Wilhelm Conrad Roentgen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wilhelm Conrad Roentgen
Roentgen2.jpg
Bizitza
Jaiotza Lennep1845eko martxoaren 27a
Herrialdea  Alemania
Lehen hizkuntza alemana
Heriotza Munich1923ko otsailaren 10a (77 urte)
Hezkuntza
Heziketa ETH Zurich
Zuricheko Unibertsitatea
Utrechteko Unibertsitatea
Tesi zuzendaria August Kundt
Doktorego ikaslea(k) Abram Ioffe
Hizkuntzak alemana
Lanbidea
Lanbidea fisikaria eta unibertsitateko irakaslea
Lantokia(k) Würzburg
Enplegatzailea(k) Municheko Unibertsitatea
Würzburgeko Unibertsitatea
Gießengo Unibertsitatea
Jasotako sariak
Nominazioak
Kidetza Prusiako Zientzien Akademia
Bavarian Academy of Sciences and Humanities
Suediako Zientzien Erret Akademia
Arteen eta Zientzien Herbehereetako Erret Akademia
Wilhelm Röntgen signature.svg

Wilhelm Conrad Röntgen (ˈvɪlhɛlm ˈʁœntɡən ahoskatua; Lennep, Ipar Renania-Westfalia, 1845eko martxoaren 27a- Munich, 1923ko otsailaren 10a) fisikari alemaniarra izan zen. 1895ean X izpiak aurkitu zituen, Medikuntzaren historian mugarri izan dena, zehazki Erradiologia arloan. Hau guztia dela eta, 1901ean, Fisikako Nobel Saria eskuratu zuen.

Biografia eta lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilhelm Conrad Röntgen 1845eko martxoaren 27an jaio zen Lennep herrian (Prusia). Gurasoak Friederich Conrad Roentgen eta Charlotte Constance Frowein izan zituen. Aita ehule aberatsa zen eta familia Herbehereetara joan zen bizitzera Wilhelmek 3 urte besterik ez zituenean, hangoa baitzen ama.

Bere lehen ikasketak Martinus Herman van Doorneko institutuan jaso zituen eta, ondoren, Utrechteko Eskola Teknikoan jarraitu zituen bere ikasketak, baina bidali egin zuten hemendik, berak uko egin bazuen ere, irakasleen karikaturak egin zituela-eta.

1872ko uztailaren 7an, Wilhelm Anna Roentgenekin ezkondu zen Apeldooren, Herbehereetan. Zürichen ezagutu zuten elkar, Roentgen Físikako irakasle zenean. 1869az geroztik bikotea konprometituta zegoen, baina arazoak izan zituzten ezkontza burutzeko. Anna Wilhelm baino 6 urte zaharragoa zen eta hori ez zegoen ondo ikusia. Gainera, Roentgenen aitak ez zuen Anna nahi, seme bakar hura aberatsago zen norbaitekin ezkontzea nahi baitzuen. Senar-emazteen lehen urteak ez ziren batere errazak izan, aitak zigortu egin baitzituen eta diru iturria moztu. Bikoteak ezin izan zuen seme-alabarik izan, baina ezbehar batek aldatu zuen hori. 1887an, Annaren anaia bakarra hil zen bere 6 urteko alaba Josephine Bertha Ludwig umezurtz utziz. Wilhelm eta Annak iloba adoptatzea erabaki zuten.

1874an, Estrasburgoko Unibertsitatean hitzaldiak ematen hasi zen eta, 1875ean, Hohenheimgo Nekazaritza Akademian (Wurtemberg) irakasle lanetan hasi zen. 1876an, Estrasburgora itzuli zen Fisikako irakasle gisa eta hortik urte gutxira, 1879an, Giesseneko Unibertsitateko Fisikako departamentuko buru izatea lortu zuen. 1888an, Wurzburgoko Unibertsitateko buru bihurtu zen eta, ondoren, 1900ean, fisika arloan beti ere, Bavariako gobernuak horrela eskatuta, Municheko Unibertsitateko buru egin zuten.

1895eko azaroaren 8an, erradiazio elektromagnetikoa eragin zuen, gaur egun X izpiak izenarekin ezagutzen dugun luzeran. Ondorengo urteetan, Röntgen izpi berriei buruzko ikerketak argitaratzen joan zen eta ingelesez, frantsesez, italieraz eta errusieraz irakur zitezkeen. Izpi katodikoekin ari zen lanean eta X izpien aurkikuntzak 1901ean Fisikako Nobel Saria lortzera eraman zuen. Sariak ekarri zion dirua unibertsitateari eman zion eta, gerora Pierre Curiek egingo zuen bezala, arrazoi etikoak zirela-eta, ez zuen bere aurkikuntza patentatzerik nahi izan. Era berean, ez zuen izpi haiei bere izena jartzerik nahi, baina Alemanian, Röntgenstrahlen deritze, Röntgen izpiak.

Wurzburgoko unibertsitateak Doktore egin zuen Medikuntzan.

1928an, erradiazioa neurtzeko unitateari bere izena jarri zitzaion.

1919an hiz zitzaion emaztea eta Wilhelm Munichen hil zen 1923ko otsailaren 10ean, 77 urte zituenean.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X izpiei buruzko esamesak bukaezinak ziren eta barra-barra ari zen jendea hartaz. Ezjakin askok debekatzeko arrazoiak aurkitu zituzten -emakumeak biluzik ikusten omen ziren haiekin- eta espabilatu ugarik ezjakintasunaz baliatu zen negozioa egiteko: X izpien aurkako barruko arropa salgai zegoen. Legeek ere inozokerian erori behar izan zuten eta New Jerseyko antzokietan X izpiak instalatzeko debekua ezarri zen, antzezlarien intimitatea babestu behar zela-eta.

Thomas Edison asmatzaile eta industrialari amerikarrak izan zuen aurkikuntzaren berri eta Roentgenekin harremanetan jarri zen, patentea erosi nahi ziola-eta, baina honen ezetza jaso zuen. Hala ere, Edisonek zerbait prestatu zuen 1896ko New Yorkeko Erakusketa Elektrikorako: txanpon batzuen truke, eskua X izpiak proiektatzen zituen makina batean sar zitekeen eta hezurrak agertzen ziren pantaila batean. Aste batzuen ondoren, zaintzaileak erredura larriak zituen eskuan eta infekzioak hil zuen. Erradiazioaren lehen biktima izango zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wilhelm Conrad Roentgen Aldatu lotura Wikidatan