WV23

Koordenatuak: 25°45′00″N 32°36′51″E / 25.75°N 32.6143°E / 25.75; 32.6143
Wikipedia, Entziklopedia askea
WV23
Kokapena
Estatu burujabe Egipto
Egiptoko gobernadore-herria Luxor Governorate
HiriaLuxor
Koordenatuak25°45′00″N 32°36′51″E / 25.75°N 32.6143°E / 25.75; 32.6143
Map
ErabiltzaileaAy
Arkitektura
Dimentsioak60,16 (luzera) m
Azalera212,22 m²

WV23 hilobia, Erregeen Haranaren mendebaldean dagoen Tximinoen Harana edo Mendebaldeko Haranean dagoen egiptoar hilobi bat da. Bertan lurperatua izan zena, XVIII. dinastia oparoko azkenaurreko, batzuentzat azkenengoa, faraoia izan zen Aÿ da, baina, uste denez, beharbada, bere aurrekoetakoren bati usurpatu zion.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akenatonen erregealdi nahaspilatsuaren ondoren, non antzinako ohiturek jirabira handi bat eman zuten eta kanpoko nagusitasunaren zati handi bat galdu zen, normaltasunera itzulera bere seme Tutankamonen erregealdian gertatu zen. Tradizionalki, Tutankamonen erregealdia garai txikiagotzat hartzen den arren, trantsizio garai bat bezala, gaur egun, faraoi honen bederatzi urteko erregealdia, nazioa berregiteko funtsezko garaitzat jotzen da.

Ez zuen bakarrik Atonen gurtza eta Tell el-Amarna utzi, baizik eta Sirian galdutako koloniak birkonkistatzeko oinarriak jarri zituela, eta Akenatonek kaltetutako tenpluak berreraiki zituen. Hau, itzelezko gastua izan zen, errege etxeak aurre egin ahal izan ziona, eta, honegatik, Tutankamon askotan, kleroaren ongile bezala irudikatua izan zen (hainbesteraino iritsi zen, ze, Karnakeko Khonsu jainkoaren irudi gehienek, faraoi honen aurpegi ezaugarriak dituztela). Dena dela, ez da oso litekeena Tutankamon bere kabuz ibiltzea, bere lehen urteetan behintzat, gortean bi talentu handi egoteak, txotxongilo soil bat bihurtuko baitzuen.

Honela, ez da harritzekoa Tutankamon, hain gazterik hil ondoren (19 urterekin baino ez), presaren presaz, bere chatya zen Aÿk tronua hartu izana, Akenatonen garaiko benetako biziraule bat, beharbada, Nefertiti erreginaren aita. Bere bilobarekin, Tutankamonen alargun zen Ankesenamonekin ezkondu zen eta lau urtez gobernatu zuen, bere adina zela eta, hil zen arte. Ayk, faraoi koroatua izateko izan zuen presa, Tutankamon hil zuela eta honen etsai handia zen Horemhebekin adostasunen bat lortu zuela sinestarazi zuen, Ay bera hil ondoren, Horemheb bera izango zela oinordekoa Egiptoko tronuan, hala gertatu zen bezala, baina, Tutankamonek buruan duen kolpe susmagarria, dirudienez, ez zen faraoi gaztea hil zuena izan.

Edozein modutan, ez da askorik ezagutzen Ay faraoiaren erregealdiri buruz, batez ere, bere izenak Horemheb eta XIX. dinastiako erregeen aldetik jasan zuen jazarpenagatik. Ziuraski, nazioaren egoera ez zen aldatuko bere erregealdian, lehenago, nazioa zuzentzen egon baitzen, Tutankamon txotxongilo bezala erabiliz, kanpoko kontuak, oraindik ere Horemhebek zuzentzen zituen bitartean, zorroztasun eraginkorrez.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ayren hilobia, Tximinoen Haranean edo Mendebaldeko Haranean dagoen hilobi urrietako bat da, Erregeen Haranari paraleloa den haizpitartea. Amenofis III.a izan zen han lurperatua izan zen lehen faraoia, beharbada lapurrak galarazteko, eta, bere ondoren, gauza bera erabaki zuen Akenatonek Tell el-Amarnara joan aurretik. Uste denez, WV23 hilobiaren eraikuntza ez da Ay faraoiaren garaikoa, baizik eta Tutankamonen garaikoa, eta beraz, logikoa da toki honetan egotea, bere aita eta bere aitonaren ohitura jarraituz.

WV23 hilobia, Tximinoen Haraneko hegoaldeko muturrean dago, WV22tik oso urrun, baina WV24 eta WV25 hilobietatik oso gertu. Bere egitura, inongo zalantzarik gabe, errege hilobi batena da, eta, bere eraikuntza estiloa, dirudienez gertuago dago hurrengo dinastietako hilobietatik XVIII. dinastiakoetatik baino. Honela, XIX. dinastia eta XX. dinastiako hilobi gehienetan bezala, ardatz zuen bat du, baina ez hil putzurik. Hilobia bera, txikia da, oso forma eskematikoduna eta xaloa zentzu guztietan. Amaitu gabeko WV25 hilobiak bezala ohikoak baino zabalagoak diren korridoreak ditu, hilobi kamera, ardatz nagusiarekiko nabarmenki eskumatarantz desbideratuta dagoen bitartean, hau da, ez duela ardatz simetriarik.

