Vincent van Gogh

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vincent van Gogh
Vincent van Gogh
Datu pertsonalak
Izen osoa Vincent Willem Van Gogh
Jaio 1853ko martxoaren 30a
Zundert (HerbehereakHerbehereak)
Hil 1890ko uztailaren 29a
Auvers-sur-Oise (FrantziaFrantzia)

Vincent Willem Van Gogh (Zundert, Ipar Brabant, 1853ko martxoaren 30a - Auvers-sur-Oise, Val-d'Oise, 1890eko uztailaren 29a) herbeheretar margolari postinpresionista ospetsua izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazkirako dohaina txiki-txikitandik erakutsi bazuen ere, Van Gogh ez zen hogeita zazpi urte bete arte hasi marrazten eta pintatzen, eta hamar urte besterik ez zituen egin artegintzan. Bizitza eta artegintza hain daude lotuak Van Goghengan, non bizilekuz aldatu zen aldi bakoitzari aro berri bat baitagokio bere lanean. Parisko egonaldia bukatu, eta Arlesen bizi izan zenean iritsi zuen betetasuna Van Goghen arteak: bi urtean, 350 bat margolan egin zituen. Hala, pinturaren historiako artistarik handienetako bat izatera iritsi zen. Haren sentimenduen, usteen eta gogoeten berri zehatza ematen dute bere anaia gazte Theori hemezortzi urtez idatzi zizkion gutunek. Gutun horiek, bere barnean zeukan gaixotasunarekin izandako borroka lazgarriaren lekuko izateaz gainera, literatura-maila handiko adierazpen dira.

Nortasunaren bila (1853-1880)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vincent Van Gogh 1853ko martxoaren 30ean jaio zen Groot Zunderten (Ipar Brabante, Herbehereak). Aita, Theodore, artzain protestantea zuen. Sei anaia-arreben artean zaharrena zen Vincent. Haren arreba Elisabethen hitzetan, txiki-txikitandik izan zituen nortasun-arazoak. Ez bakarrik hurbilekoak arrotz zitzaizkion, bera ere arrotz zitzaion bere buruari. Hamasei urterekin lanean hasi behar izan zuen, eta Hagako arte-galeria batean jarri zen saltzaile. Gero, Bruselara eraman zuten, eta gero Londresera, nondik, maitasun zapuztu batez etsia harturik, ihesi joan baitzen Parisera, eta han Louvre museoa ezagutu zuen, Camille Coroten eta Jean-François Milleten lana bereziki. 1876an Ingalaterrara itzuli zen, eta arte-saltzaile lan hura utzi zuen.

Orduan, onginahizko eta mistizismozko halako sukar batek harturik, bere bizitzako aldirik oinazetsuena hasi zuen. Irakasle izan zen erruki-etxe batean, gero eskola-maisu eta sermolariaren laguntzaile Londresko aldiri behartsu batean eta, azkenik, artzain protestante izatea erabaki zuen. 1877an, teologia-ikasketak egiten saiatu zen Amsterdamen, baina alferrik. 1878an, Bruselako eskola ebanjelikoan ere ahalegindu zen, baina han ere ez zuen aurrera egin, eta, azkenean, sei hilabeterako bidali zuten misiolari Belgikako eskualderik behartsuenetako batera, Borinage meatzari-lurraldera. Ez omen zuen sermoietarako dohain handirik, eta ezin bihozberagoa izanagatik, hango jendeak ez zion harrera onik egin, eta Elizak gaitzetsi egin zuen azkenerako. Hondamen hark sortu zion etsipen izugarrian aurkitu zuen Van Goghek bere bokazioa, marrazteari ekin baitzion bete-betean, eta hala aldatu zitzaion erro-errotik bizitza.

Nahitaezko uko egite haien eta etsi-etsian hartutako erabaki haien ondoren Van Goghek hartu zuen bide artistikoak gainerakoekin komunikatzeko premia bizi bat adierazten zuen, baina ez zuen bide horretan inondik ere aurrera egiterik izango, ez zuen erantzunik batere izango, baldin eta bere anaia Theok erabateko laguntza eta babesa eman izan ez balio, bai diruz eta bai kemenez. Bestalde, irakurketaren bidez (Biblia, Zola, Dickens, Victor Hugo, Honoré de Balzac) indartu zuen Van Goghek munduaz eta gizarteaz zuen ikuspegia, eta beste artista batzuen lanetan (Rembrandt, Dupre, Daumier, Delacroix, Hals, eta batez ere Millet) ase zuen bere jakin-min handia eta hartu zuen bizitzeko eta bere lanerako behar zuen bultzada, dohain handia baitzuen, gainera, artelanak ezagutzeko, aztertzeko eta ederresteko. Hasiera-hasieratik, Van Goghek jende xumearen pintoretzat eduki zuen bere burua, haien lan gogorraren eta esker gaiztokoaren goraipatzailetzat, haien kontsolatzailetzat.

