Welser familia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Welser familiaren ikurra.

Welser familia XV-XVII. mendeetako alemaniar merkatari- eta finantzari-familia izan zen, europarrek XVI. mendean itsasoz haraindi izandako hedakuntzan eta politikan eragin handia izan zuena.

1476. urtean Bartholomaüs, Lucas, Ulrich eta Jacob Welser anaiek finantza-elkarte bat sortu zuten Augsburgon, nazioarteko merkataritzan jarduteko. Handik gutxira, egoitza ugari zabaldu zituen Anberes, Londres, Lisboa eta Alemania eta Italiako hiri nagusietan. Konpainiako kapitala banketxeen mozkinen eta Europako erdialdeko zilar-hobien ustiaketaren bidez bermatzen zen. Lucasen seme Anton Ekialdeko espezien merkataritzan ziharduen itsas ontziteria baten jabe egin zen.

Bartholomaüsen seme Antonen garaian (1448-1561) bizi izan zituen konpainiak bere garai oparoenak. Karlos V.ari (Espainiako Karlos I.a) egin zizkion alokairu ugarien truke, Ameriketako lurralde berriak eskuratu zituen. 1528. urtean, enperadoreak proposatuta, Indietako Kontseiluak Venezuelako eremu zabal bateko gobernuaren eta ustiaketaren eskubideak utzi zituen Welser sendiaren esku. Familiak Ambrosio Alfingerren espedizioa finantzatu zuen, eta Venezuelako eremu zabal haren gaineko eskubideak gorde zituen, 1556. urte arte. Handik urtebetera, Bartholomaüsen alaba Philippine Karlos V.aren ilobarekin, Fernando artxidukearekin, ezkondu zen.

Horrela, habsburgotarrekin lotuta geratzen bazen ere, Welser sendiaren ondasunak galtzen hasi ziren XVI. mendeko azken urteetan, batetik, Filipe II.a Espainiakoak zorrak ordaintzen ez zizkielako, eta bestetik, Genoako bankariak indartzen ari zirelako.

Aipagarria da, halaber, familia honetako Markus Welser (1558-1614), Bartholomaüsen biloba eta Augsburgoko alkatea, besteak beste, Rerum Boicarum libri quinque kronika historikoa idatzi zuena. 1614. urtean Welser konpainiak porrot egin zuen, eta erabat galdu zuen Europako ekonomian zuen nagusitasuna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Welser familia Aldatu lotura Wikidatan