Vercingetorix

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vercingetorixen omenezko estatua, Alesian.

Vercingetorixwerkiŋgˈetoriks ahoskatua zelteraz— (gutxi gorabehera K.a. 72 - K.a. 46) auvernotarren buruzagia izan zen (Auvernian bizi izan zen tribua). Julio Zesar erromatarraren aurkako azken gerran arrakastarik gabe galiarren burua izateagatik ezaguna da.

Galiar tribu eta buruzagiak Julio Zesarren inbasioaren aurka elkartu zituen eta haren aurkako erresistentziaren gidari izan zen, Alesiako setioan errenditzera behartua izan zen arte, K.a. 52. urtean.

Vercingetorixi buruzko dokumentu historikoak urriak dira eta haien egiazkotasuna zalantzan jartzekoa, izan ere denak erromatar etsaiek idatzi baitzituzten. Julio Zesarrek hari buruz esandakoak ezagunak dira batik bat, Galiako gerra kanpainetan idatzi zuen Commentarii de bello gallicum (Galiako gerrari buruzko aipamenak) testuan.

Bizitza eta Galietako Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vercingetorix K. a. 72. urtearen inguruan jaio zen, Nemossos herri galiarretik hurbil (egun, Clermont-Ferrand, Auvernian). Aita Zeltillos zuen, auvernotarren erregea. Galiako herri indartsuenetakoak izanik, Erromaren aurka jarduten zuten.

Garai haietan, Galia Zisalpinoa eta Narbonensis erromatarren esku zeuden; Akitania, Belgika eta Zeltika, aldiz, galiar tribu askeen lurraldeak ziren. Leku-izen horiek erromatarrek emana dira, herri galiarren kokapenarekin zerikusirik gabeak. Germaniarrengandik ihesi, helvetiarrak lurralde horietan sartu ziren eta horrek eragin zuzena izan zuen Galietako Gerraren hasieran.

K.a. 58. urtean, Vercingetorix noble gaztea zelarik, Julio Zesarrek Galia inbaditu zuen, Helvetiarren migrazioa aitzakiatzat harturik. Galiar buruzagiak menperatu eta haien aberastasunak eskuratzeko asmoa zuen, bere ospea handitzeaz batera. Zeltillos erresistentzia zuzentzen saiatu zen, baina etsaiek harrapatu eta exekutatu zuten. Vercingetorixek Zesarrekin ikasi bide zituen erromatarren taktika militarrak: hortaz, K.a. 52. urtean, Zesarrek Bretainian izandako porrotaz eta Galiako egoera nahaspilatuaz baliatu zen, aitaren bidean segitzeko. Auvernotarren buruzagitza indarrez hartu eta erromatarren aurkako indarraren lehen postuan ezarri zen, batez ere bere oratoria dotorearengatik (galiarrek eta erromatarrek estimu handitan zuten artea). Erresistentzia gerrilla-gerrara bideratu zuen eta galiar tribu ugarik harekin bat egitea erdietsi zuen.

Carnutesko basoko kontzilioan aldarrikatu zen Galia osoaren altxamendua eta Vercingetorixek buruzagi eta noble galiarren leialtasuna lortu zuen. Laster erakutsi zuen erromatarren aurkako borrokan galiar koalizioa bideratzeko zituen gaitasunak, etsaiaren gerra-teknikak ongi jakiteagatik, bereziki.

K.a. 53. urtean, Zesarrek gerran lau urte zeramatzala, eta galiar lurralde asko menperatuta zeuzkala, belgikarrak matxinatu ziren. Hurrengo urteko urtarrilean izan zen Vercingetorixen altxamendua eta Galia osoa elkartu zen erromatarren aurka.

Vercingetorixek erromatarren kontrako gerra irekia saihestu zuen, etsaiak taktika militarrean eta armamentuan erraz gailenduko baitzitzaizkien galiarrei. Horren ordez, gerrilla-erasoen bidez eta erromatarren horniketa-bideak moztuz, indarrak makaldu zizkien: beren baseetatik urrundu zituen, Zesarren erasoen aurrean ihes eginez eta erromatarrek har zitzaketen herriei su emanez, janaririk izan ez zezaten. Muturreko estrategia horrek zenbait galiar triburi sortu zien mesfidantzaz baliatu zen Zesar, haiekin itunak egiteko. Aliatu galiarren laguntzaz eta estrategia bikainen bidez, zenbait garaipen lortu zituen, Avaricumgo (Bourges) hiria hartzea bereziki: mendekutzat, bertako 40.000 biztanle hilarazi zituen eta, gainerakoak, esklabo hartu.

Handik hamabi hilera, Zesarrek Vercingetorix Alesiako babeslekuan inguratu zuen. Galiarren armada banatuta zegoen: zati bat, Vercingetorixek gidatzen zuena, Alesian setiatuta; bestea, setio lerrotik kanpo, baina elkarrekin komunikatzeko aukerarik gabe. Alesiako gotorlekua elikagai faltaz erori zen, ziur asko. Armadura dotoreena jantzita, Vercingetorix Julio Zesarren aurrera joan zen eta haren oinetan utzi zituen armak, errendizioa adierazteko. Zesarrek Vercingetorix Erromara eraman zuen garaikurtzat eta bertan kartzelan izan zen bost urtez, jendaurrean erakutsia eta umildua izan aurretik. Ez dago argi nola hil zen, baina kondairak dio lepoa moztu ziotela, erakutsia izan ostean.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vercingetorix Aldatu lotura Wikidatan