan zehar Mediterraneo guztia bere boterean zuen hiria dugu eta horri esker garraio bideak oso garatua zituen eskualde bat dugu. Horren adibide da Sile ibaia, itsasontzi nahiko handiak jasotzeko prestatua baitzegoen, baita zimentazioetarako balioko duen zura garraiatzen zituzten itsasontzietarako ere. Nola ez, nahiz eta veneziarrak itsasoan bizi diren, lehorreko lurraldeetatik eskuratu behar dituzte materialak nahitaez.

Behin zurezko zurtoinak Veneziara heldutakoan, zoruan hikatzen ziren oso modu estuan haien artean. Honetarako erabiltzen ziren teknikak gaur egin ditzakegunetatik asko urruntzen dira, ikusten ditugun garabi erraldoiak erabili baino eskuz mailu itsurako elementu batekin iltzatzen zirelako, banan banan. Makilak haien artean oso gertu agertzen dira, hainbat arrazoiengatik. Alde batetik estutasun horrek horma bertikal bat eratzen duelako urmaelean, honen albo bietako lohia desberdinduz. Horma hau urmaeleko ur guztia birbideratzen du ibai edo kanalera, eta horri esker eraikin azpian dagoen ur kantitatea gutxitzen da. Gainera, modu honetan, eraikin azpian dagoen lohia sikuagoa dagoenez, metaketa, dentsitateagatik, eraikinarentzako kalitate oneneko lohia goialdean uzten du edo, beste modu batean esanda, ur kantitate askorik igarotzen uzten ez duen lohia metatzen da bertan.

Bestalde, aipatu beharrekoa da makil hauek lohian murgilduak dauden bitartean usteltzeko arriskutik kanpo geratzen direla, mikroorganismoek beharrezkoa duten oxigenorik gabe geratzen delako. Horri esker pilote hauek urteak eta urteak igaro dezakete haien egitura funtzioa egiten, kasu askotan, sikuan egongo balira baino hobeto. Izan ere, sikuan izan dezaketen arazoak dira material hori kaltetzen dutenak, eta horietako bat ere ez da agertzen uretan; beraz, zuraren bizitza mende eta gizaldi askorako izan daiteke. Horren adibide da lehen aipatu den San Marko plazako dorrearena: 1902an zimenduen erresistentzia ezarengatik erori ostean, berrakitze lanetarako egitura elementu berdinak erabili ziren, haien egoera jarri ziren unean zutenaren berdina zela ikusi zutelako (uste zen dorrea zimenduen kalitate txarrarengatik erori zela). Zimendu gehiago jarri besterik ez zuten egin.

Veneziako existentziaren arrazoia justifikatzeko hain garrantzitsua den piloteak bezalako beste material bat Istriako harria da. Hau, fatxadetan erabiltzen den marmolaren antzeko akabera mota bat da, baina kasu honetan, erabiltzen ziren zimendu hauetarako oso baliagarria zen iragazgaiztasun maila bat ematen zietelako. Hauei esker lortu egiten da ura eraikinaren barrenera ez sartzea, hauek ura baino altuera handiago batean egon arren, uren maila aldaketak (Venezian hainbeste aldiz ikusten direnak) arazo handiak eragin ditzaketelako. Are gehiago, pieza hauen kokapena ez da soilik behe solairuko hormetan ikusten, eskaileretan ere jarri egiten direlako, orokorrean, Veneziako etxebizitza-eraikinek kalera ematen duen sarrera bat izateaz gain, ibaira ematen duen beste sarrera bat izaten dutelako. Hau eskailera batzuekin eratua dago, ibaian egongo den txalupa edo gondoletarainoko iristeko modua izanik, kanalaren uraren kotaren aldaketak modu egokian gainditzeko balio duelako eta horiek, Istriako harriarekin eginak izan ezean, eraikin barrura ura sartzeko leku egoki bat izango liratekeelako.

