Vietnam

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Vietnamgo Errepublika Sozialista
Cộng hòa Xã hội chủ nghĩa Việt Nam
Ereserkia: Tiến quân ca (en) Itzuli
Goiburua: Độc lập – Tự do – Hạnh phúc
("Independentzia, Askatasuna, Alaitasuna")
Flag of Vietnam.svg
Vietnamgo bandera
Emblem of Vietnam.svg
Emblem of Vietnam (en) Itzuli
Vietnam (orthographic projection).svg
Vietnam Topography.png
Vietnam-CIA WFB Map.png
Geografia
HiriburuaHanoi
21°1′28″N 105°50′28″E
Azalera331.690 km² (65.)
Punturik altuenaFansipan
Punturik sakonenaHegoaldeko Txinako itsasoa (0 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTxinako Herri Errepublika, Kanbodia eta Laos
Administrazioa
Gobernu-sistemaEstatu unitario
Vietnamgo PresidenteaNguyễn Xuân Phúc (en) Itzuli
Vietnamgo Lehen MinistroaPhạm Minh Chính (en) Itzuli
LegebiltzarraVietnamgo Biltzar Nazionala
Harreman diplomatikoakWikidata logo.svg Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria96.208.984 (2019) (14.)
Green Arrow Up.svg1.548.984 (2018)
Dentsitatea290,06 bizt/km² (46.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagizonezko: 20
emakumezko: 18
Emankortasun-tasa2,06 (2021)
Eskolaratu gabeko umeak4.069.875 (2002)
Alfabetizazioa% 94,5 (2015)
Bizi-itxaropena76,253 (2016)
Giza garapen indizea0,703 (2021)
Ekonomia
BPG nominala234.189.000.000 US$ (2018)
Green Arrow Up.svg10.325.003.645,345 (2017)
BPG per capita2.342 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg172 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa648.742.228.935 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg52.704.653.612 (2016)
BPG per capita EAPn6.790,211 nazioarteko dolar (2017)
Green Arrow Up.svg487,542 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala6,2 % (2016)
Erreserbak49.075.567.812 US$ (2017)
Green Arrow Up.svg12.548.277.240 (2016)
Inflazioa4,7 % (2016)
Green Arrow Up.svg4,1 (2015)
Historia
Sorrera data: 1976ko uztailaren 2a, 1945eko irailaren 2a eta 1804
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+84
ISO 3166-1 alpha-2VN
ISO 3166-1 alpha-3VNM
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli, Europlug (en) Itzuli, BS 1363 (en) Itzuli eta Schuko (en) Itzuli
Internet domeinua.vn
vietnam.gov.vn

Vietnam[1] (vietnameraz: Việt Nam, viət˨ næm˧) ahoskatua), izen ofiziala Vietnamgo Errepublika Sozialista (vietnameraz: Cộng hòa Xã hội chủ nghĩa Việt Nam), hego-ekialdeko Asiako estatu burujabea da, Indotxina penintsulan dagoena. Iparraldean Txina du, Tonkingo golkoa eta Hego Txinako itsasoa ekialdean eta hegoaldean, eta Thailandiako golkoa, Kanbodia eta Laos mendebaldean. 331.231 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 96,2 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Hiriburua Hanoi da.

Hizkuntza ofiziala vietnamera da, eta dirua đồnga.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnam Indotxinako ekialdean dago, ipar latitudeko 8° eta 24° artean, eta ekialdeko longitudeko 102° and 110° artean. S luze baten itxura du, zabala iparraldean (600 kilometro) eta hegoaldean (400 kilometro) eta estua erdialdean (50 kilometro Quang Binh probintzian). Ipar eta hego muturren arteko distantzia 1.650 kilometro da. Guztira 331.231 kilometro koadroko azalera du.

Iparraldean 1.297 kilometroko muga du Txinarekin, eta mendebaldean 1.158 kilometrokoa Kanbodiarekin, eta 2.161 kilometrokoa Laosekin. Hego-mendebaldean Thailandiako golkoa dauka, eta hegoaldean eta ekialdean Hego Txinako itsasoa eta Tonkingo golkoa.[3]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau alderdi nagusi bereiz daitezke Vietnamgo lurraldean:[4]

