Waptia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Waptia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
OrdenaHymenocarina (en) Hymenocarina
FamiliaWaptiidae
Generoa Waptia
[[|]]
Waptia fieldensis-en fosila.
Field mendia eta atzean Wapta mendia, Kanada mendebaldean.

Waptia Kanbriar garaian bizi izan zen artropodo bat da, gaur egun iraungita dagoena. Duela 510 eta 505 milioi urte artean bizi izan zen[1] eta espezie bakarra deskribatu da, Waptia fieldensis.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles D. Walcott paleontologoak 1909 urtean Burgess Shale aztarnategia aurkitu zuenean topatu zuen aurreneko fosiletako bat izan zen Waptia[2]. Lehenengo aipamena 1909an egin bazuen ere 1912 urtean argitaratu zen deskribapena. Fosila aurkitu zuen eremuan gertuen zeuden bi mendiren izenak erabili zituen espeziea izendatzeko, Wapta mendia eta Field mendia.

1975 urtean antzerako espezie bat aurkitu zen Maotianshan Shales aztarnategi txinatarrean, Chuandianella ovata izena eman zitzaiona eta 2002an Groenlandiako Sirius Passet Pauloterminus spinodorsalis aurkitu zen[3]. Biek ere Waptia-ren antza izan arren desberdintasunak badituztela ikusi da eta genero desberdinetan kokatu dira.

2008 urtean Utah estatuko Spence Shale aztarnategian Waptia fieldensis-en ale berriak aurkitu ziren[4].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Waptia fieldensis ganba primitibo gisa deskribatu izan da sarritan. 8 cm inguruko luzerako gorputza zuen exoeskeletu fin batez estalia. Bi kroskotako oskolak burua (zefalona) eta toraxa babesten zizkion[5].

Zefalonak bost somita edo segmentu zituen eta 3 eta 5 luzakin ateratzen zitzaizkion, elikatzeko erabiliko zituenak[5]. Antena luze pare bat zituen, hauek ere segmentatuak eta keta txikidunak, eta bigarren antena pare bat motzagoak eta lobulo itxurakoak ziren[6]. Begiak konposatuak eta pedunkulatuak zituen[7] eta fosiletan garunaren arrastoak ere kontserbatu dira[8].

Toraxak bi somita mota zituen[5]. Aurreneko lau segmentuek hanka pare bana zuten, amaieran arantzaz josiak dirudienez. Fosiletan ez da argi ikusten birramoak zirenik baina litekeena da horrelakoak izatea. Ondoren zetozen sei segmentuek ere luzakinak zituzten, brankiak izan zitezkeenak edo igerian egiteko balioko lioketenak.

Abdomenak bost somita zituen, hauek luzakinik gabeak ziren[5]. Abdomenaren amaieran arantzak zituen, gaur egungo krustazeoen uropodoen antzekoak[3].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Waptia animalia nektobentikoa zen[9], hau da, igerian mugitzen zen eta itsaso hondoan pilaturiko elikagaietaz elikatzen zen[10]. Elikatzeko luzakin aipagarririk ez izateak erakusten du harraparia ez zela.

K estrategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat fosiletan ikusi da oskolaren barnean arrautzak eramaten zituela. 2 mm-ko diametrodun 24 arrautza ere zenbatu zaizkio. Aurkikuntza horrek K estrategiaren ebidentzia zaharrenetakoa bihurtzen du[11]. Eremu arriskutsua izango zen eta ondorengoen arrakasta ziurtatzeko harturiko neurria izango zen[12].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles R. Knight paleontologoak krustazeoen taldean sartu bazuen ere gaur egun Burgess Shaleko artropodoak sailkatzeko arazo handiak ikusten dira eta gehienek jarraipenik gabeko lerro filogenetikoen aleak izateko itxura dute[13].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Simon Conway Morris. (1986). The community structure of the Middle Cambrian Phyllopod Bed (Burgess Shale). Palaeontology. 29 (Part 3):, 423–467 or..
  2. Derek E. G. Briggs; Douglas H. Erwin & Frederick J. Collier. (1994). The Fossils of the Burgess Shale. Smithsonian Institution Press, 157–158 or. ISBN 1-56098-364-7..
  3. a b (Ingelesez) Taylor, Rod S.. (2002). «A New Bivalved Arthropod from the Early Cambrian Sirius Passet Fauna, North Greenland» Palaeontology 45 (1): 97–123.  doi:10.1111/1475-4983.00229. ISSN 1475-4983. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  4. (Ingelesez) Jarrard, Richard D.; Halgedahl, Susan L.; Hendricks, Jonathan R.; Lieberman, Bruce S.; Briggs, Derek E. G.. (2008/03). «Middle Cambrian arthropods from Utah» Journal of Paleontology 82 (2): 238–254.  doi:10.1666/06-086.1. ISSN 0022-3360. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  5. a b c d «Addenda to Descriptions of Burgess Shale Fossils. Charles D. Walcott» The Journal of Geology 40 (1): 95–96. 1932-01-01  doi:10.1086/623925. ISSN 0022-1376. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  6. Raymond, Percy Edward. (1920). The appendages, anatomy and relationships of trilobites,. Connecticut Academy of Arts and Sciences (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  7. Parker Andrew Richard. (2005-03-22). «A geological history of reflecting optics» Journal of The Royal Society Interface 2 (2): 1–17.  doi:10.1098/rsif.2004.0026. PMID 16849159. PMC PMC1578258. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  8. Nicholas J. Strausfeld. (2011). Some observations on the sensory organization of the crustaceamorph Waptia fieldensis Walcott. Palaeontographica Canadiana (31):, 157–169 or..
  9. Plotnick, Roy E.; Dornbos, Stephen Q.; Chen, Junyuan. (2010). «Information landscapes and sensory ecology of the Cambrian Radiation» Paleobiology 36 (2): 303–317.  doi:10.1666/08062.1. ISSN 0094-8373. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  10. (Ingelesez) Bambach, Richard K.; Bush, Andrew M.; Erwin, Douglas H.. (2007). «Autecology and the Filling of Ecospace: Key Metazoan Radiations» Palaeontology 50 (1): 1–22.  doi:10.1111/j.1475-4983.2006.00611.x. ISSN 1475-4983. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  11. (Ingelesez) Vannier, Jean; Caron, Jean-Bernard. (2016-01-11). «Waptia and the Diversification of Brood Care in Early Arthropods» Current Biology 26 (1): 69–74.  doi:10.1016/j.cub.2015.11.006. ISSN 0960-9822. PMID 26711492. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  12. Emily Chung. (2015). Burgess Shale fossil Waptia may be oldest mom ever found caring for eggs. CBC News.
  13. Stephen Jay Gould. (1989). Wonderful Life: The Burgess Shale and the Nature of History. W. W. Norton & Company ISBN 9780393027051..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]