Aipatzekoa da pieza hauek oso pisutsuak direla eta horrek zimenduen lana zaildu egiten duela. Horregatik gainontzeko piezak bereziki arinak izan beharko dira, jada aipatu den moduan, masazko bolumen eta eraikuntza sistemak ahal diren moduan ekidinez. Hori dela eta, solairuak eta teilatuak ahalik eta materialik arinenekin eginak daude, zurezko habe eta arrastelekin eta hauek deskantsatzen duten hormak, nahiz eta adreiluzko karga-horma izan, geroz eta estuagoa egiten den horma daukagu, gehiegizko kargarik jaso ez dezan.

Nahiz eta gehienetan eraikinen beheko solairua gainontzeko solairuen moduan horma perimetraletan sostengatu arren, batzuetan, lur-azpiaren egitura egokiagoa den lekuetan, solairua zuzenean lohiaren gainean ezarria dago. Horrek arrisku desberdinak era diezaioke eraikinari, asentu diferentzialak egoteko aukera handitu egiten direlako alde batetik eta ura kapilaritatez eraikin barruan sar daitekeelako bestetik. Hori dela eta, kasu hauetan zoruaren materialtasuna aldatzea beharrezkoa zen, lohia kendu eta legar egokiaren jartzearekin, hezetasun eta urak kanporatzeko drainatze sistema jarriz eta bestalde, lur gainazalean zuzenean bermatzen zen materiala Istriako harria izaten zen. Hala ere, aipatzekoa da eraikuntza mota hau ez dela bestea bezain ohikoa, ekartzen dituen arazoengatik.

Irazgaiztasun gaiarekin jarraiki, nahiz eta hormak Istriako harriaren bidezko iragazgaiztasun maila bat izan, beste aldeko urak ateratzeko aukera ere daukate. Izan ere, edozein arrazoiengatik (mugako itsasaldiengatik uraren mailak gora egiten duelako, adibidez) bertan  meta daitezkeen urak kanporatzeko tutueria sistema oso sinple bat proposatzen da, adreiluzko horma zabalak zeharkatzen duen zuloen edo burdinazko tutueria txikien bidezkoa. Hau ere Veneziako eraikuntzan garrantzi handia daukan sistema da, hauek gabe eraikin barruko urei irteera bat ematen dielako.

Zimenduez gain beste eraikuntza arazo batzuk agertzen dira mota hauetako urmaeletan eraikitzearen ondorioz. Aipatutako pilote guztiak perimetralki eraikinaren karga-horma guztietan zehar zabaldu egiten diren eraikitze sistemak dira, bertara transmititzen direlako eraikina eta bere erabileraren pisu guztiak. Hala ere, transmisio hau ahalik eta modu egokienean egitea beharrezkoa da eta horregatik, pinuzko piloteetara arteko karga transmisio prozesua zimentazioak berak bezalako garrantzia hartzen dute. Pilote ilararen gainean alertzezko xaflak ageri dira. Xafla hauek pareta beraren zabalera osoa hartzen dute eta xaflen bi ilara daude, bakoitza zentzu bakoitzean, hau da, haien artean perpendikularrean. Zuraren dilatazioa bere zuntzen araberakoa izaten da eta horregatik, xaflak haien artean perpendikularrean jartzen badira, zuntzak haien artean perpendikularrean egongo dira eta lotura, modu naturalean, eraginkorragoa izango da.

Zur xafla hauen gainean zuzenean adreiluak ezartzen joango dira. Adobezko adreilu beteak erabiltzen ziren orokorrean, karga transmisioak egokiago egin ahal izateko. Ilara berdineko adreiluak haien artean paraleloan jartzen ziren baina ilaraka haien artean perpendikularrean. Sistema hori apareju gotikoaren edo apareju ingelesaren antzekoa dela esan daiteke, hormak adobezko masa oso batek osatzen baitu. Behin hormaren hasiera zurezko xafla eta pinuzko piloteen gainean ezarria, garrantzi handikoa da jartzen zaion akabera egokia izatea. Urak horma alde batetik bestera ez pasatzen uzteko, lehen aipatutako Istriako harria jartzen zitzaion, kanalaren aldeko fatxadan.