  • Barnealdeko mendiguneak.
    • Hoang Lien Son ipar-mendebaldean, Txinako mugan; bertan dago Fansipan, herrialdeko tontorrik garaiena (3.134 metro).
    • Annamgo mendikatea (Dãy Trường Sơn) erdialdean, Laosko mugan (mendilerroa Kanbodiako ipar-ekialdean ere barneratzen da). Txinako Yunnan-Guizhou goi-ordokiaren jarraipena da, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera hedatzen dena. 2.000 metrotik gorako gailur asko daude, eta baso tropikal trinkoak estalirik dago.
    • Tay Nguyen hegoaldeko erdian. Basaltozko bost goi-ordokik osatzen dute, mendi malkartsuekin tartekaturik, 51.000 kilometro koadroko eremuan. Gailurrik gorenak, 2.000 metro ingurukoak, Lam Vien goi-ordokian daude.
  • Ibai Gorriaren (Sông Hồng) delta ipar-ekialdean. 3.000 kilometro koadro inguru hartzen ditu Tonkingo golkoaren aurrean. Batzuetan ibaiak, bat-batean, gainezka egiten du, eta lursail handiak urperatzen ditu. Deltako lurra nekazaritzan erabiltzen da, eta ibaia ureztapenerako eta garraiorako.
  • Mekongen delta hegoaldean. 40.000 kilometro koadroko delta erraldoia eta laua da, Mekong ibaiaren bokalean. Munduko arroz-eremurik handienetakoa da (10.000 kilometro koadro inguru). Urtean behin gainezkaldi luzea izaten du, eta lohi-geruza berriez estaltzen eta zabaltzen da.
  • Itsasertzeko lautada estua ekialdean, Ibai Gorriaren deltaren hegoaldetik Mekongen deltaraino. Lur aberatsak dira, oro har, eta arroza lantzen da.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima tropikal hezea da, oro har. Udan 38 °C-tik gora egin dezake lurralde osoan. Negua epela da hegoaldean (25 °C) eta hotzagoa iparraldean (15 °C). Urtean 1.500 mm euri inguru izaten da Ibai Gorriaren deltan, eta hiru aldiz gehiago erdialdeko mendietan. Euri gehiena udako montzoiak ekarria da, maiatzetik urrira. Noizean behin, Hego Txinako itsasoko haize-erauntsiak jotzen du.

Hosto iraunkorreko oihan tropikalak eta hosto erorkorreko basoak lurraldearen bi bosten hartzen dituzte. Banbua ere oso zabaldua dago, bai zuhaiztien artean, bai ibai ertzeetan ere. Kostaldean, ur gaziko landaredia hazten da. Goi-lautadak sabanako belardiek eta zuhaixkek estaltzen dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Vietnamgo historia»

Vietnamen historia orain dela 2500 urte baino gehiago hasi zen. Txinako inperioaren mende egon zen mende askoan. X. mendean independentzia lortu zuen, eta bertako errege-dinastia jarri zen agintean.

XIX. mendean Frantziak kolonizatu zuen. II. Mundu Gerran Japoniak okupatu zuen, baina Frantziaren nagusitasuna errespetatuz. Izan ere, garai hartan Vichyko gobernuaren menpe zegoen Vietnam; Japonia bezala, Hitlerren aliatua zen beraz. Gerra horren amaieran, Japoniaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu egin ziren, Japoniari Frantzia aliatuen aldera mugitzen zela iruditu zitzaion eta. Horregatik, Japoniak frantziarrak kanporatzeko ahalegina egin zuen. Hala ere, Ho Chi Minhek gidatuta, Vietnamgo errepublika demokratikoa osatu zen.

Gerra amaitu ondoren, Frantziak ezin izan zion eutsi Asiako hego-ekialdean zeukan botereari. Indotxinako gerra galdu egin zuen, eta Genevako Akordioek Vietnam bitan zatitu zuten: Ipar Vietnam (Gerra Hotzaren garaian Txina eta SESBen laguntza izan zuena) eta Hego Vietnam (Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin). Zatiketa horren ondorioa Vietnameko Gerra izan zen, 1958-1973 bitartean. 1976an Ipar Vietnamek Hego Vietnam menderatzea lortu zuen, AEBetako soldaduak kanporatu zituzten eta Vietnameko Errepublika Sozialista sortu zen.

1990eko hamarkadaren amaieran AEBrekin zuen gatazka leunduz joan zen, eta negoziazio politikoak hasi ziren. 2000tik aurrera, Estatu Batuen diru-laguntzak eskuratzen hasi zen berriz.

Lehenbiziko garaiak eta txinatar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Văn Lang nazioaren mapa. Vietnamdarren lehen nazioa izan omen zen.

Arkeologia-aurkikuntzen arabera, Vietnamgo herria Neolitoan moldatu zen Ibai Gorriaren deltan, bertan finkaturik zegoen melanesiar edo indonesiar tankerako biztanleria eta iparretik iritsitako mongoliar jatorriko jendea elkartu ondoren. Brontzea Dong Son deituriko zibilizazioan azaldu zen, K.a. 1000 aldean. K.a. III. mendean, Âu Lạc erresuma eratu zen, eta K.a. 208an Zhao Tuo txinatar jeneralak Nam Viet erreinua sortu zuen.

K. a. 111n, Nam Viet osoa Txinako probintzia bihurtu zen, eta hala iraun zuen mila urte inguru. Hegoaldean, Annamen eta Kotxintxinan, hinduen zibilizazioaren eragin nabarmena zuen Champa erresuma sortu zen. Txinak, bere administrazioa ezartzearekin, herrialdea egituratu zuen, bertako gizartea txinatartu zen eta goi-klaseak konfuzianismora bihurtu ziren. Txinaren aurkako matxinadak izan baziren ere (Trung ahizpak, K.o. 39-43;, Ly Bon, 541-602) 939 arte ez zuen Nam Vietek askatasuna lortu.

