Edukira joan

Baladre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Veratrum album» orritik birbideratua)
Baladre
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaLiliales
FamiliaMelanthiaceae
GeneroaVeratrum
Espeziea Veratrum album

Baladrea[1] (Veratrum album) Melanthiaceae familiako landare loredun bat da. Sendabelar gisa erabili izan zen baina landare oso pozoitsua da eta jadanik ez da erabiltzen.

Baladrea Europan eta Asiaren mendebaldean aurkitzen da. Euskal Herrian interes bereziko landarea kontsideraturik dago.[2]

Lineok deskribatu zuen Zientziarako 1753. urtean Species Plantarum liburuan.[3]

Generoaren Veratrum izena latinetik dator; vere ("benetan") eta ater ("beltza") eta dituen sustrai beltzei egiten die erreferentzia[4]. Espeziearen album izena eta latinetik dator eta "kolore zuriduna" esan nahi du.

Landare gogorra da. Errizoma oblikuo eta zuzenak ditu eta aurreko urteetako hostoen hondarrek inguratzen dute. Errizoma horretatik 175 cm ere har dezaketen zurtoinak ateratzen dira, hosto txandakatu asko dituztenak.[5]

Hostoak handiak dira, 10-25 x 6-15 cm dituztenak, eliptikoak eta zabalak. Ez dute txortenik eta oinarrian zurtoina besarkatzen dute. Luzetara nerbio paralelo ugari dituzte. Azpialdean ile laburra agertzen da, nerbioetan bereziki.[5]

Lore txikiz osaturiko infloreszentziak ditu, adarkaturiko pinakulutan antolaturik. Lorearen periantoak (sepalo + petalo) sei atal ditu, lantzeolatuak, tokiaren arabera kolorez zuriak edo berde-horiak. Sei estamine ditu erdigunean eta hiru estilo laburretan amaitzen den obarioa.[2]

Fruitua kapsula iletsua da. Barnean hazi hegodun ugari gordetzen dira.[2]

Baladre landarea.

Mendiko lareetan bizi da, 1700 metroko altueratik gora. Materia organiko ugari, itzala eta hezetasuna behar ditu, horregatik harkaitz arteko eta dolinetako errekasto ertz laiotzetan azten da.[5]

Euskal Herrian kostaldetik gertu ere aurkitzen da populazioren bat baina baladre populazio gehienak mendi garaienetan sakabanatuta daude, isurien banalerroaren inguruan ( Aiako Harria, Aizkorri, Altzania, Aralar, Gorobel, Ordunte, Gorbeia, Urkiola...)[2] eta Nafarroa Garaia eta Zuberoa arteko mendi garaienetako megaforbioetan eta larre hezeetan.[6]

Bereziki ugaria da Ordunteko mendietan. Populazio nagusiak Salduero-Zalama inguruan daude, baina Kolitzan, Burgüenon eta Balgerrin ere ikusi dira.[2]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare bizikorra da, hemikriptofitoa. Neguan zati aereoa galtzen du baina udaberrian errizomatik zurtoin berriak ateratzen zaizkio. Uzatila eta abuztua artean loratzen da.[5]

Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "interes bereziko landarea" kategorian sailkaturik dago.[7] Epe motzean galtzeko arraiskurik ez du baina mendi garaietan bizi denez klima larrialdiak eragingo dio.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Baladrearen errizoma sendabelar gisa erabili izan zen esate baterako zorriak kentzeko, baina kouru txikitan oso pozoitsua denez dagoeneko ez da gizakietan erabiltzen. "Baladrea sendoen hilgarri, erhoen sendogarri" esaera zaharrak erakusten du landarearen arriskua.[8] Antzina patata-zomorro izurrien aurkako pestizida gisa erabili izan zen tarte batez.[9]

1890. urtean Georg Salzbergerrek protoveratrina alkaloidea isolatu zuen, eta horrek egiten du landarea pozoitsu. Akaloidea irentsi eta 30 minutu eta 4 ordu artean agertzen dira pozoiketaren sintomak, eta honako hauek dira: okaldiak, abdomeneko mina, hipotentsioa, bradikardia, goragalea, logura, zorabioa eta begi-nini dilatatuak.[10]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Baladrea» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  2. a b c d e «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  3. «Tropicos» www.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  4. «Page V» www.calflora.net (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Veratrum album L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  6. Mikel Lorda López. (1992). Estudio de las familias Liliaceae e Iridaceae de Navarra. Eusko Ikaskuntza. Cuadernos de Sección. Ciencias Naturales 9., 140 or. ISSN 0212-4173..
  7. «Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoa» euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  8. «baladre - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  9. (Ingelesez) Aydin, Tuba; Cakir, Ahmet; Kazaz, Cavit; Bayrak, Neslihan; Bayir, Yasin; Taşkesenligil, Yavuz. (2014). «Insecticidal Metabolites from the Rhizomes of Veratrum album against Adults of Colorado Potato Beetle, Leptinotarsa decemlineata» Chemistry & Biodiversity 11 (8): 1192–1204.  doi:10.1002/cbdv.201300407. ISSN 1612-1880. (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).
  10. (Ingelesez) Schep, Leo J.; Schmierer, David M.; Fountain, John S.. (2006-06-01). «Veratrum Poisoning» Toxicological Reviews 25 (2): 73–78.  doi:10.2165/00139709-200625020-00001. ISSN 1176-2551. (Noiz kontsultatua: 2025-02-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]