Herbehereetako aldia (1881-1885)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makalak udazkenean, 1884, Van Gogh museoa, Amsterdam
Patata-jaleak, 1885, Van Gogh museoa, Amsterdam

Litografiak eta egurrean egindako grabatuak kopiatzen hasi zuen Van Goghek bere ikasketa aldia, eta Milleten lana hartu zuen eredutzat, huraxe izan baitzuen, beste guztien gainetik, pintorerik maiteena eta miretsiena. 1881ean, Ettenen, haren gurasoak han bizi baitziren, nekazariak, erretratuak eta, batez ere, paisaiak marraztu zituen, bai zuzenean marraztu ere, gerora Van Goghen obran argi eta garbi sumatuko zen ekialdeko artearen eta marrazkeraren zantzuz.

Van Goghek era askotako materialak erabili zituen marrazteko. Hasieran, tresna tradizionalez baliatu zen -lapitza, klera beltza, ikatzezko ziria, benenezko ziria, igeltsua, Txinako tinta eta akuarela-, eta material bakoitzaren erabilera eta ezaugarriak aztertu eta landu zituen. Ez zion material bakoitzari berak nahi zuen etekina beti atera eta, askotan, hainbat material nahasten zituen koadro berean, material bakoitzaren mugak gainditurik horrela. Esperimentu eta saio asko egin zuen. Adibidez, klera bustia erabili zuen batzuetan. Beste batzuetan, materialen konbinazio bitxiak egin zituen. Adibidez, finkatzeko gai gisa esnea erabili, eta klera litografikoa eta moldiztegiko tinta, marrazteko tresnatzat. Bere garaian erabiltzen ez zen materialik ere erabili zuen, italiar klera, esate baterako.

Maitemindurik zeukan emakume baten arbuioz, eta aitarekin zuen liskarrezko harremanaren ondorioz -azkenerako etxetik bota zuen aitak-, Van Goghek Hagan hartu zuen aldi baterako bizilekua, eta han pintura-ikasketak egin zituen Anton Mauverekin. Akuarelagintzan ibili zen buru-belarri eta perspektiba ikasten jardun zuen.

1883ko irailetik abendura, bakar-bakarrik bizi izan zen Drenthe probintzian, Herbehereetako iparraldean. Han gogotik aritu zen pintatzen bere margolari-sena bideratzeko, eta Sien bere adiskide minak alde egin izanak sortu zion itolarriari eta etsipenari ihes egiteko eta menderatzeko. Gero, Nuenen izeneko herrixka batean hartu zuen bizilekua, hantxe kokatu berria baitzen haren familia, eta Ipar Brabanteko herri txiki hartantxe iritsi zuen Van Goghek bere lanean erabateko ziurtasuna: nekazariak lanean harri beltzez eginiko zirriborroetan irudikatuak, marrazkilari gisa zuen bikaintasunaren erakusgarri. Berrehun bat koadro egin zituen, nekazarien eta eskulangileen irudiak, paisaiak eta izadi hilak, margo ilunez margotuak, pintzelkada adierazgarriez, bolumenak argi-ilun zakar eta indartsu batez nabarmenduak (Patata-jaleak, 1885) eta, hala, herbeheretar errealismoaren tradizio handiarekin bat egin zuen, Frans Halsek eta Rembrandtek urratu zuten bidean. Garai honetako obra akatsik eta trakeskeriarik gabea ez bada ere, inspirazio eta etorri handikoa da, giza izatearen lekukotasuna emateko borondatez egina, Van Goghen idealak eta barne-arazoak argitara ateratzen dituena.

Anberesko aldia (1885eko azaroa 1886ko otsaila)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anberesen egin zuen egonaldia garrantzi handiko urratsa izan zen Van Goghen bilakaeran. Anberesen Rubensen margolanak aztertu zituen, eta lehenengo aldiz ikusi zituen japoniar grabatuak, baita miretsi eta aurrerantzean haien bilduma egin ere. Bi iturri horiei esker, are gehiago trebatu zen margoen baliabideetan, nahiz ordura arte aski landua zuen alor hori, bai holandar maisuak aztertuz, eta bai Parisen ikusiak zituen Paolo Veronese italiar margolariaren eta Eugène Delacroix frantsesaren eraginez.