Hori dela eta, solairuak zutaberik gabe sostengatzen dira, orokorrean, karga horma batetik bestera doazen habe batzuengatik osatuak direlako. Solairuan egiteko erabilitako materiala, nola ez, zura izan behar zuen. Alde batetik materiala bera Veneziara eramateko erraztasunagatik, izan ere, zimenduetarako piezak eramaten ziren modu berean solairurako piezak eramateko aukera ere baitzegoen. Gainera, zura garai hartan oso ezaguna zen eraikitze sistema bat zen eta horri esker bere flexiorako ahalmenak ondo ezagutzen ziren. Horrela, Venezia bezalako kasurako izan beharreko ezaugarriak betetzen zituela jakina zen, karga horma arteko distantziari aurre egiteko gaitasuna izan behar baitzuen, zutabeen erabilerak ahal den moduan gutxitzeko. Hori dela eta, orokorrean, Veneziako eraikuntza gehienek zurezko habeak eta habexkaz osatzen diren solairuak dituzte, adreiluzko karga hormetan landatuak geratzen direnak.

Urmaeleko eraikuntza iraupenaren arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zer arazo planteatzen ditu Veneziako hiriak duen eraikuntza ondare harrigarria kontserbatzeko, eta garai garaikideak dituen beharretara moldatzeko beharrezkoak diren aldaketak jasotzeko?

Itxuraz, badirudi urmaeleko eraikuntza ondo kontserbatua dagoela.  Izan ere, hirigintza tresna zehatzak eta 1973-ko legedi berezi batek hainbat ekimen debekatzen dituelako; hala nola, eraikinen hustea, barne karga hormen eraispena, eskaileren leku aldaketa, forjatu edo estalkiaren kota aldaketa…

Hala ere, gaur egungo egoera ez da bereziki onuragarria.  Eraikuntzak asentatze uniforme bat lortzeko saiakera ugari egin dira edo  gutxienez eraikuntza osagai desberdinen uniformetasuna lortzeko saiakerak. Hala ere, inpotentzia honen aurrean, kalte larririk eratu gabe, asentatze diferentziak xurgatu ahal dezakeen egitura eskema posible bat eratu zuten.

Venezian, eraikuntza-kontzeptu berezia ezarri zen, arkitekturaren oinarrizko kontzeptu batekin kontraesanetan dagoena: firmitas, sendotasunarekin alegia, funtzionaltasun eta edertasunarekin batera, Vitruvioren eraikuntzaren hiru kontzeptuak eratzen dituztenak.

Mota honetako arkitekturek orokorrean arazoak jasaten dituzte zimenduen ondoratzea dela eta.  Eraikinaren azpian kokatzen diren makilak eta zurezko xaflak, lokatz geruzen azpian kontserbatzen dira, lokatzak, zurak erasotzen dituzten mikroorganismoen jarduera ekiditen duelako. Eraikuntzaren egitura, ikusi dugun moduan, asentatze handiak jasateko diseinatua dago.

Egituraren akatsak eta eraikinaren orekaren galtzea, zoruen eta sabaien habeen usteltzea dela eta ematen da. Habeen degradazioa eta habeak eta karga hormak lotzen dituen tirante metalikoen oxidazioak, euri uren filtrazioz sortzen dira. Egitura bertikal eta horizontalaren arteko loturen galtze progresiboa ematen da, deformazioak eta flexio arriskutsuak sortuz, normalean lodiera mehea dituzten hormetan.

Hiriaren eraikin askotan ematen den arazo bat hormen zapaten degradazio larrian eragiten du. Hormen azpialdean, gatz kristalizazioa, morteroa, adreiluak eta harriak, bortizki erasotzen du. Ur gazia, kapilaritatez hormetatik igotzen da eta lurruntzen denean gatz kantitate handiak pilatu egiten dira ;bereziki, kloruro sodikoa edo itsasoko gatza. Gatz hauek kristaldu egiten direnean, eraikuntza  materialak birrindu egiten ditu, zarpiatua kenduz, hormak sakabanatuz eta behe oineko etxebizitzek, bizigarritasun eta higienea galtzen dute.

