Edukira joan

Woodwardia radicans

Wikipedia, Entziklopedia askea
Woodwardia radicans
Sailkapen zientifikoa
KlaseaPolypodiopsida
OrdenaPolypodiales
FamiliaBlechnaceae
GeneroaWoodwardia
Espeziea Woodwardia radicans
Smith, 1793
BasionimoaBlechnum radicans

Woodwardia radicans Blechnaceae familiako iratze espezie bat da. Europa hego-mendebaldean eta Makaronesiako uharteetan aurkitzen da, baina Euskal Herrian espezie paleotropikalaren adibide da, antzinako garaietatik toki zehatz batzuen babesean mantendu dena.

Lineok 1771ean aipatu zuen lehen aldiz Blechnum radicans izenarekin eta 1793an James Edward Smith botanikariak Woodwardia radicans izenarekin deskribatu zuen. Thomas Jenkinson Woodward (1745-1820) fikologo ingelesaren izena eman zion.[1]

Espeziearen radicans izenak latinezko "radix" hitzean du jatorria eta "sustraitzen dena" esan nahi du. Landarearen frondeak sustraitzeko duen abileziagatik eman zion izen hori Lineok.[2]

Hainbat sinonimo ditu:[3]

  • Blechnum radicans L. in Mant. Pl. 2: 307 (1771)
  • Blechnum houttuynii Poir. in J.B.A.M.de Lamarck, Encycl., Suppl. 1: 644 (1811)
  • Blechnum stans (Cav. ex Sm.) Poir. in J.B.A.M.de Lamarck, Encycl., Suppl. 1: 644 (1811)
  • Woodwardia stans Cav. ex Sm. in Syn. Fil. (Kiliae): 117 (1806)

Euskal Herrian aurkitzen den iratze mardulenetakoa da[4]. Errizoma sendoa du, burdin koloreko plakaz estalia. Fronde handiak eratzen ditu, 2'5 metro artekoak eta arku itxura hartuz lurreraino iristen dira muturrak. Muturren inguruan erraboilatxo batzuk garatzen ditu landare berriak sortzeko.[5]

Fronderaren luzearen herena pezioloak hartzen du eta gainerako bi herenak laminak. Lamina triangeluarra ia obalatua da, eta pinnatua dago. Pinnek 30 cm inguruko luzera dute.[5]

Esporangioak orrian sendo txertaturik dauden soro luzanga marroietan biltzen dira, nerbio nagusiaren ertzetan.[5]

Woodwardia radicans erreka ertzean.

Hezetasun handiko putzu babestu eta itzaltsuetan bizi da, ur-jauzi eta errekastoen alboan, 10-400 metro bitarteko altueran.[4] Ez ditu izozteak jasaten.[6]

Euskal Herriko kostaldean hainbat populazio ezagutzen dira[4], esate baterako Jaizkibelen[7], Ordunteko mendilerroan ere aurkitzen da[8] eta bada barnealderago populazio bakanen bat Araban, Gipuzkoan[4] eta Nafarroan ere, azken honetako populazio bakarra Itsusiko Haitzetan dago, Aritzakun ibaiaren ertzean.[9]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare bizikorra da. Errizomak hamarkadak iraun ditzake lurpean.[4]

Ugaltzeko soroak garatzen ditu hostoen azpialdean. Esporak ekaina eta azaroa artean heltzen dira eta udazkenean ernetzen dira.[4]

Badu ugaltzeko beste era bat ere, fronde luzeen muturrean erraboilatxo batzuk garatzen ditu. Erraboila horiek lurra ukitzen dutenean sustraitu egiten dira eta landare berria sortzen da.[7][2][5]

Euskal Herrian mehatxaturiko landareen katalogoan sarturik dago, ondare erantzukizunaren atalean.[10]

Aro Tertziariotik biziraun badu ere, antzeko espezie bitxien arazo berak jasaten ditu. Basogintza lanek zenbait populazio larriki kalte ditzakete, askotan koniferoen, eukaliptoen eta akazien landaketak errekastoen ertzeraino heltzen baitira eta egur mozketek uraren ibilbidea oztopa dezakete iratzearen habitata kaltetuz.[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Woodwardia radicans | International Plant Names Index» www.ipni.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  2. a b Harrison, Lorraine. (2012). RHS Latin for gardeners. United Kingdom: Mitchell Beazley., 224 or. ISBN 9781845337315..
  3. (Ingelesez) «Woodwardia radicans (L.) Sm. | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  4. a b c d e f «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  5. a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Woodwardia radicans (L.) Sm.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  6. (Gaztelaniaz) «Woodwardia radicans» Fundación Naturaleza y Hombre (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  7. a b «Iratze paleotropikalak Jaizkibelen» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  8. Amador Prieto Fernández. (2013). CARTOGRAFIADO Y CARACTERIZACIÓN DE POBLACIONES DE Trichomanes speciosum Y Woodwardia radicans EN EL LIC DE ORDUNTE.. .
  9. Joseba Garmendia Altuna eta Maialen Arrieta Aseginolaza. Woodwardia radicans (L.) Sm.. Gobierno Abierto de Navarra.
  10. «Mehatxatuak - Flora eta fauna - Gipuzkoako Foru Aldundia» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2025-02-27).
  11. Euskal Autonomia Erkidegoko flora baskular mehatxatua. Uribe-Echebarría Díaz, Pedro María; Campos, Antonio ISBN 978-84-457-2252-7..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]