Parisko aldia (1886ko otsaila - 1888ko otsaila)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatetxe baten barrualdea, 1887, Kröller-Müller museoa, Otterlo
Autorretratua feltro grisezko kapelarekin, 1888, Van Gogh museoa, Amsterdam

Baina Parisen zegoen garai hartan arte-giroa, eta han bakarrik berritu zezakeen Vincentek bere ikuspegia. 1886an heldu zen Parisera, inpresionistek beren azken erakusketa egin zuten urtean bertan, eta 1887an egin zen Milleten obraren atzera begirako lehenengo erakusketa.

Theoren etxean kokatu zen, izan ere Goupil arte-etxeak Parisen zuen ordezkaria baitzen 1880az geroztik anaia. Fernand Cormon pintorearen lantegian ibili zen, eta han, besteak beste, Toulouse-Lautrecen ezagutza egin zuen. Bere anaiaren bitartez ia inpresionista guztiak ezagutu zituen, Seurat eta Pissarro bereziki, eta baita Gauguin ere.

Tanguy Zaharra ospetsuaren dendan, eta Cézanneren obren itzalpean, Signac frantses pintorearen adiskide egin zen. Garai hartan, urrats handiak eta bizkorrak egin zituen Van Goghen arteak: margo argiak erabili zituen loreen eta loreontzien koadro txiki ñabardura bitxikoak egiteko. Japoniar grabatuen eraginez, Van Goghek askeago eta lasaiago pintatu zuen. Aldi berean, eta Pissarroren aholkuei esker, argiari buruzko teoria berriei esker, eta Signac-en lankidetzari esker, margo biziagoak erantsi zizkion ordu arte erabiliak zituen margoei, pintzelkada biziagotu eta zatikatu egin zuen eta, batzuetan, bere marrazkien grafismora ere itzuli zen. Garai hartan margotu zituen Montmartreko eta Parisko inguruetako ikuspegiek kontrastea sortzen dute bere obrako gainerako lanekin, hain baitira alaiak eta freskoak (Jatetxe baten barrualdea, 1887).

Arles (1888ko otsaila 1889ko maiatza)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe Horia, 1888, Van Gogh museoa, Amsterdam
Kafe-terraza gauez, 1888, Kröller-Müller museoa, Otterlo
Ekiloreak, 1888, Neue Pinakothek, Munich
Autoerretratua belarria mozturik piparekin, 1989

1888. urtearen hasieran, hainbat arrazoik bultzatu zuen Van Gogh Paristik alde egitera. Batetik, haren anaia Theo ezkontzekotan zen, eta Vincentek halako babesgabetasunezko sentipen bat izan zuen. Bestetik, eta pinturari are gehiago zegozkion arrazoien eraginez, Van Goghek biziro sentitzen zuen bere baitan Paristik joateko premia, zeren eta hasia baitzen inpresionismotik urruntzen, zaharkitua iruditzen baitzitzaion ordurako, eta aipamenen bidez adierazteko joera nabarmenegia irizten baitzion baita ere. Iritzi eta jarrera hori argi sumatzen da Parisko garaiko azken koadroetan (Autorretratua feltro grisezko kapelarekin, 1888). Hala, irudiaren egituraren batasuna berreskuratzen saiatu zen, eta formaren eta margoen adierazpen- eta sinbolo-ahalmena lantzeari eman zitzaion.

Frantziako hegoaldera abiatu zen beraz, Arlesa, Toulouse-Lautrecek aipatua baitzion herri hori, argi gehiagoren eta margo gehiagoren bila. Han oinarri-oinarrizko aurkikuntza bat egin zuen: bazter haietako eguzki-argia. Lilura gisako hark indar eta bizitasun handiagoko tonuak erabilarazi zizkion, eta ordu arte halako indarrez erabili ez ziren kolore-elkarketa harrigarriak iradoki, bai harrezkero egin zituen koadro guztiak bestelakotu ere.