Arazo honen konponbidea, korapilatsu eta garestia da: cucci-sccsi («josi–jostura desegin») teknikarekin, hezetasun eta gatza duten adreiluek, berri batzuengatik ordezkatzen dira, hormaren oinarrian plomuzko lamina irazgaitzak tartekatuz edo berritu diren guneetara ur gazitua hormatik igotzea elarazten duen beste materialen bat.

Muturreko eguraldietan, itsas-maila gorako fenomenoak gero eta maizago agertzen dira hirian: marea gora egiten duenean, urak hiriko kaleak, plazak eta etxebizitzen behe oinak hartzen dituzte. Azkenaldian, urak eragindako eragozpenak eta ondoeza modu bakarrean konpondu dira: materiala sartuz, behe solairuen maila igotzen da eta zolarriak gero eta lodiagoak eratzen dituzte.

XX. mendeko erdialdetik, teknika berriei esker, defentsa teknikak agertu dira; esaterako, zoladuraren azpian kokatzen diren hormigoi armatuzko urtegiak. Hala ere, hauen sorkuntzarako, teknika konplexuak beharrezkoak dira eta inolaz ere ezingo dira gauzatu eraikinaren erabilera etengabe. Bestalde, zaharberritze edo esku-hartzeen kostuak arazo bat dira, eraikuntzako materialak eskuratzeko zailtasun larriak direla eta. Materialak eta  tresneriak, lur sendotik eratorritakoak dira eta tamaina txikiko txalupen gainean kargatu egiten dira, hiria zeharkatzen dituzten kanaletatik pasatzen ahalbidetuz. Ondoren, kanal publikoetan zailtasun handiz deskargatu egiten dira eta gehienetan estuak diren kaleetatik barrena, eskuz materialak garraiatzen dira. Beraz, garraioaren kostuak eragin handia izaten du, lanaren kostu osoaren gainean. Honek, ondarearen kontserbazio lana oztopatuz.

Beraz, hiria gaur egun egoera larrian dago. 1950. urtetik aurrera, inguruko industriek eraginda, kutsadurarengatik zikinduta dago eta itsasaldiak eta urte osoan zehar doazen turista ugariak ere arriskuan jartzen ari dira hiriko ondareak. 1966. urteko uholdeen ondoren, Italiako gobernuak UNESCO erakundearen laguntza eskatu zuen hiria kontserbatzeko.

Aspaldian jakinarazi zuten Venezia egoera larrian egongo zela etorkizunean, baina etorkizuna gaurko orainean bilakatu da Veneziarentzat. Aipatu bezala, bi arazo nagusi daude; batetik, hiriaren hondorapena; eta bestetik, itsas gorak ekartzen dituzten ondorioak zurezko eraikuntza historikoetan eragiten dituzten kalteengatik.

Bestalde, hiru arrazoi nagusi daude hiria hondoratzeko. Lehenik eta behin, Veneziako eraikuntzaren izaera bera, zurezko piloteetan oinarritzen dena, eta aldi berean pixkanaka hondoratzen ari diren limo ezegonkorretan sartuta daudenak. Bigarrenik, munduko itsas mailaren etengabeko hazkundea sortu da, berokuntza globala eraginda. Eta, azkenik, udaberrian eta udazkenean itsasoaren uraren gorakadaren ondorioz sortutako uholde periodikoekiko maiztasuna eta larritasuna handitzea. Azken ehun urteetan, 24 zentimetro jaitsi da Veneziaren maila, eta aurrerantzean gehiago jaitsiko da.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venezia eta aintzira1
UNESCOren gizateriaren ondarea
San Marco-00.jpg
Mota Kulturala
Irizpideak i, ii, iii, iv, v, vi
Erreferentzia 394
Kokalekua  Italia
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1987 (XI. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Ubide Handiak alderik alde igarotzen du hiria eta ubidearen alboetan daude hiriko eraikuntza eta monumentu ikusgarrienak: XV. mendeko Ca' d'Oro (Urrezko etxea), XVI. mendeko Vendramin Jauregia, Ca' Foscari, Ca' Rezzonico eta Ca' Grande jauregiak eta XVII. mendeko Santa Maria della Salute eliza. Hiriaren erdialdean Piazza San Marco eta Piazzetta plazak daude, biak monumentu ikusgarriez inguratuta: San Marko basilika (XI. mendea), Campanile dorrea (98,60 m-ko garaiera), XV. mendeko Erlojuaren dorrea, IX.-XIII. mendeetako dogoen (Dux) jauregi arkupeduna, Loggeta jauregia eta liburutegi zahar arkupeduna (1536-1553).

