William Grant Still

Wikipedia, Entziklopedia askea
William Grant Still
William Grant Still by Carl Van Vechten.jpg
Bizitza
JaiotzaMississippi eta Woodville (Mississippi)1895eko maiatzaren 11
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Talde etnikoaafro-amerikarra
HeriotzaLos Angeles1978ko abenduaren 3a (83 urte)
Heriotza modua: bihotz-gutxiegitasuna
Familia
Ezkontidea(k)Verna Arvey (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaOberlin College (en) Itzuli
Wilberforce University (en) Itzuli
M. W. Gibbs High School (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakorkestra zuzendaria, musikagilea, oboist (en) Itzuli eta soinu banda konpositorea
Lan nabarmenakQ2299698 Itzuli
Q5338127 Itzuli
Jasotako sariak
KidetzaKappa Alpha Psi (en) Itzuli
Genero artistikoaopera
Sinfonia
Musika instrumentuaoboea

IMDB: nm0830238 IBDB: 506039
Spotify: 0KkJoXozXmbRdmpy7zCmYA Musicbrainz: ca1ed31b-9acd-4d46-8016-e158b25cd4c8 Discogs: 897487 Allmusic: mn0000361592 Edit the value on Wikidata

William Grant Still (Woodville, Mississippi, 1895eko maiatzaren 11 - Los Angeles, Kalifornia, 1978ko abenduaren 3a) musika konpositore eta zuzendari estatubatuarra izan zen. Bere bizitzan zehar 200 obra inguru idatzi zituen, tartean bost sinfonia, lau ballet, bederatzi opera, hogeita hamar abesbatza obra eta beste hainbat lan. Konpositore afroamerikarren aitzindari nagusitzat jo izan da. Izan ere, Estatu Batuetako orkestra sinfoniko bat zuzendu zuen lehen pertsona afroamerikarra izan zen, baita orkestra handi batek afroamerikar baten obra (bere lehenengo sinfonia) interpretatzen zuen lehen egilea ere. Horrez gain, Troubled Island opera (1949an estreinatua, 1937-1939 artean idatzia) New York City Opera konpainiak taularatutako afroamerikar baten lehen opera izan zen.

Bere arrakastarik handiena Afro-American Symphony (1930) izan zen, 1950 arte, amerikar jatorriko konpositoreen artean gehien interpretatua izan zen obra, alegia.

Mississipi estatuan jaio bazen ere, Arkansas-eko Little Rock hirian hazi zen. Medikuntza ikasi arren Wilberforce University-n, musika ikasketak egin zituen ondoren Oberlin Conservatory of Music-en. George Whitefield Chadwick eta Edgard Varèse-n ikasle izan zen.

Afroamerikar komunitateko kultur eragile nagusietako bat izan zen, Harlem Renaissance mugimenduko kide izan baitzen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

William Grant Still, Jr. 1895eko maiatzaren 11an jaio zen Woodville-n, Mississipi estatuan.[1] Bere gurasoak, Carrie Lena Fambro[2] (1872-1927) eta William Grant Still, Sr.[1] (1871-1895) irakasleak ziren. Halere, aitak janari-denda batetan ere egiten zuen lana eta musikaria zen, bertako musika talde bateko burua izan zen eta.[1] William Grant Still, Sr. semea jaio eta hiru hilabetera hil zen.[1] Musika oso presente zegoen familia batetan hazi zen; aitaz gain, Anne Fambro amonak kantu espiritual afroamerikarrak abesten zizkion.[3]

Still-en ama semearekin batera Little Rock hirira joan zen gutxira, Arkansas estatuan, ingeles irakasle izateko lana lortu ondoren. 1904an Charles B. Shepperson ezagutu zuen eta berarekin ezkondu zen.[2] Shepperson-ek William txikiaren adimen musikala auspotu zuen: opereta emanaldietara eramateko ohitura zuen eta Red Seal disketxearen musika klasikoko grabazioak erosi izan zizkion maiz.[1] Gainera, musikari ibiltarien kontzertu ugaritara joaten ziren elkarrekin.[4]

15 urte zituela biolin ikasketak hasi zituen Little Rock-en. Biolinaz aparte, klarinetea, saxofoia, oboea, biolontxeloa, biola eta kontrabaxua jotzen ere ikasi zuen berak bakarrik. 16 urterekin M. W. Gibbs High School institutuan graduatu zen.[3]

William Grant Still Egoitza, 2012an. 1262 South Victoria Avenue (Los Angeles, Kalifornia).