Haren marrazkietako grafismoak, ordurako goi-mailara iritsia izanagatik, indar berria hartu zuen artistak sumatzen zituen gauzen argizko eta margozko itxuraren sentipena koadrora aldatzean. Margoen eta argiaren nahasketak bortiztu egiten zuen izakien eta gauzen presentzia eta izate benetakoa eta, aldi berean, agerian jartzen zuen haien alderdi espirituala. Etxe Horia koadroan (1888ko iraila), adibidez, horien eta urdinen harmonia nagusitzen da, oparotasunaren eta gelditasunaren irudikatze bikainez, zehaztasun guztiz klasikoz. Arlestarra (1888ko azaroa) koadroan, berriz, margoen elkarketa gehiegizko eta ia ezin jasanezkoa beltzez eta berdez estalitako zati handien bidez dago neurrira ekarria. Kafe-terraza gauez (1888ko iraila) koadroan, tonuen distira da ohargarriena, eta halako itolarrizko sentipen min bat orobat. Margoen lilura hark -batzuen interpretazioaren arabera, Van Goghek halako erronka bere buruaren hiltzaile bat bota nahi izan zion era hartara eguzkiari- Eguzkiloreak sailarekin iritsi zuen bere goren maila, kolore horien nagusitasun erabatekoak oso-osorik hartzen baitzuen koadroa margolan-multzo hartan, eta horien erabilera hori izan zen, hain zuzen, Arlesko egonaldi haren bere-berezko ezaugarria.

Bitartean, Van Goghek Arlesera berekin bizitzera joateko deia egina zion Gauguini, haren mireslea baitzen, eta bai Gauguin Arlesera joan ere, 1888ko urriaren 20an. Pintatzen buru-belarri arituz elkarrekin bizitzeko saio hark ez zuen askorik iraun, ordea. Van Gogh zeharo hartua zeukan gogo beroak eta suharrak, sortzeko lehiaren egonezinak eta artegatasunak, eta pintatzeko premia ezin asezkoak ondorio larriak izan zituzten azkenerako: 1888ko abenduaren 23an liskar gogorra izan zuen Gauguinekin, hura hiltzen saiatu zen, eta ezkerreko belarria moztu zuen. Bi gizon haiek izaeraz elkarrengandik zeharo desberdinak zirela garbi adierazteaz gainera, iskanbila hark orobat frogatu zion Van Goghi, bere baitako gaixotasuna azaleratzen ziolarik, artisten komunitate bat sortzeko zituen ametsak ustel atera zitzaizkiola eta, horretaz gainera, zuzen-zuzenean bakardaderik latzenean gelditu zela berriro.

Geroztik, lasaialdi bat izan zuen, non, besteak beste, Autorretratua belarria mozturik piparekin pintatu baitzuen (1889ko urtarrila), harik eta Arlesko biztanleen eskariz, ospitalean sartu zuten arte.

Saint-Remy (1889eko maiatza - 1890eko maiatza)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olibondoak paisaia menditsu batean, 1889, Museum of Modern Art, New York
Gari-soroak paisaia menditsu batean, 1889, Kröller-Müller museoa, Otterlo
Mahasti gorriak, 1888

Handik bi hilabetera, bere burua hiltzeko ideiak oinazetua, gaitzak barrena jaten ziola jakitun, berak hartu zuen, bere kabuz, Saint-Rémy-de-Provenceko Saint-Paul-de-Mausole erruki-etxean sartzeko erabakia.

Depresio aldiak eta susperraldiak izan zituen, eta lanean buru-belarri jardun zuen, han ere. Van Goghek garai hartan iritsi zuen bere lanean betetasuna. Paisaiak, loreen koadroak eta erretratuak egin zituen, eta margoak oso modu bere-berean erabiltzera iritsi zen, horiak, berdeak, urdinak eta moreak oinarritzat harturik (Gari-soroak paisaia menditsu batean, 1889; Olibondoak paisaia menditsu batean, 1889). Arlesen pintatu zituen koadroetan atzealde gisa egin zituen eremu zabal kolorez ase haiek, japoniar grabatuen eta Gauguinen eraginez besteak beste, gero eta mugimendu dinamikoagoz irudikatzen zituen Saint-Remyko garai honetan, pintzelkada etenen bidez, neoinpresionistek erabili izan zuten modu berean. Baina, berez, Van Goghek berak banbuz eta kanabera landuz, japoniarren erara, eginak zituen birtuosismo harrigarriko marrazkietan zuten jatorria. Van Goghek berak aitortua da gorriekin eta berdeekin giza grina izugarriak adierazi nahi zituela, baina neurritasun handiz erabili zituen margo beroak, eta margo neutroen bidez baretzen zuen mutur-muturreko margoen gogortasuna. Van Goghen estiloak aldaketa handiak izan zituen, beraz: tintaz eta kanaberaz eginiko marrazki paregabeetan batetik, eta Arlesko aldikoak baino margo apalagoz pintaturiko koadroetan bestetik, grafismoaren eta pintzelkada etenen nagusitasunaz, margotzeko era zurrunbilotsu eta sigi-sagatsuak eromenaren mugimenduen irudikapena ematen zien olibondoei, gari-sailei, eta lurralde hartako zeru-gangari (Gau izartsua, 1890). Garai bertsu horretan hasi zen Van Gogh ezaguna izaten. 1890eko urtarrilean Albert Aurierrek Le Mercure de France aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean, Van Goghen aurkikuntzak goraipatu zituen. Urte hartako otsailean bertan, Bruselan egin zen erakusketa batean Anna Bosch margolariak Van Goghen Mahasti gorriak erosi zuen 400 liberan. Hura izan zen Van Goghek, bizirik zegoela, saldu zuen margolan bakarra.

