Wikipedia:Terminologia
![]() Wikipediako laguntza |
Artikuluak idatzi... |
Wikipediako hitzarmenak... |
Ikus, gainera... |
Wikipedian sakontzeko >> |
Gida hau zalantza terminologikoak argitzen laguntzeko modu gisa planteatu da. Nahi ez bada, ez da hitzez hitz bete behar, Euskaltzaindiaren arauak jarraitzearen erabakia salbu. Azken hau derrigorrez bete beharrekoa da, horrela erabaki baitzen.
Zalantza terminologikoak argitzeko da soilik, ez estiloa, sintaxia edo artikuluen egitura bezalako arazoetarako.
Interneten kontsulta daitezkeen baliabideak aipatuko dira gehien bat. Errazagoa da horrela, termino baten inguruko zalantza edo eztabaidaren bat badago, baliabideetara jotzea.
Urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiak bere webgunean eskaintzen dituen gainerako baliabideak arakatzea, hitza agertzen den edo ez egiaztatzeko. Euskaltzaindiaren webguneko orri hauetan begira daiteke:
- Hiztegi Batua
- Euskaltzaindiaren arauak
- Izendegiak. Toponimia kontsultatzeko gehien bat, nahiz eta izenak eta abizenak ere kontsulta daitezkeen.
- JAGONET. Erabiltzaileek Euskaltzaindiari egindako galderen erantzunak.
Bilatutako hitza Euskaltzaindiaren baliabideetan agertzen ez bada, gainerako hiztegietara jo daiteke.
Hiztegiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zehazki hiztegia. Ibon Sarasola euskaltzainak sortutako gaztelania-euskara hiztegia.
- Elhuyar hiztegiak, frantsesetik, gaztelaniatik eta ingelesetik euskarara (eta alderantziz). Euskaltzaindiaren azken erabakiei jarraituz eguneratuta daude.
Ondoren:
- Euskalterm. Bere webgunean bertan dioenez, «Gaiaren arabera, fitxen gaurkotasun-balioa aldakorra da. Adibidez, urte asko pasatu dira Politika, Filosofia edo Matematikako hiztegiak egin zirenetik. Gai horiek ez dira sistematikoki landu geroztik. Beste erabileremu batzuk, ordea, berriki argitaratutako hiztegiekin gaurkotuz doaz.»
Gero, ingelesetik egindako itzulpena bada:
- Morris hiztegia. Hiztegi hau 2003. urtean sareratu zen, eta oraingoz ez dago eguneratua. Beraz, bigarren aukera gisa erabili Elhuyarren ingelesa-euskara hiztegiaren ondoren.
Gaztelaniatik egindako itzulpena bada:
- 5000 hiztegia, Adorez taldeak sortua, 2013. urtekoa.
Azkenik, badira beste hamaika hiztegi sarean kontsultagai. Hiztegia.net webguneak gehienen berri ematen du.
Terminoa hiztegietan aurkitu ez bada, edo aurkitutakoaren zuzentasuna berretsi nahi bada, euskarazko estilo-liburuetara jo daiteke (Berriarena, IVAPena...).
Estilo-liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren estilo-liburua. Terminologiari dagokionez, hurrengo baliabidea izan daiteke interesgarriena:
- Izen-zerrendak: Euskaltzaindiaren izendegiak izen bat jaso ez duenerako erabilgarria izan daiteke. Kontuan izan lan hau Euskaltzaindiak hainbat erabaki hartu aurrekoa dela. Betalde, beste auzi batzuetan lagungarriak izan daitezkeen atalak ere baditu, esate baterako ortotipografiari lotutakoa.
- Berriaren estilo-liburua. Aurrekoa bezala, sarean eskuragarri dago, eta maiz eguneratzen dute.
Hitza aurreko baliabide horietan inon ageri ez bada, edo hitz batek euskaran duen erabilera (modua, maiztasuna) aztertu nahi bada, horrela erabakiak hobeto hartzeko, corpusak kontsulta daitezke.
Corpusak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- EuskaraCorpusa. UZEIk eta Euskaltzaindiak elkarlanean landutako proiektua. XX. mendeko hamarkada bakoitzean nola idatzi zen erakusten du. Euskalkiz euskalki eta testu-motaren arabera bilatzen ere uzten du.
- Ereduzko Prosa Gaur. 2007a arteko liburuetan eta prentsa-artikuluetan bilaketak egiteko balio du. Euskal idazleek eta euskal prentsak euskara nola erabili duten kontsultatzeko aproposa.
- Corpeus. Interneteko euskal webguneetan dauden hitz guztien artean bilatzen du.
- Zientzia eta Teknologiaren corpusa. Zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko corpusa.
Azkenik, Interneteko bilatzaileak erabil daitezke hitzen maiztasuna aztertzeko.
Bilatzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elebila. Bilaketak euskarazko webguneetan soilik egiten ditu, eta euskararen berezitasunak kontuan ditu. Deklinatutako hitzak ere ongi bilatzen ditu. Hala ere, Corpeus-en motore bera darabil, beraz emaitza berak itzuliko ditu.
- Google. Ez ditu bereizten hizkuntzak eta, beraz, beste hizkuntza batean ere ager daitezkeen hitzak bilatzean emaitza nahasgarriak eman ditzake. Gainera, ez du deklinazioaren auzia kontuan hartzen. Hala ere, badauka ezaugarri erabilgarri bat: webgune bakar batean bilaketak egiteko aukera ematen du. Adibidez, "erloju" hitza Berriaren webgunean aurkitu nahi bada, "erloju site:www.berria.info" formula erabil daiteke.
Tresnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Xuxen ortografia-egiaztatzailea. Modu askotara erabil daiteke: Microsoft Office-n edo OpenOffice-n txertatuta, nabigatzailean... Firefoxen integratuta erabili daiteke, bai zuzenean nabigatzailean lan egiten bada bai lana testu-prozesadore batean egiten bada azken momentuko zuzenketak egiteko.
- Hiztegia.net. Hiztegiak eta beste baliabide batzuk non aurki daitezkeen biltzen duen webgunea.
- Euskalbar. Firefox nabigatzailean instalatuta, goian adierazitako baliabide gehienak modu erosoan kontsultatzeko erabil daitekeen aplikazio informatikoa.