Xiismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Xiitarrak Bahraingo prozesio batean.

Xiitak edo xiiak Islamaren adar garrantzitsuena dira, sunitekin batera.

Xii terminoa, shī'at 'Alī esaeratik dator, arabieraz "Aliren alderdia". Mahoma profetak, 632. urtean hil zenean ez zuen bere oinordetzari buruz ezer zehazturik utzi, eta horrek alderdien arteko borrokak ekarri zituen. Alderdi batek, profetaren suhi eta lehengusu Ali Ali ibn Abi Talib defendatu zuen legezko kalifa ("ondorengo") bezala, profetaren gertueneko pertsona izan zela argudiatuz. Hala, kalifa izateko izendatu ziren guztiak, xiitek banan banan errefusatu zituzten: Abu Bakr, Omar eta Otmán. Hiru horien ondoren, Alik kalifa izatea lortu zuen. Omeiarren leinukoa zen Muawiya Siriako gobernadoreak, ordea, Aliri leporatu zion aurreko kalifaren hilketa. Omeiatarrak Aliren izendatzearen aurka azaldu ziren, honekin gerra odoltsu bat hasi zen. Azkenean, bi aurkariek erabakia epaile neutral baten eskuetan uztea hitzartu zutenean, Aliren alderditik jariyien adarra ez zen konponbidearekin ados agertu, eta xiiten taldetik bereizi zen (jariyi: bereiztea). Jariyi batek 661.ean Ali hil zuen, eta egun berean Muawiya eta epailea hiltzen saiatu ziren. Jariyien ustez, kalifatza ez da leinu edo familia jakin batentzako titulua; musulmanen artean duinenari eman behar litzaioke, "esklabu beltza izanagatik ere".

Xiitek Hasan, Aliren semea, hartu zuten oinordeko eta honek aginteari uko egin ondoren, Husain anaia. Husainek matxinada bat gidatu zuen Omeyatarren aurka, eta 680. urtean hil zuten, Kerbalan (Irak) gudukatzen ari zela. Husainen martirio eta heriotzak xiiten eta geroago sunita deituko zirenen arteko bereizkuntza markatu zuen.

Korana da haien testu sakratua eta Sunna ere aintzakotzat hartzen dute, baina sunitek baino gutxiago.

Sinismena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fededunek Imam izeneko gidari nagusi baten beharrean sinesten dute, honek fededunaren bizimodua modu islamiar egokian zuzendu dezan. Xiitek imam deitzen dutena, sunitentzat kalifa da. Sunitentzat, kalifa (arabieraz, "ondorengoa") Quoram leinuko kideen artetik hautatu behar zen, hau da, profetaren leinutik; xiitentzat, aldiz, Ali eta bere ondorengoak dira legezko oinordekoak. Xiiten Imam hau ordea, ezkutuan bizi da naturaz gaindiko ahalmen bati esker (gayma) eta munduaren amaiera iristen denean azalduko da jendartera. Sinesmen hori sorrarazi zuen arrazoia, xiitek jasandako zanpakuntzan ikusi izan da: Husainen ondorengo imam guztiek, hurrenez hurren, heriotza bortitza izan zuten omeyatarren eskutik eta, gaymaren gertakizun miragarria kalifen jazarpena saihesteko asmatu zen. Xiien adar baten arabera (Ismaili edo ismailiarrak), Ismail zazpigarren imama fenomeno honen bitartez desagertu zen. Xiita gehienentzat (imami edo imamiarrak), aldiz, Ismail benetan hil zen, eta beraz, bere oinordekoak legezko imamtzat hartzen dira. Imamiarrek ere, ordea, beranduago susmoa zabaldu zuten 874. urtean hamabigarren imamak gisa bereko botere bereziei esker espetxetik ihes egin eta desagertu egin zela, beren gayma propioa asmatuz. Ezkutatzearen fenomenoak ezaugarri esoteriokoak ematen dizkio xiismoari.

Hamabi Imamem genealogia:

    Mohammad(.632)
        ↓
Fatima(.632)       ↔      (1)Ali(.680)
 ↓————————————————————————————↓               
(2)Hasan(.670)          (3)Husein(.680)
                              ↓
                        (4) Ali Zeyn al-Abedin al-Sayyad(.713)↔Zayd(.740) (zaiditarrak)
                              ↓
                        (5)Mohammad al-Baqer(.732)
                              ↓
                        (6)Yaafar al-Sadeq(.765)↔Ismail(.755) (ismailitarrak)
                              ↓
                        (7)Musa al-Kazem(.799)
                              ↓
                        (8)Ali al-Reza(.818)
                              ↓
                        (9)Mohammad al-Yavad,al-taqi(.835)
                              ↓
                       (10)Ali al-Hadi,al-Naqi(.835)
                              ↓
                       (11)Hasan al-Zaki,al-Askari(.874)
                              ↓
                       (12)Mohammad al-Mahdi(874-n desagertua)(imamitarrak)

Berezitasun doktrinalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xiitek, Islamaren bost zutabeak bete behar direla sinesten dute, sunitek bezala. Berezitasun garrantzitsuenak, imamgoa, kleroa eta esoterismoa dira.

Zatiketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio guztietan bezala, pentsamendu ezberdinak daude, eta honen ondorioz xiitak ondorengo taldeetan banatuta daude: imamitarrak (gehiengoa), ismailitarrak, zaiditarrak eta alauitarrak. Hauei, beste gurtza-talde txikiagoak erantsi behar zaizkie, islamiar eta xii jatorria izan arren, musulman gehienek musulmantzat hartzen ez badituzte ere. Talde minoritario hauek, drusoak eta aleviak dira.

Munduan hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamaren adarrak estatuka: berdez: sunitak, gorriz: xiitak, urdinez: ibadiak

Musulmanen %10-15 xiia da. Iran, Azerbaijan, Irak, Bahrain, eta Libanoko hegoaldean gehiengoa dira. Siria, Afganistan eta Pakistanen, gutxiengo batzuk daude.

Drusoak, Siria eta Libanoko hegoaldea eta Israeleko iparraldearen artean daude. Zaiditarrak berriz, Yemeneko gehiengoa dira.

Alauitarrak ugari dira Turkian eta Sirian.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Xiismo Aldatu lotura Wikidatan