Dinastia nazionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ming dinastiaren dominazioaren mapa.

X. mendearen erdialdetik aitzina, bertako zenbait familiak gobernatu zuten Dai Viet herrialdea: Dinh (968-980), Le (980–1009), Ly dinastia (1010-1225). Ly dinastiarekin estatua garatu zen, eremua hedatu zen Champa lurraldeak hartuta, hiriburua egungo Hanoin kokatu zuten eta khmerren erasoak geldiarazi zituzten. Tran dinastiak (1225-1413) mongolen erasoei aurre egin zien, eta Hue aldea beretu zuen 1306an. 1400ean, Ho Quy Ly aginpideaz jabetu zen, eta Txina, Tran familiari tronua itzultzeko aitzakian, herrialdeaz jabetu zen berriro 1407an. Le Loi txinatarren aurka matxinatu zen 1427an eta, herrialdetik egotzi ondoren, Lê dinastia berria sortu zuen. Le Thanh Tonek (1460-1497) Champa menderatu zuen, eta erdialdeko Mekongeraino iritsi zen. 1527an Mac Dang Dung gudarostearen buruzagiak aginpidea eskuratu zuenetik, egonkortasuna galdu zen herrialdean.

1592an, Trinh familiak Hanoi hartu zuen, eta Lêtarrak berrezarri zituen tronuan benetako aginpidea beren eskuetara iragan zenean. Hegoaldean, ordea, Nguyen familia indartsuak aurre egin zien. Herrialdea zatitu egin zen, eta Tonkin eta Annam erresumen arteko gatazka 1627tik 1802ra luzatu zen. Aldi hartan hasi ziren mendebaldeko herrialdeak bertako arazoetan esku hartzen: portugaldarrek, lehenik, nguyendarrei lagundu zieten; gero, herbeheretarrek eta britainiarrek merkataritzarako guneak ezarri zituzten bertan, eta frantsesak, azkenik, nguyendarren alde aritu ziren.

1802an, Nguyen Anhen gudarosteak Hanoi hartu zuen, eta erreinua berriro batu zuen bere agintaritzapean. Bi urte geroago, Nguyen Ahn enperadoreak (1802-1820), Gia Long izena harturik, Vietnam deitu zion bere erreinuari eta Hue aukeratu zuen hiriburutzat; errege absolutu gisa gobernatu zuen; administrazioa zentralizatu zuen, eta herri lan handiei ekin zien: errepideak, ubideak, dikeak, portuak, gotorlekuak. Ming Mang (1820-1841) haren ondorengoak Kanbodia protektoratutzat hartu zuen 1834an, eta kristauek lagunduriko Saigongo matxinada zapaldu zuen (1833-1835). Ondoko enperadoreak, Thieu Tri (1841-1847) eta Tu Duc (1847-1883), administratzaile nabarmenak izan ziren, baina Frantziaren presio gero eta handiagoa jasan behar izan zuten.

Frantziar Indotxina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Frantziar Indotxina»
Indotxinaren frantziar kolonizazioa.

Bertako kristauen eta mendebaldeko misiolarien jazarpena aitzakia harturik, Napoleon III.ak Vietnam mendean hartzea erabaki zuen. 1859an, frantsesek Saigon hartu zuten. 1862ko itunaren ondorioz, Frantzia Kotxintxinaz jabetu zen, eta 1873an Hanoin sartu ziren. 1883an, Annamen eta Tonkinen Frantziaren mendeko protektoratu ezartzen zuen ituna onartu behar izan zuen enperadoreak. Txina gatazkan sartu zen frantsesen aurka, baina 1885ean Vietnam osoaren gaineko aginpidea aitortu zion Frantziari. 1887an, frantses gobernadore nagusi baten mendean zegoen Indotxinako Batasuna sortu zuten frantsesek, Kotxintxina, Annam, Tonkin, Kanbodia eta Laos barne zirela.

Frantziak administrazioa erreformatu zuen, letratu tradizionalen ordez, bere aldeko jendea ezarriz, eta hezkuntza-sistema aldatu zuen. 1905etik aurrera, europar hezierako burges-giroetan, kolonialismo-egoera aldatzea helburu zuten zenbait talde sortu ziren. Gero, beste erakunde erradikalago batzuk agertu ziren: Nguyen Thai Hocek 1927an Viet Nam Quoc Dan Dang ("Vietnamgo Alderdi Nazionala") eratu zuen Txinako Kuomintangen eredura, eta 1930ean Indotxinako Alderdi Komunista sortu zen, Ho Chi Minh buruzagi nagusi zuela. Bi alderdiok herriaren matxinada prestatu zuten 1930ean baina, arrakastarik ez izanik, ondoko errepresio gogorra jasan behar izan zuten. Iraultzaileen aurka, frantsesek erreformabideak sustatu zituzten: 1932an, Frantzian ikasia zen Bảo Đại enperadoreak bere karguaz jabetu zen, eta Ngô Đình Diệm gaztea izendatu zuen ministro. Administrazioa berritzen saiatu ziren arren, ez zuten emaitza nabarmenik lortu. 1940an japoniarrak lurraldeaz jabeturik, mugimendu abertzaleak indartu egin ziren.