Hilobiak, XVIII. dinastiako faraoien hilobietan hain ohikoak diren sarrerako eskailerak ditu, eta jaisten doan aldapa batean aurkitzen diren bi korridore, bien artean beste eskailera bat dagoelarik. Jarraian, aurrekamera edo putzuko kamera dago, hil putzu lanak egiten dituena halako egiturarik egon ez arren, eta azkenik, hilobiaren kamera edo kripta. Honek, gainera, berari lotutako kamera bat du, lurperaketaren ardatzean kokatua, eta putzuko kamera baino askoz handiagoa.

Apainketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ayren hilobiaren apainketa programa Tutankamonen hilobiarenarekin (KV62) alderatuz gero, berdin-berdinak direla nabarmena da, bi hilobiak margotu eta apaindu zituztenak, berberak izan zirela ondorioztatzeraino, denbora tarte txiki batetaz bananduak. Eskena batzuk, ia erabateko kopiak izatera heltzen dira, eta irudien amarnarondoko estilo hain berezia, bi tokien bereizgarri da. Honek, horretarako arrazoiak bazeudelarik, WV23 hilobia, hasiera batean Tutankamonentzako zela pentsarazi zuen, eta Ayk usurpatu zuela tronura igo zenean. Errege gaztearen lurperaketa Erregeen Haranera eraman zen, inongo zalantzarik gabe, faraoi bat lurperatzeko modukoa ez zen hilobi batetara, eta, forma eta neurriei dagokionez, garai bereko eta hurbileko beste hilobi batzuekin bat datorrena.

Freskoen kontserbazio egoera ez da oso ona. Margotua izan zen gela bakarra, hilobiaren kamera izan zen, eta bertan, eskena asko galdu egin dira. WV23ko margoak hain kaltetuta baldin badaude, ez da soilik denboraren igaroagatik, baizik eta baita gizakiaren aktibitateagatik ere: Ay faraoiaren irudikapenak antzinatean deuseztuak izan ziren, hil ondoren jasan zuen jazarpenaren ondorioz. Erregea, ka bezala agertzen den bi eskena baino ez ziren salbatu, beharbada, egiptoarrek irudikapen hauei zieten begiruneagatik.

Hilobi kameraren apaindura aztertuz gero, Hilen Liburuaren zati bat ikus daiteke, eta, Amduateko Liburuaren lehen ordua, bosgarrena eta seigarrena bezalako beste ordu batzuen irudien ondoan. Bereziki ospetsuak dira babuino batzuen kolorezko irudiak, nekropoli osoari ohiko izena eman ziotena, Tximinoen Harana alegia. Hildakoaren eskenak ere agertzen dira, Osiris, Neftis, Hathor, Nut eta Horusen lau seme-alabak bezalako jainkoek lagundua, errege hilobi batean lehen aldiz irudikatuta agertzen direnak.

Dena dela, hilobiko apaindurarik interesgarriena, lehen aipaturiko tximinoena baino are gehiago, uharketan ehiza eskena bat da, non Ay faraoia bere errege emazte handia den Teyrekin agertzen den, ahateak ehizatu eta hipopotamoei arpoiak jaurtiz. WV23 hilobia, bere apainduran ehiza eskenak dituen bi haranetako hilobi bakarra da, garai hartako klase altuan oso ohikoa zena

Indusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ayren hilobia Giovanni Battista Belzoni italiarrak aurkitu zuen 1816an, ia kasualitatez, Henry Saltentzako lanean ari zela. Argitara eman zuen objektu garrantzitsuena harrizko sarkofagoa izan zen, zenbait zatitan apurtua, eta, gaur egun, berriz ere hilobian dagoena, zaharberritze sakon bat jasan ondoren. Beranduago, tokia, Lepsius, Wilkinson, Burton eta Carterrek bisitatuko zuten, baina, 1972 arte ez zen egin benetako garbiketa, indusketa eta datatze lanik.

Azken espedizio honen buru Otto Schaden zen, Minnesotako Unibertsitateak zuzendua. Bere grinaren ondorioz, Ay faraoiaren hil hatuaren zatiak aurkitu ziren, jainkoak irudikatuta zeuden zurezko estatuatxoak bezala, eta baita zeramika eta giza arrastoak ere, beranduagoko garairen batean datatuak.

Errege momia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ayrena da, Inperio Berriko faraoien artean, bere momia oraindik ohiko ezkutalekuetan aurkitu izan ez den bakarretakoa. Ez da oso litekeena bere gorpua, bere hilobia bortxatua izan zenean suntsitu izana, eta, ohi uste denez, hirugarren ezkutalekuren baten zati da, gaur egun jada suntsitua egon daitkeeena edo, agian, oraindik aurkitzeke.

Hirugarren ezkutaleku baten teoriaren funts nagusienak, Erregeen Haraneko hilobi batean Ayren izena daramaten hil objektuen arrastoen aurkikuntza da. Hilobi hori, WV23tik oso aldendua dagoena eta honekin beste lotura posiblerik ez duena, KV58a da. Hau, Horemheb faraoiarenKV57aren lurperaketa satelite tokia denez, beharbada, KV58an prestatuak izan ziren errege momia gehiago dituen hirugarren ezkutaleku bat egon zela edo oraindik dagoela uste da. Zerrenda ospetsu honek, falta diren faraoi handiak buru ditu, Ay eta Horemheb eurak adibidez, Tutankamonen alarguna zen Ankesenamonenaz gain, honen izena ere KV58 hilobian aurkitu zelarik.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]