Wiwaxia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Wiwaxia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FamiliaWiwaxiidae (en) Wiwaxiidae
Generoa Wiwaxia
Walcott, 1911
Wiwaxia-ren fosila.
Wiwaxia-ren fosila.
Wiwaxia gaztea[1].
Wiwaxia heldua[1].

Wiwaxia Kanbriar garaian bizi izan zen animalia bat da, gaur egun iraungita dagoena. Duela 521 eta 500 milioi urte artean bizi izan zen.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanada mendebaldeko Yoho Parke Nazionalean dagoen Wiwaxy Peaks (2.703 m) mendiak ematen dio izena. Burgess Shale aztarnategian dago. Nakoda hizkuntzan wiwaxy hitzak "haizetsua" esan nahi du.

Aurkikuntza eta taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Frederic Matthew-k 1899 urtean Burgess Shaleko lutitetan aurkitu zuen aurreneko Wiwaxia baina Ogygopsis generoan sailkatu zuen anelido bat zelakoan[2]. 1911 urtean Charles Doolittle Walcott-ek fosil berriak aurkitu zituen eta honek ere anelidoen barnean sartu zituen, poliketoen klasean. 1966 eta 1967 artean Harry B. Whittington-ek ale berriak aurkitu zituen Burgess Shalen eta honek ere anelidoa zela ebatzi zuen. Gaur egun moluskuen eta anelidoen artean erdibidean dagoen espeziea kontsideratzen da, azaleko eskleritoek poliketoekin lotzen dute baina moluskuen antzeko erradula daukala ikusi da.

Burgess Shalen 500 Wiwaxia fosil inguru aurkitu dira[3]. 1991 urtean Australian ere aurkitu ziren eta 1994an Txinako Maotianshango eskistoetan.

Hiru espezie ezagutzen dira:

  • Wiwaxia corrugata: Burgess Shalen aurkitu diren Wiwaxiak dira. Arantza luze eta kurbatuak ditu.
  • Wiwaxia taijiangensis: Txinan aurkitu da. W. corrugata baino txikiagoa da eta arantzak txikiak eta zuzenak ditu[4].
  • Wiwaxia foliosa: Berriena da, 2014an aurkitu zen. Ez du arantzarik[5].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simetria bilaterala zuen, gorputz eliptikoa eta ez zitzaizkion burua eta buztana nabaritzen. Bost zentimetro inguruko luzera har zezakeen[3].

Zortzi plaka lerrok estaltzen zuten gorputza, plaka gogorrak ziren, esklerito deiturikoak[6]. Plaka bakoitzak bere sustraiak sartzen zituen animaliaren gorputzean. Arantza luzedun bi lerrok zeharkatzen zuten oskola aurretik atzera, hauek ere esklerito gogorrak ziren. Lerro bakoitzean 5 eta 12 arantza artean zituen[2]. Badirudi arantza berriak hazten zitzaizkiola zaharrak galdu ahala[3].

Barnealdean oina zeukan, gaur egungo barraskiloen antzera eta ez zeukan ez begirik ez eta garrorik ere. Azpialdean moluskuen erradularen antzeko aho-egitura zuen, hortz konikoz osaturiko bizpairu lerro zirkular zituen[2].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaka guzti hauek harrapakariengandik babesteko armadura bikaina osatzen zuten. Aurkitu diren fosilen artean Wiwaxia gazteek ordea ez dute arantzarik[3] eta itsaso hondoan zuloak egin eta bertan ezkutatuko zirela uste da, Wiwaxia helduek ordea ez zuten horretarako beharrik izango[3].

Itsaso hondoetan mugitzen zen goputza kontraitu eta luzatuz, gaur egun bareek egiten duten antzera[6]. Erradularekin zorua karraskatzen zuen bertan aurki zezakeen estalki mikrobianoa ahoratzeko[7].

Wiwaxia animalia bakartia zela uste da, ez baita talde handietan aurkitu[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Smith, Martin R.. (2013-08-20). Data from: Ontogeny, morphology and taxonomy of the soft-bodied Cambrian ‘mollusc’ Wiwaxia.  doi:10.5061/dryad.868sm. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  2. a b c d Conway Morris Simon; Whittington Harry Blackmore. (1985-01-30). «The Middle Cambrian metazoan Wiwaxia corrugata (Matthew) from the Burgess Shale and Ogygopsis Shale, British Columbia, Canada» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. B, Biological Sciences 307 (1134): 507–582.  doi:10.1098/rstb.1985.0005. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  3. a b c d e (Ingelesez) Smith, Martin R.. (2014-1). Lane, Phil ed. «Ontogeny, morphology and taxonomy of the soft-bodied Cambrian ‘mollusc’ Wiwaxia» Palaeontology 57 (1): 215–229.  doi:10.1111/pala.12063. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  4. Zhao, Y.L.; Qian, Y.; Li, X.S.. (1994). Wiwaxia from Early-Middle Cambrian Kaili Formation in Taijiang, Guizhou. Acta Palaeontologica Sinica. 33., 359–366 or..
  5. (Ingelesez) Zhang, Xi-guang; Hou, Jin-bo; Lan, Tian; Smith, Martin R.; Yang, Jie. (2014-04-10). «Articulated Wiwaxia from the Cambrian Stage 3 Xiaoshiba Lagerstätte» Scientific Reports 4: 4643.  doi:10.1038/srep04643. ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  6. a b (Ingelesez) Smith, Martin R.. (2014). «Ontogeny, morphology and taxonomy of the soft-bodied Cambrian ‘mollusc’ Wiwaxia» Palaeontology 57 (1): 215–229.  doi:10.1111/pala.12063. ISSN 1475-4983. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
  7. Smith Martin R.. (2012-10-22). «Mouthparts of the Burgess Shale fossils Odontogriphus and Wiwaxia: implications for the ancestral molluscan radula» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 279 (1745): 4287–4295.  doi:10.1098/rspb.2012.1577. PMID 22915671. PMC PMC3441091. (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]