Indotxinako lehenbiziko gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Indotxinako gerra»

Bigarren Mundu Gerran japoniarrak Frantziar Indotxinan sartu zirenean, Ho Chi Minhek, Indotxinako alderdi komunistaren buruzagiak, Viet Minh alderdia sortu zuen, kanpoko gudarosteei aurre egiteko eta independenzia lortzeko. Gerra bukatu ondoren, Viet minhek hartu zuen aginpidea eta Vietnamgo Errepublika sortu zuen. Frantziak, ordea, ez zuen bere inperio koloniala galdu nahi eta Frantziar Batasuna (frantsesez: L’Union française) eratu zuen, horrela beste izen batez koloniak atxikitzeko. Frantziako gobernuak Indotxinari erresuma independente modura eutsi nahi zion, baina Frantziar Batasunaren barruan.[5]

1948an, armada frantsesa itzuli zen Indotxinara, Hai Phong hiria bonbardatu ondoren. Viet minhen barruan komunistak, burgesak eta abertzaleak elkartu ziren Frantziaren kontra, fronte bakar eta indartsu batean. Viet minhgo armadak, Võ Nguyên Giáp jeneralak zuzenduta, Cao Bangeko gudua irabazi zuen 1950ean, baina gero frantsesek kontraeraso batez lurralde osoa menderatu zuten berriro. Azkenean Giáp jeneralak frantsesak inguratu zituen Diên Biên Phun , eta 1954an Frantziako gudarostea errenditu egin zen. Genevako bake itunean, Indotxina bi estatutan banaturik gelditu zen: Vietnamgo Errepublika Demokratikoa iparraldean eta Vietnamgo Errepublika hegoaldean.[5]

Vietnamgo gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Vietnamgo gerra»

Vietnamgo batasuna aurreikusten zuten Genevako Ituneko erabakiak (1954) Vietnamgo Errepublikak ez betetzean abiatu zen gatazka armatua, Indotxinako II. gerra ere deitu izan dena (1955-1975).

Estatu Batuen laguntza zuela, Ngo Dinh Diemek Bao Dai enperadorea eraitsi eta errepublika aldarrikatu zuen, Genevako erabakiei uko egiten zien bitartean. Horrenbestez, su-etenaren ondoren hegoaldean ziren Vietminhgo kideek errepresio gogorra jasan zuten, eta demokratek zein liberalek erbesterako bidea hartu behar izan zuten. 1957an azkeneko oste frantsesek alde egin zuten Indotxinatik, Estatu Batuek laguntza militarrerako ordezkaritza bertan finkatu ondoren. 1960ko urtarrilean lehen gudu irekiak gertatu ziren, eta, urte berean, gobernuaren aurkako borroka gidatu behar zuen Askapenerako Fronte Nazionala (FNL) sortu zen, komunistek eta joera ezberdineko beste zenbait alderdi politikok bultzatua.

Estatu Batuetako B-66 bat eta lau F-105 Ipar Vietnam bonbardatzen, 1966an.

1960an Estatu Batuen esku-hartze zuzena hasi zen eta 1961ean Kennedyren administrazioak aholkulari militarren kopurua handitu zuen. Hala eta guztiz, 1963an Diem-en gudarostea lehen aldiz garaitua izan zen; gobernuak budisten kontrako zapalkuntza bideratu zuen, eta haietako batzuen jendaurreko suizidioak (1963ko maiatza) mundu osoaren jakin-mina erakarri zuen. Estatu Batuek Diem familia bertan behera utzirik, militarrek hartu zuten aginpidea. Johnson-en lehendakaritzapean (1965-1968), Westmoreland jenerala Vietnamgo amerikar gudarostearen buru zela, estatubatuarren esku-hartze zuzena hazi egin zen: 275.000 soldadu 1966an, 550.000 1968an. Estatu Batuek Vietnamgo Errepublika Demokratikoa bonbardatu zuten, napalm-a eta landaredia hondatzen duten produktuak erabiliz, aldi berean beren tropek operazio handietan parte hartzen zutela. Vietnamgo Errepublikak, 1965etik Nguyen Van Thieu eta Cao Ky jeneralak agintari nagusiak zirela, 1.500.000 gizonez osaturiko gudarostea eta polizia zituen bere mende. Guztiarekin ere, FNL indartsu ageri zen landa-eremuetan, eta 1966an hegoalde osoaren hiru laurdenetan bere administrazioa ezarri zuen. FNLren barnean, bi tropa-mota bereizten ziren: herri-milizia, tokian tokiko gerrilla-ekintzak egiten zituena, eta tropa erregularrak, higikortasun handikoak eta etsaiari oste handitan erasotzeko gai zirenak. FNLren esku zeuden lurraldeen aurkako bonbardaketa etengabeek biztanleak bertatik alde egitea eta kontrolaturiko hirietara biltzea zuten helburu, baina ondorio latzak ekarri zituzten: nekazaritza-guneak hondaturik eta abandonaturik geratu ziren, eta hirietara gehiegizko jendetza bildu zen denbora laburrean. Gizartea guztiz desegituratua geratu zen. Vietnamgo Errepublikaren ekonomia guztiz Estatu Batuen mende geratu zen. 1968ko urtarriletik martxora FNLk Tet Urte Berriko jai vietnamdarra izeneko eraso orokorra jo zuen: gerrillari-talde handiak erabiliz, 34 probintzia-hiriburuz eta garrantzi txikiagoko beste hainbat hiriz jabetu zen denbora batez. Estatu Batuek, beren estrategiaren porrotaz oharturik, iparraldeko bonbardaketak geldiarazi zituzten (1968ko martxoak 31). Hanoik bake-negoziazioak hastea proposatu zuen, eta Johnson-en administrazioak elkarrizketak hastea onartu zuen (Parisko Ituna, 1968ko maiatza).