Amak medikuntza ikasketak egitea nahi zuenez, Wilberforce University-n (komunitate afroamerikarrari zuzendutako unibertsitatea, Ohio-n) matrikulatu zen.[5] Hala ere, musikari arreta gehiago eskaintzen zion ikasketei baino. Unibertsitateko bandako zuzendaria zen, instrumentu ugari jotzen ikasi zuen eta lehenengo obrak sortu eta orkestratzen hasi zen. Ez zituen medikuntza ikasketak bukatu.[1]

Aitak herentzian utzitako diruari esker, Oberlin Conservatory of Music-en sartu zen musika ikasketak egiteko.[6] Musika ikasten zuen bitartean, diruz larri zebilenez, mantentze-lanak ere egin behar zituen, beste hainbat lanen artean.[6] Irakasle batek konposizio ikasketak albo batera utzita zituela kargu hartu zion behin, eta Still-ek bere larritasun ekonomikoaren berri eman ondoren, irakasle batzuk doako klaseak emango zizkiotela adostu zuten.[6] Era berean, Edgard Varèse konpositore frantziarra eta George Whitefield Chadwick konpositore estatubatuarrarekin ere ikasteko aukera izan zuen.[7] [2]

1915eko urriaren 4an,[2] Grace Bundy-rekin ezkondu zen, Wilberforce-n ezagutu zuen neska batekin.[1] Seme bat izan zuten, William III, eta hiru alaba: Gail, June eta Caroline.[2] 1932an banandu egin ziren eta 1939ko otsailaren 6an, ofizialki dibortziatu.[2] Bi egun ondoren, 1939ko otsailaren 8an, Verna Arvey pianistarekin ezkondu zen Mexikoko Tijuana-n, artean arraza arteko ezkontzak ez baitzeuden baimenduak Kalifornian.[1] [2] Alaba bat izan zuten, Judith Anne, eta seme bat, Duncan.[1][2]

1976eko abenduaren 1ean, Los Angelesen zuen etxea monumentu historiko izendatu zuten. Victoria Avenue-ko 1262. zenbakian aurkitzen da, Oxford Square inguruan.[8]

Ibilbide artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1916an W. C. Handy-ren musika bandan lanean hasi zen Memphis-en.[2] 1918an Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadan sartu zen Lehen Mundu Gerran parte hartzeko. Gerra bukatu ostean, Harlem auzoan hasi zen bizitzen, Handy-ren bandarekin jarraitzeko.[2] Bertan, Harlem Renaissance mugimenduko kulturgile ugarirekin harremanetan jarri zen, horien artean, Langston Hugues, Alain Locke, Arna Bontemps eta Countee Cullen.[9]

1921ean Fletcher Henderson-en Dantza Orkestrarekin grabatu zuen,[10] eta hortik gutxira Noble Sissie eta Eubie Blake-n Shuffle Along musikala zuzendu zuen. Geroago, beste musikaletan zuzendari lanetan ibili zen, Sophie Tucker, Artie Shaw eta Paul Whiteman-en obra batzuen estreinaldietan.[11] Henderson-ekin batera, Henry Pace-en Pace Phonograph Company (Black Swan Records) disketxera batu zen garai hartan.[12] 1920ko hamarkada bukaeran, Yamekraw obraren konponketa lanak egin zituen, James P. Johnson Harlem-eko pianistaren "Negro Rhapsody" motako pieza musikal bat.

William Grant Still

1930. hamarkadan zehar, jatorri herrikoieko musikaren inguruan aritu zen lanean, konponketa ugari eginez. Willard Robison-en Deep River Hour eta Paul Whiteman-en Old Good Show irrati programetan ere kolaboratu zuen, NBC Radio-rentzako.[11]

Still-en obra sinfoniko nagusia, bere lehenengo sinfonia zen Afro-American Symphony , 1931an estreinatu zuen Rochester Philharmonic-ek, Howard Hanson-en zuzendaritzapean.[2] Orkestra sinfoniko handi batek estreinatzen zuen afroamerikar baten lehen sinfonia izan zen.[2] Bigarren Mundu Gerraren amaiera garairako, hainbat lekutan entzun ahal izan zen bere sinfonia: New York, Chicago, Berlin, Paris eta Londresen, esaterako.[2] 1950 urtera arte amerikar batek konposatutako piezarik interpretatuena izan zen mundu mailan. Still-ek harreman profesional estua izan zuen Hanson-ekin; Still-en lan ugari Rochester-eko orkestrak estreinatu baitzituen.[2]

1934an Los Angelesen ezarri zuen bere bizilekua. Guggenheim Beka lortu zuen lehen aldiz[13] eta bere lehenengo opera idazteari ekin zion, Blue Steel.[14]

