Virginie Despentes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Virginie Despentes
Virginie Despentes 2012.jpg
Bizitza
Jaiotza Nancy1969ko ekainaren 13a (48 urte)
Herrialdea  Frantzia
Lehen hizkuntza frantsesa
Hezkuntza
Hizkuntzak frantsesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, zinema zuzendaria, eleberrigilea eta gidoilaria
Jasotako sariak
IMDb nm0221591

Virginie Despentes (|depɑ̃t| ahoskatua; Nancy, Frantzia, 1969ko ekainaren 13a) idazle, nobelagile eta zinemagile frantsesa da. Bere lanetan, besteak beste, bortxaketaz, pornografiaz, prostituzioaz eta jasandako indarkeriaren aurka bortizkeriara joz erantzuten duten emakumeez dihardu. Ahozkotasunetik gertu dagoen idazkera zuzena darabil, eta errealitatea gordin aurkezten du, apaingarririk gabe. King Kong Teoria saiakera-liburuaren egilea da, non bere azalean bizitako esperientziak kontatzen baititu: bortxaketa eta prostituzioa; horrez gain, pornografiari buruz ere hitz egiten du, beste gai batzuen artean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969-1985: lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Virginie Despentes 1969ko ekainaren 13an sortu zen, posta-zerbitzuko bi langileren etxera. Jaiotza-izena beste bat badu ere, 25 urterekin orain darabilen gaitzizena hartzea erabaki zuen. Despentes ume zela, bere gurasoak CGT (Confédération générale du travail, Lanaren Konfederazio Orokorra) sindikatuko kideak ziren, eta langileen mugimenduetan parte hartzen zuten.[1] Gaztetxotan, Despentesek gelako ordezkaria izatea lortzen zuen ikasturtez ikasturte; hezkuntza-sistemari erreakzionario zeritzon, eta ikaskideak irakasleen aurka jarri eta greba egitera bultzatzen zituen.[1]

Frantses-irakasle bitxi batek bultzatuta hasi zen idazten[1]: "Literaturarako bidea zabaldu zidan, eta, nolabait esateko, bizitza aldatu zidan"[2]; irakasle hura, besteak beste, Hubert-Félix Thiéfaine abesti-idazle, musikagile eta abeslariaren eta post-punk estiloko Joy Division musika-taldearen zalea zen.

Hamabost urterekin, bi hilabete luzez[3] ospitale psikiatriko batean sartu zuten[4], bere borondateaz bestera[3]. Despentes psikoterapia egiteko prest azaldu zen —gerora ere behin baino gehiagotan egin izan du—, baina ospitaleko indarkeria zeukan aurrez aurre, eta, azkenean, egonaldi hark ez zion ezer onik ekarri; eskolatik kanporatu zuten, eta polizia-etxe batetik bestera ibili zen, behin eta berriz atxilotuta[3].

1986: bortxaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1986ko uztailean, 17 urte zituela, Londresera joan zen lagun batekin. Handik bueltan zetozela, autoan hartu zituzten mutil batzuek bortxatu egin zituzten bi emakumeak.[5] 2006an argitaratu zuen King Kong Teoria saiakera-liburuan, bortxaketari eta gertaera hark utzitako arrastoari buruz idatzi zuen; horrela zioen bortxaketari buruzko kapituluaren amaieran.: "(...) Sorburua da. Egun naizen idazle honen, dagoeneko egiaz emakume ez den emakume honen sorburua. Aldi berean da desitxuratzen nauena eta eratzen nauena".[5]

1986-1991: zinema-ikasketak, prostituzioa eta pornografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidaia horren ostean, neskame jardun zuen Frantziako ipar-ekialdeko Longwy herrian, eta, aldi berean, batxilerra gainditzeko azterketa prestatu zuen bere kasa, eskolarik hartu gabe. Titulua lortu ondoren, Lyongo zinema-eskola batean eman zuen izena —gerora ARFIS izango zena—. Lyonen bizi zela, hainbat lanbide izan zituen: neskame, prostituta "masaje-gela" eta peep show-etan, saltzaile disko-denda batean, rock-kazetari, zinema pornografikoko kritikari, eta abar.[6]

1992-2000: Baise-moi eta zalaparta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992an Baise-moi nobela idatzi zuen[1], non hiru gai nagusi jorratzen baitzituen: bortxaketa, prostituzioa eta bortizkeriara joz erantzuten duten emakumeak.[5] Garai hartan ez zuen aurkitu liburua argitaratzeko prest zegoen argitaletxerik, eta, azkenean, 1994an argitaratu zuen, lagun baten bitartez ezagututako editore baten eskutik[7], baina lehen edizio hura ez zen askorik zabaldu. Halere, ez zuen etsi.