Estatu Batuetan 1965etik aurrera geroz eta jende gehiagok azaltzen zuen gerraren aurkako iritzia, batez ere ikasleen artean. 1968an, Nixon lehendakari hautatua izan ondoren, Estatu Batuetako agintari berriek vietnamdartzea deitu estrategia berria abiatu zuten: beren tropak gutxitzen hasi ziren arian-arian eta, aldi berean, Saigongo erregimenari erabateko laguntza ekonomikoa zein militarra ematen zioten. FNLk 1969ko ekainean Behin-Behineko Iraultza Gobernua sortu zuen. 1969ko abuztuan, Washington eta Hanoi isilpeko negoziaketan hasi ziren Parisen, H. Kissinger eta Le Duc Tho ordezkari nagusiak zirela. Aldi berean, ordea, Estatu Batuek bere aire-indar guztia erabili zuten oinezko tropen murrizketa orekatzearren eta Ho Chi Minh pista deitua (iparraldetik hegoalderako laguntza bideratzen zuena) hondatzearren. Xede horretan, CIAk Kanbodian sustaturiko estatu-kolpeak Sihanuk neutralista eraitsi zuen (1970eko martxoa), eta, ondoren, hegoaldeko gudarostea amerikarrekin batera sartu zen herrialde hartan; antzeko ekintza egin zuten Laosen (1971ko martxoa). Ahalegin horiek guztiek ez zuten inolako garaipen garbirik ekarri; aitzitik, etsai guztien batasuna ekarri zuen (Ipar Vietnam, FLN, Patet Lao, Kanbodiako gerrilla). Borrokatokiak ugaldu ziren, eta herri-gudarostea zenbait lurralde estrategikoz nagusitu zen: Mekong haraneko goi-eskualdeak, Kanbodiako iparraldea, etab. Negoziaketan, Estatu Batuek uko egin zioten Hanoik eta Behin-Behineko Iraultza Gobernuak aurkezturiko bake-planari, Van Thieu-ren dimisioa eta nazio-akordiorako gobernua eskatzen baitzituzten (1971ko ekaina-uztaila).

Linebacker II operazioa, 1972ko abendua.

1972ko martxoaren 30ean, FLNren indarrek eta Errepublika Demokratikoko gudarosteek erasoa jo zuten; Quang Tri probintziaz jabetu eta Saigondik 100 kilometrora hurbildu ziren. Erantzun gisa, Iparraldeak gerra-hasieratik izandako bonbardaketarik gogorrenak eta hilgarrienak jasan zituen (Hanoi, Haiphong). Halaber, Estatu Batuek minak jarri zituen iparraldeko portuetan, eta erabateko blokeoa ezarri zuen.

Zigor horiek gorabehera, FNLri irabazteko ezintasuna gero eta garbiago ageri zen Estatu Batuentzat eta 1973ko urtarrilaren 15ean bonbarbaketak gelditu zituzten. Handik egun gutxira, urtarrilaren 27an, bake-ituna sinatu zuten. Estatu Batuek bi administrazioen existentzia onartzen zuten Hegoaldeko Vietnamen, eta, nazio-akordiorako batzordea eratu aurretik, su-etenaren beharra aitortzen zuten. Guztiarekin ere, Van Thieu-ren gudarosteak, Estatu Batuek bultzaturik, ahaleginak egin zituen Behin-behineko Iraultza Gobernuaren mendeko eskualdeak eskuratzearren, baina haien kontraerasoak beharturik, 1975eko martxoan Thieu-ren gudarostea erdialdeko goi-lautadetatik erretiratu zen, Saigonen inguruko defentsa-perimetroa finkatzeko. Hala ere, Behin-behineko Iraultza Gobernuaren etengabeko garaipenek etsaien desmoralizazioa eragin zuten eta, apirilaren 30ean, haien eta Errepublika Demokratikoko gudarosteak Saigonen sartu ziren.

