Edukira joan

Vive le Québec libre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Charles de Gaulle jenerala 1961ean.

"Vive le Québec libre!" (frantsesez Gora Quebec Askatuta!) 1967ko uztailaren 24ean eta Kanadan ospatutako 1967ko Nazioarteko Erakustazokaren ingurumarian orduko Frantziako presidentea zen Charles de Gaulle jeneralak bere bisitaldian Quebeceko Montreal hirian emandako hitzaldi batean nahitan aipatutako esaldi polemikoa izan zen. Esaldi honek Kanada eta Frantziaren arteko harreman diplomatikoan gatazka edo tentsioa piztuarazi zuen. Kanadan ez ezik Frantzian bertan ere De Gaullen ateraldia kritikatu eta esaldi desegokia izan zela aipatu zuten frantziar politikariak ere egon ziren.


Egun hartan Montrealgo udaletxeko balkoitik jendaurrean jada aurrez prestatutako hitzaldi bat ematen ari zela, amaieran esaldi hauekin bukatuko zuela aurreikusia zegoen, "Vive Montréal; Vive le Québec!" ("Gora Montreal; Gora Québec!"), baina ondorengo jendearen txaloek xaxaturik edo giroak harroturik berez aurrez prestatutako hitzaldian idatzirik ez zegoen "Vive le Québec libre! Vive, vive, vive le Canada français! Et vive la France!" ("Gora Quebec Askatuta! Gora, gora, gora Frantziar Kanada! Eta gora Frantzia!") esaldia gehitu zuen, 'libre' hitza bereziki azpimarratuz. Honek Kanadako Gobernuaren berehalako erreakzioa ekarri zuen, atzerritar agintari batek herrialde batera egindako bisitaldi ofizial batean herrialde horretako barne gai edo gatazka politikoetan eskua sartu eta kanadatarren artean lehendik ere berez polemikoa zen gaiaren inguruan liskarra auspotuko zuela bazekien esaldi batekin bere joera edo iritzia agerian uztea diplomatikoki erabat lekuz kanpokoa baitzen.

Montrealgo udaletxearen balkoia, De Gaullen ateraldiaren lekukoa.

Berez mingainean ilerik ez izateko politikariaren ospea zuen Kanadako Lester B. Pearson lehen ministroak De Gaulleri berehalako erantzuna eman zion: "Kanadarrok ez dugu inork aska gaitzan beharrik", ondoren De Gaulleri kanadar soldaduak izan zirela Bigarren Mundu Gerran euren biziak gudulekuan arriskuan jarriz Frantzia Okupatua eta frantziarrak Hirugarren Reichetik askatu zituztenak oroituaraziz. Gertaera honek berez De Gaullen Kanadarako bisitaldi luzeagoa izatea aurreikusia zegoena laburtzea ekarri zuen, izan ere, uztailaren 26ean behin De Gaulle Ottawan Pearsonekin biltzartu ostean, hurrengo egunean frantziar jet militar bat hartu eta Frantziara itzuli baitzen.

Bestalde, izendatu berria zen Pierre Trudeau Kanadako Justizia Ministroak, bide batez Quebeceko frantses hiztuna zenak, Kanadako Lehen Ministroa Frantziara bisitaldian joan eta jendaurreko hitzaldi batean "Bretainia bretainiarrentzat" esango baluke De Gaulle eta frantziarren erantzuna zein izango litzatekeen gogoeta egin zuen. Horren bidez, De Gaullen ustezko Quebecen "askatasunaren" aldeko jarrera hipokritaren atzean Frankofonia eta bereziki ezkutuko bere frantziar nazionalismoa eta jakobinismoa besterik ez zeudela agerian utziz.

Dena den, gertakari honek Quebeceko nazionalismoaren indartzean garrantzia izan zuen, bai eta ondorengo Iraultza Lasaian ere, atzerritar gobernu ofizial bateko agintari batek babesa erakutsi baizien. Halere, De Gaullen ateraldi honek Kanadako ingeles hiztunen eta frantses hiztunen arteko harremanak ere ozpindu zituen.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]