Hasteko, bere iragan nahasia atzean uzten lagunduko zion gaitzizen bat behar zuela erabaki zuen, eta Virginie Despentes hautatu zuen, erreferentzia eginez noizbehinka prostituzioan jardun zuen garaian Lyonen bizitoki izan zuen Gurutze Gorriaren aterpetxerako aldasgorei.[2] Era berean, eta ekinaren ekinez, Paris Prèmiere telebista-kate pribatuan liburuari buruz berba egitea lortu zuen; agerraldi haren ondoren, berrogei mila ale saldu zituen. Gerora, film pornografikoak ematen dituen Canal+ telebista-katean ere azaldu zen, eta, orduz geroztik, ehunka mila ale saldu ditu.[7]

Hurrengo urteetan, beste hiru lan argitaratu zituen: Les Chiennes savantes (1997), Les Jolies choses (1998) eta Mordre au travers (1999).

2000. urtean, 1992an idatzitako Baise-moi eleberria zinemara eraman zuen, Coralie Trinh Thi pornografia-aktorearekin batera.[5] Filma 2000ko uztailean mustu zen, eta estreinaldi hartan Frantziako hirurogei zinema-aretotan eman zuten. Nolanahi ere, hasiera batean baimen guztiak zeuzkan filma polemika-iturri bihurtu zen estreinatu eta berehala: zinema-kritikariek gehiegikeriatzat jo zuten, eta hainbat elkarte feminista, talde katoliko kontserbadoreak eta eskuin-muturreko militanteak filmaren kontra agertu ziren; Nouvel Observateur egunkarian "Sexe, violence, le droit d’interdire" ("Sexua, indarkeria, debekatzeko eskubidea") izenburupean argitaratutako editorialak lagunduta, estreinalditik hiru egunera filma zentsuratzea lortu zuten. Frantziako Estatu Kontseiluak onartu egin zuen filmak emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko helburua zuela, baina ikusleek irakurketa pornografikoa egin zezaketela iritzi zion, eta filma zabaltzea debekatu zuen.[7]

2001-2005: nobela grafikoa, itzulpenak, biografiak...[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Virginie Despentes idazle ezaguna zen, ezaugnegia agian, eta alde batera utzi nahi zuen Baise-moi filmaren zalapartaren ondorioz bere buruaz sortutako karikatura. 2002an Teen Spirit eleberria argitaratu zuen, arrakasta sozialari eta gurasotasunari buruzkoa. Urte berean, nobela grafiko bat argitaratu zuen Nora Hamdi artista, eleberrigile eta zinema-zuzendariarekin batera: Trois étoiles, emakumeen aurkako indarkeria fisiko eta sozialari buruzkoa.

2002an baita ere, ingelesezko bi testu frantsesera itzuli zituen: Plastic Jesus liburua, Poppy Z. Brite idazle estatubatuar transgeneroarena, eta Mort aux Ramones (Poison Heart: Surviving the Ramones), Ramones taldeko Dee Dee Ramone kidearen autobiografia.

2003an, Placebo rock taldearen Sleeping with Ghosts diskoko abesti bat frantsesera itzuli zuen: Protect Me from What I Want, frantsesez Protège-moi izango zena.

2004an, Motörhead musika-taldeko Lemmy Kilmistermusikariaren biografia idatzi zuen Rock & Folk aldizkariarentzat. Urte berean, Bye Bye Blondie eleberria idatzi zuen, non arrakastak berekin ekarritako hainbat gai jorratzen baititu: alienazioa, bereizkeria sozialak eragindako mina eta arrakastaren ondorioz nork bere buruari uko egin behar izatea. 2004 eta 2005 bitartean blog bat eduki zuen, egunero umorezko post batekin elikatzen zuena; 2005ean pirateatu egin zuten, eta itxi egin behar izan zuen.