Vietnam batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976ko uztailean, iparraldeak eta hegoaldeak Vietnamgo Errepublika Sozialista eratu zuten, eta Ton Duc Than izan zen lehenengo lehendakaria. Nazio askok berehala ezagutu zuten estatu berria. Egin beharreko lana, ordea, handia zen. Oinarri ezberdineko bi sistema ekonomiko adostu beharra zegoen, eta gerraren ondorioei aurre egin behar zitzaien: Saigonen 500.000 pertsona lanik gabe zeuden, eta laborantza-lurretara itzuli behar zuten, bonbardaketak deseginik ziren lurraldeetara hain zuzen; amerikarrak erretiratu ondoren, 300.000 prostituta geratu ziren, eta droga gogorren mendekotasunak jotako 20.000 lagun inguru. Gerra ondoren, milioi inguru pertsonak ihes egin zuen, aurreko erregimenarekin zerikusia zutenen eta erdi-mailako gizarte-klaseetako pertsonen artean. Auzo-herriekiko harremanei dagokienez, 1978ko abenduan, SESBen eta Txinaren arteko etsaigoaren ondorioz, Vietnamgo gudarosteak Kanbodiari eraso zion, eta, Txinaren laguntza zuen khmer gorrien gobernuaren ordez, beren aldeko gobernua ezarri zuen aginpidean. Ekintza horren ondorioz, 1979ko otsailaren 17an Txinaren erasoa jasan behar izan zuen. Vietnamek bere tropa guztiak Kanbodiatik atera zituenean (1989ko iraila), itun bat sinatu zuen 1990ean Txinarekin zuen gatazkari amaia emateko. 1992an konstituzio berria onartu zen Vietnamen. Konstituzio berri hark aukera ematen zuen hauteskundeetan hautagai independenteak aurkezteko. Hala eta guztiz ere, urte hartako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaien % 90 Alderdi Komunistako kide ziren.

1992an, Estatu Batuetako senatari-batzorde batek Vietnam bisitatu zuen 2.000 gerra-presoei buruz hitz egiteko. Pribatizazio-neurriek eta atzerriko inbertsioen liberalizazioak BPGa % 8,3 igotzea ekarri zuen. 1993 eta 1994. urteetarako gobernuak hazkunde hori % 8 eta % 9 izango zela, hurrenez hurren, aurreikusten zuen. Garai horretan Vietnamgo kanpo-ekonomia bi gairen mende zegoen: arroza eta, maila apalagoan, petrolioa. Arrozaren ekoizpenaren igoerak onurak ekarri zizkion batez ere hegoaldeari, eta, aldi berean, nabarmendu egiten zituen Vietnam hegoaldearen eta iparraldearen arteko desberdintasunak. 1993. urtean langabezia % 30era iritsi zen, eta kontrabandoa gorantz zihoan. Estatu Batuen boikota 1993an hasi zen desagertzen, Senatuko batzorde batek azaldu zuenean Vietnamen ez zegoela preso estatubatuar soldadurik. 1994ko otsailean, 19 urte igaro ondoren, Clintonek merkataritza-blokeoaren amaiera iragarri zuen. Alderdi Komunistak gogor egiten zion kontra politikaren eta ekonomiaren liberalizazioari. Vietnam eta Estatu Batuen artean 1995. urteaz geroztik hasi ziren harreman diplomatikoak. Harreman haien ondoren, askok uste zuten Estatu Batuetako enpresa asko berehala joango zirela Vietnamera inbertsioak egitera, baina ez zen horrenbestekoa izan, zain baitzeuden Vietnamgo ekonomia noiz liberalizatzen zen.

1997an, Asiako diru-krisia Vietnamera iritsi zen. 1997an, Tran Duc Luong lehendakari eta Phan Van Khai lehen ministro hautatu zituzten. 1998an, lehorteak 7 mila kafe-sail hondatu zituen, eta beste 40 mila galtzeko zorian utzi. 1999an, uholdeek kalte latzak eragin zituzten ekonomian. Ustelkeria gero eta gehiago zabaldu zen, eta, 1998an, arazo nazionaltzat aitortu zuten agintariek; hiru funtzionario hil zituen gobernuak, ustelkeria egotzita, eta hainbat ministro eta goi-mailako kargu dimisioa ematera behartu zituzten. 2000n eta 2001ean, hainbat hitzarmen sinatu ziren Vietnamen eta Estatu Batuen artean. 2002an, 59 epaiketatan ehunka lagun eta erakunde epaitu zituzten bankuetan iruzurra egiteagatik. 2002ko uztailean, Tran Duc Luong berriz aukeratu zuten lehendakari eta Phan Van Khai, berriz, lehen ministro. 2004an, hegazti-gripea zeritzan gaixotasun baten pandemia bat izan zen Vietnamen, baina urte horretan bertan indargabetu zuten gaixotasuna. 2005ean, gerra bukatu izanaren 30. urteurrena ospatu zuten. Phan Van Kahi lehen ministroa aurrenekoz joan zen Estatu Batuetara bisita ofizialean. 2006an, legebiltzarrak ikerketa sakon bat egin zuen hainbat ministeriotako ustelkeria argitzeko, eta, azkenean, lehen ministroak eta goi-mailako beste kargudun batzuek dimisioa eman behar izan zuten. 2007an, Nguyen Tan Dung lehen ministro berriak gobernua eraberritu zuen.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnamgo Alderdi Komunistak (lehenago Vietnamgo Lanaren Alderdia) kontrolatutako sistema baten bidez gobernatzen da. Gobernua, teorian, alderdi komunistatik independentea den arren, alderdiak hartzen ditu erabaki garrantzitsuenak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnamgo zortzi eskualdeak.
Sakontzeko, irakurri: «Vietnamgo banaketa administratiboa»