Auvers-sur-Oise (1890eko maiatza - 1890eko uztaila)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gari sailak beleekin, 1890

1890eko maiatzean Parisera itzuli zen Vincent, Theo anaia, haren emaztea eta haren seme jaioberria ikustera, eta handik egun batzuetara Auvers-sur-Oise herrian hartu zuen egoitza. Han, Gachet doktoreak -Cézanneren eta inpresionisten adiskide zenak eta Van Goghek bizpahirutan erretratu zuenak- egin zion harrera eta Vincentez arduratu zen. Hango giro lasaiaz eta ingurukoen goxotasunaz sosegaturik, gogotik jardun zuen bere margogai kutunenak margotzen: erretratuak eta paisaiak.

Haren pintatzeko modu sukartsua eta asaldatua baretu egin zen, eta haren margoen eskala biziberritu eta freskatu, bazter haietako argiaren eraginez agian. Barealdi hark ez zuen askorik iraun, ordea. Theok Herbehereetara itzultzeko asmoa zuela adierazi ziolarik, Vincent babesgabe eta bakar-bakarrik sentitu zen berrz, eta berriro nagusitu zitzaion krisialdiaren izu-ikara: bat-batean haren ikuspegia nahasia bihurtu zen, haren margogaiak ez ziren jadanik ordura arte bezain argi bereizten, eta estiloa oso gogortu zitzaion (Gari sailak beleekin, 1890). Autorretratuek aski argi erakusten dute Van Goghek gizarte-bidegabekerien kontra, gaixotasunaren kontra eta bere buruaren kontra, azkenik, izan zuen borroka latza.

Uztailaren 27an, soroetan barrena galdurik, bere buruari tiro egin zion bularrera. Bi egun geroago hil zen. Handik gutxira -1891ko urtarrilean- hil zen haren anaia Theo ere.

Van Goghen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Van Goghek eragin handia izan zuen bere ondorengo artistengan. Fauvistek koadroa margo-pintzelkaden bitartez nola antolatu ikasi zuten harengandik. Espresionistek, berriz, margoek izan dezaketen indar eta zeregin sinbolikoa. Van Goghen Frantziako garaiko artelanen itzala nabarmena izan da arte modernoak geroztik egin dituen urrats askotan. Herbehereetako aldiko lanak, aldiz, ez ziren besteak bezain aintzat hartuak izan, harik eta Lehen Mundu Gerran belgikar-holandar espresionistek Van Goghen lan haietaz baliatu ziren arte, maisulantzat aitorturik. Azkenik, haren azken koadroak –adibidez, Gari-sailak beleekin– XX. mendeko arte-jarrera eta joera askoren aitzindari dira, batez ere abstraktua esaten zaion espresionismoarena.

Van Goghek 879 koadro, 10 bat grabatu eta 1.756 marrazki egin zituen pintatzen hasi zenetik hil zen arte joan ziren hamar urteetan. Haren lana hainbat museotan dago banatua: obraren erdia inguru Amsterdamgo Stedelijk Museumen, Vincent Van Gogh Rijksmuseumen eta Otterloko Rijksmuseumen. Hagan eta Rotterdamen ere badira Van Goghen lanak, eta Parisko Orsay museoan badira hogei bat koadro, bai orobat Estatu Batuetako museo nagusietan, eta bilduma partikularretan. Baita ere Suitzan, Alemanian, Britainia Handian, Moskun, Sao Paulon...

Van Goghen koadroen (Amsterdam) eta marrazkien (Otterlo) atzera begirako erakusketa zabal-zabal bat egin zen 1990ean, Herbehereetan, haren heriotzaren mendeurrenean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vincent van Gogh Aldatu lotura Wikidatan