Erlijio monumentuei dagokienez, aipagarriak dira XIII.-XV. mendeetako Santi Giovanni e Paolo eliza domingotarra, garai bereko Santa Maria Gloriosa dei Frari komentu frantziskotarra, XVII. mendeko Santa Maria della Salute eliza, XVI. mendeko San Giorgio Maggiore eliza, Il Redentore eliza (1577-1592) eta Le Zitelle (1582-1586). Guztira 450 jauregi, eliza eta etxe historiko daude Venezian, molde italiarrekoak, musulmanak, bizantziarrak, gotikoak, Errenazimentukoak, manieristak eta barrokoak.

Arkitektura aldetik, berebiziko erakargarritasuna izateaz gainera, musika alorrean ere tradizio handiko hiria da, Santa Maria de la Pietà (Vivaldi izan zen bertako maisua) eta La Fenice antzokia (Verdi eta Rossiniren obrak estreinatu eta antzeztu ziren bertan) lekuko. Pinturari dagokionez, Tiziano, Tintoretto, Veronese eta Tiepolo maisu handien obra asko daude ikusgai hiriko eliza eta museoetan.

Veneziako hiriaren erdialdean ez dago autoz ibiltzerik eta gondolak dira garraiabide erabilienak. Hala eta guztiz ere, egoera larrian dago hiria gaur egun. 1950. urtetik aurrera, inguruko industriek eraginda, kutsadurak zikinduta dago eta itsasaldiak eta urte osoan zehar doazen turista ugariak ere arriskuan jartzen ari dira hiriko ondasunak. 1966. urteko uholdeen ondoren, Italiako gobernuak UNESCO erakundearen laguntza eskatu zuen hiria kontserbatzeko.

San Marko plaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon Bonaparteren esanetan, plaza hau Europako plazarik politena zen. Plaza izendapena duen enparantza bakarra da, beste guztiak campo deitzen baitira. Zorua Istriako harlauzaz egindakoa da. Eraikin famatu askok mugatzen dute plaza: San Marko basilika, Campanile (kanpaidorrea), Dukearen jauregia eta Erlojuaren dorrea. Plaza mugatuz daude Prokuraduria zaharrak (Procuratie Vecchie) eta Prokuraduria berriak (Procuratie Nuove) deituriko eraikinak ere, 3.500 metroko luzera dutenak. Fatxadak arkuz osatuta daude osotasunean. Prokuraduria zaharreko edifizioa basilika zaintzeaz arduratzen ziren prokuradore eta magistratuen egoitza zen. Eraikina basilikaren eskuman kokatzen da. Bestaldean, prokuraduria berriko eraikinak daude. Plazan dago Fabbrica Nueova deiturikoa ere, gaur egun Museo Corner dena.

Jauregiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ca' d'Oro.
Ponte dei suspiri.

Zubiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestelako eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako kanalak ospe handikoak dira eta kalexka-sare handia osatzen dute. Kale txiki horiek Ubide Handira zabaltzen dira, hiriko etorbide nagusia denera. Ubide horretan, tamaina askotako milaka ontzi ibiltzen dira: ezagunenak vaporettoak dira, hirian barrena ibiltzeko garraiobide publikoak baitira. Horrez gain, gondola ospetsuak turismorako erabiltzen dira.

Venezia trenbidez loturik dago Mestre hiriarekin. Hiriko tren geltoki nagusiak Ferrovia du izena eta Europako puntu askotarako zerbitzuak eskaintzen ditu. Errepidez ere lotura ona dago Mestrerekin. Azkenik, Marco Polo Nazioarteko Aireportua dago.

Veneziar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Venezia Aldatu lotura Wikidatan