1936an Los Angeles Philharmonic Orchestra zuzentzeko aukera izan zuen Hollywood Bowl-en; Estatu Batuetako lehen mailako orkestra bat zuzendu zuen lehen afroamerikarra izan zen, baita bere obra propioak zuzentzeko parada izan zuen jatorri afroamerikarreko lehen hiritar estatubatuarra ere.[15] [11]

Bestalde, pelikuletarako musika ere konpontzen ibili zen, horien artean: Bing Crosby eta Madge Evans-en Pennies from Heaven (1936) eta Ronald Colman, Jane Wyatt and Sam Jaffe-n Lost Horizon (1937). Azken film honetarako, Dimitri Tiomkin konpositorearen musika konpondu behar izan zuen. 1943an Stormy Weather pelikularako kontratatu zuten ere, nahiz eta azken momentuan proposamenari uko egin zion, 20th Century Fox estudioak pertsona beltzak gutxiesten zituela argudiatuz.[2] 1939an, New York-en ospatu zen Munduko Erakusketarako Song of a City obra konposatu zuen.

1949an, Troubled Island opera, 1939an bukatu zuena eta Jean-Jacques Dessalines iraultzaile haitiarrari buruzkoa, New York City Opera konpainiak taularatu zuen.[2] Erakunde honek muntatzen zuen amerikar baten lehen obra izan zen Troubled Island,[16] eta gainera, jatorri afroamerikarreko konpositore baten opera bat estreinatzen zen lehen aldia izan zen.[15] Hala ere, kritikak ez ziren oso baikorrak izan.[2]

1955ean New Orleans Philharmonic Orchestra zuzendu zuen; honekin ere beste marka hautsi zuen: Estatu Batuetako Hegoaldeko orkestra handi bat zuzentzen zuen lehen afroamerikarra izan zen.[15] Still-en lanak nazioartean ezagunak egiten hasi ziren pixkanaka. Berliner Philharmoniker, London Symphony Orchestra, BBC Orchestra eta Tokyo Philharmonic Orchestra bezalako orkestra sinfonikoek bere obrak interpretatu zituzten urte horietan.

1981ean, A Bayou Legend opera Estatu Batuetako telebista nazionalean emititu zen. Estatu Batuetako telebista kate nazional batek afroamerikar batek egindako opera bat eskaintzen zen lehen aldia izan zen.[17]

Still-en lan eta artxibo pertsonalak, bere bigarren emaztea zen Verna Arvey-renak bezalaxe, Arkansaseko Unibertsitatean gordeta daude.[9]

Lorpenak eta sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Still-ek berrehun obra inguru konposatu zituen, horien artean, bederatzi opera,[20] bost sinfonia, lau ballet,[21] eta bestelako lan batzuk. Orobat, hogeita hamar abesbatza obra idatzi zituen.[11] Aipatzekoak dira, oro har, honako obrak:

  • From the Land of Dreams (1924)
  • Darker America (1924)
  • Levee Land (1925)
  • From the Black Belt (1926)
  • La Guiablesse (1927)
  • Sahdji (1930)
  • Africa (1930)
  • Lehenengo Sinfonia, Afro-American Symphony (1930)
  • A Deserted Plantation (1933)
  • The Sorcerer (1933)
  • Dismal Swamp (1933)
  • Kaintuck (1933)
  • Blue Steel (1934)
  • A Song A Dust (1936)
  • Summerland (1936)
  • Bigarren Sinfonia, Song of a New Race (1937)
  • Lenox Avenue (1937)
  • Song of a City (1938)
  • Seven Traceries (1939)
  • And They Lynched Him on a Tree (1940)
  • Miss Sally's Party (1940)
  • Can'tcha line 'em (1940)
  • Old California (1941)
  • Troubled Island (1949; 1937-1939 artean egina)
  • A Bayou Legend (1941)
  • Plain-Chant for America (1941)
  • Incantation and Dance (1941)
  • A Southern Interlude (1942)
  • In Memoriam: The Colored Soldiers Who Died for Democracy (1943)
  • Suite for Violin and Piano (1943)
  • Festival Overture (1944)
  • Poem for Orchestra (1944)
  • Bells (1944)
  • Bostgarren Sinfonia, Western Hemisphere (1945)
  • From the Delta (1945)
  • Wailing Woman (1946)
  • Archaic Ritual Suite (1946)
  • Laugarren Sinfonia, Autochthonous (1947)
  • Danzas de Panama (1948)
  • From a Lost Continent (1948)
  • Miniatures (1948)
  • Constaso (1950)
  • To You, America (1951)
  • Grief (1953)
  • The Little Song that Wanted to be a Symphony (1954)
  • A Psalm for the Living (1954)
  • Rhapsody (1954)
  • The American Scene (1957)
  • Serenade (1957)
  • Ennanga (1958)
  • Hirugarren Sinfonia, The Sunday Symphony (1958)
  • Lyric Quartette (1960)
  • Patterns (1960)
  • The Peaceful Land (1960)
  • Preludes (1962)
  • Highway 1 USA (1963)
  • Folk Suite No. 4 (1963)
  • Threnody: In Memory of Jan Sibelius (1965)
  • Little Red School House (1967)
  • Little Folk Suite (1968)
  • Choreographic Prelude (1970)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i Still, Judith Anne.. (1996). William Grant Still : a bio-bibliography. Greenwood Press ISBN 0-313-03644-6. PMC 65339854. (Noiz kontsultatua: 2021-01-27).
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t Whayne, Jeannie M. (2000). Arkansas Biography: A Collection of Notable Lives. University of Arkansas Press, 262, 276-278 or. ISBN 978-1-55728-587-4..
  3. a b Smith, Catherine Parsons. (2008). William Grant Still. University of Illinois Press ISBN 978-0-252-03322-3..
  4. Smith, Catherine Parson. (2000). William Grant Still: A Study in Contradictions. University of California Press, 307 or..
  5. (Ingelesez) «William Grant Still | Biography & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-01-27).
  6. a b c «William Grant Still» publishing.cdlib.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-27).
  7. Horne, Aaron. (1996). Brass Music of Black Composers: A Bibliography. Greenwood Publishing Group ISBN 978-0-313-29826-4..
  8. a b «Monument Search Results Page» web.archive.org 2011-08-17 (Noiz kontsultatua: 2021-01-27).
  9. a b Murchison, Gayle. (1994). «"Dean of Afro-American Composers" or "Harlem Renaissance Man": "The New Negro" and the Musical Poetics of William Grant Still» The Arkansas Historical Quarterly 53 (1): 42–74. doi:10.2307/40030871. ISSN 0004-1823. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  10. Gibbs, Craig Martin, 1956-2017.. Black recording artists, 1877-1926 : an annotated discography. ISBN 978-0-7864-7238-3. PMC 818293616. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  11. a b c d e Griggs-Janower, David. (1995). «The Choral Works of William Grant Still» The Choral Journal 35 (10): 41–44. ISSN 0009-5028. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  12. Smith, Jessie Carney.. (2013). Black firsts : 4,000 ground-breaking & pioneering historical events. (3rd ed. argitaraldia) Visible Ink Press ISBN 978-1-57859-424-5. PMC 818851419. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  13. a b (Ingelesez) John Simon Guggenheim Foundation | William Grant Still. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  14. Southern, Eileen. (1975). William Grant Still. The Black Perspective in Music, 172-173 or..
  15. a b c «William Grant Still, 1895-1978» Library of Congress, Washington, D.C. 20540 USA (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  16. Shirley, Wayne. (2013). Two Aspects of Troubled Island. American Music Research Center Journal.
  17. Oglesby, Meghann. «Black History Spotlight: William Grant Still» www.classicalmpr.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  18. «Report - HPLA» historicplacesla.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  19. (Ingelesez) Still, William Grant. (2008). Twelve Negro Spirituals. Handy Brothers Music Company (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  20. (Ingelesez) Kirk, Elise Kuhl. (2001). American Opera. University of Illinois Press ISBN 978-0-252-02623-2. (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
  21. «William Grant Still, African American Composer, Arranger & Oboist» chevalierdesaintgeorges.homestead.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Horne, Aaron. Woodwind Music of Black Composers. Greenwood Press, 1990. ISBN 0-313272-65-4
  • Reef, Catherine. William Grant Still: African American Composer. Morgan Reynolds, 2003. ISBN 1-931798-11-7
  • Roach, Hildred. Black American Music. Past and Present. Krieger Publishing Company, 1992. ISBN 0-894647-66-0
  • Sadie, Stanley; Hitchcock, H. Wiley. The New Grove Dictionary of American Music. Grove's Dictionaries of Music, 1986. ISBN 0-943818-36-2
  • Sewell, George A.; Dwight, Margaret L. William Grant Still: America's Greatest Black Composer. University Press of Mississippi, 1984.
  • Southern, Eileen. William Grant Still - Trailblazer. University of Arkansas Press, 1984.
  • Still, Verna Arvey. In One Lifetime. University of Arkansas Press, 1984.
  • Still, Judith Anne. Just Tell the Story. The Master Player Library, 2006.
  • Still, William Grant. My Life, My Words. A William Grant Still Autobiography. The Master Player Library, 2011.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]