Vietnamgo hiriburua Hanoi da (Ipar Vietnamgo hiriburua izandakoa), eta hiri handiena Ho Chi Minh Hiria da, lehen Saigon izenekoa (Hego Vietnam eta Frantziar Indotxinako hiriburua izandakoa).

Vietnam 59 probintziatan eta probintzia-mailako 5 udalerritan banatua dago, barruti eta udalerrietan azpibanatuak. Gobernu probintzialek gobernu zentralaren agindupean daude. Sarri, Vietnamgo gobernuak zortzi eskualdetan batzen ditu probintziak:

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cham taldeko vietnamdarrak dantzan.

Erlijioa honela banatzen da: budismoa, % 55,3; katolizismoa, % 7; islama, % 1; besteak, % 36,7. Etnia anitzeko herrialdea da. Gobernuak 54 talde etniko ezberdin onartzen ditu zortzi familia linguistikoetatik eratorriak (Viet - Muong, Tay - Thai, Mon - Khmer, Mong - Dao, Ka - Belt, Nam duc, Han eta Tang). Etnien banaketari dagokionez: vietnamdarrak, edo kinh, dira gehienak, % 85,4 eta gainerako 53 talde etnikoak herrialdeko biztanleriaren % 14,6 dira, besteak beste, tho-ak, % 1,8; txinatarrak, % 1,5; thai-ak, % 1,5; khmer-ak, % 1,4; muong-ak, % 1,4; nung-ak, % 1,1; besteak, % 4,2. Vietnamgo eskualde menditsu eta landatarretan biltzen dira gutxiengo etnikoak, baina herrialde osoan zehar ere sakabanatu dira, gerraren eta migrazioaren ondorioz. Komunitate eta herrixka askotan elkarrekin bizi dira 3-4 talde etniko desberdin.[6].

Vietnamdarrek osatzen dute etnia nagusia. Batez besteko biztanle-dentsitatea 228 bizt./km2 bada ere, alde handiak daude eskualde batetik bestera: iparraldeko deltan biztanleen % 27 bizi da lurraldearen % 8an (1.000 bizt./km2); hegoaldeko deltan, berriz, biztanleen % 35 lurraldearen % 19an (445 bizt./km2). Erdialdeko kostaldeko lautadetan biztanle-dentsitatea handia da; goi-lurraldeetan, berriz, oso biztanle gutxi bizi dira.

Hogeita hamar urteko gerrak biztanleengan izan dituen eraginen artean, aipatzekoa da gizonezkoen artean izan den heriotza-tasa garaia. Biztanleriaren urteko hazkunde naturala % 2,6 izan zen 1981-1988 bitartean, eta jaitsiz joan da jaiotzen mugatze-plangintzari esker: % 2,1 1996an eta % 1,2 2010ean.

Bi gerren ondorioz, herrialdean bertan biztanleen lekualdatze handia izan da: iparraldeko katolikoak hegoaldera, hegoaldeko iheslariak iparralderantz, herrietako biztanleak hirietara hegoaldean, eta alderantziz iparraldean.