"Lesbiana bihurtu naiz 35 urterekin"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora batez Rock & Folk hilabetekari frantseseko erredakzio-buru Philippe Manœuvre-rekin bizi ostean[7], 2004an armairutik atera zen publikoki, eta, berak esan bezala, "lesbiana bihurtu" zen 35 urterekin.[8] 2005 eta 2014 urteen bitartean Beatriz Preciado (2015eko urtarriletik Paul B. Preciado) filosofo eta queer aktibista izan zuen bikotekide, generoaren deseraikuntzaren aldeko teorizatzaile espainiarra.[9]

2006: King Kong Teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an ez-fikziozko lehen lana argitaratu zuen, King Kong Teoria, saiakera itxurako liburu autobiografikoa. Batez ere, bortxaketaz, prostituzioaz eta pornoaz dihardu,"(...) hain zuzen, gorputzak eta boterea gurutzatzen diren hiru isileremu" horiez, euskarazko itzulpenaren hitzaurrean Irene Arraras Lizeagak dioen moduan.[5] Lan hori "feminismo berri baten manifestu" gisa aurkeztu zen.

2006az geroztikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an bere lehen dokumentala egin zuen, Mutantes (Féminisme Porno Punk)[10], eta urte berean erotismoari buruzko narrazio bat argitaratu zuen Psychologies aldizkarian.[11] 2010ean Apocalypse Bébé liburua argitaratu zuen. 2012ko martxoan Bye bye Blondie eleberriaren zinemarako egokitzapena estreinatu zuen.[12] 2015ean "Vernon Subutex" serieari ekin zion, hiru liburuk osatzen dutena: Vernon Subutex 1 (2015eko urtarrila), Vernon Subutex 2 (2015eko ekaina) eta Vernon Subutex 3 (2017ko maiatza).

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Prix de Flore saria, Les Jolies Choses eleberriarekin (1998)
  • Saint-Prix-Valentin saria, Les Jolies Choses eleberriarekin (1999)
  • Prix Renaudot saria, Apocalypse Bébé eleberriarekin (2010)
  • Trop Virilo saria, Apocalypse Bébé eleberriarekin (2010)
  • Anaïs-Nin saria, Vernon Subutex 1 eleberriarekin (2015)
  • Landerneau saria, Vernon Subutex 1 eleberriarekin (2015)
  • La Coupole saria, Vernon Subutex 1 eleberriarekin (2015)
  • Roman-News saria, Vernon Subutex 1 eleberriarekin (2015)
  • Deaville hiriaren saria, Vernon Subutex seriearekin (2016)

Literatura-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Baise-moi (1993)
  • Les Chiennes savantes (1997)
  • Les Jolies choses (1998)
  • Mordre au travers (1999)
  • Teen spirit (2002)
  • Trois étoiles (2002)
  • Bye bye Blondie (2004)
  • Apocalypse Bébé (2010)

Narrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • C'est dehors, c'est la nuit (1997; narrazio-bilduma kolektiboa)
  • Mordre au travers (1999)
  • Barcelone (2007)

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • King Kong théorie (2006)
  • French lover (2015; Beatriz Preciadorekin elkarlanean)

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Baise-moi (2000; fikziozko luzemetraia, Coralie Trinh Thi-rekin elkarlanean))
  • Mauvaise étoile (2006; bideoklipa)
  • Mutantes (Féminisme Porno Punk) (2009; dokumentala)
  • Bye Bye Blondie (2011; fikziozko luzemetraia)

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d M. Gurtler, « Virginie Despentes », in VSD, Paris (2014-08-19).
  2. a b J. L. Tallon, « Entretien avec Virginie Despentes », in HorsPress, 2002.
  3. a b c L. Adler, "Virginie Despentes", in Hors-Champs, France Culture, Paris (2012-04-30).
  4. (bideoa) Elkarrizketa Virginie Despentesi, in Salut les Terriens! (2012-03-17).
  5. a b c d e   Despentes, Virginie (2017), King Kong Teoria, Eskafandra bilduma feminista, Jakin Fundazioa eta Elkar Argitaletxea, 55. orrialdea, ISBN 978-84-9027-682-2 .
  6.   , http://www.lemagazine.info/?Despentes-anarcho-feministe .
  7. a b c d F. Aubenas, "Virginie Despentes, la fureur dans le sexe.", in Le Monde, Paris (2015-08-01).
  8. « Virginie Despentes : “J'avais envie de faire une comédie amoureuse gouine” », in Télérama, Paris (2012-03-20).
  9. Cécile Daumas, « Tête à queue », Libération (2008-10-14).
  10. « Virginie Despentes revient avec un documentaire sur le "féminisme prosexe" » sur www.buzz-litteraire.com
  11. « La nouvelle érotique by Virginie Despentes » sur buzz-litteraire.com.
  12. « Manon des sources est devenue lesbienne : Emmanuelle Béart tourne Bye Bye Blondie de Virginie Despentes ».

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]