1975eko batasunaren ondoren, biztanle asko eta asko ekonomiaren gune berrietara joan zen. Gerraren ondorioz iheslari asko izan zen (1,3 milioi 1975-1989 urteen bitartean), eta Estatu Batuak (500.000 lagun), Kanada, Australia eta Frantziara joan ziren gehienak. Atzerrian bizi ziren vietnamdarrek urtero diru asko bidaltzen dute beren herrialdera. Horretaz gainera, Ekialdeko Europako herrialde sozialista ohietan Ipar Vietnamgo 270.000 langile daude; langile haiek beren herrialdearen kanpoko zorra ordaintzen laguntzeko bidali ziren herrialde horietara.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnam herrialde pobrea da: urteko batez besteko errenta 240 dolarrekoa zen laguneko 1995ean, eta 1.168 dolarrekoa 2010ean. Ekonomian eta aberastasunean alde handiak daude eskualde batetik bestera. Ekonomia kolonialaren ondoren (1954), bi erregimen izan ziren, komunista iparraldean eta kapitalista hegoaldean. Iparraldean, nekazaritzaren erreforma ahularen ondoren, 1975. urteaz geroztiko kolektibizazio-programak (kooperatibak) ez zuen nekazaritza-ekoizpena hazterik lortu. 1979. urtetik aurrera, ordea, familiara mugatutako ustiakuntza-sistema hartu zuten. 1988 eta 1989. urteetan izan ziren liberalizazioekin bizkortu egin zen kolektibizazioak amaitzeko prozesua. 1993ko ondasunen gaineko lege berriaren bidez, indartu egin zen nekazariek lurra erabiltzeko eskubidea. Arroz-ekoizpena bikoiztu egin zen 1980tik 1996ra. Industriak izan zuen bilakaera nekazaritzaren oso antzekoa izan zen. 1979. urteko lehenengo liberalizazioa 1987an berretsi zen atzerriko inbertsioak indartzen zituen lege baten bidez. 1990-1996 urteen bitartean, ekonomia vietnamdarrak % 8-9,5 bitarteko urteko hazkundea izan zuen. Baina 1997ko Asiako krisiak geldiarazi egin zuen hazkunde hori.

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnamdarrak baratzeak lantzen.

Nekazaritza da Vietnamgo ekonomiaren oinarria: BPGren % 28 hartzen du eta langileen % 72 (1995). Mekong ibaiaren deltan ekoizpenaren % 38 lantzen da, eta Ibai Gorriaren deltan, berriz, % 18. Delta-inguruetako lurraren % 90 arroza lantzeko erabiltzen da (19,4 milioi tona urtean) eta, toki askotan, bi uzta biltzen dira urtean. Arrozaz gainera azukre-kanabera, artoa, batata, tea, barazkiak, mandioka, tabakoa, soja, kafea, kotoia, hebea (kautxua) eta fruitu garratzak lantzen dira, besteak beste. Vietnam burugaina da elikagaiei dagokionez, eta 1989. urtetik aurrera munduko hirugarren arroz-esportatzailea da Thailandia eta Estatu Batuen ondoren. 1990eko hamarraldian, txerri- eta hegazti-hazkuntzak garrantzi handia hartu zuen. Arrantzak ere gora egin du azken hamarraldiotan, eta proteina-iturri nagusia bihurtu da (400.000 tona 1980an, 900.000 1995ean). Basoak lurraldearen % 44 hartzen zuen 1943an, eta 1995ean, berriz, % 23. Basoaren urritze horrek bi arrazoi nagusi ditu: batetik, herrialdeko bertako erabilera, eta, bestetik, estatubatuarren kontrako gerra. Basoaren urritzea lehen mailako arazo bihurtu da vietnamdarrentzat, eta 1992an gobernuak debekatu egin zuen zuraren esportazioa.

Mea- eta energia-baliabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vietnamek aberastasun handia du lurpean, ikatza eta burdin mea batez ere (ipar-ekialdea). Bauxita, kromoa, kobrea, eztainua, titanioa, zinka, urrea, apatita, fosfatoak eta harribitxiak ere badira. Ustiatzen den ikatzaren parte bat Japoniara esportatzen da. Petrolioa 1986. urteaz geroztik ustiatzen da, hegoaldean aurkitu diren itsaspeko hobiei esker. Ateratzen den petrolioaren bostena Japoniara eta Singapurrera esportatzen da. Hala eta guztiz ere, petrolioaren ustiaketa ez da uste bezainbestekoa izan. Gas naturaleko hobiak ere garrantzizkoak dira. Elektrizitatearen produkzioa urria da, hegoaldean batez ere.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industriak BPGren % 30 hartzen du (% 22 eskulangintzako industriak), eta langileen % 13k dihardu sektore horretan lanean (1995). 1987. urteaz geroztik, ordu arteko estatuaren mendeko sistemaren ordez merkatu-ekonomia nagusitu zen. Kontsumo-ondasunak, esportaziora zuzenduak batez ere, indartu ziren. Iparraldean industria astunak eta ekipo-ondasunak (siderurgia, engranajeak, papera) dira nagusi. Industria arinak eta eskulangintza, eskulan merkearekin, hegoaldean daude batez ere: ehungintza, elikagaiak, osagai elektrikoak eta elektronikoak. Vietnamek merkataritza-harremanak ditu Singapur, Hego Korea, Japonia eta Taiwanekin. Turismoa gorantz doan sektorea da (1,6 milioi turista 1996an). 1997ko Asiako krisiaren ondorioz, esportazioak eta hazkunde-tasa nabarmen jaitsi zen, eta donga debaluatu egin zen (% 20).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Vietnam. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-7-18).
  3. Vietnam. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-7-18).
  4. Cima, Ronald J.. Geography. Vietnam: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1987, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2022-7-20).
  5. a b Indotxina, Frantziakoa. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-24).
  6. (Ingelesez)Vietnamgo datu irekien gobernuaren ataria; kontsulta data: 2019-12-08.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia.PNG

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia.png

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east.svg

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia.PNG

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia.png

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan